Erabiltzaile Tresnak


morf:5:4:1:2:3:1

Linschmann-Aresti legeak sortzen dituen zalantzak

EGLU-Ien (67. orr.) esaten da izenordain indartuaren genitiboaren aurreko izango litzatekeen sintagmak eta genitibodun sintagmak elkarrekin beste sintagma bat osatzen badute, ez dela aplikatzen Linschmann-Aresti, G. legea: Gabriel Aresti

  • Baina ohar bat egin behar da: genitiboaren aurreko izango litzatekeen sintagma horrek eta genitibodun sintagmak elkarrekin beste sintagma bat osatzen badute, ez da aplikatzen delako erregela hori.

Legearen interpretazio hertsienean hori hala da, eta EGLU-In adibideok jasotzen dira, gainera:

  • Ni eta nire lagunak ez gara ongi konpontzen.
  • Aita eta haren problemek ez digute lasai egoten uzten.

Esaten da hor ezin dela bihurkaririk erabili, bihurkari horren aurrekoa, ni edo aita, nor sintagmak badira ere, aurrekoak (ni, aita) eta genitibodun sintagmak (nire lagunak, haren problemak) elkarturik beste nor sintagma bat osatzen dutelako. Hortaz, honela eman behar omen dira hauek:

  • Andoni nire (ene, nere?) etxera joango da lo egitera
  • *neure etxera

Hor ere nire edo ene, nere erabili behar omen da, eta ez neure, izenlagun horrek aipatzen duen pertsona ni delako eta ni hori ez datorrelako bat (joango) da adizkiaren formateekin. Horrenbestez, forma bihurkaririk ezin da erabili hor. Beste hauetan bai:

  • Nik neure lanak egingo ditut.
  • Zuei ez dizkizuete zuen lanak ordaindu.
  • Ni naiz artzain ona, eta ezagutzen ditut neure ardiak, eta ezagutzen naiz neure ardiez. (Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
  • Baiña bitartean ene aitzinekoak bezala, gozatu nahi dut nik ere, eta eduki neure denboran. (Guero, "Axular")
  • Ez diot, dakidanez, ukorik egin neure herriari. (MIH, Mitxelenaren Idazlan Hautatuak)

Theodor Linschmann familiarekin Hala ere, lehen ere esan dugu hori ez dela beti betetzen, eta idazle klasikoetan ere badaudela arauaren salbuespenak:

  • Pasarte hau, esaterako, bietara ageri da, enerekin eta neurerekin:
    • Graziaren promeza ageri da Iondone Ioanisen Ebanjelioan hitz hautaz, Nork ere izanen baitu ogi hau, biziko da sekulakotz, eta emanen derautsuedan ogia, da ene haragia munduaren bizitzeko. (Giristinoaren dotrina, Pouvreau, S.).
    • Jesusek erantzun zien: «Ez ari marmar zeuen artean. Ez daiteke inor Niregana etorri, bidali nauen Aitak ez badakar. Eta Nik biztuko dut hura azken egunean. Profetetan idatzirik dago: “Jaungoikoaren ikasle izango dira guztiak”. Aitari entzun, eta Haren erakutsiak ikasten dituena, Niregana dator.Inork ez du ikusi Aita,Jaungoikoarengandik datorrenak baizik; Horrek, bai, ikusi du Aita. Egi-egiaz diotsuet: sinesten duenak, badu betiko bizia. Ni naiz biziaren ogia. Zuen gurasoek basamortuan mana jan zuten eta hil egin ziren; hau da zerutik jaitsitako ogia, gizonak horretatik jan dezan eta hil ez dadin. Ni naiz ogi bizia zerutik jaitsia. Ogi honetatik jaten duena betirako biziko da; eta Nik emango dudan ogia neure haragia da munduaren bizirako». ( Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik)
    • Baldin norbaitek jaten badu ogi huntarik, biziko da hura eternitatean; eta nik emanen dudan ogia ene haragia da, munduaren bizitzearentzat emanen dudana». (Jesu Kristoren ebanjelio saindua, Haraneder, J.)

Egungo idazleen testuetan ere neure…da eredua sarri erabiltzen da:

Horietan ez dago dut, zait, edo ni izenordaina biltzen duen aditzik, eta, hala ere, neure ageri da.

Ni eta neure egitura ere erabiltzen da:

  • Ni eta neure bihotzaren artean, nolabait esateko, tartekari jartzen diren organoak eransten dizkidate. (Gerrako pilotu, Antoine Saint-Exipéry / Josu Zabale)
  • Ni eta neure buruaren artekoa. (Ortzadarra sutan, Morillo, F.)
  • Eta bidean, errege jauna, eguerdialdera, eguzkia baino distiratsuagoa zen zerutiko argi bat ikusi nuen, eta bere distiraz inguratu gintuen ni eta neure bidelagunak. (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)
  • Eta behiek eni erantzun: — Zer duk bihotza, gizakumea? Lurra borobil duk, lurreko soro guzi orotan gozatzen gara naski, gu eta geure ahizpak, jauzten gaituelarik jainko-zezenak. (Narrazioak, Mirande)

Hirugarren pertsonarekin

Hirugarren pertsonan ere gauza bera gertatzen dela jasotzen du EGLUk. Hirugarren pertsonaren forma bihurkaria bere da, eta izenordain pertsonalak (bera) aldaera arrunta (beraren) eta bihurkaria (bere) dauzkala kontuan izanik, hauxe izango litzateke legearen arabera eskema nagusia:

  • Aitor1 bere1 autoan joan da.
  • Aitorrek Joanesi1 bere1 liburua hautsi dio.
  • Leirek1 bere1 alaba eskolara eraman du.

Bigarren perpausean, zein den testuingurua, berek Aitorri ere egin diezaioke erreferentzia:

  • Aitorrek Joanesi bere liburua oparitu dio. (=liburua Aitorrena da)

Baina “lapurtu dio” esaten bada erreferentea laguna da, Aitorrek ezin diolako bere buruari lapurtu.

Bere horrek aipatzen duen pertsona aurretik agertzen bada perpausean nor, nori edo nork forman, bere izenordaina erabili behar da:

  • Maite bere autoan eraman nuen.
  • Maitek bere autoa erakutsi zidan.
  • Maiteri bere autoa erosi nion.

Baina beste norbaiten autoa baldin bada, hauxe litzateke eredua:

  • Maite haren autoan eraman nuen.
  • Maitek haren autoa erakutsi zidan.
  • Maiteri haren autoa erosi nion.

Hala ere, bereren aurrekariak perpaus berean agertu behar duela esatea ez da nahikoa:

  • Juleneren mutilak bere liburua galdu du.

Adibide horretan noren liburua galdu du Juleneren mutilak? Julenerena edo mutilarena? Berez “mutilari” dagokio bere1 hori esaldi horretan baina gaurko euskaran oso adibide anbiguoa izango litzateke. Juleneren mutilak bere liburua galdu dio esanez, adibidez, ez legoke zalantzarik, eta badakigu Juleneri galdu diola mutilak liburua.

Hala ere, azken adibidean izan ezik, esandakoa betetzen da: perpaus berean egon behar du izenordain bihurkariaren aurrekoak. Horregatik, bereren aurrekoa Maite da goiko perpausetan, baina harenena ezin da Maite izan, beste norbait baizik. Bestela, bere agertuko litzateke.

Bestalde, aurrekotzat har daitekeena izen sintagma bat baino gehiago denean perpausa anbiguoa izan daiteke:

  • Maitek Haizea bere autoan eraman nahi zuen.

Perpaus horretan bereren aurrekoa Maite nahiz Haizea izan daiteke. Ekialdeko idazle zaharrek subjektuari ematen diote lehentasuna beste argumentuen aurretik, eta horrenbestez, aurrekoa Maite balitz bere esango lukete; Haizea, balitz, berriz, haren.

1 Perpausa honela ere eman daiteke: Juleneren mutilak bere burua hil du. Horrela ez dago zalantzarik mutilak hil duela bere burua, eta ez Julenek.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Linschmann-Aresti legeak sortzen dituen zalantzak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3