Erabiltzaile Tresnak


morf:5:4:4:2

Elkar

Elkar izenordain elkarkaria da, erreziprokoa1, eta elkarrekikotasuna adierazten du, hau da:

Ak Bren egintza jasaten du, eta Bk Arena.

L. Trask

Uhlenbeck-ek (1927) proposatu zuen elkar izenordainak hark-har esapidean duela oinarria, hala jaso zuen Trask, L.ek The History of Basque lanean:

  • The invariable reciprocal pronoun elkar ∼ elgar ∼ alkar ‘each other’ is thought to derived from *hark-har, a combination of ergative and the absolutive of the distal demonstrative stem har- (Mitxelena, K. 1977a: 69; originally proposed by Uhlenbeck)

Elkar, izenordain

Elkar izenordaina da, eta horrenbestez, Izen Sintagma bere hutsean osa dezake, inolako laguntzailerik gabe. Mugatzailerik ere ez du onartzen beraz. Baina izen sintagma osatzen duen neurrian, kasu markak eta postposizioak har ditzake (guztiak, ergatiboa *elkarrek izan ezik):

ELKAR kasuz kasu2
NOR elkar
NORK Ø
NORI elkarri
NOREN elkarren
NOREKIN elkarrekin
NORENTZAT elkarrentzat
NORTAZ elkarrez
NORENGAN elkarrengan
NORENGANDIK elkarrengandik
NORENGANA elkarrengana
NORENGANANTZ elkarrenganantz
NORENGANAINO elkarrenganaino
NORENGATIK elkarrengatik
  • Egungo adibideak:
    • Mary Annek eta biok elkar ezagutu genuen eguneko eguraldia egiten zuen, lanbrotsua. (Soinujolearen semea, Atxaga)
    • Asko gustatzen zitzaigun elkarri musuak ematea. (Sexua noiznahi, Luis Elberdin)
    • Elkarren ondoan dauden trabariak AHOTS tasunean berdintzea jaidura unibertsala izanik, euskarak ahoskabetasunaren alde egin izan duela erakusten dute bai morfema barreneko bilkurek, bai morfema elkarketetako txandakatzeek. (Fonetika fonologia hitzez hitz, Oñederra, L.)
    • Erabaki horren berri handik laburrera ezagutu nuen Xabier Moret idazle kataluniarrak eman zidan, ordurako trenean elkarrekin ordu asko emanda geundelarik. (Europako mugetan barrena, Jimenez, E.)
    • Izan zaitezte elkarrentzat on eta bihozbera, elkarri barkatuz, Jainkoak Kristoren bitartez barkatu dizuen bezala. (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)
    • Valmontek Cécile hezi eta seduzitzen du; Merteuilek Danceny hezi eta seduzitzen du; horrez gainera, bi bikoteak elkarrez maiteminduta daude; bikotekide aldaketa bat izango da beraz, Valmont-Merteuil eta Danceny-Cécile maiteminduak hasieran, Valmont-Cécile eta Merteuil-Danceny seduzituak gero. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L. / Jon Muñoz)
    • Elkarrengan konfiantzarik ez badinagu gureak egin din. (Pasaia blues, Cano, H.)
    • Handik astebetera bereizi ginen elkarrengandik, ofizialki. (Odolean neraman, Irigoien, J. M.)
    • Gainera, Monikak luzaz eutsi zion elkarrengana itzuliko ginen itxaropenari. (Romain zen bere izena, Joxean Agirre)
    • Bi etsaiak elkarrenganantz abiatu ziren begiradaz elkar neurtuz. (Fantasiazko ipuinak, Guy de Maupassant / Josu Zabaleta)
    • “Terziarioko […] Araukariak — Koniferaren taldeko landare bat”, “harri horiek […] Terziario aldetik ez dira elkarrengatik mugitu” ( "tertziario", Hiztegi Batu oinarriduna J. A. Fernandez)
  • Adibide klasikoak:
    • Ez zen hilen, ez zuten batak ez besteak hil beharrik elkar maite zuten ezkero. (Haur besoetakoa, Mirande)
    • Iainkoa eztu nehork ikusi egundano: baldin elkar maite badugu Iainkoa gutan dago, eta haren karitatea konplitu da gutan. (Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
    • Eta batak bertzeari zerbaitetan huts eginagatik, elkharri pairatu eta barkhatu behar diogu, eta amorio eduki, zeren gorputz bat, eta gorputz batetako mienbroak eta parteak baikara. (Guero, "Axular")
    • Senharrak eta emazteak elkarren artean partitzen dituzte etxeko lanak. (Telemake, Duvoisin)
    • Simpson-Hiriart amerikano-euskalduna etortzekoa da elkarrekin izketaldi bat egin dezagun gauzak erabaki ta izenperatzeko. (Kalifornia ku-ku, Labaien, A. M.)
    • Jainkoak irakhatsten daroku oraino benjamintarren etsenpluaz, nolako amudioa izan behar dugun elkharrentzat. (Testamen çaharreco eta berrico historioa, Larreguy)
    • Zeren ezterrakete elkharrez ongirik, itxurapenez edo baizen: obretan ere elkharren behartzen eta meneratzen direnean, elkharri ahalez heltzen zaitza. (Guero, "Axular")
    • Lapurrak zaldi eske Orduko naspila ta iluntasun artan iru misiolariok elkarrengandik zerbait berezi giñan. (Lapurren menpean, Polikarpo, I.)
    • Zer teatroa, zer tribunalea ura! manatuko diote aingiruei berexdezkitela elkarrengandik onak eta gaistoak, ala nola arzai batek berexten baititu axuriak ta antxumeak; onak eskuieko aldera, ta goiti gaistoak ezkerreko aldera, ta beiti deabrueki nasteka. (Sermoiak, Lizarraga)
    • Eusebio Blasco-ren goititzak nik euskeraz idatziak Ez da beñere bide luzeiik, ez da bertogo t urrutigorik, oso maitetsu diran biotzak ez dute jartzen tartian lurrik, enadak beziñ ariñ dijoaz elkarrengana urbildu nairik. (Nere bidean, Arrese, E.)
    • - Noiz joko degu alkarrengana? Igandean? Ala nai dezute gaur, zortzirak aldean, bildu gaitezen? - Berorrek nai duena. (Bertsoak, “Xenpelar”)

Anai-arrebek elkar maite dute, elkarrekin bizi dira, elkarren lagunak dira… Perpaus horietan elkar izen sintagma da, beste perpaus hauetan Miren ere izen sintagma den bezala: Anai-arrebek Miren maite dute; Mirenekin bizi dira; Mirenen lagunak dira… Perpaus pare hauetan ere paralelotasuna ongi ikusten da: Gu elkarren ondoan gaude / Gu Andoniren ondoan gaude; Zuek elkarrekin joango zarete / Zuek Andonirekin joango zarete.

Adibideetan ikusten denez, elkar-ek hartzen dituen kasu markak, edo postposizio markak, beti mugagabean doaz, esan bezala, eta bizudunen markekin:

  • elkarri / *elkarrari / *elkarrei lagundu diogu
  • elkarrengandik / *elkarretatik bereizi ditugu
  • belar ona eta txarra elkarrengandik bereizi behar da
  • orri horiek elkarrengandik/elkarretarik/elkarretara bereizi behar dira

Elkar-ekin hainbat egitura osatzen dira:

  • erlazioa adierazten duten toki postposizioetan:
    • elkarren ondoan, elkarren inguruan, elkarren gainka, elkarren artean…
  • pertsonen arteko erlazioa adierazten duten adberbioekin:
    • elkarren kontra…
  • zenbait izenekin:
    • elkarren adiskideak, elkarren konpainian, elkarren anai-arrebak, elkarren kontsentimenduz, elkarren batasuna, elkarren lagunak, elkarren maitasuna, elkarren lehia, elkarren iduriko…

Elkar, anaforikoa

Elkar izenordain anaforikoa da, eta horrenbestez, aurrekari edo antezedente bat eduki behar du perpausean, bihurkariek bezala: lankideek elkar lagundu behar dute lanean. Perpaus horretan lankideek izen sintagma da elkaren aurrekaria, erreferentzia bera dute biek.

Kontuan hartu behar da elkaren aurrekariak plurala izan behar duela beti, edo izen sintagma koordinatua bestela:

  • *Zuk elkar maite duzu
  • *Lankidea elkarren ondoan eseri zen

Irudi fraktalak bihurkariak dira, behin eta berriz errepikatzen dira X-en burua egituran bezala, aurrekariak elkar biltzen duen perpaus berean (perpausik hurbilenean) joan behar du:

  • Ainhoa eta Ionek elkar ulertzen dute.
  • Nerea eta Iñakik Ainhoa eta Ionek elkar ulertzen dutela uste dute.

Lehenengo perpausean badakigu elkar-en erreferentzia Ainhoa eta Ionek sintagma dela. Bigarren adibidean ere badakigu Ainhoa eta Ionek dela elkar-en aurrekaria, eta ez Nerea eta Iñakik. Hori horrela interpretatzeko arrazoia sintaktikoa da, hau da, sintaxiak jartzen ditu mugak: Nerea eta Iñakik ez dago elkar biltzen duen perpausean, urrunago dago: Nerea eta Iñakik [Ainhoa eta Ionek elkar ulertzen dute]la uste dute.

Elkar izenordain elkarkaria da, hau da, batak bestea eta beste honek bat hura esan nahi du. Horregatik, pertsona bat baino gehiago behar dira perpausean elkarkaria erabiltzeko:

  • Garazik eta Haizeak elkar maite dute (= Garazik Haizea maite du eta Haizeak Garazi maite du).

Bestalde, elkar-ek eskatzen duen aurrekariak elkar bera baino gorago egon behar du perpausean. Horregatik, kasu edo postposizio atzizkiak har ditzakeen arren, ezin du ergatiboaren atzizkirik hartu, aurrekorik gabe geldituko litzatekeelako eta, beraz, inolako interpretazio biderik gabe. Horrenbestez, aurrekoa bera ergatiboa izan daiteke, baina elkar ez. Beraz, elkar-ek kasu marka guztiak har ditzake, ergatiboarena izan ezik. Horrek bereizten du X-en burua bihurkaritik, X-en burua ergatiboan ere ematen dela esan baitugu:

  • neure buruak kezkatzen nau
  • *Elkarrek kezkatzen gaitu

Demagun adibide hau:

  • Irakasleek elkarrekin ikusi gaituzte kalean.

Adibide horretan zein da elkarrekin horren aurrekoa? Ez da irakasleek, gu baizik. Lehen esan bezala, aurrekariak perpaus txikienean egon behar du: irakasleek ikusi gaituzte [gu elkarrekin (egon)] kalean.

Elkar izenordaina bada eta izen sintagmak osatzen baditu, izen sintagmak perpaus barnean betetzen duen funtzioaren arabera hartzen duen deklinabide atzizkia hartu beharko du. Horregatik, Guk gurasoekin afalduko dugu esaten dugun bezala, Guk elkarrekin afalduko dugu esan beharko dugu. Beraz, zenbaiten artean zabaltzen ari diren molde hauek traketsak dira:

  • *Guk elkar bazkalduko dugu
  • *Elkarrik bazkalduko dugu
  • *elkar bizi gara
kakotxa
kakotxa
“Elkar jango dugu” esan genezake, betiere zentzu metaforikoan, hau da, “nik zu jango zaitut, eta zuk ni”

Era berean, *elkar jango gara perpausa ez da zuzena. Zergatik? Elkar izenordainak ez dauka kasu markarik hor, absolutuaren kasu marka darama (Ø), eta joan aditzarekin, adibidez, subjektua izango litzateke, aditz hau iragangaitza delako. Baina joango gara esaten dugunean, subjektuak gu izan behar du. Horrenbestez, elkar ezin izan daiteke subjektu, eta goiko perpausa okerra da. Horren ordez, elkarrekin joango gara esan behar dugu, zurekin joango gara esaten dugun bezala eta ez, *zu joango gara. Dena den, erabilera hau ez da gaurko kontua; Hegoaldean, Larramendiren garaitik hasita daude horrelako adibideak:

  • Biak alkar eraso zioten. (Bilduma laburra, Manterola, J.)
  • Argatik Jainkoak, itsasirik zeudela biak alkar, bata besteagandik bereiztu zuen. (Euskal testuak, Larramendi, M.)
  • Elkar juntatu diren atomuekin egiña (Jainkoa, Villasante)
  • bostekoa alkar emanda (Iltzalleak, Ugalde, M.)
  • Alkar konponduko bagiña… (Joanaj joan, Etxaide, J.)
  • Arimako mediku, edo lurreko beste atzeragarriren bategaiti, kendu dabee tratu gaistua, ez dira alkar ikusten, beintzat berba egiteko moduban; baña leengua da lujurijako ardao ordigarrija edateko egarrija; edan darue goguaz, ta bijotzaz ta borondatia leena da; bijotza osatu ez da; kendu biar jakoz borondatiari pekaturako lagun-garrrijak. (Confesio ona, Moguel, J. A.)
  • Nai nuke biziro, eta Jaungoiko itzaltsu berarenganako amore ta begitarteagatik ere erregutzen dizuet, geron otoitzetan alkar oroitu gaiteala, beregan bakoitzak kontu egiñik, bukaeran eta atzenengo arnasetan dagoala, eta bere bizitzako kontu-oso ta larriya emateko zoriyan. (San Ignazio Loiolakoaren bizitza laburtua, Arana, J. I.)
  • Laztandu giñan alkar Kepa eta Sabin. (Gure urretxindorra. Enbeita'tar Kepa'ren bertso lanak osorik. Aita Onaindia'k: bilduma eta itzaurrea., Enbeita, K.)

Ikus esaldi beste hau:

  • Kristio fiel guziok garela partizipante elkarren obra onetan, mienbro garen bekala gorputz batenak, zein baita Eliza. (Beste zenbait itzulpen, Lizarraga)

Perpaus horrek mugakoa ematen du: elkarren arteko edo elkarren artean egin den obra dela dirudi, eta ez elkarren obra dela. Elkarren etxeetan bizi gara perpausa ere antzekoa da, zu nire etxean eta ni zurean adierarekin. Askok ez dituzte halakoak ontzat ematen baina Duvoisinek eta Orixek, esaterako, honelakoak erabili zituzten:

  • Berriz, guziek elkharren bihotzetara sarraraz zazue aphalguratasuna, zeren burgoiei bihurtzen baita Jainkoa, eta aphalei ematen baitu grazia.
  • elkarren edifikazionetako direnei.
  • Gizona eta aurra pintatuko zituen elkarren besoetan, bere oroimen amultsua gidari; heien elkarmaitatzea izan zen mirariaren kondaira idatziko zuen, bere bizi guztirako gomutagarri. (Haur besoetakoa, Mirande)

Mugak jartzea ez da erraza segur aski debeku semantikoak direlako. Dena den, gaztelaniaren eraginez edo, euskaldun batzuek nahiago dute [nork-elkar-aditz iragankorra] egituraren ordez [nor-aditz iragangaitza] egitura erabiltzea:

  • Elkar ikusiko dugu › ikusiko gara
  • Elkar maite dugu › maite gara

Mugak ez daude argi, eta horren erakusgarri, Azkueren adibide hau, biak biltzen dituena:

  • Lurrean elkar gehiago ikusten ez badugu ere, dudagabe zeruan ikusiko gara.

Beste batzuetan perpausak ez dira gramatikalak:

  • *Elkar ikusiko gara.
  • *Elkar maite gara.

Haurrak elkarri joka ikustea ez da polita Aditz iragangaitzekin elkar ezin da objektu gisa erabili, baina aditza iragankorra bada, elkarrekikotasuna adierazi nahi bada, elkar-ez baliatu behar dugu:

  • haurrek elkar jo dute
  • zuek elkar gorrotatzen duzue

Modu iragankorrean nahiz iragangaitzean erabil daitezkeen aditzekin (hil, jantzi, erre…, non bata erazlea den), elkar daraman esapideak eta aditz iragangaitzaz baliatzen denak ez daukate esanahi bera:

  • Zuek elkar aspertu duzue ≠ Zuek aspertu zarete.
  • Guk elkar jantziko dugu ≠ Gu jantzi egingo gara.
  • Txakur horiek elkar hilko dute ≠ Txakur horiek hilko dira.
  • Horiek elkar erretzen dute ≠ Horiek erretzen dira.

Azkenik, kontuan izan elkar hitza egokia dela hitzak sortzeko, izenak, aditzak edo adberbio elkartuak sortzeko: elkarbanatu, elkarbide, elkargainka, elkarbildu, elkarganatu, elkargo, elkargune, elkarkidetza, elkarkidetasun, elkarkuntza, elkarlan, elkarleku, elkarlotu, elkarlotura, elkarneurgarritasun, elkarretaratu, elkarrizketa, elkarrizketatu, elkartasun, elkarteburu. Egungo testuetan sarri-sarri erabiltzen dira, nahiz batzuk egoki eratuak izan ez.

Glosategia

  • Elkarkari: iz. eta izond. HIZKL. Aditzak adierazitakoa zenbait subjekturen elkarrekintza dela adierazten duen izenordain anaforikoa (adibibidez, elkar, bata bestea). ( Harluxet)
    • iz. HIZKL. Diskurtsoaren segmentu bat beste segmentu baten bidez, izenorde baten bidez bereziki, berraipatzean datzan prozesua. ( Harluxet)
    • Anafora esaten zaio errepikatze bati, aurretik aipatutako osagai bat izenorde baten bidez adierazten denean. ( Literatura Terminoen Hiztegia)
1 Dicho de un pronombre o una expresión pronominal con referente plural: Que tiene como antecedente otros argumentos del mismo predicado en una situación en la que se expresan relaciones mutuas. RAE
2 Elkar bizidun gisa deklinatzen da beti

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Elkar", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3