Erabiltzaile Tresnak


morf:5:4:2:2:6:2

norbait/inor, zerbait/ezer

Ikus dezagun orain, zer alde dagoen norbait/inor eta zerbait/ezer izenordainen artean. Ingurune batzuetan norbait eta inor, zerbait eta ezer, bi moldeak ager daitezke, galderazko eta ezezkako perpausetan, esaterako, baina ez dute esanahi bera. Norbait eta inor izenordainen artean, absolutu mugatuaren (etxea) eta partitiboaren (etxerik) artean dagoen aldea dagoela esan genezake.

Horrenbestez, norbait, zerbait sailekoek inor, ezer sailekoek baino balio positiboagoa dutela esan genezake. Ikus ezezkako perpaus hauek:

  • Zerbait ez dago ongi ≠ Ezer ez dago ongi
  • Zerbait ez dago ongi ⇒ bada zerbait ongi ez dagoena, baina litekeena da gainerakoa ongi egotea.
  • Ezer ez dago ongi ⇒ ezertxo ere ez dago ongi, dena dago gaizki.

Adibide horietan ikusten denez, ezer, inor eta antzekoak ezezkako perpaus batean erabiltzen direnean, ezeztapena erabatekoa izaten da; zerbait eta norbaitekin, aldiz, ez.

kakotxa
kakotxa
Jauna, ni ez naiz inor Zu nire etxean sartzeko; baina esazu hitz bat, eta sendatuko naiz“

Galderazko perpausetan ere antzekoa gertatzen da:

  • Norbait etorri al da? ≠ Inor etorri al da?
  • Norbait etorri al da? ⇒ norbait etorri dela suposatzen du galdetzaileak, eta uste hori ziurtatzea da helburua.
  • Inor etorri al da? ⇒ galdetzaileak ez du suposatzen inor etorri denik.
  • Zerbait jan al duzu? ≠ Ezer jan al duzu? ≠ Ezer ez al duzu jan?
  • Zerbait jan al duzu? ⇒ hartzaileak zer edo zer jan duela suposatzen du igorleak
  • Ezer jan al duzu? ⇒ igorleak ez daki hartzaileak ezer jan duen
  • Ezer ez al duzu jan? ⇒ igorleak suposatzen du hartzaileak ez duela ezer jan

Baiezkako perpausetan ere erabil litezke izenordain mugagabeak, baina ez da oso ohikoa:

  • Inok beti errua. (Morfologia vasca, Azkue, R. M.) (= bestek beti errua)
  • Dirua eta indarra, inork berdindu dezala (Bizkaian jasotako esaera, Goierritik ekarria)
  • Soñean dauzkazun prakak iñorenak dituzu, ta Uribarriko gazterik ondasuntsuena nai zenduke? (Garoa, Aguirre, D.) (inorenak = besterenak)

Horiez gain, beste esanahi bat ere hartzen du inor izenordainak, norbait eta bat edo bakoitza, esaterako:

  • Nehork bidegabe bat egiten deratzunean, eztu nahi Iainkoak zuk ordaiñik bihur diazozun[…] (Guero, "Axular") (nehork = norbaitek)
  • Zeren bertzeak bertze direla (lehen erran den bezala), gazteko usantzak jarraikitzen ohi zaitza nehori zahartzean ere:[…] (Guero, "Axular") (nehori = bati)
  • Nihori ematen dio merezien pagua. (Ziburuko Etxeberri) (nihori = bati)
  • Ikhararik egonen da nihor haren beldurrez. (Manual devotionezcoa, Etcheberri (Ziburukoa)) (nehor = bat)
  • Fiñak deklaratu ohi du nihoren bizia, Bai eta Antekristenak haren gaixtakeria. (Ziburuko Etxeberri) (nehoren = baten)
  • Nehork bere barrena du ezagutzeko gaitzena. (Les proverbes basques recueillis par le Sr d'Oihenart, Oihenart) (nehork = bakoitzak)

Inoiz aditzondoa sarriago erabiltzen da baiezko perpausetan:

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "norbait/inor, zerbait/ezer", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3