Erabiltzaile Tresnak


morf:5:4:4:1:1

X-en burua eta aditz iragangaitza

Egungo hizkeran, kalekoan batez ere, gero eta zabalduago daude ikusten naiz eta antzeko egiturak, neure burua ikusten dut egituraren ordez. Egia da askotan bi egiturak direla zilegi, eta biek esanahi ezberdina dutela:

  • Mikelek bere burua hil du ≠ Mikel hil da
  • Ainarak bere burua gorrotatzen du = ?Ainara gorrotatzen da

Ikasi ondoren neure burua ongi jantzi dut matematikanHaurrei janzten irakatsi behar zaie

Lehenengo adibideko bi esaldiak zuzenak dira, baina ez dute inolaz ere esanahi bera. Bigarren adibideko perpausak esanahi berarekin erabiltzen dira baina aditz iragangaitza daraman moldae (gorrotatzen da) oso badaezpadakoa da.

Hala ere, batzuetan ezinbestekoa da aditz iragangaitza erabiltzea:

  • Jantzi naiz = *neure burua jantzi dut

Bi horietan lehenengoa da zuzena, eta bigarren moldea zentzu figuratiboan baino ez dugu erabiliko:

  • Asko ikasi dut azken urteotan eta neure burua ongi jantzi dut.

Egungo idazleen testuetan badira adibide batzuk:

  • Kultur egarria asetzeko erakutsi zituen gogoa eta kemena ditut nik, ordea, eta ororen gainetik, gogoko, Basarrik bere burua jantzi izan ez balu ez baitzuen bertsolaritza janztea lortuko. (Mentura dugun artean, Anjel Lertxundi)
  • Baina niri iruditzen zait olgeta hauek hotzak eta gatzik gabeak bihurtzen direla, geure burua jantzi ahala deboziogai horien ezerezaz jabetzen garenean; azken batean, guk itsusten ditugun idoloak ez baitira beste haien ordezkari kaskar batzuk baino. (Filosofia apaingelan, Sade/Juan Martin Elexpuru/Bego Montorio)

Dena den, goizean jaiki eta zer esango dugu?

  • janzten gara
  • ?gure burua janzten dugu

Testuingurua zein den argi geratzen da zein den egokia eta zein ez. Hala ere, batzuetan anbiguoak ere izan litezke egitura hauek:

  • Maitanek bere burua garbitu zuen

Hori esaten badugu, Maitane hil da uler daiteke, baina baita Maitanek burua xaboiarekin garbitu duela ere. Dena den, Maitane komunetik irteten ikusi badugu, Maitane garbitu da esango dugu.

Hori guztia kontuan hartuta, euskal gramatikan gehiago ikertu behar da aditz moldearen, esanahiaren, erabilera baten eta bestearen arteko mugak zehazteko: noiz …n burua… du eta noiz …da, eta noiz jantzi naiz / jantzi dut, hil da / hil du eta antzekoak.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "X-en burua eta aditz iragangaitza", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3