Erabiltzaile Tresnak


morf:5:4:2:1:1

nor

Nor izenordain galdetzaileak pertsonez galdetzeko balio du soilik: Bagara nor, Lorea Agirre kazetari eta antropologoak idatzi zuen 2015eko Korrikako lekukoaren mezua

  • Nor etorri da?
  • -Aita etorri da
  • -Mikel etorri da
  • -Sara etorri da
  • Norekin joango zara?
  • -Lagunekin joango naiz
  • -Anaiarekin joango naiz

Perpaus horietan bezala nor galdetzaileaz baliatuz galdera egiten duenak badaki pertsona batez ari dela (etorri edo joango dena pertsona izango dela presuposatzen du). Horregatik dira izenordainak. Esan dugunez, nor beti da izenordaina eta berak bakarrik osa dezake izen sintagma.

Zubereraz nur erabiltzen da:

  • Zeren nahasten zira, egitekuak zure gogara juaiten ezpadira? nur da gaiza oro berak nahi dütian bezala dütiana? ez zü, ez ni, ez-etare lürren gañen gizonik batere. (Jesü-Kristen imitazionia, Maister, M.)
  • Nur zira zu, eta nun da zure eskia ene gisa hortan mintzatzeko? Ala ez othe zinate zihaur, erran duzun Ifernuko ainguru beltza? Kattalin eta Pethe diozu! Bego Kattalin suthondo zokhuan uruten ari-dela zarran-farran, edo lo-kurrunka, hautsian nahasirik, aphez zunbaiten gelhari gei. Gaseta egile jalkhitzen bazira, ni pheredikari bilha nitezu, eta beharbada, nur nahik bezain untsa erran diokezut nun den Ifernia,nun den Pharadusia. (Azti-begia eta beste izkribu zenbait, Xaho)
  • Saindu debot honek dio, miserable girela, eta noble, girela, miserable gorpitzaren aldetit, noble arimaren aldetik, gu nur bagira, biez izanen, gira noble, eta huroz, baina ezpagira nur, biez izanen gira miserable, eta malhuros, giten orhit gure miseriaz, orhitzeko onsa hiltziaz, dugun gure bihotza, eta gure arima, onsa purga eta xaha, gure Ienkoa xahuki, eta purki; egun batez ikhusi eta kontenpla ahal dezagun. Hanitz jendek pena, eta tribaillu handirekin infernia akisitzen, eta ardiasten dute, eta nur balira, edo nahi balira, pena, eta tribialu haren erdiaz Paradusia, eta Zeluko Erresuma, irabaz, eta ardiaz liroite. (Onsa hilceco bidia, Tartas)

Nor formaren ergatiboa nork da baina bizkaieraz nok ere erabiltzen dute:

  • Nok sinistu ganadubai bere parkatuko ez jakela? Nok sinistu kristinau bat eldu leitiala gauza ain ezañ ta zantarrera? Pekatu andi ta ikaragarrija; baña edo konfesau, edo kondenau, ez dago beste biderik. (Confesio ona, Moguel, J. A.)
  • Agiñak miña usegiteagaiti, nok agaiti ateretan ditu aginak? Begiak leku goragoan dagoz oñak baño; baña, orrez guztiaz, begiak maite ditue oñak, eztitue desprezietan: al daien guztian alkarri lagunduten deutsee; eta, baldin alkar ondo artuko ezpadira, euren kaltera etorriko liteke. Enperadoreak, artu ebanean a karta ain laburra ta ain zuzena, nok egina zan, izenik ezpazeukan bere, ezagutu eban bere adiskidearen letrea ta eskua. (Gueroco Güero, Añibarro)

Tradizioan beste forma hauek ere badira:

  • nogaitik:
    • Onek aurreratuten dau puskatxu bat, arek beste puskatxu bat; aurrerago eta geijago, eta bein miina berotu ezkero ezta begiratuten, ez zer esaten dan, ez nogaitik esaten dan, ez gauza andija, ala txikija dan. (Urteco domeca gustijetaraco verbaldi icasbidecuac, Astarloa, P.)
    • […] gogor ta zutik, Katolikoen fedean; Ikara baga, egia beti Autortzen era batean, Naiz soldaduen, zein jeneralen, Bardin juezen aurrean, Jakiña gaitik epai gaizto bat Zeunkala zeure gañean? Baña, Jesus da egia, eta Zu ziñan egi zalea, Orretxe gaitik, o! Madalena! Kristo zan zure maitea, Nogaz zenduan zuk bizi gura, Nogaitik bere illtea. (Ama euskeriaren liburu kantaria, Arrese Beitia)
    • Laugarren mandamentua P: Laugarren mandamentuen ganean esazu; nogaiti esanten dogu, onrraetan dituzala bere gurasoak. (Exposicion breve de la doctrina christiana, Otxoa, M.)
    • Eta eldurik Sirena eta Silbia eozen lekuan, asi zirean Silberogaz joazen musikoak ain dulzemente jaiten euren istrumentuak, eze Silberoen ugazaba eta agaz eozen guztiak zitezen espantadu eta ezin pensadu eben nogaiti edo nork emaite eben musikaoa. (Eskuizkribua, Lazarraga)
  • nuen (=noren):
    • - Zegaiti begiratu gura ez dozu zugaiti nola nagoan kantaetaz biozau jo deustazu anetx fletxaz nigaz konturik egin nai ez dozu begira egizu zer egiten dozun nuen kontrata nola oita zabilzen amoreak zer deusan zuri aginzen belarriok irekazu eta danzuzun 2 Donzella guztioi deustet aginketan dagiela amoraduok ondo artu onegaz linda guztiok beukae kontu zerren joango nax neurau eskaetan kurela ifiniko dot estuetan baldin da mandamentuau goarda ez badez nik au erraz daiket neure partez asi […] (Eskuizkribua, Lazarraga)
    • Bada bere aek ondo begiratu orduko salbaje biak arrebatadu zituen Sirena ta Silbia, zeinzuk utra laster ta erroitu andiaz eroan zituen florestati beera Silberok eta Doridok remediorik emun al baga, zeinzuk geratu zitezen espantu eta tristeza andiaz nork bere eben oneretxia galduagaiti eta ezin pensadu eben nuen agintez edo nora salbajeaek eroan al eukeen. (Eskuizkribua, Lazarraga)
  • nogaz:
    • Nogaz zagoz orain? Jaungoikuagaz. Nogaz egon oi zara berba egiten dozunian, irakurten diarduzunian, lotan zagozanian, jaten dozunian, edo bidian zabiltzanian? Jaungoikuagaz. (Marijaren illa, Uriarte)
    • Eztakutsubez, ze andijak dirian onzijak? etxe andi bat dira; eta asko uri bat leezkuak; eta izanik ain andijak, nogaz, edo zegaz arteztuten dira norabait eruan gura dirianian? Ozta ozta agiri dan gauza bategaz: lema txiki bategaz. (Urteco domeca gustijetaraco verbaldi icasbidecuac, Astarloa, P.)
  • norei:
    • Mandamentuek norei obligetzen diote? (Cristau Doctriñe Aite Gaspar Astetec erdaraz escribitue eta Ulzamaco Apezac Balle ontan yarduquitzen den usquerara biurtue, Astete, G.)

Euskaraz galderak formulatzerakoan al partikula erabili ohi da bai/ez erako galderetan: joango al gara?. Hala ere, tradiziozko testuetan nor eta al biak batera erabiltzen dituzten testuak daude, nahiz gutxi izan:

Galderazko balio gabe ere erabiltzen da nor zenbait esapidetan:

  • nor edo nor: “Alguno, cuando viene sin nombre”, norbait. OEH.
  • nor ere: Erlatibozko perpausetan erabiltzen da:
    • Nork ere ikusi baitu hori, zitalez blaituriko mihiz Fortunaren aurka duke traizio-epaia emango. (Hamlet, William Shakespeare / J. Garzia)
    • Halarik ere, ko jaun dukeak, neure lehengusuak, nori ere dakizunez guztizko onginahia zor baitiot, jakinarazi berri dit Napolira deitua izan dela. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de Laclos / Jon Muñoz)
    • Baina, nor ere ahalegintzen baita besteak Arrazoiaren arabera gidatzen, hura ez da oldarrez ari, gizatasunez eta bihozberatasunez baizik, eta guztiz lasai dago bere buruarekin. (Etika, Spinoza / Xarriton, P.).
  • nor izan:
  • Horrelakoetan nor-en ordez inor ere erabil daiteke.
    • […] zu nor bazara, bere erreinuko zaldun, ta prinzipe egiteko: baldin au guzia bazeneki, zer agurrak eginen zeniozke errege onen onari? […] (nor izan = duin izan) (Jesusen amore-nequeei, Mendiburu, S.).
    • Zu ez zara nor niri errieta egiteko.
    • Eta ni ez naiz nor zure erabakiak epaitzeko. (Eguzki beltzaren sekretua, Alberto Ladron Arana)
    • Zeren, ni ni banaiz, nitasun bat dudalako da - modu batean deitzeagatik, jaun André -, eta ni nor banaiz, nortasun bat dudalako, baina zer dira eta zertan dautza nitasun hori eta nortasun hori, eta zer dakigu haietaz? (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
  • Hala ere, izan aditza jartzea ez da nahitaezkoa:
  • Nor… nor…:
    • Jendea, nor zaldiz, nor oinez, etorri zen. ( = batzuk zaldiz eta beste batzuk oinez etorri ziren) ( A grammar of basque, José Ignacio Hualde / Jon Ortiz de Urbina)
    • Lurrean bertan lo egin zuten, nork sukaldean, nork korridoreetan (Gauza baten ametsa, Pier Paolo Pasolini / J. Zabaleta)
    • […]nork famari, nork diruari, nork errazkenari, nork aurreko hiruak batuz sortutako burrumbadari […] (Mentura dugun artean, Anjel Lertxundi).
  • nor baino nor:
    • […]berrogei bat lagun bai, nor baino nor distirant eta harroputzago […] (Putzu, Txillardegi)
    • Epaileak bost ziren, nor baino nor portatu zitzaizkidanak (Garzia, Joxerra, J. Garzia).
  • Galde-izenordain edo adizlagunarekin:
    • Poliziak orain, nor nor den jakiteko, zerbitzarien nortasun-agiriak ikertzen ditu. (India harrigarria, Garate, G.)
    • Ez da behatu behar nor non dabilan.
  • Izen gisa:
    • Hortxe dago gakoa! –esan eta, nor baino nor hartan bere nagusitasuna azaltzeko… (Denak du bere prezioa, M. A. Mintegi).
  • Lehenbiziko eta bigarren pertsonaren erreferentzia gisa:
    • Nor zarete zuek?
    • Nor gara gu?
  • Harridura perpausetan:
    • beha, beha, nor dugun hor!
    • Nor aspertu deteke dantza aueri begira! (Gaztetxo, Atxaga, M.)
  • zuetarik edo antzeko hitzekin:
  • beste edo besterik-ekin: Unai Elorriaga bilbotar idazlea
    • Herrian horiek eta nor beste sartu zen? (Kilkerren hotsak, Edorta Jimenez)
    • Nork bestek hartuko du sarrera?
    • Auskalo nor besterik zipriztinduko zuen, erbia bailitzan, zeuk harrotutako aferak. (Mutuaren hitzak, Etxeberria, H.)
    • Nor dago besterik etxe honetan?
    • Ez zegoen besterik nor aukeratu kargu horretarako.
  • gehiago-rekin:
    • […]garaia da nor gehiago dagoen jakiteko[…] (Lisboako Setioaren Historia, Saramago, J. / Jon Alonso)
    • Nork gehiago pentsatzen du hori?
    • Nori gehiago esan diozu?
    • Kasu marka gehiago-k ere har dezake:
    • Nor gehiagok pentsatzen du hori?
    • Nor gehiagori esan diozu?
  • Galde-izenordainaren hondarki berbereko sintagma batekin, eta juntagailuaz elkartuta:
    • Nori eta hari esan behar hori!
    • Aldean naikoa diru dauan gazteari, izan bere, nok eta txiologa bateko arduradunak egin bear ete deutzaz ainbeste itaune? ( Batetik bestera, Erkiaga, E.)
    • Nork-eta ijitotzar arek makilkatu bear! (Uztaro, Agirre, T.)
    • Nork eta berak, Ministerioko proiektugilerik onenak. (Van't Hoffen ilea, Elorriaga, U.)
    • Tximino anker bat zen gizaje hura, eta nori eta hari eman behar gaixo gajo haiek zaintzeko eginkizun gizatiarra. (Jakintzaren arbola, Pio Baroja / Josu Zabaleta)
    • Nork, eta horrek egin zuen azkenean.
    • Badakit ondo zer esango duzun, Kitty: “Baina, Anne, nork eta zuk esaten dituzu hitz horiek? (Anne Franken egunkaria, Anne Frank / Josu Zabaleta)
    • Nork eta zure anaiak ikusi omen zuen.

Euskaltzaindiak honetaz

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "nor", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3