Erabiltzaile Tresnak


morf:5:5:3

Nor

NOR kasuari “absolutibo” esaten zaio, eta horixe da hain zuzen hemen aztertuko dena.

Absolutiboa, kasu ez-markatua

Absolutiboa morfologikoki ez-markatua da, hots, Ø marka du. Ez-markatua dela diogu ergatibo kasuarekin konparatuz. Bi kasuak –absolutiboa eta ergatiboa– bata bestearen ondoan ikusi besterik ez dago horretaz konturatzeko. Jo horretarako, lehenago ere ikusi ditugun ondoko perpausetara:

  1. Zu-Ø goiz jaiki zara
  2. Zuk ni-Ø goiz esnatu nauzu
  3. Nik zu-Ø goiz esnatu zaitut

Goiko perpausetan absolutiboak Ø marka du, hau da, ez du burutzapen morfologikorik, ez perpaus iragangaitzean (a) ez perpaus iragankor bietan (b,c). Ergatiboak, aldiz, –k marka du. Izan ere, hizkuntza ergatiboetan, alegia, ergatibo eta absolutibo kasuak bereizten dituzten hizkuntzetan, absolutiboa izan ohi da kasu ez-markatua eta ergatiboa, berriz, markatua –Ergatibo kasua (nork).

Bestalde, hizkuntza akusatiboetan, nominatiboa izaten da kasu ez-markatua eta akusatiboa markatua. Adibidez, miskitoeraz, Nikaraguako kostalde atlantikoko hizkuntza batean (ikus Fernández & Ortiz de Urbina 2007: 68):OREINA, GIZONAK TIRO EGIN AURRETIK

  1. Waitna ba-Ø sula ba-ra saban
    • gizona DET (NOM) oreina DET-AKUS tiro egin zion
    • Gizonak oreinari tiro egin zion
  1. Sula ba-Ø plapan
    • oreina (NOM) korritu
    • Oreinak korritu zuen

(a,b) perpausetan, subjektua markatzen duen nominatibo kasuak ez du marka morfologikorik, Ø marka da beraz. Aldiz, –ra marka morfologikoa du akusatibo kasuak, (a) perpausean osagarria markatzen duena. Miskitoera bezalako hizkuntza akusatiboetan, beraz, nominatiboa izan ohi da kasu ez-markatua eta akusatiboa, berriz, kasu markatua. Kontura gaitezen euskaraz “oreinari” bezala itzuli badugu ere, miskitoeraz hori ez dela datiboa, baizik akusatiboa. Euskaraz halabeharrez, aditza bera konplexua delako (“tiro egin”), itxura hori hartu du.

Ergatibotasunean lan egiten duten hizkuntzalari batzuek nominatiboa deitura ere erabili izan dute absolutiboaren ordez, orain azaldu ezin ditzakegun arrazoiak tarteko, baina guk absolutiboa hobetsiko dugu hemen, euskalaritzan egin ohi den bezala.

Absolutibo kasua hizkuntza ergatiboetan

Euskararen kasu sistemaren izaera tipologikoa zehazterakoan, bereziki subjektu eta osagarria markatzen duten kasuei begiratzen zaie, eta euskaraz bietara markatzen dira subjektuak, absolutiboaz perpaus iragangaitzekoak (a) eta ergatiboaz iragankorrekoak (b). Horregatik diogu euskara hizkuntza ergatiboa dela.GOIZ JAIKI ETA LO GELDITU DA

  1. Zu-Ø goiz jaiki zara
  2. Zuk ni-Ø goiz esnatu nauzu

Subjektua markatzeko modu bitar honek bereizten ditu euskara eta, oro har, hizkuntza ergatiboak, hizkuntza akusatiboetatik, zeinetan, subjektua beti kasu marka bakar batez adierazten baita, hots, nominatiboaz. Begiratu gora berriro miskitoeraren adibideetara. Waitna ba ‘gizona’ eta sula ba ‘oreina’ argumentuek Ø nominatibo marka bakarra dute. Hortaz, halako hizkuntza akusatiboetan, euskaraz ez bezala, perpausa iragangaitza zein iragankorra izan, subjektuak beti modu berean markatzen dira.

Absolutiboa perpaus iragangaitzeko subjektuei ez ezik (a), perpaus iragankorreko osagarriei ere ezartzen zaie (b). Ondorioz, absolutibo marka bera erakusten dute bai perpaus iragangaitzeko subjektuak bai perpaus iragankorreko osagarriak:

  1. Zu-Ø goiz jaiki zara
  2. Nik zu-Ø goiz esnatu zaitut

Konparatu euskararen sistema hau miskitoerarekin berriro: miskitoeraz, osagarriak akusatibo marka du; euskaraz, aldiz, absolutiboa.

Absolutibo kasua eta absolutibo komunztadura

Absolutiboa egiturazko kasuetarik bat izaki, berak markatzen dituen argumentuek komunztadura eragiten dute inflexioan. Absolutibodun argumentuak pertsona komunztadura aurrizkiaz jasotzen dira aditz laguntzailean, aztergai ditugun adibideetan (a,b) z– aurrizkiaz. (b) adibidean argumentu berak –it– pluralgilea ere erakusten du. Gogoratu bigarren pertsonako izenordaina morfologikoki plurala dela.

  1. Zu-Ø goiz jaiki z-ara
  2. Nik zu-Ø goiz esnatu z-a-it-ut

Komunztadurari buruzko xehetasunak Pertsona aniztasuna aditz jokoan eta Aditz komunztadura ataletan dauzka irakurleak.

Absolutiboa, "ari izan" eta bestelako egitura progresiboak

Ari izan progresiboa erakusten duten egituretan, bi argumentuak absolutibo kasuaz markatzen dira ari izanek biltzen duen aditza iragankorra izan arren. Ondoko adibideak, Lakarenak (2004: 117) dira.EMAKUMEAK GIZONA LAZTANTZEN DU

  1. Emakumeak gizona laztantzen du
  2. Emakumea gizona laztantzen ari da

(a) perpaus iragankor arruntean, subjektuak –emakumeak– ergatibo kasua darama eta osagarriak –gizona– absolutiboa. Ari izan egiturako perpausak (b), aldiz, absolutiboz markatzen ditu bi argumentuak –emakumea eta gizona.

Egitura hauek Ergatibotasun Erdibituaren (Dixon 1994) adierazgarritzat hartu izan dira, subjektuen markatzea bat bera delako, ari izan egiturako aditza iragankorra (a) zein iragangaitza (b) izan.

  1. Emakumea gizona laztantzen ari da
  2. Emakumea jaikitzen ari da

Alabaina, hau ispilatzea baino ez da. Izatez, hemen bi perpaus ditugula irakatsi ziguten aspaldi Hualde eta Ortiz de Urbinak (1987) eta bere ondotik baita Lakak berak (2004) ere. Egitura konplexua da, beraz: batetik, ari bera aditz duen perpaus nagusia dugu eta bestetik, mendeko perpaus jokatugabea, laztandu buru duena. Kako zuzenen artean adierazten ditugu perpaus bat eta bestea zein diren –bietarik bat mendekoa denez bestean bildurik ageri da.

  • [Emakumeai [ ei gizona laztantzen] ari da]

Mendeko perpaus jokatugabean, e hizkiak adierazten du hor badela kategoria isil bat –ingelesez empty category deritzo, eta hortik dator, hain zuzen, hitzaren hastapeneko e letra erabiltzea. Kategoria isil hori subjektua da mendeko perpausean, eta perpaus nagusiko subjektu bera da, edo nahiago bada, perpaus nagusiko subjektuaren erreferentziakidea da. Perpaus bietako subjektuak bat bera direla adierazteko, azpindize batez markatzen ditugu biak –i azpindizeaz.

kakotxa
kakotxa
Badugu euskaraz ergatibotasun erdibiturik? Batzuen ustez bai, baina beste autore batzuek kontrakoa pentsatzen dute

Antzeko egitura dute baita mendebaldeko hizkeretan jasotzen diren beste egitura progresibo batzuk (Laka 2004: 122):

  1. Emakumea gizona laztantzen dabil
  2. Emakumea liburua irakurtzen dago

Absolutibo kasua, bokatiboaren eremuan

Absolutiboa darabilgu euskaraz baita beste hizkuntza batzuetan bokatiboak jasotzen duen eremu berean –ikus baita Euskaltzaindia (1985) eta Hualde (2003). Absolutiboaren Ø marka hori gainera dakioke determinatzailea duen formari (a-c) zein determinatzailerik ez duenari (d,e).

  1. Nagusi jauna, auxen da lana, amak bidaltzen nau berorrengana (Bilbao, 77)
  2. Jaun-andreok, gabon
  3. Herdu, laztana
  4. Txo, motel, isilik egon hadi!
  5. Andereño

— Egilea: Beatriz Fernandez

Erreferentziak

Artikulu honetan erabili dugun materiala hemen kontsulta dezakezu, atalez atal:

Absolutibo kasu ez-markatua

  • Fernández, Beatriz & Jon Ortiz de Urbina. 2007. Hizkuntzari itzulia 80 hizkuntzatan. Bilbo, UEU.

Absolutiboa, ari izan eta bestelako egitura progresiboak

  • Dixon, R.M.W. 1994. Ergativity. Cambridge: Cambridge University Press.
  • Laka, Itziar. 2004. “Ari progresiboaz: euskararen kasu markak”. In Pablo Albizu & Beatriz Fernández (arg.) Euskal gramatika XXI. mendearen atarian: arazo zaharrak, azterbide berriak. 113-132.
  • Hualde, José Ignacio & Jon Ortiz de Urbina. 1987. “Restructuring with ARI”. ASJU 21, 425-452.

Absolutibo kasua, bokatiboaren eremuan

  • Euskaltzaindia. 1985. Euskal Gramatika. Lehen urratsak I. Bilbo: Euskaltzaindia. [Berrargitalpena: Euskaltzaindia. 1991. EGLU I]
  • Hualde, Jose Ignacio. 2003. “Case and number inflection of noun phrases”. In J.A. Hualde & J. Ortiz de Urbina (eds.) A grammar of Basque. Berlin / New York: Mouton de Gruyter. 171-186.

lanaren aipamena nola egin...

Beatriz Fernandez, "Nor", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3