Erabiltzaile Tresnak


morf:5:5:2

Izen sintagma eta aditza

Perpausak eratzen ditugunean bi motatako sintagmak ikusiko ditugu: batzuk izen sintagmak dira eta egiturazko kasuak kasuak hartzen dituzte. Izen sintagma hauek aditz inflexioarekin zerikusi zuzena dute komunztaduraren bitartez, eta aditz laguntzailea haien isla da, nolabait ere esateko. Beste sintagma batzuk, ordea, postposizio sintagmak dira, eta ez dute inolako eraginik aditz inflexioaren itxuran.

Egiturazko kasuak versus postposizioak

Egiturazko kasuetatik lehena absolutiboa da. Egiturazko kasuak deritzegu subjektu, osagarri eta zehar osagarriak markatzen dituzten kasuei. Horregatik, funtzio linguistiko nagusiak betetzen dituzten argumentuak adierazteagatik, berebiziko garrantzia dute kasu hauek perpausaren itxuraketan. Egiturazko kasuak hiru dira: absolutibo, ergatibo eta datiboa. Begiratu, adibidez zu pertsona izenordaina ondoko perpausetan:

  1. Zu-Ø goiz jaiki zara
  2. Zuk ni-Ø goiz esnatu nauzu
  3. Nik zu-Ø goiz esnatu zaitut
  4. Nik zuri gosaria-Ø eman dizut

(a) perpausean, zu subjektua absolutiboaren bitartez markatzen da. Absolutiboak Ø marka du, geroago ikusiko dugunez. (b) perpausean, –k ergatibo kasua da subjektua markatzen duena –zuk–, eta osagarria lehenago (a) perpaus iragangaitzeko subjektua markatzeko erabili dugun absolutibo marka bera –Ø– erakusten du osagarriak. –(r)i datibo marka da, azkenik, zehar osagarriak erakusten duena (d) perpausean.

Egiturazko kasuak gramatika sortzailean erabiltzen den deitura da, baina deitura horren ordez, kasuez hitz egiten da oro har gramatikan. Izatez, kasuak stricto-sensu hiru hauek baino ez dira. Hauei, bestelako arrazoi batzuengatik, -en genitiboa ere eransten zaie, dagokion atalean esaten den gisan. Gainerako guztiak postposizioak dira. Postposizioei batzuetan zehar-kasuak deritze –oblique cases ingelesez. Hemen ere kasutzat hartuko ditugu, euskaraz deklinabiderik ez bada ere.

Egiturazko kasuek perpauseko argumentuak adierazten dituztenez, inflexioak –aditz laguntzaileak– eurekiko komunztadura erakusten du. Goiko perpausetara joaz berriro, inflexioak z– pertsona komunztadura aurrizkia biltzen du, zu absolutiboz markatutako bigarren pertsonako izenordainarekin komunztadura eginez (a) eta (c) perpausetan; (b) perpausean –zu pertsona komunztadura atzizkia dugu, hots, zuk ergatibo argumentuaren ordaina aditz laguntzailean, eta (d) perpausean, –zu komunztadura atzizkia berriro, zuri datibo argumentuarekin bat egiten duena. Horregatik diogu inflexioak islatzen duela argumentuen komunztadura.

Aldiz, badira beste sintagma batzuk inolako komunztadurarik egiten ez dutenak aditzean. Postposizio sintagmak deitzen ditugu horiek. Hona hemen adibide pare bat:

  1. Hendaian nago zoraturikHENDAIAN, ZORATURIK
  2. Bentara noa, bentatik nator

Bi perpausetan ezkutuan dagoen ni subjektuarekin komunztadura egiten dute nago, noa eta nator adizkiek. Hendaian, inesibodun sintagmak, bentara adlatibodunak eta bentatik ablatibodunak ez dute isla morfologikorik jokaturiko adizkietan. Hori da, hain zuzen, postposizioekin ez delako komunztadurarik egiten.

Hemen ikus dezakezu egiturazkoa kasuen eta postposizioen artean dagoen bereizketaren berri ematen duen laburpena. Gai hau, dena dela, postposizioak izeneko atalean aurkituko duzu xehekiago aztertua.

Egiturazko kasuak

Egiturazko kasuak
absolutiboa adiskideaØ
ergatiboa adiskideak
datiboaadiskideari

Postposizioak

Postposizioak
Postposizio erantsiak Postposizio askeak
inesiboa mendian mendi ondoan
adlatiboa mendira mendi ondora
hurbiltze adlatiboa mendirantz mendi ondorantz
muga adlatiboa mendiraino mendi ondoraino
ablatiboa menditik mendi ondotik
soziatiboa adiskidearekin ……
instrumentala adiskideaz adiskideari buruz
motibatiboa adiskideagatik ……
destinatiboa adiskidearentzat …….
prolatiboa adiskidetzat ……
…. Hirurak arte, aitaren alde, zure kontra, maldan beheiti, nekezariei esker

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Izen sintagma eta aditza", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3