Erabiltzaile Tresnak


morf:5:4:1:2:1

Noiz forma arrunta, noiz indartua?

Izenordain arruntak eta izenordain indartuak noiz eta nola erabiltzen diren ikusiko dugu atal honetan. Egungo adibideak eta adibide klasikoak ere ikusiko ditugu, azalpenak osatzeko.

ni vs neu

Ez da erraza zehaztea noiz erabiltzen diren forma arruntak eta noiz indartuak, besteak beste, euskalkien arabera erabilera desberdinak daudelako. Oro har, esan genezake, Mendebaldeko euskaldunek sarriago erabiltzen dituztela forma indartuak Ekialdekoek baino. Hain zuzen ere, Mendebaldeko joerari jarraituz, izenordaina galdegai denean eta kontrakotasuna adierazi nahi denean erabiltzen da sarri forma indartua:

  • Neu joango naiz bilerara (ez zu)
  • Geuk erabakiko dugu zer bazkaldu (ez haiek)
  • Beste askoren artean zeu aukeratuten zaitut: : zeu izango zara niretzako lagunik onena. (ez beste inor) (Kresala, Aguirre, D.)
  • Azken buruan, ez ninduten bulkatu, nerau sartu nintzen neure baitarik. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)

Altubek (1929:99) neu, zeu, geu sailekoei 'formas reproductivo-intensivas' esaten die (eta oro har, -xe amaiera dutenei) eta hark ere hala dio, forma indartuak galdegaiaren tokian erabili behar direla:

Adibide horietan izenordain indartuak galdegaiaren lekua betetzen du.

Hala ere, ez dirudi galdegaiaren lekuan beti forma indartuak erabili behar direnik. Honelako esaldiak sarri-sarri erabiltzen ditugu kalean: Azkenaz beste

  • Ni joango naiz bilerara.
  • Guk erabakiko dugu zer bazkaldu.
  • Zuk duzu errua.
  • Ez da zer ekarri barberurik: ni naiz barberurik asko
  • Badira guraso diren irakasleak eta irakasle diren gurasoak: ni nauzu bat.

Ikusten denez, zilegi dira, eta areago, Ekialdeko euskaldunek forma arruntak erabili ohi dituzte nagusiki; mendebaldekoek, berriz, forma indartuak gehiago. Zergatik? Ez dago erabat argi, baina badirudi izenordain indartuek galdegai izateaz aparte, nolabaiteko kontrakotasuna adierazten dutela. Horrenbestez, galdegaia izateaz gain, nolabaiteko kontrakotasuna ere adierazi behar du perpausak forma indartuak agertzeko. Eta bistan denez, kontrakotasun hori galdegaiarekin ere lotuta dago1:

  • Zeuk daukazu errua (eta ez beste inork).
  • Zeuk mankatu duzu atzo gaixoa (eta ez bestek).
  • Neu joango naiz bilerara, ez zu.
  • Geuk erabakiko dugu zer bazkaldu, ez haiek.

Goiko adibide horietan agerian dago kontrakotasuna, hauetan, berriz, isilean:

  • Beste askoren artean zeu aukeratzen zaitut. (zeu aukeratu zaitut, eta ez beste hura)
  • Azken buruan, ez ninduten bultzatu, nerau sartu nintzen. (nerau, ez bera)

Hala ere, kontrakotasuna markatu gabe ere mendebaldean badira forma indartuen adibideak (Barrutia, 1997):

  • MAISU JUAN: Oraintxe esan dozu bat, ta ona neuk antxina enzun nebana: Errementarijaren etxian, zotza burduntzi. (Peru Abarca, Moguel, J. A.)
  • —Bata Anjelen amak ipiñi dau —erantzun eban Josepak.
    —Eta bestea?
    —Bestea neuk.
    —Zeuk? (Kresala, Aguirre, D.)
Horrenbestez, forma indartua edo arrunta erabiltzea euskalki kontua da. Gehienetan galdegaiaren gunean erabiltzen dira forma indartuak, eta nolabaiteko kontrakotasuna ere adierazten du perpausak halakoetan, baina kontrakotasunik gabeko testuinguruetan ere erabiltzen dira.

ere, behintzat, behinik behin

Galdegai ez izan arren, beste egitura batzuetan ere erabiltzen ditugu forma indartuak, ere, behintzat, behinik behin… eta antzeko elementuen aurretik:

ere

  • 1929an euskaltzaletu nintzen, nolabait esan, inork eragin gabe eta neuk ere nola ez dakidala. (Mitxelena, 370)
  • - Aitu det, amona; len ere aitu det, eta gañera neuk ere banekian, bai ondotxo. (Garoa, Aguirre, D.)
  • Agripak orduan erran ziezon Festusi, Nahi nikek neurorrek ere gizona enzun. (Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
  • Neuk ere Prantziko Burgosen ikusia daukat bai. (Iparragirre, Labaien, A. M.)
  • Diruak ez atara zeori eztok egingo beloa Ene bolsea arina beti urrin neuganik dirua. Nik neuk ere dirua baneu ederra neuke mosua (Gabonetarako ikuskizuna, Barrutia)
  • Zugatzera igotzen etzaizu neke, nerau ere igotzen bainaiz bertatik iateko. (Kiton arrebarekin, "Orixe")
  • Nihaur ere ebili niz anhizetan erhorik Gaoaz eta egunaz ere hozik eta berorik Loa galdu pena aski bana ez arimagatik Orai oro nahi nuke liren ieinkoagatik. (Linguae Vascomun Primitiae, Etxepare)
  • Nihauri ere, ez banintz saindu izan, ez othe zitzautan munduko hutsalkerietarat lerratuko bihotza? Gogoetatua nago, egiazki. (Buruchkak, Etchepare, J.)
  • Erran behar dut, nihaurek ere huts horietarik asko egin ditutala ene idazkietan, geroztikako irakurgai batzuek poxi bat argitu naute; eta beharbada txosten huntan makurrak xuxentzen ahalko ditugu. (Euskal Literaturaz, Lafitte, P.)

behintzat

Erabilera mugatuagoa izan arren, behintzat partikularekin ere erabiltzen da izenordain indartua:

behinik behin

Behinik behin aditzondoarekin adibide gutxi daude:

  • Zeiñbat etxe direan euren erruz galtzen! Txikiak izan eta andiai jarraitzen! Neu beñik beiñ enoa orrelan izaten, Zorrak pagau ezinda tristetu enaiten. (Asti-orduetako bertsozko lanak, Arrese Beitia)
  • (Peliri) Ta nork esan bear zikan, alkarrekin Basaburuan arkituko giñala? PELI: Ez neuk beñepein. (Iruñxeme, Labaien, A. M.)

Ikusten denez, oinarrian neu duten izenordainak erabili dira gehien tradizioan. Eta horiekin ere partikula askoz gehiago erabili da behintzat eta behinik behin baino. Literatura modernoan ere gauza bera gertatzen da, oso adibide gutxi daude erez bestelako adberbioekin:

  • Neuk ere ez dakit, egia esateko. (Lertxundi, A., Azkenaz beste, 173)
  • Neuk ere halaxe neukan zakila; bizkarrezurrean gora uhinak igotzen zitzaizkidan, harik eta dardarka hasi nintzen arte; ezin eutsi izan nion hazi-isuriari. (Hauts bihurtu zineten, Juan Kruz Igerabide)

Bestalde, hori ez da galdegaiaren tokia baina jasotako zenbait adibidetan ere nolabaiteko kontrakotasuna dagoela dirudi. Gorago aipatu ditugun bi adibideotan kontrakotasuna ere badago, eta honela ere eman ahal izango lirateke:

  • 1929an euskalzaletu nintzen […] neuk ere nola ez dakidala (Mitxelena).
  • 1929an euskalzaletu nintzen, nola izan zen bestek ez dakiela, eta neuk ere ez.
  • Neuk ere ez dakit, egia esateko.
  • Besteek ez dakite, eta neuk ere ez, egia esateko.

Izenordain arrunta eta indartua segidan

Izenordain arrunta eta indartua batera ere erabiltzen dira batzuetan, elkarren segidan, alegia, esanahia gehiago anpatzeko. Batez ere neu sailekoekin gertatzen da eta kasu gramatikalekin (absolutiboa, ergatiboa eta datiboa), ez besteekin: nik neuk, zuk zeuk, zuk zerorrek…. Halakoetan, bi izenordainek hartzen dute kasu marka:

  • Adibide klasikoak:
    • Ni neu, ik ondo dakin, ez non itxastar-arteko izan jatorriz, baserrian jaioa baiño; ta gaztetxu nintzonala erri polit onetara etorri eta arrezkero emen azi, emengo oiturak neuregandu, emengo euskerea ikasi ta labur esateko, bertoko egin nintzonan. ( Arranegi, Erkiaga, E.)
    • Berein bider esan eusten konfesoreak zer ikusi bearko neban; berein aldiz aginduten eustan biotzak zeren begira nengoan; sarritan ezagutu neban nik neuk egin au; ta askotan barri txar au biotzera emon eusan Yaungoikoaren ontasunak. (Escu-liburua, Añibarro)
    • —Eta zuk zeuk, mozorroz jantziko ba ziña, zein jantzi-modu aukeratuko zenduke? —Nik? Ba, agian, Luis XV arena edo, eragozpen bat izango ezpa nu. ( Araibar zalduna, Erkiaga, E.)
    • ETXEKOANDRE: (Oiuka) Zu zeu mutilzar likiskeria! aundi-mandi beti-agintari!! arrotutz!! aundi-nai!! zekena!!! (Berebiziko ardalla artean senar-emazteak Aundi-mandiren gañera erori bitez, illetatik eusterakoan peluka kentzen diote burusoil azaldu araziaz) AZKEN AGERRALDIA Lengoak, Bizargille ta Kaxkarin. (Gizon bizarpeituti eta emazte bizartsuti..., Labaien, A. M.)
    • Zelan, Yauna, guk zuri zerua galarazo? Zelan infernua emon? Bai, ze nireetakorik txikienari egin zeuntsena niri neuri egin zeunsten. (Sermoiak, Zabala, J. M.)
    • Niri neuri, beintzat, alan jazo jatan. (Neure lau urteko ibillerak, "Kamiñazpi")
  • Gaurko adibideak:
    • Eta, era berean, beste hori ez denez existitzen zu gabe, zuk zeuk ematen diozu bizitza. (Urkiza, A., Zortzi unibertso, zortzi idazle)
    • Eta ni neu ere, Gernikan bertan gau hartan, eta ondoko egunetan hemen eta han, neure adimenetik ikusitakoak eta entzundakoak ezin bazterturik ibili nintzen. ("Txillardegi", Putzu, 154)
    • Honen lekuko ditut niri neuri gertatutako zenbait pasadizo. (Salaburu, P., Euskararen etxea, 112)

Egitura horien parekoak dira izena eta izenordaina daramaten beste forma hauek:

  • Aitak berak eramango du haurra eskolara.
  • Irakasleari berari emango diogu idatzia zuzendaritzan aurkez dezan.

Gainerako saileko izenordain indartuekin adibide gutxiago daude:

  • Eta nurk ere ene saintietarik zunbaiti, zerbait idokitzen beitü, eni nihauri idokitzen dü, eta gañeratiko zelüko erresoman direner orori. (Jesü-Kristen imitazionia, Maister, M.).

Badira beste nahaste batzuk ere:

  • Zer egin düt, Jauna, zük eni eman zinizadan zelüko zunbait konsolazione? Nik nihaur beithan ezagützen dit, deus hunik eztüdala egin; bena biziuetara bethi ekharri, eta hunialat ützültzeko herabezti izan nizala. (Jesü-Kristen imitazionia, Maister, M.).

Gaurko literaturan ez dago ia horrelako adibiderik.

Egitura horietan izenordain indartua aposizioan doa, eta aurretik duen izenordain arruntaren kasu marka bera hartzen du. Molde hori da gehien erabiltzen dena, baina bada salbuespenik ere. Izenordain indartua ergatiboan baldin badoa, arazorik gabe onartzen du izenordain arrunta absolutiboan. Horrenbestez, gehien erabiltzen dena nik neuk moldea izan arren, ni neuk moldeko adibideak ere badira:

  • Adibide klasikoak:
    • Nik kañaberea jan? Gose dattianak jan begike; ni neuk ez. (Bertolda eta Bertoldin, "Otxolua")
    • Ez odol, ez ondasun, neskak ni neuk maite. ("Euskaldunak", "Orixe")
    • Uztak ez igartu bai igartu dakusazan lugiñak euria itxaroten dabenez, itsas zabaletik bere senar aspaldion ikusi bagakoa noiz legorreratuko, izpazterrean, zapi zuri bat gora ta beera erabiliaz, egoten dan emaztearen era berberean, egon naiz ni neuk maite dodanaren erantzuna noiz elduko. (Latsibi, Azkue, R. M.)
    • Galdetzen diote: - Nork zer egin daun? Errepusta: - Ni neuk nee burua. (Euskal ipuinak, Wentworth Webster)
  • Gaurko adibideak:
    • Eta ni neuk etortzeko erabili dudana… tira… ez da batere erraza sotora jaisteko sarrera non duen ikustea… (Harry Potter eta sorgin harria, J.K. Rowling / Iñaki Mendiguren)
    • Edo arean bai, ze ni neuk irentsi egin nuen,ahora eskukadaka eroanez. (Sukar ustelaren urtea, Jimenez, E.)

Forma horiek guztiak egokiagoak dira, nik pertsonalki eta antzeko formak baino. Hala ere, ez dugu ahaztu behar kaleko hizkeran sarri erabiltzen direla egitura horiek ere, baina ez egungo literaturan. Tradizio klasikoan bada egitura horren lekukotasun zenbait:

EGLU Ien (44. or.) esaten denez, halakoetan eten bat egiten dugu bigarren osagaiaren, izenordainaren, ostean, eta horrek erakusten du aurrekoa ez dela galdegaia:

  • [Garbitzailea bera] etorri zen.
  • [Garbitzailea] bera etorri zen.

Garbitzailea aipatu ordez lehen edo bigarren pertsona aipatu nahi badugu, garbitzailea bera egituraren parekoa ez litzateke ni neu edo zu zeu izango, neu edo nerau, zeu edo zerau baizik:

  • Neu/nerau etorri nintzen.
  • Zeu/zerau etorri zinen.

Askotan, garbitzailea beraren ordez, bera bakarrik agertzen da baina bera hori neu, heu, zeu, geu eta beste izenordain indartuen parekoa da, hirugarren pertsonakoa hain zuzen ere. Egoera bertsuetan erabiltzen dira bi formak.

  • Ainhoak badaki bera izango dela garaile lehiaketan.
  • Zuk badakizu zeu (zerori) izango zarela garaile lehiaketan.

Bi horietan, bera eta zeu, galdegaiak dira.

Hirugarren pertsonako izenordain gisa ere erabiltzen da bera, lehen aipatu dena berriro aipatu beharrean. Halakoetan ez da forma indartua, erreproduktiboa baizik, eta halakoen ordez ez genuke forma indartua erabiliko, galdegaiak balira bai:

  • Alkatearen hitzetan mina nabari da, berak ez baitu sekula bere iritzia ezkutatzen.

Peru Abarca

Galdegai izateko, beraz, aski da neu bakarrik erabiltzea. Hori hala da askotan eta, gainera, etenaldiaz gain, ere, behintzat eta antzekoak jartzen dira aurrean (galdegaia den seinale):

Nik neuk esango nioke eta haurrak berak esango lioke parekoak direla esan dugu eta horrek erakusten du hirugarren pertsonari dagokion izenordaina dela bera, baina berez dela forma indartua: Bera eroriko da; Berak ez du ezer esan; Mendian ikusi nuen bera, eta abar. Horrek ez luke izango izenordain arruntik (indartu gabea) parean, dagokion bakarra hura da, baina hura ez da izenordaina, erakusle arrunta baizik, hau eta horiren parekoa. Aurretik aipatu dena berriz aipatu ordez erabiltzen da bera izenordaina, bai Mendebalean bai Ekialdean2. Horrek esan nahi du itxuraz forma indartua izan arren forma erreproduktiboa ere badela, Altuberen hitzetan: Eleizalde zenaren izen maiteak baditu zenbait kutsu, berak ez baitzuen bere usteak […] izkutuan gorde sekula (Mitxelena). Adibide horren parean, hala dio EGLUk, beraren ordez, ez genuke neu edo zeu edo horrelakorik erabiliko. Galdegaia balitz bakarrik3).

Iparraldeko euskalkietan izenordain indartu hauek beste balio bat ere badute: berak bakarrik, neuk bakarrik, alegia.

  • Berak egin du murala. (= berak eta berak bakarrik)
  • Nihaurk egin dut murala. (= nik eta neuk bakarrik)

Forma indartuen inguruan esandako guztia gorabehera, forma arruntak ere nonahi erabil daitezke:

Inguru guztietan, bokatiboetan izan ezik. Halakoetan forma arrunta erabiltzen da:

  • Zu, ikasle, isil zaitez!
  • *Zeu, ikasle, isil zaitez!

Hala ere, literatura tradizioan adibideren bat aurkitu dugu genitiboan:

  • — Grazia, da alabanza andiak emaiten deusudaz neure Jesu-Kristo Jauna, bada izan arren bere neu ain bekatari andia, euki dozu onzat neuk errezikietea merezidu baga zeure gorpuz santua: Supliketan deusut neure Jauna, da Jaungoikoa, eztaiteala izan Komuninoau neure erruz, neure kondemnazinorako, ezpada zeure miserikordia andiagaiti, neure pekatu guztien parkazinorako, neure mantxak garbietako, neure kulpen emiendarako, da neure kostunbre deungak mudetarako: Alan itxaraiten dot Jaun piedadez betea, da gaurrik ofrezietan dodaz zeure serbizio santuan, neure bioza, arimea, potenziak, da […] (Doktrina kristianeen explikazinoa, Arzadun, M.)

Ezezko perpausetan ere forma indartuak ez dira asko erabiltzen (EGLUk ere espresuki baztertzen ditu), gorago aipatu dugun bezala izenordain horiekin ere, behintzat edo antzekoren bat agertzen ez bada:

  • Ni ez nintzateke zurekin ezkonduko. (*Neu ez nintzateke zurekin ezkonduko)
  • Zuk ez zeneukan ordezkari izateko gogorik. (*Zeuk ez zeneukan ordezkari izateko gogorik)

Hala ere, badira zenbait adibide:

  • Adibide klasikoak:
    • Zeuk ez dakizu bada? - Bai, baiña zeure aotik nai neuke entzun gaur, billosnarru mee baten ipiñi daidan zer erantzun deustazun. (Auñamendiko Lorea, Aguirre, D.)
    • - Ikusten da zeuk ez dozuzala irakurten Unamunoren idaztiak. (Azalpenak, "Lauaxeta")
    • Libreak gareala, ez dozu esaten? Zoriona bertatik jakula sortuten? Dotriñeau ikasi zeuri badeutsugu, Zergaitik nai doguna gaur ezin daikegu? Zergaitik iruditu nai badogu zarrak, Ezin egiñ giñaikez ur baltzaz bizarrak? Bigoteak, perillak ta bardin patillak, Libre jaio ta azi garean mutillak? Zeuk ez dituzu bada guztiak mosuan, Eta eukiko doguz guk barriz auzoan? Ez, ez, guk bere bear ditugu soiñean, Eta egin aldanaz, bardindu gaitean, Eta txarrago dana, zelan eskribitzen, Edozein pentsamentu ez deuskuzu isten? Bai, bai, guztiz ederra da zure dotriña, Lau anka daukenegaz balitza bardiña, Baña zelan ni nazan Adanen semea, […] (Asti-orduetako bertsozko lanak, Arrese Beitia)
    • Ene ederroi; etzara Zu donoki-lurren yabe? Zelan zagoz kutunori iñon laguntzagabe? Zeuk ez dozu piztu goyan eder-eder euzkia? Zer dagi bere Yaunari bialtzeke argia? Egaztiak Zeuk eztozuz apain yantzi ederrez? Eztozuz aran, muñoak, yantzi lora, bedarrez? Txoritxuok lo zagoze? Lo zagoze gaxuok? Orain abestezpozue itxi betiko abuok. (Goi-izpiak, Manterola, G.)
    • Eta zergaiti dakutsu zeure anajearen begiko lasto txikia, ta eztakutsu zeure begian dozun age andia? Edo zelan esan ziñeio zeure anajeari: itxi eidazu, anajea, atera daizudan zeure begiko altsia, zeuk ez ikusirik zeure begiko agea? Guzurtia, len zeure begiko abea atera egizu, ta gero ikusikozu, aterateko altsia zeure anajearen begitik. (Jesu Kristoren lau ebanjelioak batera alkarturik, Añibarro).
  • Gaurko adibideak:
    • Neu ez nindunan barruan, sentitzen dinat hirugarrenez hi defraudatzea, bisita bat egitera joan nindunan… (Odolbildua, Josu Landa)
    • Beraz, Margari esatea pentsatu nuen galdera egin ziezaiola, neu ez bainintzen inondik ere ausartzen; baina, horretan nengoela, pianista ohiak, urduri jarri ninduen isilune baten ondoren, bere kabuz berreskuratu zuen, nonbait, kontaketaren haria. (Gorde nazazu lurpean, Saizarbitoria, R.)

Baiezko perpausetan askoz gehiago erabiltzen dira forma indartuak. Ikus adibide hau:

  • Ez dut nik ixil eraziko; bere kontzientzian eraman behar duen harrak ixileraziko du ( Mitxelena, K.).

Adibide horretan nik erabili du Mitxelenak ez partikularen ondoren, baina haren idazkera kontuan izanik badirudi perpausa baiezka emanda errazago erabil litekeela forma indartua:

  • Neuk isil eraziko dut, ez bere kontzientzian eraman behar duen harrak.

Hala ere, adibide horretan galdegaia ere bada neuk.

Bi perpausez osatutako egituretan, kontrakotasuna baldin badago, baiezkako perpausean izenordain indartua erabil daiteke galdegai gisa:

  • Ez dizut eskolako lanak egiten nik lagunduko; ikaskideek lagundu beharko dizute.
  • Neuk lagunduko dizut eskolako lanak egiten; ez ikaskideek.

Bestalde, zati-galderetan ez da izenordain indarturik erabiltzen, galdetzailea bera delako galdegaia; eta izenordaina galdegai izan ezin denez, forma arruntean agertzen da. Hala ere, tradizioan badira joera horren kontrako adibideak:

  • Nor dakust? Gexo-zañak erantzun eutsan euskeraz: - Zer jazoten jatzu gizon errukigarrija? - Zer jazoko jat? Jule Goiketxeko, betiko juan zala uste nebana, daukadala begijen aurrian! Orixe jazoten jat! - Zer diraustazu, gizon Jaungoikuarena? Nor zara zeu? Nik etzaitut ezagututen. (Jaioterri maitia, Etxeita, J. M.)
  • - Nora zoaz zeu, Santi? Bilbora edo? - Arako bidea daroat, Bilbo orrek niretzako lagin leku izango aldau-ta. (Latsibi, Azkue, R. M.)
  • “Zer? Orixe ez da don Bernardo abogadua? Bai zentailletan! Neure abogaduagaz jatork txakur peste ori!”. Ganera nora zatorz zeu don Bernardokin, neure abogadua bada! Traiziñoa baiño ez da ori! - Neuk ez neban elejidu ala! Bilbaora zetan joan nintzan ba? - Eta neu? Areen eztabaidari adi-adi, barre-barreka egoan don Bernardo ori. (Azalpenak, "Lauaxeta")

Galderazko perpausa bai-ez erakoa denean, ordea, bai, forma indartua ager daiteke:

  • Nola egin zenuen aurrera zuk gertakari haren ondotik?
  • *Nola egin zenuen aurrera zeuk gertakari haren ondotik?
  • Neuk egingo dut ala bakarrik moldatuko zara?
  • Zeuk egin duzu edo ahizpari esan diozu egiteko?

Horrenbestez, honela laburbildu liteke forma indartuak eta arruntak noiz eta nola erabili ohi diren:

Forma indartuak
-Galdegai direnean, kontrakotasuna adierazteko
Neuk egingo dut (ez zuk)
-Galdegai ez denean, bi kasutan ager daiteke:
-ere, behintzat, behinik behin eta antzekoekin
Zeuk ere lor dezakezu hori
-ni neu, zu zeu eta antzeko itzulietan
nik neuk nahiago dut bazkaria egin afaria baino
Forma arruntak
-Ezezkako perpausetan
Nik ez dut ezer esan
-Zati-galderetan
Zer egin duzu zuk proposamenak aurrera egin dezan?
-Bokatiboetan
Zu Aitor, zatoz hona!
1 Altubek kontrakoa dio Erderismos liburuan (75 or.), “opositiboak” aipatzen dituenean: Ni zuretzako naiz ta zu niretzako.
2 EGLU Ien (45. or) erabilera hau mendebaleko euskaldunentzat mugatzen da, baina orokorragoa da.
3 Oro har, hori hala da, nahiz ez den beti betetzen: nik neuk ez bainuen neure burua serioski aintzakotzat hartzen (J. A. Arrieta, Homo Faber liburuaren itzulpena, 163. or

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Noiz forma arrunta, noiz indartua?", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3