Erabiltzaile Tresnak


morf:5:5:5

Nork

Nork kasua aztertuko dugu hemen, “absolutibo” izenez ezagutzen duguna.

Ergatiboa, kasu markatua

Absolutiboa ez bezala, zeina morfologikoki kasu ez-markatua den –Ø–, ergatiboa kasu markatua da euskaraz, eta –k marka da bere adierazgarri morfologikoa. Hizkuntza ergatibo asko eta askotan ere ergatiboa da markatua den kasua –Nor Absolutibo kasua (nor). Bi kasuak ikus daitezke ondoko adibideetan, absolutiboa (a,b) eta ergatiboa (b). Jon izena kontsonantez amaitzen denez, loturazko e bokal epentetikoa gaineratzen zaio erroari eta honen ostean jasotzen da –k ergatibo marka.

  1. Jon-Ø txirrindolan joaten da ikastolara
  2. Jone-k txirrindola-Ø ateratzen du goizero

Ergatibo kasua hizkuntza ergatiboetan

Ergatiboa perpaus iragankorreko subjektuari ezartzen zaion kasua da. Goiko adibideetara berriro joaz, perpaus iragankorreko subjektuak –Jonek– ergatibo kasua erakusten du (b) perpausean; aldiz, iragangaitzeko subjektuak –Jon– (a) eta osagarriak –txirrindola– (b) absolutibo kasua. Hala osatzen da, hain zuzen, kasu sistema ergatiboa, subjektuak kasu banarekin markatuz eta osagarria iragangaitzeko subjektuarekin berdinduz.

Absolutibo plural eta ergatibo singularraren arteko sinkretismoa

AUTOA EROSI DUTEEuskara batuan, absolutibo plural eta ergatibo singularreko formak berdin-berdinak dira. Ondoko adibideetan mutilak absolutibo plurala da (a) perpausean eta ergatibo singularra, berriz, (b) perpausean.

  1. Mutilak autoan etorri dira
  2. Mutilak autoa erosi du

Horregatik aipatu izan da inoiz bi kasuen arteko sinkretismoa, forma bakarrean jasotzen direlako izatez bi kasu direnak –absolutibo eta ergatiboa.

Hualdek (2003: 180-181) dioenez, forma bien arteko berdintasuna euskara batuan ez ezik, ekialdeko hizkeretan ere jasotzen da. Sinkretismoa ergatibo pluralera ere zabaltzen da erdialdeko eta mendebaldeko hizkera askotan, zeinetan euskara batuko –ek formaren ordez, –ak forma duten:

  1. Mutilek autoa erosi dute
  2. Mutilak autoa erosi dute

Hualderen esanetan, badira singular eta pluralaren arteko diferentzia azentueraren bitartez egiten duten hizkerak, hala nola, Gernikan.

Ergatibo kasua predikatu inergatiboko subjektuak markatzen

Hizkuntza ergatiboen kasu sistemaren xehetasunak aztertu ditugu dagoeneko zenbait ataletan –Nork Euskara hizkuntza ergatiboa atala, eta erakutsi dugunez, perpaus iragangaitzeko subjektua dugun guztietan, orduan, absolutiboz markatzea da espero daitekeen aukera. Alabaina, euskaraz argumentu bakarreko predikatu guztiek ez dute subjektua absolutiboaz markatzen. Ikusi bestela:

  1. Nire aitaren etxeak iraunen du zutik (Aresti, G.XX)AITAREN ETXEA ZUTIK ORAINGOZ, Lloyd wright
  2. Esneak irakin du
  3. Jonek goiz urten du etxetik

Adibideotan ikus daitekeenez, argumentu bakarra duten predikatu batzuekin, iraun edota irakin aditzekin adibidez, subjektuari ergatiboa kasua ezartzen zaio, ez absolutiboa. Areago, subjektuari absolutiboa egotziz gero, orduan perpausa ez-gramatikala da.

  1. *Nire aitaren etxea iraunen da zutik
  2. *Esnea irakin da

Zenbait hizkeretako urten aditzak badu absolutibodun ordaina irten aditzarekin.

  1. Jonek goiz urten du etxetik
  2. Jon goiz irten da goizean.

Hizkeren arteko aldakortasuna antzematen da beraz. Baita hauetan ere:

  1. (Guk) Zapi zuri honekin jolasten dugu
  2. (Gu) Zapi zuri honekin jolasten gera

GOIZERO HARTZEN DUTE TXIRRINDOLAArgumentu bakarreko predikatu hauen subjektua ergatiboz markatzen denez (b), orduan ez dute ezberdintasunik erakusten iragankorrak diren perpausetako subjektuekin (a) alderatuz gero:

  1. Jonek txirrindola hartzen du goizero
  2. Jonek goiz urten du etxetik

Ikusten denez, honek, itxuraz bederen, kasu sistema ergatiborako eman ditugun irizpideak urratu egiten ditu, subjektu biak berdin markatzen baitira. Horregatik, Ergatibotasun Erdibitua (Split ergativity, ingelesez) (Dixon 1994) lotu izan da fenomenoa, eta bereziki S(ubjektu)-erdibituko sistematzat (Split-S system ingelesez) –kontuan izan ergatiboari buruzko hizkuntzalaritza lanetan, S laburdura darabiltela predikatu iragangaitzeko subjektuez ari direla.

Inergatibo deritze subjektua ergatiboz marka dezaketen halako predikatuei –Aditza eta aditz sintagma. Goian aipatu ditugunak alde batera, inergatiboetako asko izen + egin egitura duten predikatuak dira euskaraz, adibidez, hitz egin. Halakoak egituraz iragankorrak dira, eta ez iragangaitz:

  • Jonek etxepekoarekin hitz egin du

Ez da, hortaz, horren harrigarria halakoetan subjektua ergatiboz markatzea. Besterik da erabakitzea zein nolako osagarria duten halako aditzek, eta zein murriztapen dituen.

Sakon aztertu izan da gai hau gramatika teorian, hizkuntza tipologian eta zeresanik ez euskalaritzan, laurogei hamarkadatik hona. Hemen gutxi batzuk baino ez ditugu aipatuko: Levin (1983), Ortiz de Urbina (1986, 1987), Oyharçabal (1992), Fernández (1997) eta Etxepare (2003). Euskal hizkeren arteko aldakortasunari begiratu diote lan berriagoetan Aldaik (2006, 2009) eta Albizu (2009).

Ergatibo kasua eta ergatibo komunztadura

Absolutiboa bezalatsu, ergatibodun argumentuek ezinbestean erakutsi behar dute komunztadura inflexioan, perpausa gramatikala izateko.

  • Nik txirrindola hartzen du-t goizero

Nik ergatibodun argumentuak –t komunztadura atzizkia erakusten du aditz laguntzailean, goiko adibidean ikusi dugunez, eta ergatibo komunztadura deritzogu –ikus Komunztadura atala.

Dena den, argumentu hori bera, dagoeneko azaldu ditugun arrazoiak tarteko –ikus Ergatiboaren lekualdatzea atala– aurrizkiaren bitartez ere azaleratu daiteke inflexioan:

  • Nik txirrindola hartzen n-uen goizero

Komunztadurari buruzko xehetasunak Pertsona aniztasuna aditz jokoan eta Aditz komunztadura ataletan dauzka irakurleak.

Ergatibo kasua eta askotariko rol-tematikoak

Egiturazko kasuei dagokien moduan, ergatibo kasuak ere askotariko theta-rolak dituzten argumentuak marka ditzake. Sarri askotan, egilea den argumentuari ezartzen zaio ergatibo kasua, adibidez:

  • Jonek txirrindola hartzen du egunero

Perpaus honetan, Jon egilea da: ekintza bateko partaide nagusia da, biziduna da eta borondatez jokatzen du, hau da, subjektu prototipikoek dituzten baldintzak bete ohi ditu. Egile izaten dira baita lehen aipatu ditugun predikatu inergatiboko subjektu asko, adibidez:

  • Jonek etxepekoarekin hitz egin du

Alabaina, ergatibo argumentuak ez du zertan egilea izan behar, adibidez, esperimentatzailea ere izan daiteke:

  • Jonek Txanela ahaztu du ikastolan

Ahaztu predikatu psikologikoa denez, ergatiboarekin markatzen den argumentua esperimentatzailea da. Ahazturen eremu semantiko bertsuko aditzetan –baita adibidez, gogoratu–, ergatibo horren ordez datibo batek marka dezake esperimentatzailea:

  • Joni Txanela ahaztu zaio ikastolan

Azkenik, jasailea bera ere izan daiteke ergatibo argumentua, adibidez:

  • Beharginek krisiaren ondorio lazgarriak pairatu dituzte

Perpaus honetan, beharginek ergatibo argumentuak adierazten du nork jasaten duen krisia eta bere ondorioak. Hortaz, ez dago ez egiletasunik ez borondaterik azaltzen den gertaera horretan. Beharginek ergatibodun argumentua jasailea da beraz.

Ez da harritzekoa ergatibo kasuak denetariko theta-rolak besarkatzea. Izan ere, egiturazko kasuek, postposizioek ez bezala, ez dute izaten theta-rol jakinik, eta konfigurazio sintaktiko berean, askotariko eduki semantikoak adieraz ditzakete.

— Egilea: Beatriz Fernandez

Erreferentziak

Artikulu honetan erabili dugun materiala hemen kontsulta dezakezu, atalez atal:

Absolutibo plural eta ergatibo singularraren arteko sinkretismoa

  • Hualde, Jose Ignacio. 2003. “Case and number inflection of noun phrases”. In J.A. Hualde & J. Ortiz de Urbina (eds.) A grammar of Basque. Berlin / New York: Mouton de Gruyter. 171-186.

Ergatibo kasua predikatu inergatiboko subjektuak markatzen

  • Albizu, Pablo. 2009. “Euskararen kasu-sistema ergatiboa ala ergatiboak? Ergatibotasunaren azterketa dialektologiko baterako lehen urratsak”, to appear in Lapurdum.
  • Aldai, Gontzal. 2006. “Is Basque morphologically ergative? (I) The semantic (i.e. split-intransitive) case-marking system of Western Basque”. B. Fernandez & I. Laka (arg.) Andolin gogoan. Essays in honor of Professor Eguzkitza. Leioa: EHU. 117-138.
  • Aldai, Gontzal. 2009. “Euskararen kasu-markaketaren aldakortasun dialektala”. In B. Fernandez, Pablo Albizu & Ricardo Etxepare (arg.) Euskara eta euskarak: aldakortasun sintaktikoa aztergai. ASJUren eranskinak.[inprimatzen]
  • Beatriz. 1997. Egiturazko kasuaren erkaketa euskaraz. Bilbo: UPV/EHU.
  • Laka, Itziar. 1993. “Unnergatives that assign ergative, unaccusative that assign accusative”, In Johnatan D. Bobaljik & Colin Phillips (eds.) Papers on case and agreement I, MITWPL 18. 149-172.
  • Levin, Beth. 1983. On the Nature of Ergativity. doktorego tesia, Cambridge (Massachusetts): MIT.
  • Ortiz de Urbina, Jon. 1986. Parameters in the grammar of Basque, Dordrecht, Foris, 1988 .___.1987. “Kasu ezarketa eta ez-ergatibitatea euskaraz”. In P. Salaburu (arg.) Sintaxi arazoak. Donostia: UPV/EHU. 35-48.
  • Oyharçabal, Beñat. 1992. “Structural Case and Inherent Case Marking: Ergaccusativity in Basque”. In J.A. Lakarra eta J. Ortiz de Urbina (arg.),Syntactic Theory and Basque Syntax. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia. 309-342.

lanaren aipamena nola egin...

Beatriz Fernandez, "Nork", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3