Erabiltzaile Tresnak


morf:5:4:2:3

beste

Adjektiboaren atalean (beste, gabe, huts) aipatzen da ez dela erraza beste hitzaren kategoria zehaztea. Testuinguruaren arabera, besteak beste, izenordain gisa erabiltzen da, baina baita determinatzaile gisa ere:

Izenordain gisa erabiltzen denean ez du mugatzailerik behar, baina badirudi ezin dela kasu guztietan erabili. Ergatiboan eta datiboan ageri da, baina absolutiboan ez:

  • Berak egin nahi ez eta besteri (edo inori) agindu behar
  • Zuk zikintzen duzuna bestek (edo inork) garbitu beharko

Absolutiboan, ordea, bat edo beste eta antzekoetan ez bada, nekez aurkituko dugu:

  • Bat edo beste etorri zen, baina ez denak.
  • Ardiak batu bear izaten dira eskortaldera lenbizi, ta pozik bat edo beste galdu ezpazait[…] (Garoa, Aguirre, D.)
  • Baita zigarrutxu bat edo beste bere. (Batetik bestera, Erkiaga, E.)

Hortaz, absolutiboan, bat edo antzeko hitzen batekin agertu behar du bestek:

  • Bestek egin beza
  • *Beste etor dadila. › Beste bat etor dadila

Hala ere, ikus Ziburuko Etxeberriren adibide hau:

Hori guztia gorabehera, atal honen hasieran ere esan dugu beste determinatzaile gisa erabiltzen dugula gehienetan, hau da, izen sintagmaren barruan beste izen edo izenordain bati laguntzen:

  • beste liburu hori ez dut irakurri.
  • beste nork egin zuen oihu?
  • beste auto bat erosi nahi dut.
  • bat nik erosiko dut, bestea zuk eraman.

Horrelakoetan, izenaren ezkerrean agertzen da beste. Izenlagunik edo zenbatzailerik baldin badago, izenlagunaren ondoren (aurretik ere joan daiteke) eta zenbatzailearen ezkerrean:

  • beste lau etxe (*lau beste etxe)
  • Herriko beste etxeak ≠ Beste herriko etxeak

Bestalde, beste determinatzailea batdun izen sintagmari kontrajartzen zaion izen sintagmetan agertzen da:

  • gizon batek hau esan zidan; besteak hura.

Era berean, batzuki kontrajartzen zaio askotan besteak:

  • batzuk oinez etorri dira; besteak bizikletaz.

Batak besteak ere esaten da:

  • batak eta besteak oker dabiltza.
  • Batak eta besteak Diputau edo orretariko agintari izan bear ebalata, erri guztia nastau dabie: Jakingo zenduan. (Kresala, Aguirre, D.)
  • Testimonio guzurrezko bat, gauza txar bat eregiten deutsenean, batak eta besteak aotan artuten dabenean,[…] (Gueroco Güero, Añibarro)

Zenbait esapidetan ere agertzen da beste:

  • zutaz besterik ez zen etorri (= zu bakarrik)
  • Zu, Jauna, zuzira xoilki guzietan guziz leiala, zutaz bertzerik nehor ez. (Jesu-Kristoren imitazionea, Leon, L.)
  • zu ez beste guztiak etorri ziren
  • zu ez beste gauza guziak nere eskuetan utsi ditu[…] (Eracusaldiac, Aguirre, J. B.)
  • zu beste jaberik ez dugu nahi (= zu bakarrik zara gure jabe; beste inor ez)
  • zaude bertan, ez izan toki-aldakor, nere zartzaroan ez det zu beste lagunik iñor. (Txindor, Arrese, E.)

Hartu gogoan besteak beste adberbio esapidea ere:

  • besteak beste, hau esan nuen.
  • besteak beste, eraman ezazu hau bere lekura.
  • Eta arrazoiak ematen dizkigu: besteak beste, euskaldunak kanpotarren aurrean lotsatzen direlako eta horren ondorioz guraso askok beren seme-alabei euskararik irakasten ez dietelako. (Bizi bedi euskera, Sanchez, K.)

Horiek badirudi elipsi baten ondorioz sortu direla:

  • besteak beste direlarik › besteak beste

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "beste", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3