Noren kasuari “genitibo” esaten zaio, eta hain zuzen ere horixe da hemen aztertuko duguna.
Genitiboaren marka –en da, oinarria kontsonantez amaitzen denean (a), eta r epentetikoa gaineratzen da oinarria bokalez amaitzean bada (b).
Kasu honi batzuetan edute-genitiboa deitu zaio (Euskaltzaindia EGLU-I, 1985), eta -ko lotura hizkirako leku-genitibo izena erabili izan da. Artiagoitiak (2000), lehenaren ordez, jabetza-genitiboa darabil eta leku-genitibo esapide bera darabil -ko hizkirako. Gaztelaniaz ere, antzekoak diren deiturak erabili dira, adibidez, genitivo posesivo vs. genitivo locativo (Villasante 1978: 116-117). Guk genitibo izen soila erabiliko dugu hemen.
Printzipioz edozein Determinatzaile Sintagmak har dezake genitibo marka, eta horri esker, izen ondoko sintagma modifikatzaile konplexuak sortzen dira. Oro har, euskalariak bat datoz genitiboa determinatzaile sintagmei (garaiko terminologian, izen sintagmak) gaineratzen zaiela esaterakoan. Modifikatzaile hauei izenlagun izena eman izan zaie euskal gramatikan (Goenaga 1978; Euskaltzaindia 1985: 415, beste askoren artean) –baita izenari laguntzen dioten –ko erlazio hizkidun sintagmei ere–. Kontuan izan –( r )en eta –ko hizkien azterketa bateratsu egin izan dela euskalaritzan, eta zaila dela baten ezaugarriez hitz egitea, neurri batean bederen, bestea kontuan hartu gabe. Dena den, guk hemen lehenari begiratuko diogu bakarrik eta –ko erlazio hizkiaren azterketarako, dagokion atalera jo beharko da.
Zergatik hartzen dugu egiturakotzat kasu hau? Absolutua, Ergatiboa eta Datiboa aditzean islatuak ikusten ditugu. Baina ez da horrelakorik gertatzen -en genitiboarekin. Hala ere, hurbilagotik ikusten badugu kontua, esan daiteke absolutuak, ergatiboak eta datiboak perpaus mailan betetzen duten papera betetzen duela -en genitiboak izen sintagmaren barnean. Horrela, ikus ditzagun adibide hauek, perpaus mailan eta izen sintagmaren mailan:
Adibide horietan ikusten da perpaus mailako egiturazko kasuaz markatuak dauden sintagmak, izen sintagmaren barnean biltzen ditugunean, kasu haren ordez -en hartzen dutela. Horregatik diogu kasu hau ere egiturazkoa dela eta hemen sailkatu behar dela. Ohart gaitezen bestelako kasuekin ez dela holakorik gertatzen, ez eta -ko leku genitiboarekin ere. Distribuzioa aski desberdina da beste kasu guztietan.
Genitiboz markatutako sintagmak izenaren ezkerretara lerratzen dira, goiko adibideetan bezala, nahiz eta inoiz eskumatara lerraturik ere ager daitezkeen, genitibo marka daramana pertsona izenordaina denean –ikus baita Goenaga (1978: 73), Euskaltzaindia (1985: 417) eta Trask (2003:144)–:
Honelako kasuetan, beharrezkoa da determinatzailea gaineratzea genitiboaren ondotik:
Genitiboak sarri askotan jabetza harremanak adierazten ditu. Halakoetan, genitiboak jabea adierazten du eta genitibo sintagmak laguntzen duen izenak jabegoa, adibidez:
Adibide honetan, bi genitibo sintagma ditugu eta biek adierazten dute jabetza: lehenak (nire) ondoko aita izena modifikatzen du; bigarrenak ((nire) aitaren) ondoko etxe izena laguntzen du, eta ondotik dator a determinatzailea. Jabetza ezinbesterenduzkoa da lehen kasuan –norbaiten aita, alaba eta abar izatea ez baita eskuz esku ibil daitekeen jabetza–; bigarrena besterengarria da –norbaiten etxea beste edozeinena bihur baitaiteke, arimarekin defendaturik ere–.
Euskalaritzan –( r )en genitiboaren aipatzeaz batera agertzen da gehienetan jabetzaren aipamena bera ere –ikus adibidez, Villasante (1978: 116), Euskaltzaindia (1985: 417), Eguzkitza (1993:167) edo Zabala (1999: 120)–.
Bestalde, genitiboak badu beste eremu nahikoa esanguratsua, hizkuntzalariek aspalditik zehaztu dutena –Euskaltzaindia (1985: 421-422), Eguzkitza (1993: 167), Zabala (1999: 113, 120-121) eta Artiagoitia (2000: 55-56) adibidez–: sintagma genitibodunek, laguntzen duten izenaren egile eta gaia edo jasailea adieraz dezakete. Esate baterako:
Adibide hauetan, genitiboak gaia adierazten du. Izan ere, jaio eta etorri aditzetatik eratorritako jaiotza eta etorrera izenek argumentu bat bakarra dute –bana, esan nahi dugu– eta argumentu horren theta-rola gaia da. Bada, izenaren gai argumentua genitiboaren bitartez adierazten da. Ondokoan, berriz:
Funtzionatu maileguzko aditzetik eratorritako izena da funtzionamendua, eta egile theta-rola ezarri beharra du. Egile rol hori jasotzen du argazki kameraren izen genitibodunak.
Batzuetan hori baino zertxobait konplexuagoak diren adibideak ditugu:
Hilketa, hil aditzetik eratorritako ekintza izena da. Izen hori laguntzen duen sintagma genitiboduna sintaktikoki anbiguoa da, bietara interpreta baitaiteke: batean izen genitiboduna egilea dela pentsa daiteke –hiltzailea, alegia–, eta beste batean, jasailea –hildakoa–. Berdin ondokoa ere:
Arrazoi pragmatikoak tarteko, egilea eta jasailea zein den beharbada erraz jakin badaiteke ere, perpausa sintaktikoki anbiguoa da.
Adibide batzuetan, bi sintagma genitibodunak aurki ditzakegu: batak egilea erakusten du eta gaia besteak. Eguzkitzarena (1993: 166) da (a) adibide laburtua eta Artiagoitiarena (2000: 56) (b) adibide egokitua:
Adibide horietan, ezkerretarago dagoen sintagma genitibodunek (Riberaren eta Maskaradaren) egilea (irudia eta antzezpena nork egin duen) adierazten dute eta jarraian datozenek (eskalearen eta Antigonaren) gaia. Irakurlea berehala ohartuko denez, hau ez da theta-rolen auzia bakarrik, sintaxian ere eragina baitu. Izan ere, Riberaren izen ondoko sintagma irudia izenaren subjektua da edo, nahiago bada, irudia izenaren espezifikatzaile gunean kokatzen da. Ondoko adibidean Maskaradaren genitiboduna (“Antigona”), antzezpena izenaren subjektua den modu berean; eskalearen modifikatzailea, berriz, irudia izenaren osagarria da –eta Antigonaren genitiboduna antzezpenaren osagarria (b) adibidean–. Ikus, adibidez, Eguzkitza (1993) eta Artiagoitia (1998: 47 eta 2000: 55).
Jakina, bi hizkuntzalariek dioten bezala, buru bakoitzeko ezin daiteke espezifikatzaile eta osagarri bana baizik aurkitu. Horregatik, ondoko sintagmak ezgramatikalak dira:
Lehenean, bi osagarri ditugu (hanka-okerraren eta eskalearen); bigarrenean, bi subjektu (Riberaren eta Murilloren), eta ez, subjektu eta osagarri bana. Gramatikalak izateko juntaduraz baliatu beharko genuke –ikus aipatu berri ditugun egileen lanak–:
Eta, jakina, osagaiak juntatzerakoan, hierarkia maila berekoak baino ezin ditugu juntatu (Artiagoitia 2000: 57): osagarriak, (a) adibidean, eta subjektuak, (b) adibidean.
Gainerakoan, kontuan izan genitibodun sintagmen segidak are konplexuagoak izan daitezkeela, adibideotan bezala –Eguzkitza (1993: 166) eta Artiagoitiarenak (2000: 56), hurrenez hurren–:
Amaitzeko, ez dugu ahaztu behar tematikoki esperimentatzaileak diren argumentuak ere adierazi daitezkeela genitiboaren bitartez. Sintaktikoki subjektuak lirateke hauek (Fernández eta Sarasola 2010):
Kontuan izan genitiboz markatutako azken sintagma hauek datiboz markatutakoei dagozkiela:
Garrantzia du honek halako datiboek genitiboa beste aukerarik ez dutelako, izen ondoko modifikatzaileak sortzeko –konparatu (a) eta (b) adibideak ( c ) eta (d) adibideekin–.
Honen berri zehatzagoa nahi duenak Datibo izenlagunak atalera jo dezake.
— Egilea: Beatriz Fernandez
lanaren aipamena nola egin...