Erabiltzaile Tresnak


morf:5:4:2:2:6:1:2

batere

Batere aditzondoak ere ezezkotasuna adierazten du.

batere = bat + ere

Txillardegi Hala ere, aditzondo hau lexikalizatuta dago, eta bere horretan ezer edo deusen ordez erabil liteke:

  • Ez dut batere ikasi (=Ez dut ezer (ere) ikasi = Ez dut deus (ere) ikasi).
  • Isabel II.a, bestalde, ez zen batere amore ematearen aldekoa. (Putzu, "Txillardegi")
  • Gogorik batere ez nik hegaldi hartan jarraitzeko, sinpleki. (Homo Faber, Max Frisch / Joxe Austin Arrieta)
  • Ez dut batere sinesten, garbiki erraiteko. (Ez da musik, Menane Oxandabaratz)

Hala ere, batere eta deusez dira erabat kidekoak. Batere adjektiboaren maila adierazteko erabil daiteke, ezer eta deus, ordea, ez:

  • Erabaki hori ez da batere erraza
  • *Erabaki hori ez da ezer erraza

batere, bat ere

Idazle askok ongi bereizten dituzte batere eta bat ere, bigarrenak inor esan nahi baitu, “bat bakarrik ere”, ezezko perpausetan:

  • Ez da bat ere etorri.
  • Ez zaukaat zentaborik bat ere. (Manhattan Transfer, John Dos Passos / Lopez de Arana)
  • Ez diot hitz bat ere esango. (Brooklyngo erokeriak, Paul Auster / O. Arana)
  • […]baina Borges ez da pertsona bat, ez eta pertsonaia bat ere[…] (Ipuin hautatuak, Jorge Luis Borges / Garzia, Juan)
  • Horixe da dena, eta ez da gertaera bat ere. (Goragalea, Jean Paul Sartre / M. Etxebarria)
batere (izenondo eta aditzondoen graduatzailea) erabateko gabezia = inolako, nada
bat ere bakar bat ere, bat bera ere, ningun

Hala ere, egungo idazle batzuek nahasi egiten dituzte biak, eta bat ere erabiltzen dute bietarako:

  • Zama hori, beraz, ez da bat ere pisutsua. (Zortzi unibertso, zortzi idazle, Urkiza, A.)
  • […]ez dut koma bat ere kentzen[…] (Zortzi unibertso, zortzi idazle, Urkiza, A.)
  • […]ez duk bat ere asmatzen[…] (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
  • […]eskerrak ez duen zerotxo bat ere galtzen[…] (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "batere", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3