Erabiltzaile Tresnak


morf:5:5:6

Nori

Nori kasua aztertuko dugu artikulu honetan, datiboa, alegia.

Datiboa, egiturazko kasua

Datiboak -i marka du euskaraz, eta bokalez amaitutako oinarria dugunean, orduan r epentetiko bat gaineratzen da kasu marka baino lehen:

  • zenbait mutil-i
  • zenbait andere-r-i

Datiboz markatutako argumentu hori hiru argumentuko perpausetan ager daiteke (a) edo bi argumentu besterik ez duten perpausetan (b).

  • Nik Joni Legoa oparitu diot → nik, joni, legoa
  • Joni Legoa gustatzen zaio → joni, legoa

BEATRIZEK JONI EMAN ZION LIBURUA Euskalarien artean zalantzarik ez dago bi perpaus horietan ageri den datiboa egiturazkoa dela (kontuan izan bi perpausetan aditz laguntzaileak komunztadura egiten duela datiboarekin). Eta goiko lehenengo perpausak, adibidez, ingelesezko osagarri bikoitzeko egiturak (doble object constructions ingelesez) bezalakoxeak direla aldarrikatu izan da.

  • I give John the book
  • ni eman John det liburu
  • Nik Joni liburua ematen diot

Osagarri bikoitzeko egitura hauek txandakatu egiten dira preposiziodun egitura batekin. Datibo alternantzia (dative alternation ingelesez) esaten zaie bi egiturek osatzen dutenari.

  • I give the book to John
  • ni eman det liburu P John
  • Nik Joni liburua ematen diot

Gramatika teorian, osagarri bikoitzeko egitura preposiziodun egituratik eratortzen dela proposatu izan da. Euskarari dagokionez, eztabaida oraindik ere indarrean dago: geroago ikusiko dugunez, badira uste dutenak preposizio egitura horren erkideak diren postposizio egiturak ditugula euskaraz, eta gure osagarri bikoitzeko egiturak euretatik eratortzen direla sintaktikoki –Arregi (2003) eta Arregi eta Ormazabal (2003)–; eta badira kontrako iritzia dutenak ere –Elordieta (2001)–.

Helburuak eta iturburuak. Onuradunak

Datiboak helburua adierazi ohi du. Adibidez, erosi aditzak egile eta gaia argumentuez gain, badu aukeran helburua ere adieraztea, eta helburu hori da, hain zuzen, datiboak markatzen duena. Helburu hori, sintaxiaren ikuspuntutik zehar argumentua dela esaten dugu. Hori ikus daiteke beheko bigarren perpausean:

  • Nik liburua erosi dut. HARRIGARRIA, BENETAN, ZENBAT IRAKURTZEN DUTEN EUSKALDUNEK! DENAK LERROAN
  • Nik Joni liburua erosi diot.

Perpaus hori anbiguoa da. Izan ere, denda batera joaten bagara, eta Jonentzat erosten badugu liburu bat, liburu hori Jon helburu harturik erosi dugula esan daiteke: erostearen helburua Joni da. Dena den, ohart gaitezen bigarren perpauseko Joni izen sintagma datibo hori semantikoki beste modu batera ere interpreta daitekeela: Jon liburu saltzailea bada eta liburua haren liburu-dendan erosten badut, liburua Joni erosi diot baina beste norbaitentzat da. Kasu horretan Jon ez litzateke ohiko helburua izango –hau da, liburua jasotzen duena–, baizik iturburua: liburua ematen duena, alegia.

Baina helburua edo iturburua izatetik kanpo, badira onuradunak ere, nahiz batzuetan nekez bereizten diren datibo hauek helburu datiboetatik. Esate baterako, goiko perpausean liburua oparitzat hartzen duen umeaz ari bagara, orduan, helburua izateaz gain, onuraduna ere bada. Onuraduna (kalteduna ere izango litzateke, noski, onura izan beharrean kaltea jasotzen bada, baina hemen biak batera ematen ditugu), euskaraz, destinatiboa deritzon postposizioaren bitartez adierazten da sarri bigarren perpausean bezala:

  • Nik Joni liburua erosi diot.
  • Nik liburua erosi dut Jonentzat.

Euskalarien artean, badira uste dutenak, Arregi (2003) edota Arregi eta Ormazabal (2003), adibidez, datibodun egitura, destinatibo postposiziodun egitura batetik eratortzen dela. Dena den, Oihartzabalek (2007) dioenez, hala balitz, arraro samarra litzateke datiboa eta destinatiboa biak perpaus bakarrean biltzea:

  • Nik Joni liburua ekarri diot Maiderrentzat.

Eta ikusten denez, perpaus guztiz arrunta da.

Datibo motak

Ikus ditzagun ondoren datibo mota hauek:

DATIBO MOTAK
Helburu datiboa Joni liburua erosi diot (Jon da hartzailea)
Iturburu datiboa Joni liburua erosi diot (Jon da saltzailea)
Onuradun datiboa Joni liburua erosi diot (Jonentzat)
Esperimentatzaile datiboaikasitakoa ahaztu zait
Interes datiboa / datibo etikoa marrazkia zikindu zaio
Jabe datiboa (ezinbesterenduzkoa) Joni begitartea ilundu zaio
Jabe datiboa (besterengarria) Joni autoa erre zaio
Aspektu edo ekintza datiboa lanari ekin dio
Datibo osagarriak eragiok danbolinari
Alternantzia datiboak deitu dizut/deitu zaitut
Markatze bereizgarriko datiboak ikusi dizut/ikuzi zaitut

Esperimentatzaile datiboak

Datiboak esperimentatzaileak ere adieraz ditzake. Esate baterako, euskaraz oso ohikoak dira honelako perpausak:

  • Niri isiltasuna gustatzen zait.
  • Niri ikasitakoa ahaztu zait.

BATZUEI ISILTASUNA GUSTATZEN ZAIEPerpaus pare horri begiratzerakoan, kontuan hartu beharra dugu, geroago ikusiko dugunez, gustatu eta ahaztu aditz psikologikoak direla. Aditz psikologiko hauetan datiboak esperimentatzailea adierazten du eta absolutiboak, berriz, estimulua. Gustatzea, ahaztea eta abar sentitzen duena da esperimentatzailea (niri) eta gustatze edo ahazte hori sortarazten diona estimulua (isiltasuna, ikasitakoa). Holako aditzek datiboa beharrezkoa dute perpausean, ez da hautazkoa, bestela ondoko perpausak gramatikalak izango bailirateke.

  • *Isiltasuna gustatzen da
  • (*) Ikasitakoa ahaztu da

Lehenengo perpausa okerra da gustatu aditz psikologikoarekin esperimentatzailea, datiboaz markatzen dena, beharrezkoa delako perpausean. Hala, absolutiboz markatutako estimulua adierazten duen perpausa ez-gramatikala da. Bigarren perpausa ere okerra da, baldin eta lehenengoa bezalaxe interpretatzen badugu. Jakina, perpaus hori inpertsonaltzat hartuko bagenu, orduan gramatikala izango litzateke, baina ez gara orain perpaus inpertsonalez ari.

Esperimentatzaileak ez dira bakarrik datiboaz adierazten euskaraz, absolutiboaz edota ergatiboaz ere marka daitezke. Horregatik, badira azken perpausen itxura izanik ere, gramatikalak diren perpausak (isiltasuna gustatzen da moldekoak). Adibidez:

  • Ni hartaz gogoratu naiz.
  • Nik hura gogoratzen dut.
  • Niri hura gogoratu zait.

Jakina, diferentzia zera da: hemen absolutiboaz markatzen den argumentua ez dela estimulua, esperimentatzailea baino. Bigarren perpausean, esperimentatzaile hori bera ergatiboz adierazten da, eta hirugarren perpausean, gogoratu aditzerako oso ohikoa ez den arren, datiboaz.

Interes datiboak edota jabe datiboak

Interes datiboak

Bestalde, interes datiboak edota datibo etikoak ditugu. Adibidez:

  • Marrazkia zikindu da.
  • Joni marrazkia zikindu zaio.

Izan ere, interes datiboa da bigarren perpausean duguna. Ingelesez ethical dativesdatibo etikoak– esaten zaie sarri askotan, nahiz eta batzuetan, hizkuntza erromanikoetan, adibidez, etikoak eta interes datiboak orain aipatuko ez ditugun ñabardurak tarteko, bereizi izan diren. Interes datibo honek adierazten du zeinen interesekoa den perpausean adierazten dena –marrazkia zikintzea, kasu honetan–.

Bigarren adibide horretan Joni datibo sintagma hautazkoa da, bestela lehenengo adibidea, alegia, datiborik gabekoa ez-gramatikala izango litzateke. Honek erakusten du hautazkotasunari dagokionez, esperimentatzaile datiboa eta interes datiboa ezberdinak direla: bata beharrezkoa da perpausean; bestea, aldiz, ez.

Jabe datiboak

Interes datiboak oso hurbil daude jabe datiboetatik:

  • Jonen begitartea ilundu da.BEGITARTEA ILUNDUKO ZAIO?
  • Joni begitartea ilundu zaio.

Bigarren perpauseko Joni jabe datiboa da. Jabe datibo honek lehenengo perpauseko Jonen genitibodun sintagma ordezkatzen duela dirudi –ikus baita Euskaltzaindiaren lana (EGLU-I 1985: 344). Kontuan izan nekez onar daitekeela jabea bietara adierazten duen perpausik, alegia, datiboaren eta genitiboaren bitartez:

  • *?Joni bere begitartea ilundu zaio.

Hori dela eta, halako egiturei begiratzen zaienean ikuspuntu teoriko batetik behintzat, egitura bat bestetik eratorria dela pentsatu izan da: batean (lehenengo adibidean bezala), jabea adierazten duen sintagma, hots, Jon(en) ISren barruan dago; bestean (bigarren adibidean bezala), berriz, ISren barrutik atera da eta datibo kasua jaso du inflexiotik –Joni–. Xehetasun teorikoak alde batera, bi perpausen arteko egitura harremana da besterik gabe erakutsi nahi duguna.

Jabetza ezinbesterenduzkoa eta jabetza besterengarria

Bestalde, goiko adibideetan erakusten dena jabetza ezinbesterenduzkoa da, begitartea Jonena beste inorena ez delako. Aldiz, ondoko adibideetako jabetza besterengarria da:

  • Jonen arkatza apurtu da.
  • Joni arkatza apurtu zaio.

Arkatza Jonena da, harik eta niri, Ander, lagun onari edo nahi duenari ematen dion arte. Begitartea, berriz, beste inori eman ezin diezaiokeen zerbait da. Hortik jabetza mota bien artean dagoen diferentzia.

Jabetza ezinbesterenduzkoa denean, datiboak ez du genitiboa edozein baldintzatan ordezkatzen. [:egile:etxepare|Etxepare]]k (2003: 420-421) erakutsi digunez, datiboak zuzenean ukitua izan behar du:

  • Jonen ama hil da.
  • Joni ama hil zaio.

Horregatik, bigarren adibidean, Jonek bizirik egon behar du, ama hiltzeak zuzenean uki dezan; aldiz, lehenengo adibidean, Jon bera ere hilik egon daiteke urteak direla.

Bestalde, [:egile:etxepare|Etxepare]]k (2003: 419-20) berak dakarrenez, jabetza ezinbesterenduzko hori ez da azkenak bezalako perpaus iragangaitzetara mugatzen: iragankorretan ere aurki daitezke erkideak diren egiturak, hala nola, ondokoak:

  • Mikelek Jonen sudurra hautsi du. SUDURRA HAUTSIKO DIOTE
  • Mikelek Joni (*bere) sudurra hautsi dio.

Batzuetan ez da erraz jakiten dena delako datiboa jabe datiboa ala interes datiboa den. Adibidez:

  • Joni semea Ameriketara joan zaio.

Jabe datiboa da perpausean ageri dena? Bai, dudarik gabe, Jonen semeaz ari garelako, baina baita interes datiboa ere, Jon bereziki ukitzen duen gai batez ari garelako, hau da, bere semea Ameriketara joateaz -ikus baita Hualde (2003: 182)-. Izan ere biek, interes datiboak eta jabe datiboak, makro-rol bat osatzen dutela dirudi eta sintaktikoki antzera jokatzen dute.

Datibo eta adlatibo/ablatibo bizidunen arteko ustezko txandakatzea

Mugimenduzko aditzekin sarri ager daitezke datibo sintagmak helburu hutsa adierazten. Helburua adierazten den kasu horietan, datiboa adlatibo bizidunarekin txandaka daitekeela dirudi. Esate baterako:

  • Jon Beñati joan/hurbildu zaio.
  • Jon Beñatengana joan/hurbildu da.

Lehenbiziko perpausean ageri den datiboaren ordez, adlatibo biziduna azaltzen da bigarrenean, eta datibo hori helburua da. Horrek ez du esan nahi joan bezalako mugimenduzko aditz batekin agertzen diren datiboak oro helburu datiboak izan behar dutenik, Ameriketara joandako semearen adibidean ikusi dugun bezala. Beste adibide bat ematearren, Euskaltzaindiaren (1985: 345) lanean ageri den bigarren perpauseko NZ-hitza, nora alegia, da helburua adierazten duena; aldiz, zuri ezkutuko datiboak jabe datiboa edo interes datiboa biltzen du –kontuan izan ezkutuan dagoen sintagma komunztaduraren bitartez eskuratzen dugula–.

  • Nora joan dira zure txakurrak?
  • Nora joan zaizkizu txakurrak?

Bigarren perpausean, ezkutuko zuri datibo sintagma ezin daiteke helburutzat hartu, helburua noraren bitartez adierazten baita. Datiboa, kasu honetan, jabe/interes datiboa da, eta lehen perpauseko genitiboaren ordezkoa. Hortaz, delako aditzarekin nagusiki izaera bateko datiboak aurkitzea espero daitekeen arren, adibidez, mugimenduzko aditzekin helburu datiboak, hori ez da beti hala izaten.

Oro har, datibo eta adlatibo bizidunaren artean txandakatzea badagoela diogunean, oso tentu handiz diogu, datiboak itxura denez, adlatibo bizidunak berak baino askozaz ere eremu handiagoa hartzen baitu. Antzera esan daiteke baita iturburuez ari garela. Iturburuak ustez ablatibo bizidunarekin txandakatzen dira horrela:

  • (Niri) Jon joan zait ihesi
  • Jon nigandik joan da ihesi

Irakurlea konturatuko zenez, joan bera dugu hemen, baina lehenengo perpausean iturburua adierazten du, ez helburua –Jon ez doa ihesi niregana, nigandik baino–. Urrundu aditzarekin ere iturburua da datiboak adierazten duena, eta ez helburua, ondoko lehen perpausean bezala. Haren ordezko ablatibo biziduna ikus daiteke bigarren perpausean (Euskaltzaindia 1985: 345):

  • Urrundu zait
  • Urrundu da nigandik

IMANOL LAZKANORI IKASI NIONSarri askotan ezin daiteke esan datiboak adierazten duena iturburu hutsa denik, postposiziora begira esango genukeen bezala. Askotan hori baino gehiago, berriro ere, jabe/interes datiboa dugula dirudi (Fernández & Ortiz de Urbina 2010). Adibidez:

  • Bertsotan ikasiko nion, Imanol Lazkanori edo. (Hogeita bina, Egaña)

Oso berezkoa dirudien zerbait da norbaiti bertsotan ikastea, eta halakoetan datiboa erabil daiteke. Aldiz, arraro samarra da datiboa erabiltzea ondokoaren antzeko perpausetan. Haren ordez, bigarren perpausean bezala, ablatibo biziduna duen perpausak dirudi naturalena:

  • ?Bertsolarien izen-abizenak ikasi nizkion, Imanol Lazkanori edo.
  • Bertsolarien izen-abizenak ikasi nituen berarengandik.

Beste adibide bat:

  • Beso bat erauzi zion eta bestea mastrikatu (Zakurra, zeure laguna,Garate)

Adibide horretako datiboak jabetza ezinbesterenduzkoa adierazten du, eta kasu honetan, ezin ordezka daiteke inongo ablatibo bizidunez. Hortaz, datiboa ablatiboarekin lotu izan den kasu askotan, benetan jabe/interes datiboa dugula dirudi.

Aspektu edota ekintza datiboak

Ikusi ditugun datibo hauetatik guztietatik aparte, aspektu edota nahiago bada ekintza datiboak aipatu nahi ditugu jarraian, adibidez:

  • Lanari ekin zaio/dio
  • Negarrari eman zaio/dio
  • Lanari lotu zaio
  • Lanari jarraiki zaio

Datibo horiei arreta berezia eman diete aspaldi honetan zenbait ikertzailek, bereziki datibo komunztadura galerarekin harremanetan –Ortiz de Urbinak (1995) Etxepare & Oihartzabal (2008a,b,c), Fernández & Landa (2009), Fernández, Ortiz de Urbina & Landa (2009), Fernández & Ortiz de Urbina (2010)–. Izan ere, datibo hauek hautazko komunztadura erakusteko joera dute ipar-ekialdeko hizkeretan:

  • (*)Lanari ari zen
  • Lanean ari zen

Ikusten denez, lehenengo adibideak ez du datibo komunztadurarik biltzen. Perpausa ez-gramatikala da hego-mendebaldeko hizkeretako hiztunentzat, eta hauetarik ari izan darabiltenek bigarren adibidera jotzen dute, hau da, inesibodun egitura da gramatikaltzat jotzen duten bakarra. Halaxe da baita euskara batuan ere. Izan ere, ohikoa da datibo hauek inesiboarekin txandakatu ahal izatea:

  • Lanean ekin/lotu/jarraiki zen

Aditz sintagmaren atalean irakur daitekeenez, halako aspektu datiboak hemen aipatu ditugun ekin, eman, jarraiki, lotu edo ari izanekin ez ezik, beste predikatu batzuekin ere aurki daitezke.

Datibo osagarriak

Askotariko aldeak ditu datiboak, ikusten denez. Badira, bestalde, predikatu batzuk osagarria datiboaz markatzen dutenak. Hauetarik batzuk nagusiki datibo osagarria erakusten dute, hala nola, eragin edota eutsi aditzek:

  • Eragiok, mutil, aurreko danbolin horri.
  • Gu gera iru probintzi,
    lengo legerik ez utzi;
    oieri firme eutsi,
    naiz hanka bana autsi. (Bertsoak, “Xenpelar”)

Osagarri hauek datibo osagarriak dira.

Osagarria nagusiki datiboz markatzen duten predikatuen ondoan, badira beste predikatu batzuk, absolutibo eta datibo alternantzia erakusten dutenak osagarria markatzean. Ondoko adibide hauetan ikus daiteke alternantzia hori:

  • (Zuri) Deitu dizut
  • (Zu) Deitu zaitut

Halakoxe alternantzia erakusten dute baita adibidez, abisatu, barkatu, begiratu, behatu, entzun, eskertu, itxaron eta lagundu aditzek –xehetasunetarako, ikus Etxepare (2003) edota Fernández & Ortiz de Urbina (2010)–.

Markatze bereizgarriko osagarriak

Estandarrak ez diren hegoaldeko hizkera batzuetan, osagarria biziduna izanez gero, datibo kasuaz markatzen dute, eta ez absolutibo kanonikoaz. Adibidez:

  • (*) Ikusi dizut
  • Ikusi zaitut

Lehenengo adibidea gramatikaltzat jotzen dute hizkera hauetan, nahiz eta batuan halakorik esan ezin daitekeen eta bigarrena den aukera bakarra. Ibarraren (2000: 155) nafar adibideak dira ondokoak:

  • Il tzekote fréntian Andrései ta (Mezkiritz)
  • Gerra denboran iru aldiz eritu zioten (Lintzoain)

Datibo horiek ez dirudi nahasi behar ditugunik goian aipatu ditugun alternantziadun aditzetan ageri direnekin. Azken hauek gaztelaniaren leismoarekin (Fernández-Ordoñez 1999) konparatu izan dira eta zerikusi handia dute hizkuntza tipologian osagarriaren markatze bereizgarria deritzonarekin –ingelesez differential object marking (DOM). Fernández & Rezacek (2010) Datibo osagarri bitxiak eta Datiboaren Lekualdatzea lanean erakutsi dutenez, alternantziadun aditzek ez dute murriztapenik osagarria datiboaz markatzerakoan; aldiz, estandarrak ez diren hizkeretan agertzen den markatze bereizgarriko osagarriek bai. Adibidez, ikusi dizut dioenak:

  • Joni ikusi dio

ere esango du, baina ez du inoiz datiboaz markatuko bizigabea den osagarririk:

  • *Telebistari ikusi dio

Orobat, izenordain bihurkariek ezin dute datiborik erakutsi hizkera hauetan –ikus Mounole (2008) beste murriztapen batzuetarako–:

  • *Nire buruari ikusi diot ispiluan

SOINUJOELAREN SEMEA Alternantziadun aditzek, oso bestela, ez dute halako murriztapenik. Adibidez:

  • Mary Anni begiratu nion (Soinujolearen semea, Atxaga)
  • Erlojuari begiratu nion (Soinujolearen semea, Atxaga)
  • Telebistari begiratu nion (Soinujolearen semea, Atxaga)

Ikusten denez, alternantziadun aditza izanez gero, orduan, datiboak marka ditzake biziduna den osagarria ez ezik (May Ann), bizigabeak direnak ere (erlojua, telebista).

Eta bihurkariek ere erakuts dezakete datibo markatze hori:

  • Nire buruari begiratu diot ispiluan.

Hortaz, itxuraz bata bestearen antza duten arren, printzipioz markatze bereizgarriko osagarriak (ikusi dizut) eta alternantziadunen datibo osagarriak (begiratu dizut) bereizi beharrean gaude.

Datibo kasua eta "datibo komunztaduraren galera"

Egiturazko kasuak zein diren erabakitzeko irizpide nahikoa argi bat erabili izan da hizkuntzalaritzan, eta geuk ere halaxe egin dugu: baldin eta dena delako sintagmak inflexioan komunztadura eragiten badu, orduan, izen sintagma da, ez postposizio sintagma. Datiboa, ondorioz, egiturazko kasua da, eta berak markatzen duena izen sintagma.

Alabaina, hizkeretara begiratzen badugu, badago datibo komunztadurari dagokionez muga sintaktiko nahiko gardena ipar-ekialde eta hego-mendebaldeko hizkeren artean: ipar-ekialdeko hizkeretan, datibo komunztadura inoiz galdu egiten da; aldiz, hego-mendebaldekoetan (ia) inoiz ez. Gèzek (1873: 81) bere aspaldiko gramatikan datibo komunztaduraren hautazkotasuna erakusten duten adibideak zekartzan:

  • Gizounari lurra emaiten du Jincoac.
  • Gizounari lurra emaiten deyo Jincoac.

Eman datibodun iragankorra da bere adibideetakoa. Ikusten denez lehenengo adibideak gizounari datibo sintagma erakutsi arren, aditz laguntzaileak ez du datibo komunztadura zaintzen; bigarren adibidea bere ordain kanonikoa da, datibo komunztadura duena, alegia. Bestelako datiboak dira testu klasikoetatik jasotako hauek guztiak Komunztadurarik gabeko datiboen gakoez (Beatriz Fernández, Jon Ortiz de Urbina, Josu Landa, UPV/EHU, DU, Ametzagaiña):

Hiru datibo horietatik batek ere ez du komunztadurarik erakusten inflexioan. Lehena aspektu/ekintza datiboa da; datibo-postposizioa da bigarren adibidekoa, alegia, postposizio batez ordezka daitekeen datiboa –ez zaiteztela fida amodioaz esango genuke, euskara hedatuenean–; jarraiki dugu azkenik hirugarren adibidean, hautazko komunztaduraren testigantza asko eta asko erakusten dituena. Hauek bezalako predikatu batzuekin, eta beraz, izaera semantiko jakineko datibo batzuekin hautazkoa dirudi komunztadurak, eta halaxe jaso izan da aspaldion zenbait gramatika lanetan –Etxepare eta Oihartzabal (2008a,b,c), Fernández eta Landa (2009), Fernández, Ortiz de Urbina eta Landa (2009)–.

Nolanahi ere den, datibo batzuekin hautazkoa gabe, ezinezkoa dirudi komunztadurak. Ondokoak bezalako leku-datiboez ari gara (Ortiz de Urbina 1995):

  • Zuek ordean hurbildu zarete Siongo mendiari, eta Jainko biziaren hiriari, zeruko Jerusalemeri, eta asko miletako aingeru multzoaren gana, 23. nausitasuna. (Biblia Saindua I, Duvoisin)
  • Errana da orduan halako arbolak lehenago zagoen alde berari landatu behar duela; hegoari zagoenak, ez-duela iphar aldean ongi emanen. (Laborantzako liburua, Duvoisin)

Halako leku-datiboak jasotzen dituzte baita Etxepare eta Oihartzabalek (2008a) ere, zenbait mugimenduzko aditzekin, hala nola, abiatu, joan eta itzuli aditzak, eta datibo horien azterbide zehatza aurkituko du irakurleak euren lanean.

Halakoetan, printzipioz komunztadura ezinezkoa dela diogunean, murriztapen sintaktikoez ari gara, ez morfologikoez. Perpausotan ageri diren hurbildu zarete eta hegoari zagoenak adizkien ordez, hurbildu zatzaizkiote edota hegoari zegokionak datibo komunztaduradun formak eman genitzake printzipioz inongo muga morfologikorik gabe. Murriztapena, beraz, sintaktikoa da. Izan ere, datibo hauek postposizio hutsak dira, ez egiturazko kasuak. Ildo honetan, datibo sintagma hauek ezin ditugu izen sintagmatzat hartu, postposizio sintagmatzat baino. Ondorioz, ez dira ez subjektu, ez osagarri, ez zehar osagarri, adjunktuak baino, Ortiz de Urbinak (1995) bere aspaldiko lanean jada jo zituen moduan.

AURPEGI ESKIZOFRENIKOA, Franz Xaver Messerschmidt-ek eginaHonek datiboaren eskizofrenia sintaktikoa erakusten digu: datiboa egiturazko kasua dela aldarrikatu dugu hasieran, eta halaxe egingo dugu aurrerantzean ere, baina datiboaren tipologia osoa ikusi besterik ez dago, datibo guztiak egiturazko kasutzat hartu ezin daitezkeela ohartzeko. Datiboetarik batzuk, hala nola, leku-datiboak postposizioak dira, zalantzarik gabe.

Gure balizko irakurle gehienak hego-mendebaldekoak izanik, arrotz ez ezik, oker irudituko zaizkie halako adibideak. Dena den, kontuan izan, oso ohikoak izan ez arren, batzuetan komunztadurarik zaintzen ez duten datiboak isurtzen direla baita gure hizkeretan ere. Adibidez, Orioko kantari ezagunaren ondoko abestian:

Bi dira datibo sintagmak perpaus honetan: harkaitz bati eta ezkutuan dagoen niri. Alabaina, inflexioak niri argumentuarekin baino ez du komunztadura erakusten. Hala, harkaitz bati inflexioan komunztatu gabe gelditzen da. Jakina, hemen datibo komunztadura hautazkoa baino gehiago, ezinezkoa dela dirudi, arrazoi morfologikoak tarteko –Duvoisinen goiko adibideetan ez bezala–. Izan ere ezin daitezke –inongo hizkeratan– bi datibo komunztadura marka jaso adizki berean, baldin eta bi sintagma diferenteri badagokie, hau da:

  • *(Niri) Hanka harkaitz bati lotu zi-da-o-tela

Bi datibo komunztadura markak biltzen dituen adizki okerrak dakar ez-gramatikaltasuna perpausera. Bi sintagma diferente diogu, zeren hizkera batzuetan sintagma berak komunztadura marka bat baino gehiago erakuts baitezake (Yrizar 2002). Batzuetan marka bat bera bikoizturik edo hirukoizturik ager dakiguke adizkian.

  • di-da-zu (euskara batua)
  • dei-ta-zü-t (Iruri, Zuberoa)
  • dei-ta-da-zü-t (Iruri, Zuberoa)

Eta beste batzuetan, bi marka diferente erakusten ditu sintagma bakarrak:

  • Askak guk bodegan genitugun (Agirretxe et alia 1998:228)
  • Harek neri sagarrak emun nostan (Rezac 2008)
  • Nik zuri sagarrak eman zaizkitzut (Fernández eta Ezeizabarrena 2001)

Komunztadura bikoitz (edota hirukoitza) deritzogu honi (Fernández & Albizu 2006). Ergatibo (komunztadura) bikoitza azken adibide sortako lehen eta bigarren adibideetakoa eta datibo (komunztadura) bikoitza hirugarren adibidekoa.

Ez ditugu hemen komunztaduraren agerbide hauei buruzko xehetasunak emango. Besterik gabe erakutsi nahi dugu datibo komunztadura marka bat baino gehiago ager daitezkeela batera adizkian –estandarra ez diren hizkeretan bederen–, baldin sintagma berari ez badagozkio, bestela ez.

Ikusten denez, hizkeretan biltzen dira sarri askotan hizkuntzaren beraren izaera ulertzeko gakoak. Hego-mendebaldeko hizkeretan eta baita eredu estandarrean ere komunztadurak berdindu egiten ditu datibo guztiak, morfologikoki behintzat, ezin bereizteraino. Ipar-ekialdeko hizkeretan, aldiz, datibo komunztaduraren askotariko erakusgarriek datiboen izaera hobeto ulertzen laguntzen digute. Kontuan izan, gainera, hizkera hauetan, badirela azkenik, datibo komunztadura inoiz ere galtzen ez duten datiboak. Esperimentatzaileez (lehenengo adibidea) eta interes (bigarren adibidea) eta jabe (hirugarren adibidea) datiboez ari gara (Fernández & Landa 2009; Fernández, Ortiz de Urbina & Landa 2009):

  • Eta ongi eginen duzu; eta zure aingeruak ekharriko du zure egintza Jainkoaren aintzinera; eta Jainkoari etzayo ahantziko; eta behar-orduan laguntzaileak igorriko darozkitzu. (Laborantzako liburua, Duvoisin)
  • Eta orduan, nahi-ta-ez, ilhundu eta belztu zitzaioten gogoa denei. (Sainduen Bizitzea, Joannateguy)
  • Jenebiebari hil zitzaizkon aita eta ama, biak, hamabortz urthe baizik etzituelarik. (Sainduen Bizitzea, Joannateguy)

Hemen gaiari buruzko zertzelada batzuk baino ez ditugu eman. Xehetasun asko aurkituko ditu irakurleak dagoeneko eman dizkiogun aipamenetan –ikus adibidez Fernández, Ortiz de Urbina & Landa (2009) arazleak edota bestelako egitura konplexuen azterketarako–. Ostean, hemen gaia ukitu ez dugun arren, badirudi datibo sintagma bera agertuz gero, errazago askatzen dela komunztadura -ikus adibidez Salaburu & Lakar (2005)-.

Datibo izenlagunak

Ez dira oso sarri ageri literaturan izenen ondoko datiboak, edo nahiagoa bada, datibo izenlagunak. Esate baterako, euskalaritzan argitaratu berri den lan batek ondoko izenburua du:

  • Beñat Oihartzabali gorazarre

Adibidean ikusten denez, gorazarre izenaren ondoko datiboa da Beñat Oihartzabali, hots, nolabaiteko datibo izenlaguna. Liburuaren izenburua da adibidekoa, eta ez dira halako datiboak ezezagun izenburuetan, adibidez, Jules Verneren nobela gogoangarrian:

  • Munduari itzulia 80 egunetan

Dena den, euskararen eremu txikian oso bestela itzulirik ageri da izenburu bera beste itzultzaile batzuen eskutik

  • Munduaren itzulia 80 egunetan

Gramatika arau-emaileak, bigarren bide hau eskaintzen du izen ondoko datiboak saihesteko (Euskaltzaindia 1985: 346), nahiz eta izenburuetan datibo izenlagunak onargarriagoak direla dioen. Izan ere, datibodun egitura hauek nagusiki izenburuetan agertzen dira eta ez dira gutxi gaur egun prentsan, Berrian adibidez, aurki daitezkeenak.

  • Basamortuei begirada ( Berria, 2010-03-14)
  • Oposizioari erantzuna ( Berria, 2010-03-18)
  • Omenaldia artzaintzari ( Berria, 2010-04-08)

Lehen bi adibideak egokiro ulertzeko, gogoan izan behar da begiratu edota erantzun bezalako aditzak direla, hain zuzen ere, datibodun osagarriak absolutibodunekin alternantzian izan ditzaketenetakoak. Hortaz, ez dirudi horren harrigarria datibo izenlagunak agertzea begirada edota erantzuna bezalako hitzekin.

Egituraren bila dabilenak askozaz ere nekezago aurkituko ditu perpaus baten barruan, testu zaharragoetako ondoko etsenpluetan adibidez:

  • Huna zer izan ziren haren azken hitzak bere semeeri: “Mutikoak, mutikoak, aski baduzue zeruari beha egonik!” (Ipuin eta ixtorio, Larzabal, P.)
  • Ez zen baitezpadako kantua; bainan zen haren otoitza, haren azken agurra bere lagunari, haren ondorat iragan artio. (Mattin, nere gizona, Treku, M.)
  • Gaur denak ziren bibak eta gorak kapitainari, Caballeriari eta haiez erditu zen amari. (Manu, 416)

Agirrek (1991) dakar hirugarren adibidea eta Euskaltzaindiak (1985: 346) bigarrena. Lehenengo adibidea Corsintax (Landa 2008) arakatzaile sintaktikoaz lortu dugu.

Ez dira asko, irakurleak ikusten duenez, perpaus baten barruan txertaturik aurki daitezkeen honelako erakusgarriak.

BEÑAT OIARTZABALI GORAZARREBestalde, datibo izenlagun hauen kokapena ere mintzagai izan da, gaia aztertu denean. Adibidez, goian aipatu dugun omenaldi-liburua emateko ekitaldiaren gonbidapenean, halaxe ageri zen liburuaren izenburua (Gorazarre Beñat Oihartzabali) –liburuak berez dakarren alderantzizko hurrenkeran (Beñat Oihartzabali gorazarre)–:

  • Gorazarre Beñat Oihartzabali
  • Beñat Oihartzabali gorazarre

Euskaltzaindiak (1985: 346) dio onargarriagoak direla datiboa eskumatara dakarten adibideak (lehenengo adibidea bezalakoak), eta atal honetan eman ditugun adibide ia guztiek hurrenkera hori dute, alegia: izena + datibo izenlaguna. Albizuk (2009) ere eskumatara lerratzen diren izenen ondoko datiboez hitz egiten du. Alabaina, Fernández eta Sarasolak (2010) erakutsi dutenez, bietara lerratzen dira halako datibo sintagmak, bai testigantza klasikoetan bai gaur egungo testuetan.

Bestalde, Euskaltzaindiak (1985: 346) elipsiaren hipotesia aipatzen du datibo izenlagun hauek azaltzearren. Ziur aski, aditz nagusiaren eta aditz laguntzailearen elipsiaz ari da. Dena den, guk bereizi nahi ditugu berez datibo izenlagunak direnak izenlagun ez direnetatik. Adibidez:

  • Aukera bat aldaketari. ( Berria 2010-04-01)

Adibideko datibo sintagma ez da aukera bat sintagmaren modifikatzailea; ez da, hortaz, izenlaguna. Gure ustez, bi sintagma beregainak dira horiek, eta honelako adibideetan guk ere ontzat emango genuke aditzaren eta aditz laguntzailearen elipsia dagoela, baina ez lehenagokoetan.

Albizuk (2001: 65) elipsiaren hipotesiaren kontrako arrazoiak eman ditu, baina, gure ustez, ez dira arrazoi zuzenak, izan ere, ondokoak bezalako adibideak ez-gramatikalak direla uste du, eta ez da hala:

  • Euskalariek gorazarre Beñat Oihartzabali

Testigantza klasikoetara eta 80ko hamarkadako euskal prentsari begiratzea besterik ez dago horrelakoak zuzenak direla ohartzeko -ikus Fernández eta Sarasola (2010) xehetasunetarako-.

Datibo izenlagunetara itzuliz, antzekotasunak ikusi izan dituzte egile batzuek (Albizu 2001, 2009; Makazaga 1999) datibo eta postposizioen artean, badira-eta postposizio izenlagunak ere. Hona hemen Lardizabalengandik jasotako pare bat adibide (Fernández eta Sarasola 2010):

Makazagarenak (1999)dira euskara teknikotik jasotako hauek -datibodunak dira azken biak-.

  • Tratamendua antibiotikoekin ANTIBIOTIKOAK
  • Heriotza gaindosiagatik
  • Alergia salizitatoei
  • Erresistentzia penizilinari

Makazagak hauen ordezko izenlagun ezkertiarrak ez-gramatikaltzat jotzen ditu:

  • *Antibiotikoekin tratamendua
  • *Gaindosiagatik heriotza
  • *Salizitatoei alergia
  • *Penizilinari erresistentzia

Dena den, hizkera teknikotik aparte, badira postposizio izenlagunen testigantzak, kazetaritzan batez ere, eta ez dira nahitaez eskumatara lerratzen:

  • Txotxongiloen etxe magiko eta ederrera bisita. ( Berria, 2010-03-13)

Izenlaguntzat hartzen diren halako erakusgarrien aldean, diferenteak dira, berriro ere, ondokoak:

  • Suizidioak epaitegira ( Berria, 2010-04-10)
  • Azken berriak kosmosetik ( Berria, 2010-04-14)

Horietan, postposizioak ez dira hasierako izen sintagmen modifikatzaile, ez bada, ziur aski aditz sintagmaren periferiakoak.

Azkenik, oso nabarmena da egitura honen testigantzen artean, zenbait datiboren erabateko agerpenik eza. Ondoko adibideak ikusi besterik ez dago -Fernández (2007) eta Fernández eta Sarasola (2010)-:

  • *begitazioa/begitanduera umeei
  • *irudipena umeei
  • *gogorapena umeei
  • *ahanztura/ahanzpena umeei

Datibo izenlagun horietan guztietan, datiboa sintagmak esperimentatzaile theta-rola du. Orobat, jabe edota interes datiborik ere ezin ager daiteke izenlagun modura:

  • *Aita eta amaren hilketa Jenebiebari
  • *Gogoaren ilunketa denei
  • *Begien argiketa itsuari

Antzeko murriztapena jasotzen du baita Albizuk (2009) berak ere.

Datibo izenlagunen artean esperimentatzaile eta interes eta jabe datiboen falta nabarmenak zeharbidez erakusten du datibo hauek sintaktikoki gainerako datibo guztiak ez bezalakoak direla, eta ez dutela postposizioen jokabidearen inongo arrastorik. Gainerakoei, aldiz, postposizio itxura har lekieke eremu enpiriko nahikoa mugatu honetan. Dena den, postposizioen jokabide bertsua duten datibo horietan ere, ez da ahaztu behar, izenlagunak sortzeko, datiboak zein postposizioek -ko lotura hizkiarekin eta -®en genitibo kasuarekin erakusten duten harremana arras diferentea dela.

Datibo osagarrien beste zenbait agerbide

Leku datiboak

Gorago leku datiboak aipatu ditugu lehenengoz. Leku datibo horietako batzuk, zenbait leku izenek hautatzen dituzte ipar-ekialdeko hizkeretan, adibidez (Etxepare eta Oihartzabal 2008):

  • Paretari kontra
  • Patarrari behera
  • Patarrari gora
  • Bata besteari aitzin
  • Kanale bati barna
  • Bi arte horier kanpo
  • Etxeari buruz

Etxeparek eta Oihartzabalek leku izen aldagaiztzat hartzen dituzte aitzin, barna, behera, gora, kanpo eta buruz, eta forma aldagaitza dutela diotenean, esan nahi dutena da leku izena biluzia dela eta ez daramala inongo hizkirik. Zalantza sor dezakete definizio honi dagokionez, behera, gora edota buruz adibideek, horietan guztietan postposizio hizkia erraz antzeman baitaiteke, –ra edota –z hizkiak, alegia. Aipatutako guztiak postposizio asketzat hartu izan dira euskal gramatikan. Guk ez dugu orain eztabaidatuko zein den datiboa hautatzen duten hitz hauen kategoria –egileok egin duten azterketa sistematiko eta osoak eurei jarraitzera garamatzan arren–. Besterik gabe erakutsi nahi dugu leku izen hauek guztiek –baldin eta leku izentzat har badaitezke kanpo, kontra, barna bezalakoak– datiboa hautatzen dutela ipar-ekialdeko hizkeretan. Bi hizkuntzalariek erakutsi dute, halaber, datiboaren ordez, mendebaldeko eta erdialdeko hizkeretan genitiboa edota lokatiboa erabiltzen direla, eta ez datiboa:

  • Etxearen kontra
  • Aldapan gora
  • Aldapan behera
  • Basoan barna
  • Basoan zehar
  • Basoaz kanpo

Lehenago ere jaso du euskalaritzak leku datibo hauen berri –ikus adibidez, Lafitte, P. (1944) edota Villasante (1983)–.

Bestelako datibo osagarriak

Ez dira asko leku datiboez gain, datiboa hautatzen duten aditzez besteko kategoriak -adjektiboak alde batera-. Izatez, guk dakigula bederen, begira, beha, esker eta zelatan dira, lekuzko esapideetatik kanpo ageri zaizkigun bakarrak, eta lekuzkoak ez ezik, bestelakoak ere izan daitezke buruz eta kontra. Horien guztien berri zehatza jasoko du irakurleak Fernández eta Ortiz de Urbinaren (2010) lanean.

Datiboa hautatzen duten begira, beha eta zelatanen kasuan bederen, datibo osagarria hautatzen duen hitzaren kategoria izena dugula pentsa genezake –begi adibidez– edo bestela, izena bildu arren, postposizio sintagma osoaren osagarria dela –begira–. Dena den, forma nolabait aldagaitzak dira hauek ere: zuri begira nago perpauseko begira formak ez du begitik edota begian motako forma erkiderik. Aldiz, betilea sartu zaio begira bezalako perpauseko begira postposizio sintagmak kideko ditu begian, begitik eta abarrak –betilea du begian, betilea atera dio begitik–.

Begira ikus daiteke ondoko adibideetan:

  • Herriari begira
  • Etxera begira
  • Kanpora begira

Ikusten denez, batzuetan datiboa (herriari) besteetan adlatiboa (etxera, kanpora) ageri zaigu begira postposizio sintagmarekin (Villasante 1983). Testu klasikoetan nahiz egungo prosan sarri agertzen da datibo sintagma hau.

  • Zeri- begira zaude, arima tristea? Erremedio gabeko sententzia zure kontra eman arteo zaude? (Liburu ederra, Duvoisin)
  • Amari begira, baina titiak eta sabela ikusi gabe, eta orduan amak esan zion: (Lagun izoztua, Sarrionandia, J.)

Datiboa noiz ageri den erabakitzea ez da batere kontu erraza. Villasantek (1983: 63) aspaldi zioen izena biziduna izanez gero, orduan datiboa erakusten duela:

  • Zuri begira
  • Umeari begira
  • Txakurrari begira

Nolanahi ere den, Fernández eta Ortiz de Urbinak (2010) diotenez, ez dirudi bizidunetara mugatzen denik datiboaren agerpena. Atxagaren nobela batetik ateratako adibide sorta ematen dute ondoren: euriari begira, loreei begira, paisaiari begira –baita paisaiara begira–, zaldiei begira, itzulbideari begira, bideari begira, kikarako kafeari begira, liburuari begira ere. Bizidunak badira batzuk –zaldiei– baina asko bizigabeak –kafeari– dira.

Oso litekeena da osagarria objektutzat hartzen denean eta ez lekutzat, datiboa erabiltzeko joera izatea. Adibidez:

  • Izarrei begiraLERTXUNDI, ETXENIKE, BAZTARRIKA...Izarrei begira?
  • Izarretara begira

Teleskopioaz ari garela, itxuraz izarrei esango genuke eta beharbada nekezago izarretara. Edota mapari begira diogu eta ez *mapara begira.

Gainerakoan, nagusiki adlatiboaz markatzen dira lekuzkoak diren osagarriak –gora, behera, atzera, aurrera, iparrera, mendebaldera, itsasora, plazara begira–. Eta *beheari, *goiari, *aldamenari edo *aurreari begira, behera, gora, aldamenera edo aurrera begiraren ordez, besterik gabe ez dira gramatikalak (Fernández & Ortiz de Urbina 2010).

Begirak egon aditz arinarekin edota bestelakoekin predikatu konplexua sor dezake batzuetan (hari begira egon da), eta besteetan, postposizio beregain gisa ager daiteke (zeruari begira).

  • Hari begira egon da luzaz.
  • Ez zenion, bada, hor goian zeruari begira lo egiten utziko. (Azkenaz beste, Lertxundi, A.)

Predikatu konplexua sortzen den kasuetan, datiboa bietara ager daiteke komunztadurari dagokionez:

  • Hari begira egon da luzaz
  • (Hari) begira egon zaio luzaz

Lehenengo perpausean ez da datiboarekin komunztadura egiten; bigarren perpausean, aldiz, bai. Hautazkotasun hau orokorra da euskal hizkeretan eta ez da beraz mugatzen eremu geografiko jakin batera: biak aurki daitezke hizkera berean eta hiztun berarengan. Baliteke egitura konplexuak izatearen ondoriozkoa izatea komunztaduraren hautazkotasuna: komunztadurarik gabeko perpausean (egon da), hari datiboak begira postposizio sintagmaren barruan sortu eta bertan gelditu dela dirudi; komunztaduradun perpausean (egon zaio), berriz, hari datiboa sortzezko postposizio sintagmatik atera eta inflexioarekiko harremanean komunztadura jaso duela pentsa daiteke (Fernández, Ortiz de Urbina eta Landa 2009; Fernández eta Ortiz de Urbina 2010).

Beha ere begiraren oso antzekoa da. Baita, hein batean, zelatan ere. Adibidez, egon aditz arinarekin batera predikatu konplexua sortu ohi du eta erakutsi berri dugun komunztadura hautazkotasun bera jasotzen da bere kasuan ere:

  • Etsaia zelatan dagokanean, perilik gehien duenean, da galduenik eta erhoenik. (Guero, "Axular")
  • Astua, jauna, belarrijak artez-artez dittuzala egon da guri zeletan, nik amari esaten ixan dautsadana entzuten, eta nik, urrengotan olakorik egin eztagijan, eta iñoren arazuetan eztala musturrik sartu biar irakastiarren, juan eta ebagi egin dautsadaz belarri bijak. (Bertolda eta Bertoldin, "Otxolua")

Esker hitzak izen hutsa dirudi, eta berez zalantzak izan ditugu hemen zerrendatu ala datiboa hautatzen duten izenen artean aipatu. Dena den, postposizio beregain modura agertzen zaigu perpausean:

  • Hizkuntzalaritzari esker, herri baten kontzientzian parte hartzen duzu (Beñat Oihartzabal, Berria, 2010-03-14)
  • Naizena haiei esker naizelako. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)

Ikus, bada, datibo izenlagunen atala, xehetasun gehiagotarako.

— Egilea: Beatriz Fernandez

lanaren aipamena nola egin...

Beatriz Fernandez, "Nori", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3