Erabiltzaile Tresnak


morf:5:4:2:2:7

norbera, norbere / norberaren

Gogoratu egitura hauen arteko aldea:

  • Lagun hurkoa norbera bezala maite izan. ⇒ izenordaina: “hitz egiten ari dena, aipatzen dena”
  • Norbera ardura bedi norbere buruaz. ⇒ norberaren genitiboa: “norberarena”
  • Norberaren gogoko ez denarekin ezkontzea. ⇒ norberaren genitiboa: “norberarena”
  • Nor bere zoroak darabil. ⇒ izenordaina: “bakoitza”
  • Itzuli zen zein bere etxera. ⇒ izenordaina: “bakoitza”

norbera

Norbera izenordaina ere nor izenordain galdetzailetik eratorria da eta egitura hau du azpian:

norbera = nor + bera

Bi osagaiz osaturiko izenordaina izan arren, norbera izenordaintzat har daiteke, Maitane bera esaten denean bezala, hau da, ez du beste osagairik behar izen sintagma osatzeko. Adibide hauek ageri dira EGLU-Ien (58. orrialdea):RIEV

  • Norberak dituen arazoak nahiko ez balira.
  • Norbera arduratuko da gauzak bere lekuan jartzeaz.
  • Norberari axola ez badio, zer egingo dut nik?

Hori horrela, izenordaina denez eta izen sintagmak osa ditzakeenez, izen sintagmak ager daitezkeen leku beretan agertu ahal izango da norbera.

Euskalki guztietan erabili izan da baina XIX. mendetik aurrera Iparraldean maizago. XX. mende aurreko testu batzuetan nork eta berak, biek hartzen dituzte kasu markak:

  • nork berak (“El refranero Vasco I: Los Refranes de Garibay”, Urquijo, J. (1592) RIEV II)
  • Nork berak bere gaztigua eramanen du. (Guero, "Axular")
  • Nork berak behar du bere burua ezagutu, chacun doit se connaître soi-même. (Diccionario manuscrito vasco-francés, Duvoisin)
  • Aphezaren komunionean, nork berak komuniatzen ez duenean errealki. (Guristinoqui bicitceco, Baratciart)
  • Jakintsunen arabera nork berak du berea, / mundur' agertu denean ekarria zortea. (Olerkiak-2, Elissamburu, J. B.)
  • […]hari erakhuts bere barneco plegu ta sentimendu guciac, norc berac ezagutcen dituen bezala,[…] (Meditacioneac gei premiatsuenen gainean, Duhalde)
  • Okasioa da ezagun ezaguna, urrekoa, edo jakina, zeñean, jarri ezkero jartzen dan bat bekatuan erorteko arriskuan gizon aitu edo jakitunen iritzian, edo nork berak leenago igaro zanetik ezagutu bear duenean. (Confesio gañean eracasteac, Moguel, J. A.)

Nori berari ere erabiltzen du Duvoisinek:

  • Nori-berari zayo bere indarren neurtzea et a araberara lanak egitea. (Laborantzako liburua, Duvoisin)
  • Ezen huna non heldu naizen laster, eta ene saria enekin dut, nori-berari bihurtzekotzat bere eginen arabera. (Beste zenbait itzulpen, Duvoisin)

Bizkaierazko testuetan nobera ere aurki daiteke tradizioan:

Horrek erakusten du norbera eta Ainhoa bera sintagmen artean erlazioa dagoela, norberak esaten dugun arren, Ainhoak berak ere esan dezakegu ta. Adibideotan, norberaren ordez bakoitza jar daiteke:

Hiztuna edo aipatu den hura adierazten du norberak:

  • Batzuetan besteak ez, baina norbera da bere buruarekin harritzen eta haserretzen dena[…] (Jeans-ak hozkailuan, Zubizarreta, P.)
  • Norberak berea dauka. (Piano gainean gosaltzen, Cano, H.)
  • Musika horri lotuta beste milaka batzuk daude, norberarekin bat egiten dutenak, norberaren tamainara egokitzen direnak[…] (Airezko emakumeak, Juaristi, F.)

norbere

Norbera izenordainak genitibo bat baino gehiago dauka; norberaren, norbere eta norberen. Horietatik norberaren da genitibo arrunta eta pertsona bati dagokiona, pertsonala dena, adierazten du:

  • Bakotxak berak daki norberaren barri. (Ama euskeriaren liburu kantaria, Arrese Beitia)
  • Edozeinek ditu bi sorterri: norberarena ta Frantzia. (Ardi Galdua, Azkue, R. M.)
  • Inoren begia zorrotzagoa izaten baita bereizketa horietan norberarena baino. (Mitxelenaren idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
  • Etxebarrietaren garaian norberaren sakrifizioa egitasmo heroikoa zen;[…] (ETAren hautsa, Joseba Zulaika)

Hain zuzen ere, norberaren genitibotik bi esapide sortzen dira:

  • Norberarena egin ( OEH: hacer lo que le interesa a uno):
    • Askoi, norberana eiñ ezkero bestienak pito bat ardura dotsa. (Bergara aldeko lexikoa, Elexpuru, J. M.)
    • Berba zantarra norberarena egin eta negrotasunari inoiz egindako banderarik ederrena da Cesairen poema luzea. (Hitzak eta giltzak, Iñigo Aranbarri)
    • Bata bestearen hutsaren zain gehiago izan ziren, norberarena egiten baino (Kirola saila, Berria, Ion Telleria)
  • Norberaren kontura OEH: a cuenta propia):

Norbere genitiboa Mendebaldeko testuetan ageri da nagusiki (norberen eta noberen ere bai):

Bestalde, beraren izenordain bihurkaria eta bere izenordain arrunta bereizten diren bezala, norberaren eta norbere ere bereizten dira. Hala ere, bien arteko aldea forman dago gehiago, esanahian baino, “bakoitzarena” adierazi nahi baitute biek:

  • […]poztasuna norbere barruban dago, norbere goguan. (Abarrak, Kirikiño)
  • Zentzuak nerbere jabetasuna galdu duenean. (Joanak-joan. Piarrres Topet Etxahun Barkoxtar koblariari buruz egin eleberria, Etxaide, J.)
  • Norbera ardura bedi norbere buruaz (Kristau fedearen sustraiak. I. Jainkoa., Villasante)
  • Horretan bakoitzak norbere taldeko eta eskolako kontuak esango dizkizu. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)
  • Ez dago norbere kezka eta eta pentsamenduak koaderno batean idaztea bezalakorik. (Neguko zirkua, Harkaitz Kano)
  • Norbere sinesmenei uko egitea, autokritika, jendeaurren barkamena eskatzea. (Lotsaizuna, John Maxwell Coetzee / Oskar Arana)

Horietan guztietan norberaren jar daiteke, perpausaren esanahia aldatu gabe.

Norberezko izenlaguna ere hortik sortzen da:

  • Norberezko ahalegin zakarrez tematzen dira Jainkoa menperatzean, jakinik Jainkoa ez dela inoren esanera jartzen, baizik eta bete-betean eskaini egiten dela. (Mistika liburuak, Eckhart-Tauler / Lekuona, J. M.)

Gaian sakonduz

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "norbera, norbere / norberaren", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3