Esaldiak hitzekin osatzen ditugu. Hitz horiek hiztegiko hitzak izan daitezke, hiztegi batean zerrendatzen diren modukoak: etxe, esne, adiskide, izan… Baina gehienetan, kateaturik ageri direnean, beste hizki batzuk ere izaten dituzte: artikulua, kasu markak, adizkietako markak, eta abar: etxean, esnearekin, adiskidearentzat, ziren… Hiztegiko hitzei lexema esaten diegu, eta morfema, berriz, hizkiei1. Hitz bakoitzak bere ezaugarri bereziak ditu. Badakigu hitz guztiak ez direla parekoak, eta perpaus batean eratzeko orduan jokabide desberdinak dituzte. Hola, Jonek leiho ondoan telebista ikusten du esaten baldin badugu, hor ageri diren hitzek beren ezaugarriak dituzte, eta horiei esker badakigu sailetan bana ditzakegula: Jon, leiho eta telebista izenak dira. Aldiz, ikusten hitza ikusi aditzaren aldaera bat da, ez da izena. Eta ondoan hitzean ageri den –n hori, demagun, postposizioa da, izena ez den beste elementu bat. Elementu horiek perpausaren barnean duten izaeraren eta jokaeraren arabera, kategoria sintaktikoak bereizten ditugu.
Hizkuntzalarien artean bi kategoria mota bereizi izan dira, ez eztabaidarik gabe, zernahi gisaz, anitzetan ez baita batere erraza batzuen eta besteen arteko mugak bereiztea:
Lehenbizikoek propietate lexikoak hartzen dituzte kontuan, eta morfologia aldetik askeak dira (oro har, esan dezagun hiztegietan ageri diren hitzak direla horiek); bigarrenek, propietate sintaktikoak hartzen dituzte, eta gehienetan ez dira, morfologia aldetik, askeak, baizik beste zerbaiti atxikiak.
Izena, hortaz, kategoria lexiko bat da. Baina kategoria lexikoen propietate semantikoak bereiztea ez da hain erraza eta gardena izaten batzuetan: ikusiko dugunez, perpausean ageri den elementu bat izena den edo beste zerbait den jakiteko argudiobide semantikoak, morfologikoak edo sintaktikoak erabiltzen ditugu.
Ez dira izen guztiak berdinak. Hasteko, Jone edo Elgoibar izen bereziak dira, baina mahai eta errepide izen arruntak. Izen bereziak norbait edo zerbait identifikatzeko erabiltzen ditugu (Maite, Lukas, Aitziber, Auza edo Bidasoa), eta izen arruntek, berriz, esaten digute zer diren pertsonak edo gauzak: andre, gizon, ume, mendi edo ibai. Bestetik, izen batzuk (aulki, esne, mendi, herri…) soilak dira, baina beste batzuk (artzain, testuliburu, batzar-agiri, harpidetza, maitasun, erosketa, elurte, gezurti…) elkartuak edo eratorriak direla esaten dugu. Ez dira, hortaz, hitz bakunak. Elkarketa edo eratorketa horren egitura batzuetan argia da (testuliburu, arnasbide…), osagaiak aski erraz bereizten ahal baitira, gardenak dira. Aldiz, beste hitz batzuetan –batez ere hitz zahar batzuetan gertatzen da hori–, osaera ez da hain gardena suertatzen zenbait kasutan: errepide (errege + bide), ertzain (herri + zain) bezalakoetan, esate baterako.
Izen horiek guztiek, bakarrik, nahiz beste elementuren batek lagundurik, izen sintagmak (IS) osatzen dituzte. Hori dela eta, ISak era askotakoak izan daitezke: Andoni; gizona; bost andre; bost andreak; bost gizon txiki; Andoni txikia; gure Andoni; gure Andoni hori; gure bost gizon; gure gizon txikia; txiki hori; bost txiki; norbait; edonor; Euskal Herriko norbait; Andoni hura; ezagutu dudan lagun bat…
lanaren aipamena nola egin...