Erabiltzaile Tresnak


morf:5:4:1:2:3:2

Linschmann-Aresti legea hausten denean

Hala ere, hirugarren pertsonan sarriago hausten da legea:

  • Ordean bera ikusten denean, gauza gutia da hura eta bere mintzoan mezprezagarri ere dena (Jesu Kristoren ebanjelio saindua, Haraneder, J.)
  • Eta hunek erakhutsi ziotenean, hiria jo zuten ezpataren ahoaz, bainan utzi zituzten gizon hura eta bere ahaidego guzia. (Biblia, Duvoisin)
  • Badakizu, Yonen lanetik jan beharrean gara ni eta bere arrebatxoak. (Ezkondu ezin ziteken mutilla, Lizardi)
  • Claudet yauna eta bere menpekoak ere Gabon eguna ongi ospatzeko asmoa zuten kristau oiturari yarraikiz, sendi onak egiten duten bezala. (Dirua galgarri, Izeta)
  • Iruñako alkate jauna eta bere lagun Arribillaga, Madridtik itzuli ziren nai zutena erdietsi gabe. (Nafarroatik, "Larreko")
  • Domingo de Okariz, eta bere anaia Don Rodrigo de Okariz izan ziran Ministro, Konseju erreal berean. (Gipuzkoako probintziaren kondaira, Iztueta, J. I)
  • Eta Dabidek erantzun zion Mikoli: Jaunaren aurrean, zeñak autu ninduen zure aita eta bere etxe guzia baño lenago, eta agindu zidan izan nendilla ni agintaria Jaunaren erriaren gañean Israelen, 22. (Biblia I, Uriarte)
  • Eta erabakia ilkhi zen ondoan, hiltzen hari zituzten zuhurrak, eta galduak izateko bilhatzen zituzten Daniel eta bere lagunak. (Biblia, Duvoisin)
  • Bizirik aurkitzeko batere esperantzarik gabe jaitsi ginen bere etxerantz. (Soinujolearen semea, Atxaga).

Ikusten denez, Linchmannen legea ez da beti betetzen. Aurreko atalean ikusitako ni eta neure edo x eta bere egiturekin osatutako adibide guztiak bazter geratuko lirateke. Zergatik? Adibide horietan izenordain indartua beste sintagma batean dago bilduta ([ni eta [neure…]ss]s, eta horregatik ezin du erreferentziarik hartu perpauseko izen sintagma batekin, eta ezin du islarik izan aditzean ere: horietan, neure singularra izan arren, aditza pluralean doa. Gauza bera gertatzen da bererekin ere.

Iparraldeko tradizioan hegoaldean baino hobeto bete da legea:

  • Norbait balin bazen ezpatari itzuririk, Babilonara eramana zerbitzatu zituen errege eta haren semeak, Persiarren erregek manatzeko orduraino, 21. (Biblia, Duvoisin)
  • Areunak begiraturik, ikhusi zituen errege eta haren zerbitzariak heldu zitzaizkoela. (Biblia, Duvoisin)
  • Puntu hunetan etzaitezila sekulan nihola ere eramaitera uts zure burua baitako eta zure obrakgatikako atsegintasunik xipienera: baina zure atsegin guzia biz, hutsik zure Iauna eta haren miserikordia baitan, eta haren Bizitzeko eta Pasioneko obretan. (Gudu espirituala, Pouvreau, S.)

Baina, beste hauek ere badira, horiekin batera:

  • Eta abiatu ziren bera eta bere armada guzia, orga-lasterrekin, zaldizkoekin eta arranbelariekin, zeinek lurraren gaina estali baitzuten xartalek bezala. (Biblia, Duvoisin)
  • Bilha zatzue Jauna eta haren indarra; bilha zazue bethi haren begithartea. (Biblia, Duvoisin).

Bizkaierazko testuetan, adibidez, hasieratik baztertzen dira bihurkari balio horretatik eta gipuzkoarren artean XX. mendean gertatzen da hori. Nafarreraz ere berdintsu, hoberenean ere txandakatzeak daude balio bihurkari eta ez-bihurkarien artean.

Bestalde, Linschmann-Arestiren legea haustearen inguruan, EGLU-Iek (69. orr.) dio perpaus hauek mendebaleko euskalkietan “guztiz normalak eta hedatuak” direla:

  • Itziar eta bere lagunak etorri zaizkigu etxera
  • Ezagutzen al duzu Peru Arrieta? Bai horixe! Sarritan izan naiz bere etxean.

Adibide horietan ikusten da bere izenlagunaren aurrekoa ez dela aditzaren partaide eta horregatik, Ekialdean haren erabiltzen dute bereren ordez:

  • Itziar eta haren lagunak etorri zaizkigu etxera.
  • Sarritan izan naiz haren etxean.

Hori guztia kontuan hartuta, EGLUren ondorioa da bi bere ditugula euskaraz:

  • Bihurkaria da bat eta aurrekaria aditzaren formanteetan izatea eskatzen du.
  • Bestea izenordain indartuaren genitiboa edo izango litzateke. Hau da, bera izenordaina (determinatzailearen kasuan ez du balio honek) erabiliko dugun egoera beretan erabiliko dugu bere, eta beraz, beraren parekoa izango litzateke. Aurretik esan dugun moduan, horrek eskatzen duen baldintza da aurretik aipatua izan behar duela. Horrenbestez, bereren (bere = beraren) aurrekoak ez du nahitaez perpausean agertu behar, ezta aditzaren partaide izan ere. Aski da lehenago aipatua izatea, perpaus berean ez bada ere. Horrenbestez, bera izenordainaren genitiboak bi aldaera izango lituzke: beraren eta bere, eta azken hori berarenen parekoa edo bihurkaria izango da.

Azalpen hori gorabehera, ordea, zerbait sinpleagoa gertatzen dela dirudi: bera izenordainaren genitibo bihurkariak, berek, beste eremu batzuk hartu ditu eta aldi berean, neurri batean bihurkaritasuna galdu du. Hau da, bihurkariaren lekuan aldaera horrek bakarrik dauka tokia:

  • Mikeleki berei etxea erre du.
  • *Mikeleki hareni etxea erre du.

Baina beste toki batzuetan ere ager daiteke:

  • Mikeleki berei/j etxea erre du.

Hau da, bihurkaria (bere) toki batean baino gehiago ager daiteke baina bihurkaria ez dena (haren) ezin da bihurkariaren tokian agertu.

Hirugarren pertsonan bezala, lehen eta bigarren pertsonetan ere bihurkaritasuna lausoagoa da:

  • Besteri geure gogoetez sinetsarazi nahi dioguna adierazteko baizik. (Mitxelena, K.)
  • Noraezekoa dut hitzen aukeramena neure gain hartzea. (Mitxelena, K.)

Azpimarratutako hitzetan ikusten denez, legearen arabera erabili dira aldaera bihurkariak:

  • [geure … diogu]
  • [dut… neure]

Baina legea ez da zorrotz betetzen, eta hala, bihurkariaren ordez izenordain arrunta ageri da:

Eta alderantziz ere bai: sarritan neure eta antzekoek ez dute bihurkari balioa:

  • Neure izena (…) gora eta behera erabilia izan denez gero… (Mitxelena, K.)
  • Neure herriak (…) hutsik eta tatxarik badu ugari. (Mitxelena, K.)

Hortaz, oso zaila da legea zorrotz betetzea, hiztunek behintzat ez dirudi erabat betetzen dutenik. Baliteke EGLUk dioen bezala arrazoia izatea forma hauek bikoitzak direla: bihurkariak eta indartu soilak. Edo aipatu dugun bezala bihurkarien erabilera beste eremu batzuetara ere zabaldu dela, eta aldaera arruntak, hirugarren pertsonan, ez duela bihurkariaren tokirik hartu oraingoz.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Linschmann-Aresti legea hausten denean", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3