Erabiltzaile Tresnak


morf:5:5

Kasu markak

Euskal gramatiketan oso arrunta da deklinabideaz mintzatzea, aski arrunta da kontzeptu hori erabiltzea 1. Ez da oraingo kontua hori. Jatorria, segur aski ere, latinean aurkitu behar da: euskara aztertzen hasi ziren euskalari eta gramatikariak ohartu ziren euskaraz (etxean), gaztelaniaz (en casa) edo frantsesez (à la maison) ez bezala, hitzek atzizki batzuk hartzen dituztela amaieran: etxeaN. Eta atzizki horiek erakusten dutela hitz horiek perpausaren barnean dituzten erlazio sintaktikoak. Latinez, nominatibo, genitibo edo akusatibo erabiltzen zen bezala, euskaraz ere pentsatu zen gramatika deskribatzeko modu egokia litzatekeela “deklinabidea” kontzeptua erabiltzea. Eta horrela hitz egin izan da gramatiketan deklinabide kasuei buruz: absolutiboa, ergatiboa, genitiboa, adlatiboa, eta abar.

Hala ere, kontu batzuetan, deskribapen horrek arazo handiak sortzen ditu: latinez (berdin gaztelaniaz edo frantsesez, eta inguruko gainerako hizkuntzetan) subjektua nominatiboarekin adierazten bada, euskaraz “nominatiboa” eta “ergatiboa” ageri dira, biak ere subjektuari dagozkionak, nolakoa den perpausa. Gero, nominatibo hori absolutibo bataiatu da, baina arazoak hor segitzen du.

Bestetik, gaztelaniaz ere batzuetan kasuak “agerian” geratzen dira, deklinabideaz hitz egiten ez bada ere. Izenordainek, esaterako, forma bat edo bestea hartzen dute, nolakoak diren haien harreman sintaktikoak:

  • él me ha visto
  • il m'a vu
  • yo lo he visto
  • Je l'ai vu

Bietan hitza aldatzen da (él - lo; yo - me; il - l'; je - m'), deklinatuko balitz bezala. Beraz, badirudi latinez deklinabideaz mintzatzen baldin bagara, gaztelaniaz eta frantsesez zerbait esan beharko genukeela deklinabidearen kontuaz. Baina aldaketa hauek ez dute zerikusirik subjektuaren kontuarekin, ez latinez ez gaztelaniaz ez frantsesez ez baita gertatzen subjektua adierazteko bi modu desberdin erabiltzea:

  • yo he venido
  • Je suis venu
  • yo he comido
  • J'ai mangé
  • ni etorri naiz
  • nik bazkaldu dut

Ez dira horiek, ordea, desberdintasun bakarrak. Badira beste zenbait ere, aski funtsezkoak, euskaraz ez dagoela deklinabiderik –hori baita hemen erabiliko den hipotesia– eta, beraz, modu ez oso egokian erabili dela kontzeptu hori, baieztatatzeko. Latinez badira kasu markak eta bada deklinabidea ere. Gaztelaniaz edo frantsesez ere kasu marka bakan batzuk ageri dira, baina ez da deklinabiderik. Euskaraz badira kasu markak (postposizioak deituko ditugu) baina ez da deklinabiderik. Hori da SEG honetan erabiliko dugun hipotesia.

Deklinabidea latinez

Lokatiboa alde batera utzirik (arraroa baita latinez), latinak sei kasu ditu: nominatiboa, bokatiboa, akusatiboa, genitiboa, datiboa eta ablatiboa. Hona hemen deklinabide mota horren (mota horien) adibide batzuk:

Lehenbizikoa Bigarrena Hirugarrena Laugarrena Bosgarrena
Nauta Dominus Tempus Senatus Dies
Sing Pl Sing Pl Sing Pl Sing Pl Sing Pl
nauta nautae dominus domini tempus tempora senatus senatus dies dies
nauta nautae domine domini tempus tempora senatus senatus dies dies
nautam nautas dominum dominos tempus tempora senatum senatus diem dies
nautae nautarum domini dominorum temporis temporum senatus senatum diei dierum
nautae nautis domino dominis tempori temporibus senatui senatibus diei diebus
nauta nautis domino dominis tempore temporibus senatu senatibus die diebus

Berez, hori baino konplikatuagoa da latinaren deklinabidea eta azalpen gahiago eman behar genituzke, baina bere horretan utziko dugu, hemen euskararen kontua azaltzea interesatzen baitzaigu, eta ez latinarena. Baina adibide horietan ikusten da hizkuntza horren lehenbiziko ezaugarria, deklinabideari dagokionez: bost deklinabide ditugu, hitzen arabera, eta bakoitzak bere marka hartzen du, dagokion kasuan. Bestetik, hitza bera ere aldatzen da: latin hiztegi batean behatzen baldin badugu nola esaten den marinel ohartuko gara nauta jartzen duela: nominatiboan ageri diren gisan egiten dira hiztegietako sarrerak. Baina gero, kasu markak hartu ahala, hitza aldatuz doa: naut-a, naut-am, naut-ae, naut-is, eta abar. ERROMATAR SENATUABerdin gertatzen da besteekin ere: domin-us, domin-i, domin-orum eta abar. Horixe da, hain zuzen ere, bigarren ezaugarria: hitza bera aldatu egiten dela, alegia. Latina bezalako hizkuntzei hizkuntza “malgukari” deitu izan zaie. Arruntean, “nominatibo-akusatibo” hizkuntzak dira horiek.

Bistan da euskaraz ez dela holakorik gertatzen, eta hitza (-a) itsatsia dutenak kendurik, aldatu gabe ageri dela kasu guztietan: andre-ak, andre-ari, andre-ekin, andre-entzat, eta abar. Euskaraz mugagabea (zein andre) eta mugatua (andrea, andreak) bereizten dira.

Ikus ditzagun orain beste adibide hauek:

  • Mikelek bake iraunkorra nahi du
  • Bake iraunkorrak poza ematen dio Mikeli
kakotxa
kakotxa
Euskal gramatikek tradizio handia dute deklinabideaz mintzatzeko, baina ez dugu argumentu seriorik pentsatzeko euskaraz badugula deklinazioa. Ez, behintzat, benetan deklinazioa dutela esaten dugun hizkuntzen gramatikek erakusten duten bereizgarriekin. Esan daiteke ez dagoela deklinabiderik, batzuetan 'kasuez' mintzatzea erosoa gerta badaiteke ere. Deklinabidea, hala ere, beste zerbait da

Adibide horietan badugu bake iraunkorra (absolutiboan) eta bake iraunkorrak (ergatiboan). Horien pareko lirateke, latinez, pacem perpetuam eta pax perpatua. Lehenago, elizetan apaizek latinez irakurtzen zutenean ebanjelioa, beti hasten ziren In illo tempore harekin (euskaraz denboran hartan esango bagenu bezalatsu). Zein da euskararen eta latinaren desberdintasuna adibide horietan? Bada, euskarak kasu marka sintagma osoari ezartzen dio, amaieran: bake iraunkorr-a + Ø. Behin bakarrik, amaieran, ezartzen dio kasu marka, holako egitura sortuz: [[sintagma] kasu marka]. Kasu honetan, marka hori zero da.

Latinez, ordea, sintagmaren barneko osagai bakoitzak (izenak, adjektiboak, erakusleak…) hartzen du numero marka eta kasu marka ere: pax –> pacem eta perpetua –> perpetuam. Beste hitzetan esateko: bi osagai horiek zein bere aldetik harturik, ematen digute informazioa kasuaz eta numeroaz. Euskaraz, ordea, amaieraraino itxaron behar dugu, bake bakarrik etzunik edozein gauza izan baitaiteke: bake santuarekin, bake susmagarritzat, eta abar. Hori da, hortaz, azpimarratzeko dugun beste ezaugarri bat, latina eta euskera –arlo honetan– bereizten dituena.

Beraz:

LATINEZ EUSKARAZ
1 deklinabide eredu asko eredu bakarra
2 hitza aldatzen da hitza ez da aldatzen
3 sintagmaren osagai guztiek hartzen dituzte kasu eta numero markak sintagma osoak hartzen ditu kasu eta numero markak

Ikus dezagun astiroago euskararen kasua orain.

Zer gertatzen da orduan euskaraz?

Orduan, geure buruari galdetu beharko genioke zer gertatzen den euskaraz. Deklinabiderik ez baldin badugu, badugu kasu markarik? Galdera horrek erantzun desberdinak izan ditzake, zaila baita, goiko arrazoiak ikusita, arrazoi bat bakarra, eta garbia, ematea. Goazen, horregatik, gauza argienetatik hasirik, nola ikusten ditugun kontu hauek zehaztera:

  • Euskaraz baditugu kasuak. Zalantza gabe, kasu gramatikalak edo egiturazko kasuak deitzen ditugunak: absolutiboa (eta honen barnean partitiboa, izenkiekin: etxerik, mutilik, oinarririk, eta abar), ergatiboa eta datiboa. Hauei -EN genitiboa ere gaineratu behar zaie beste nonbait emango diren arrazoiak direla eta. Kasu horiek, ikusten denez, atzizki bidez markatzen ditugu morfologikoki: (absolutiboa), -k (ergatiboa), -i (datiboa) eta, esan bezala, -en (genitiboa). Beraz, kasu horiek gutxienez baditugu.
  • Baditugu izan postposizioak ere. Garbienetatik hasita, postposizio deitu izan dira gramatiketan betitik hemen “potposizio aske” deitzen ditugunak: aldapan gora, herritik hurbil, etxe ondoan, hirurak arte, etsaiaren aurka, nekazariei esker, hamaikak irian, anaia gisa, etxeaz gain, lekuz kanpo, ama legez, presidentearen mende, mendian zehar, eta abar. Horiek guztiak, atzizki izan gabe, beti eskuin aldean jartzen dira, atzizkien toki berean, hortaz.
  • Horietako anitz, gainera, jadanik kasua duten sintagmei ezartzen zaizkie: zure ondoan, zu(r)i buruz, eta abar.
  • Badira, halaber, postposizio batzuk aske jaio bide zirenak, baina dagoeneko atzizki bihurtuak daudenak: Mikelengatik, Amaia(r)entzat, adiskideekin bezalakoez ari gara. Horiek guztiak ere postposizioak dira, bistan denez (historiaren garai batean askeak, gaur egun itsatsiak).
  • Ideia orokorra hau da: absolutibotik abiaturik (Ø marka) postposizioak eransten zaizkio sintagmari. Postposizio batzuk egiturazko kasuei dagozkie (-k, -i) beste beste batzuk egiturazko kasuak ez direnei. Azken hauei, oro har, Postposizio sintagma deitzen zaie, nahiz aurrekoak ere, egiturazkoak, funtsean postposizioak izan.
  • Deklinabidearen kontzeptua hizkuntza malgukariei, hizkuntza flexiboei, dagokie. Hemen berean ikusi dugun latina bezalako hizkuntzei, alegia. Egia da batzuetan kontzeptu hori modu laxoago batean erabiltzen dugula, desinentzien zerrenda egiteko edo. Baina, adibideetan ikusi dugun gisan, zerikusi gutxi dute latinak eta euskarak kontu honetan. Latinean benetako deklinabideaz ari gara, eta euskaraz gehiago, kontzeptu hori erabiltzen denean, atzizki batzuen zerrendaz. Alde horretatik, ingelesa (I, me), frantsesa (je, moi) edo gaztelania (yo, mi, me, nosotros, nos …) hurbilago leudeke deklinabidetik euskara baino. Hain zuzen, latinezko kasuen aztarnak dira. Baina hizkuntza horien berri ematean, ez zaio burutik pasatzen inori ere deklinabideaz jardutea.
  • Latinak bazituen kasuak eta preposizioak. Eta preposizio hauek beste kasu batzuk gobernatzen zituzten: apud, ante, circum, inter eta abar, preposizioak dira. Eta preposizio horiek akusatiboa gobernatzen dute, hau da, preposizioaren ondoren datorren sintagma akusatiboan doa. Aldiz, ab, cum, ex, sine, sub bezalakoek ablatiboa eskatzen diote ondoko sintagmari. Azkenekoz, tenus preposizioak genitiboa eta ablatiboa gobernatzen ditu2. Badira kasu bat baino gehiago gobernatzen dutenak ere, esanahiaren arabera (kasu batekin esanahi bat, bestearekin beste bat): ad, in eta sub, esaterako. Ohart gaitezen sistema honek antz handia duela gure postposizioekin ere. Goian jarritako adibideetan ikusten denez, hor ditugu aldapan gora, etxe-a-z gain, herritik hurbil, adiskideei buruz edo mendi-a-n zehar bezalako kasuekin.
  • Horrek guztiak, hala ere, eraman behar gaitu euskaraz ere, latinez bezala, deklinabidea badela onartzera? Gure ustez, ez. Horrek erakusten duen gauza bakarra da badirela kasu batzuk euskaraz, eta postposizioak ere, ez besterik. Guk ez dugu deklinabide kontzepturik behar, izenaren mailan (aditz-jokoa besterik da) ez baitugu flexiorik. Ez dugu flexio nominalik, flexioa sintagma osoari baitagokio. Hau da lehen esana, eta hori da, segur aski ere, deklinabidea bai/ez bereizteko giltza nagusietako bat. Gaztelaniaz ere ez dago, aipatu salbuespenak kenduta, kasu flexiorik (eta ez deklinabiderik ere, hortaz), eta haren preposizioak eta gure postposizioak, neurri batean eta ordena aldaturik bada ere, aski antzekoak gerta daitezke azkenean: en - la casa eta etxe-a-n, para-casa eta etxe-ra, eta abar.
  • Honaino gauzak garbi baldin badira, hemendik aurrera segituz gero sortzen dira arazoak. Horrela, kasu bat hartzeagatik, -n postposizio itsatsia dela esan dezakegu. Mendian goiti sintagmako goiti ere postposizioa den bezalatsu, nahiz askea den kasu honetan. Baina -n postposizio itsatsia baldin bada, zergatik ezin da esan ergatiboari dagokion -k bera ere postposizio itsatsia dela? Edo alderantziz, -k kasu marka bada, zergatik ez dugu onartuko -n inesiboa ere kasu marka dela?
  • Badira argumentu batzuk kasu markak eta postposizioak bereiztera eramaten gaituztenak. Bat nahiko argia: postposizio deitzen ditugun horiek (zehar, gainean, buruz, barnean, ondoan…) badute berezko esanahia, eta hiztegian bere gain ageri dira. Horrela, mendian goiti esaten da, baina euskalki batzuetan goiti bera lexikalizatua da eta goi bezala, sabai bezala, erabiltzen da: goitian ikusi dut. Berez, postposizio aske horiek berezko esanahia duten hitzak dira, edo izan dira, eta pixkanaka pasatu dira hiztegiko zerrenda “arruntetik” postposizioen zerrendara: askotan adberbiotzat jotzen ditugu horietako batzuk, eta adberbiotasuna galdurik postposizioetara pasatu dira, edo pasatzen ari dira (horregatik ikusten dira kontraesanak hauen aurkezpenean ere hiztegietan, adibidez).
  • Bestetik, parekotasun handia dago, adibidez, honako sintagma hauetan guztietan:
    • etxean, etxearen barnean, etxean zehar
    • gizonarengan, gizonaren baitan, gizonaren ondoan
    • etxera, etxeraino, etxearen barneraino
    • gizonarenganaino, gizonaren baitaraino, gizonaren ondoraino
  • Horiek guztiek, baita postposizio itsatsiek ere, badute kasu markatzat eman ditugunek ez duten erreferentzialtasuna, eduki semantiko zehatz samarra: ZereaN ikusi dut diodanean, 'zer' hori zer datekeen jakin ez arren, badakigu leku batez ari garela, kokagune jakin batez, 'nonbait' alegia. Aldiz, lanaRI ekin diot edo MikelI eraztuna galdu zaio diogunean datiboaren markak ez du ematen lehengo inesibo markak zuen 'pisu' semantikoa duenik. Datiboak eduki semantiko bat baino gehiago bideratzeko erabiltzen dugu. Horregatik diogu -N bezalako postposizioek -K edo -I bezalako kasu markek baino eduki semantiko handiagoa dutela. Horrenbestez, bai postposizio askeek, bai itsatsiek, berdintsu erakusten dute “postposiziotasun” hori. Esan daiteke denek partekatzen dutela “postposizio sintagmatasuna”.
  • Bide beretik segituz, berehala ohartzen gara, postposizio aske deitu ditugun horiek (artean, ondoan, buruz, gainetik …) gehienetan atzizki batez hornituak ageri direla: artean < arte + a + -N. Baina, atzizki hori ez da sekula ez ergatiboaren marka, datiboarena edo genitiboarena, postposizio itsatsitzat eman ditugun horietako batena baizik:
    • Etxe ondoan, etxe ondotik, etxe ondoraino, etxe ondorainoko, eskaileretan gora
    • *etxe ondoak, *etxe ondoari(Jakina, etxe ondoak edo etxe ondoari esan daiteke, baina kasu honetan ez litzateke postposizio bat, izen bat baizik, izen elkartu baten osagaia, gainera.), *etxe ondorainoren
  • Honek guztiak esan nahi duena da kasu markak alde batetik doazela eta postposizioak, askeak nahiz itsatsiak, beste batetik. Azken batean, -n, -tik, -ko postposiziotzat hartuta hobeki esplikatzen ahal da hauek postposizio askeekin duten antzekotasuna: Mendian esan edo neure baitan, neure artean esan, antzeko zerbait da. Eta nik esaten den lekuan *neure baitak ezin esan badaiteke, horrek esan nahi du -k ergatiboaren marka eta baitan postposizioa klase desberdineko elementuak direla. Horixe da hemen aldarrikatuko dugun bidea.
  • Azalpen hauek guztiek konklusio honetara eramaten gaituzte: -n batetik, eta barnean, zehar, gan, gana, ganaino… postposizio sailekotzat hartzea dirudi egokiena.
  • Hortaz, hau guztia kontuan hartzen baldin badugu, badirudi bidezkoena dela ondoko hipotesi hauek onartzea:
    • euskaraz ez dago deklinabiderik
    • baditugu kasuak
    • baditugu postposizioak: askeak eta itsatsiak. Postposizio sintagmei erreferentzia egiteko orduan, maiz, kasu-deiturak erabiliko ditugu, -inesiboa, ablatiboa, adlatiboa, instrumentala, komitatiboa …-, besteak beste, eroso gerta daitezkeelako holako deiturak postposizio hauek multzoetan sailkatzeko eta sail bakoitzari ulertzeko moduko izena emateko. Usadioak ere bere pisua du.
1 ikus EGLU-I, esaterako
2 Preposizio dela esaten dute hiztegiek, baina egiazki postposizio izango litzateke tenus hau, osagarriaren ondoren kokatzen baita.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Kasu markak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3