Erabiltzaile Tresnak


morf:5:4:4:2:1

Elkar vs. bata beste

Testuinguru batzuetan, elkar eta bata beste elkarren ordez erabiltzen dira. Hori gertatzen da elkar forma genitiboan toki postposizioekin elkartzen denean: elkarren ondoan, elkarren gainean…. Halakoetan oso ohikoak da bi moldeak erabiltzea:

  • Annie eta Xixili elkarren ondoan eseri dira = Annie eta Xixili bata bestearen ondoan eseri dira

Bata bestea esapideak bi laguni edo gehiagori egiten die erreferentzia: Anniek eta Xixilik bata bestea maite dute, talde horretako jokalariek bata besteari laguntzen diote… Hala ere, elkar-rekin aditz komunztadura singularrean egiten dugu: bihar elkar ikusiko dugu/*ditugu.

Ahari-topeka tradizio luzeko jokoa da Euskal Herrian Hala ere, elkar eta bata bestea esapidea ezin dira beti parekatu:

  • Garazik eta Iratik elkarren ondoan egin zuten lo.
  • ? Garazik eta Iratik elkarren ohean/oheetan egin zuten lo.

Beste honek, ordea, zuzena dirudi:

  • Garazik eta Iratik batak bestearen ohean egin zuten lo.

Beste batzuetan ez dago alde handirik:

  • Ahariek elkar jo zuten = Bi ahariek bat bestea jo zuten
  • Gu elkarren ondotik pasatu ginen = Gu bata bestearen ondotik pasatu ginen.

Forma genitiboan elkarren, erabilera ezberdinak daude: batzuek testuinguru bertsuetan erabiltzen dituzte elkarren eta bata bestearen; beste batzuek, aldiz, inguru hauetan baino ez dute erabiltzen elkar:

  • erlazio izenekin: elkarren anaiak, elkarren adiskideak
  • toki postposizioekin: elkarren ondoan, elkarren artean, elkarren atzean…
  • esapideak ere badaude: elkarren berri

Horietatik kanpo, bata bestearen esapidera jotzen dute.

Bata...bestea

Ez nahasi bestalde, bata bestea eta bata… bestea egiturak. Bata bestea sintagma bakarra da eta bigarrenean bi sintagma ditugu:

  • Batak bestea maite du ≠ anai-arrebek bata(k) bestea maite dute

Bigarren adibideko bata bestea unitate bat da, eta ezin da hautsi. Quasi reziprokoa esaten dio de Rijk, Rudolfek (2008: 371).

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Elkar vs. bata beste", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3