Erabiltzaile Tresnak


morf:5:4:2:2:2

nor edo nor, zer edo zer

Nor edo nor eta zer edo zer izenordainak ere galdetzaileetatik eratorriak dira. Hauetan ere egin liteke (+pertsona) eta (-pertsona) bereizketa eta zerbait eta norbait izenordainen esanahi bera dute:

nor edo nor = norbait
zer edo zer = zerbait
  • Nor edo nor joango da hitzaldira = norbait joango da hitzaldira
  • Zer edo zer erosiko dugu askarirako = zerbait erosiko dugu askarirako

Izenordain hauen zentzu bera dute baten bat, bat edo bat eta bat edoren bat izenordainek ere:

  • Baten bat etorriko da erakusketa ikustera = norbait etorriko da erakusketa ikustera.
  • Bat edo bat joango zaizu laguntzera = norbait joango zaizu laguntzera.
  • Bat edoren batek esango zion zuri deitzeko = norbaitek esango zion zuri deitzeko.

Baten bat oso arrunta da hegoaldeko tradiziozko testuetan:

  • Gure adineko eta gazteagoen artean baten bati suertatu zaionez sarri aski. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)
  • Burugabekeri ori ere entzun bear al gendun? esan lezake baten batek. (Gure mendi ta oianak. Zuaizti berriak antolatu, ta lengoak zaintzeko zuzenbide batzuek, Munita, I.)
  • Harraskan pilatutako katxarroak ere hor daude, ea baten bat noiz animatzen den… (Kuskue tandem, Iñaki Iñurrieta, 19)
  • Bat edo batek pensatzen badu
  • oien ordañak jartzia,
  • kostako zaio pasaizua
  • bear bezela neurtzia. (Bertsoak 2, Txirrita)

Bat edo bat izenordainak ere zentzu bera du. Hegoaldean asko erabiltzen da, Iparraldean gutxiago:

Bat edonoren bat izenordaina ere erabili da tradizioan baina adibide gutxi daude. Bat edon bat, bateon bat… ere badira baina ez dago argi horien oinarria bat edonoren bat den. EGLUn adibide hau baino ez dago:

  • Bat edonoren batek esango zion.

Baten bat, bat edo bat izenordainak izenik gabe agertzen direnez, izenordain gisa agertzen dira perpausean, baina bat zenbatzailetik eratorriak direnez, determinatzaile ere izan daitezke Izen Sintagmaren barnean. Adibideotan ikusten denez, -en bat izen sintagma mugagabeari erantsita erabiltzen dugu sarri:

  • Emaidazu bolaluma baten bat.
  • Emaidazu bolalumaren bat.
  • Lagun taldeak bere osotasuna gordetzen zuen arren, aldika, lagunetako baten bat jendearekin hitz egiten geratzen zen atzean, eta kalean aurrerago arte, ez zitzaien berriz elkartzen. (Kafka Bilbon, Pedro Alberdi)
  • Oihalezko kapela buruan jarrita - “bai euskarari” zioena hain zuzen ere -, eguzkitan eserita jarraitu nuen bide ondoan, autoren bat noiz igaroko zain. (Onan, Aitor Arana)

Horrelako egiturek nolabaiteko mugagabetasuna adierazten dute, liburu bat erosiko dut eta libururen bat erosiko dut ez direlako gauza bera. Lehenengoan badakigu liburu bat eta bakarra erosiko dudala; bigarrengoan, aldiz, baliteke bat edo gehiago erostea. Dena den, partitibo mota bat dela ere badirudi, eta askotan ustezko perpausetan erabiltzen da. Zenbatzaileekin ere gauza bera gertatzen da:

  • Bosten bat urte zeuzkala sukar txar batek hartu zuen. (India harrigarria, Garate, G., 129)
  • […]hamarren bat urte iraun zuen zeingehiagokan,[…] (Artikuluak, Mirande)

Erreferentziak

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "nor edo nor, zer edo zer", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3