Erabiltzaile Tresnak


morf:5:4:1:2:2

Forma indartuen genitiboa

Forma indartuen genitiboarekin nahasteak sortzen dira: nire/neure, hire/heure, haren/bere…. EGLU-Iek ere hala dio, arazo berezia gertatzen dela genitiboan forma indartu hauekin; neronen daukagula alde batetik, eta neure bestetik: “Badirudi euskaldunek ez dituztela bereizten –agian jatorriz desberdinak baziren ere- eta batzuk forma bata erabiltzen dutela eta besteek bestea, baina zeharo baliokideak dirudite”. Horrenbestez, neronen eta neure euskaldunek ez dituzte beti bereizten baina baliokideak dirudite, autore batzuek biak erabiltzen dituzte testuetan: Latsibi

  • - Zer diño onezaz Arangoitik? - Yakin dodaneko, lenengo lenengo berorregana ekarri nau ni neure eginbearrak, neronen arazoak. (Latsibi, Azkue, R. M.)
  • Larrinoak zirikatu ebaneko, esku batean lauortza ta bestean aiztoa ebazala, onelantxe zeaztu eban bere gau-txangoa: - Epikotxoren guzur-mordoa irakurri nebanean, zetarako da ezetz esatea?, sutan nengoan, baita beraganatu ta musturrak austeko gogoa be etorri ekidan; baia bat-batera, eztakit zelan otuta, “Begi - esan neutsan neure buruari -, oa Laukinizko bertsolariagana”. (Latsibi, Azkue, R. M.)

Izan ere, hartu hau kontuan: neronen neroni-ren genitiboada; eta neure, berriz, neu-ren genitiboa. Tradizioan neure eta neronen Ekialdean nahiz Mendebaldean erabiltzen dira. Uriartek, esaterako, biak erabiltzen ditu (neure gehiago), eta ez da erraza bereiztea zergatik aukeratzen duen bata edo bestea, estilo kontuagatik ez bada:

  • Zeintzubei Noemik erantzun eutsen: Biurtu zaiteze, ene alabak, zegaitik zatoze nigaz? Seme geijago al daukat nik neure sabelian, nigandik beste senar batzuk itxaron daikezubezan? 12. Eta jarraitu egijezu garagarra ebagiten diarduben lekura: zerren agindu deutseet neure otsein mutillai, ez dedilla iñor ezetan sartu zugaz; baitabere egarrituko baziña, zuaz ornija daguan lekura, eta edan egizu, nire otsein mutillak bere, edaten dabeen uretik. Erantzun eutsan Rutek: Aurkitu dot grazija zure begijetan, ó neure Jauna, bada poztu nozu, eta berba egin dozu zure serbitzari onen bijotzera, zein ez dan zure otsein neskatilletatik bategaz bere bardinduteko duin. Gura izan dot zuk au entzun dagizula, eta esan inguruban dagozan guztijen, eta neure erriko zarren aurrian. Berak erantzun eban: Itxiten deutsat senitasunaren eskubidiari: zerren ez ditut nik amaitu biar neure familijako ondorenguak. (Beste zenbat itzulpen, Uriarte)
  • Ogi onetatik jaten duena, beti biziko da, eta nik emango dedan ogia, da nere neronen aragia, munduaren salbaziorako. Jesusek erantzun zien, eta esan zuen: Nik neronen testigantza ematen badet ere, nere testigantza egiazkoa da, zeren badakit nondik etorri nintzan, eta nora noan; Zuek berriz ez dakizute, ez nondik natorren, ez nora noan. Ni naiz neronen testigantza ematen dedana, eta nere testigantza ematen du, bialdu ninduen Aitak. Ez dit iñork ere kentzen, baizik nik neronen bitartez ipintzen det, eta eskubidea daukat bera ipintzeko, eta eskubidea daukat bera berriz artzeko. ( Biblia III, Uriarte)

Hala ere, neu eta neroni absolutibo kasuen bereizketa markatuagoa da, neu ez baita ageri ekialdean (Mirande da salbuespena, zeu erabiltzen du batzuetan):

  • Judaiar Baalen neu sinhestun ez naiz, Jentilen odola niregan badabil Asaben modura gaur dagizuet: maiz, Gauaz ager guri hurbil, Aintzina bezala emeezue berriz Zuen jakintzaren urrea jendeeri, Alait ezazue musuz eta irriz Zeru-minez dena eri, Morturik etorri sinesmen arrotza Euskal Herritikan aizinezate ken. (Poemak, Mirande)
  • Ez nuen zigortu behar, bakarrik, baizik ere neu damutzeke zigortu; oker bat ez dago zuzendurik zuzentzaleak ordaindu behar badu. (Narrazioak, Mirande)
  • Emakumearen gana senditzen zuen gorroto eta erdeiñu guztia bere mintzoan irarriz, esan zion, ez-ajolatuarena egiñaz: “ Aukera aisa dut: Theresa hemen egongo da, eta zeu, joan zaitezke bereala ”. Jarraitu zuen: “ Bai Isabela gaiztoa joan da betiko, eta zeu beti enekin egongo zera, biok bakarrik beti ”, eta bezperan bezela musu bat eman zion begietara. (Haur besoetakoa, Mirande)

Genitiboan balio bihurkaria eta indartua nahasi egiten dira eta bi balioekin erabil daitezke:

Izenordain bihurkarien atalean azaltzen denez, hirugarren pertsonaren jokoan sortzen dira zalantza gehien: noiz erabili bere? noiz haren? 1

  • Gaztelaniazko suk ez du ordainik behar askotan:
    • Se fue en su coche > (bere) Autoan joan zen.
  • Izenordainak adierazten duen pertsona aditzean ageri denean, genitibo bihurkariak erabiliko dira (bere, neure…); bestela arruntak (haren, nire…).
    • Markelek bere autoa utzi digu. (izenordainak adierazten duen pertsona Markel aditzean ageri da: digu nork marka, Markelek)
    • ?Ni bere autoan joan naiz. (izenordainak adierazten duen pertsona, 3. pertsona, ez da ageri aditzean, 1. pertsona baizik)
    • Ni haren autoan joan naiz.
  • Bigarren eta hirugarren pertsonetara ere heda daiteke araua.
    • Esaiozu hori zeure lagunari.
    • Neure etxean ospatuko dut.
    • ?Geure autoan joan dira. (ez dago korrespondentziarik > gure)
    • ?Neure etxean egingo dute lo. (ez dago korrespondentziarik > nire)

Lehenago esan dugunez, bera ez da beti izenordaina, determinatzaile ere izan liteke:

  • Mendi beraren bi aldeetan bota du elurra.

Aposizioan ere ager daiteke:

  • Mendiaren beraren azpian dago baserria.

Beste batzuetan izenordain gisa erabiltzen dugu:

  • bera etorri da.

Determinatzailearen forma genitiboa beraren da, eta izenordainarena, berriz, beraren batzuetan, eta bere beste batzuetan, nolakoa den testuingurua. Inguruaren arabera, bereizketa hau gertatzen da:

  • Ane, beraren autoan joan da. (Anerena ez den autoan joan da)
  • Ane bere autoan joan da. (Anerena den autoan joan da)

Bestalde, berak banaketa markatua dauka perpausean. Kontua ez da hura eta beraren artean aukeran daukagula arrunta nahiz indartua erabiltzea. Bien artean aldeak daude:

  • Hurak ez bezala, berak gehienetan pertsona bati egiten dio erreferentzia:
    • hura etorriko da, hura ikusi dugu… (hura hori pertsona, animalia edo gauza izan daiteke)
    • bera etorriko da, bera ikusiko dugu… (bera hori pertsona da)
  • oraintxe bertan edo oraintxe berean erabiltzen ditugu, baina ez dugu esango *. Hori ere nahiko arrunta da beste hizkuntza batzuetan.
  • Hala ere, testuinguru batzuetan, berak pertsona ez den zerbaiten erreferentzia har dezake:
    • Garbigailua programatu dut, bera bakarrik jarriko da martxan.
1 Ikus Gaian sakonduz atala

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Forma indartuen genitiboa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3