Erabiltzaile Tresnak


morf:5:4:7:1

Ezabaketa: galdegaia eta mintzagaia

Komunztadura dela eta, askotan perpausean jada jasota dagoen informazioa ematen du aditzak, eta nor, nori eta nork sintagmei dagokiena errepikatu egiten da. Horregatik, askotan zilegi da nor, nori eta nork sintagma horiek ezabatzea zilegi gertatzen da, inolako informaziorik galdu gabe. Esaldi hauek, esaterako, informazio bera ematen dute:

  • Zuk niri kamiseta hura eskatu didazu
  • Zuk kamiseta hura eskatu didazu
  • Niri kamiseta hura eskatu didazu
  • Kamiseta hura eskatu didazu

Kamiseta hura sintagma ere ezaba daiteke zenbaitetan, testuinguruari esker kamisetaz ari garela ulertzen bada. Ondorioz, beste perpaus hau ere zilegi da: Eskatu didazu. Perpaus horiek guztiak zuzenak eta gramatikalak dira horrenbestez. Bistan denez, pertsona izenordainak ez diren sintagmak ezabatu ahal izatea testuinguruaren mende dago, baina pertsona izenordainak ezatzea zeri dagokio? Alegia, eskatu didazu entzunda, hiztunak badaki nork eta nori eskatu dion, zuk niri, alegia, baina sintagma hori entzunda soilik ez daki zer eskatu den. Horrenbestez, aditzean jasota daudenez, hiztunaren esku geratuko da lehenengo eta bigarren pertsonako izenordainak agertzea edo ez, hiztunak askatasuna dauka izenordain horiek ezkutatzeko.

Hala ere, bi kasutan ezin da izenordain hori ezkutatu, informazioa galduko litzatekeelako:

Galdegai den izenordaina ezabatzea zilegi balitz ez genuke jakingo zein den galdegaia, edo galdegaitzat beste osagairen bat hartuko genuke. Gauza bera gertatuko litzateke, aurreratutako mintzagai ezabatua balego. Bi leku horietan doan izen sintagma nolabaiteko kontrastean jartzen dugu. Orixe Ikus adibide hauek:

  • Nik esango dizut zer jan.
  • Esango dizut zer jan.

Lehenengo perpaus hori ez da neutroa, nik eta ez bestek esan nahi du, eta horregatik ezin da nik kendu. Baina lehenengo adibidea eta bigarrena ez dira baliokideak, bi perpausek galdegai ezberdina daukatelako: lehenengoan nik da galdegaia, baina bigarrengoan bai edo zer jan perpaus txertatua, ez nik, ezabatu egin baita.

Ikus beste adibide hauek:

  • Zergatik ez dute egin apaiz horiek beroriek nik egin dudana? ((Jainkoaren billa, "Orixe")
  • Ta beste ua: “Pilipe, Ni ikusten naunak Aita ere ikusten du”. (Kiton arrebarekin, "Orixe").

Bestalde, mintzagaiak ere, aurreratuta baldin badago, kontrastea sortzen du:

  • Nik, esango nizuke baina…
  • Zuri, kontatuko nizuke baina…
  • Gu ere lilura gaitezke
  • Gu, berriz, barrura sartzeko irrikitzen gaude ((Jainkoaren billa, "Orixe")
  • Nik, behintzat, ez diet ondorio segururik atera ((Jainkoaren billa, "Orixe")
  • Etzitzaidan etorri nere barnetik ere, Bera ona baita, nik, ordea, ez dut neregan gauza onik. (Kiton arrebarekin, "Orixe")

Beste perpaus honetan, bi gu daude, mintzagaia bat eta galdegaia bestea:

  • Gu, geren kaxkarrean gu gelditzen gara ((Jainkoaren billa, "Orixe").

Perpaus horretan aditzak mintzagaiko gu jaso du bakarrik, mintzagaia izateaz gain subjektua ere badelako.

Hala ere, aipatu ditugun bi kasu horietatik aparte, izenordaina agertzea edo ez hiztunaren erabakia dela dirudi, esanahia ez baita asko aldatzen:

  • Haren arraza gara gu ((Jainkoaren billa, "Orixe")
  • Hori egiten diogu guk askotan Jainkoari ((Jainkoaren billa, "Orixe")
  • Ezagutu nuen nik orain hogeitahamar urte norbait lau ordu otoitzean ari zena ((Jainkoaren billa, "Orixe").

Ikus orain perpaus horiek izenordainik gabe:

  • Haren arraza gara.
  • Hori egiten diogu askotan Jainkoari.
  • Ezagutu nuen orain hogeitamar urte norbait lau ordu otoitzean ari zena.

Izenordaina bistan dela perpausari enfasi handiagoa ematen zaio baina perpausaren esanahia ez da aldatzen.

eta biok/hirurok

Lehen pertsona singularrarekin (ni) edo bigarren pertsona singularrarekin (hi edo zu) beste norbait ere agertzen bada perpausean, …eta ni edo …eta zu esan beharrean …eta biok edo …hirurok esaten dugu:

  • Zu eta ni joango gara → Zu eta biok joango gara
  • Aintzane eta ni iritsi ginen → Aintzane eta biok iritsi ginen
  • Xabi eta hi joango zarete → Xabi eta biok joango zarete
  • Aita, ama eta ni joango gara afaltzera → Aita, ama eta hirurok joango gara afaltzera.

  • Adibide klasikoak:
    • Justo Malen eta biok joango gaituzu zor guziak kitatu ta paperak jasotzera. ( Malentxo alargun, Labaien, A. M.)
    • —Ene alabatxu orrek, badakin ik, ire aitak eta biok ardura aundiz azi ta ezi aunagula. (Arranegi, Erkiaga, E.)
    • Ala esan nuan: Ia ni 37-ko kintua naizen, eta kinta ori soldadu joaterako gerra bukatzen dan! Eta alaxen igande-arratsalde batean gure nagusi Juan Mari eta biok joan giñan Oyartzun - go bikario jaunarengana, eta esan genion ia begiratuko zuan mesedez liburuan ni noiz jayoa nintzan. (Neronek tirako nizkin, Salaberria, S.)
  • Gaurko adibideak:
    • Eta, nola Mattinek eta biok laket baikenituen apezaren ateraldiak, hala, korapiloak eta trabak berez sortzen ez zirenean, edo berak sortzen ez, guk asmatzen genituen, ikasgai astun haiek arinago gerta zekizkigun amoreakatik. (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
    • Txikitatik ezagutzen dugu elkar Xabik eta biok, ikastolako garaietatik. (Lurtarra da begiratua, Xabier Etxabe)
    • Eta arrats batez Inazito, Esteban eta hirurok pasillo luzean aurrera joan ginen, zoru ezkoztatuak draz draz egiten zigula. (Lagun izoztua, Sarrionandia, J.)
    • Alberto bera, aipaturik nagoen Xabier eta hirurok batera hotelaren inguruko italiar batera goaz. (Europako mugetan barrena, Jimenez, E.)
zu eta ni → zu eta biok
hura, zu eta ni → hura, zu eta hirurok

izenlaguna isilik

Izen Sintagma baten izenlaguna ezabatzea ere posible da, nahiz ulertzen den ezkutuan bada ere izenlagun bat badela:

  • Etxera noa (noren etxera?)
  • Etxera joan nintzaion (noren etxera?)
  • Aitari esango diot (noren aitari?)
  • Amak eman zidan (noren amak?)
  • Alabari eska iezaiozu (noren alabari?)
  • Etxeraino eraman genuen (zein etxeraino?)

Adibide horietako sintagmetan ez dago izenlagunik agerian, baina etxeak, aitak, amak asko direnez, badirudi aditzera eman beharko litzatekeela (testuinguruaren bidez edo) zehazki zeini buruz ari garen.

Beste kasu batzuetan, ordea, ezin da izenlaguna ezabatu, hainbat izenlagun zerrendatu eta kontrastean jarri nahi ditugunean adibidez:

  • Anerren aitari, gureari, Mirenenari…

Dena den, izenordaina izan ala ez, izenlagun hori agertzen ez denean interpretazio arazoak sortzen dira (agertzen ez den izenordainen bat badela pentsa daiteke, baina zein?):

  • Etxera noa (= Neure etxera noa)

Adibide horretan ez dago arazorik, perpaus horretan badakigu nire etxera esan nahi dugula, ez dagoelako beste pertsonarik. Baina perpaus batean nor eta nori agertzen badira, kontua ez dago horren argi:

  • Etxera joan nintzaion (= Neure etxera ala bere etxera joan nintzaion?)

Adibide horretan neure etxera ala bere etxera joan nintzaion? Alegia, noren etxera? Zalantza sor liteke hor baina euskara jatorrario jarraituz interpretazio zuzen bakarra bigarrena dela ondorioztatu beharko genuke.

Ohartu, zenbait izenek berez izenlagun bat eskatzen dutela, esaterako, senidetasuna adieratzen dutenek: maisu, andereño, buruzagi… baita etxe, herri eta antzekoak ere. Hala ere, askotan ez dugu zehazten zein etxez edo noren aitaz ari garen, ulertutzat ematen delako. Baina kasu anbiguoak badira, eta horietan hiztunak bilatu behar ditu anbiguotasuna hausteko bideak, noren aita? galdetuz, esaterako. Beste batzuetan aditzean doan datiboak azaltzen du zein den ezkutuan dagoen genitiboaren erreferentzia:

  • Mikeli autoa izorratu zaio.

Hor badakigu mikeli bere autoa izorratu zaiola, bere izenlaguna agertu ez arren.

Bestalde, esan dugu genitiboan doan izenordaina ezabatu egiten dugula askotan baina batzuetan jartzea komeni dela. Euskara jatorrari jarraituz, familiaz edo etxeaz ari garenean, plurala ageri da askotan tradizioan (lehen eta bigarren pertsonetan): gure ama, gure aita, gure haurra, gure semea, gure andrea, gure zakurra…

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Ezabaketa: galdegaia eta mintzagaia", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3