Erabiltzaile Tresnak


morf:5:6:0

Izena eta izen sintagma

Izena eta Izen Sintagma zer diren ikusiko dugu atal honetan. Bataren eta bestearen ezaugarriak, osagaiak eta ezberdintasunak landuko ditugu.

Izen sintagmaren osagaiak

Andoni; gizona; bost andre; bost andreak; bost gizon txiki; Andoni txikia; gure Andoni; gure Andoni hori; gure bost gizon; gure gizon txikia; txiki hori; bost txiki; norbait; edonor; Euskal Herriko norbait; Andoni hura; ezagutu dudan lagun bat…

Adibideetan ageri diren sintagma horiek guztiak ISak dira: hots, izena da sintagma horien ardatza. Hortaz, beti agertzen da hor, hitz lerro horretan, izena gutxienez: Andoni, gizon, andre, eta abar. Sail horretan sartzen ditugu edonor bezalako izenordainak ere. Eta ardatza den izen horrek izan ditzake inguruan beste elementu batzuk: -a, gure, txiki edo bost, esate baterako.

Hala ere, ohartuko gara izen hori ez dagoela beti agerian: txiki hori, bost txiki. Non da, izan ere, adibide horietan ardatza delako izen hori? Kasu horietan izena isilean dagoela esaten dugu, testuinguruak berak erakusten baitu aldi bakoitzean zeri buruz ari garen: bost (gizon) txiki, bost (andre) txiki, (ume) txiki hori, eta abar. Gurea esaten duenak ere nolabait gure den zerbait edo gure den norbait edo holako zerbait ulertzen duela pentsatu behar dugu. Hortaz, IS elementu desberdinez osatzen bada ere, denetan bada beti, agerian edo ezkutuan, elementu nagusi gisan ageri den bat: izena.

Finlandia iparraldean 40 gradu ere izaten dira zero azpitik neguan

ISrik ez da, berez, izenik gabe. Agerian ez bada, ezkutuan egongo da.

ISan agertzen diren elementuak, funtsean, sail bat baino gehiagokoak ditugu:

  • ardatz elementuak: sagarra
  • elementu atributiboak, hau da, adjektibo edo izenondoak: sagar gorri
  • izenlagunak: arbolako sagar
  • determinatzaileak: arbolako sagar gorria; arbolako sagar gorri hori
  • zenbatzaileak: arbolako hainbeste sagar gorri

Konturatu behar dugu, zernahi gisaz, hitzak aski erraz aldatzen direla batzuetan kategoriaz. Hola, hitz bera (hotz hitza, adibidez) izen gisa agertzen ahal zaigu batzuetan (hotz handia egiten du), edo izenondo gisa ere, beste batzuetan (esne hotza):

  • hotz
  • hotz handia egiten du ⇒ izena
  • esne hotza ⇒ izenondoa

Ikusten den gisan, batean eta bestean testuinguru desberdinean ageri da. ISaren ardatza, batean, hotz hitza da, izena: hotz handia diogunean, handi izenondoak kalifikatzen du hotz izena, eta izen hori da sintagmaren ardatza. Baina esne hotza esaten badugu, IS horren ardatza ez da hotz, baizik esne, eta hotz izenondoak esaten digu zerbait esne izenari buruz. Bigarren kasu horretan hotz ez da izena, baizik izenondoa.

Ez da hori izen eta izenondoekin (adjektiboekin) bakarrik gertatzen, hitzen kategoria bikoiztu hauek bestela ere gertatzen baitira:

  • gero
  • gero etorriko da ⇒ adberbioa
  • geroak argituko du kontua ⇒ izena

Hola, gero etorriko da edo geroak argituko du kontua esaten badugu, gero hitza ageri zaigu bi perpausetan, baina batean adberbioa da (gero etorriko da) eta bestean IS baten ardatza, izena (geroak argituko du kontua), hortaz, bere mugatzaile eta guzti. Hori esatea edo Koldok argituko du kontua esatea, testuinguruari dagokionez, gauza bera da.

Izen Sintagma

Gramatika honetan bertan, Gramatika kategoriak sailean aipatu dugu zaila zela gramatika-kategoriez banan-banan hitz egitea gramatika-kategoria bateko kide jakin baten inguruan eratzen den egitura-multzoaz, sintagmaz finean, hitz egin gabe. Zailtasun hori nabarmenagoa-edo da izenaz eta izen sintagmaz jarduterakoan. Eta nabarmenagoa iruditzen zaigu, adjektibo soilak edo aditz soilak osaturiko adjektibo-sintagmak edo aditz-sintagmak dauden arren, nekezago aurkitzen baitira izen soilak osaturiko izen sintagmak. Adibide xume batzuek lagunduko digute puntu hau argitzen. Hona hemen:

  • Miren {erori da, agurtu dugu}EGUN HORRETAN AGURTU GENUEN GURE LAGUNA GASTEIZEN
  • Emakume bi {erori dira, agurtu ditugu}
  • Gure lagun hori {erori da, agurtu dugu}
  • Gasteizko emakume garai bi {erori dira, agurtu ditugu}
  • Hori {erori da, agurtu dugu}
  • Garai bi {erori dira, agurtu ditugu}

Adibide horietan guztietan, letra etzanez markaturikoak lirateke izen sintagmak, izen bat ardatz hartuta eratutako egitura-multzoak alegia. Baina gertuagotik begiratuz gero, honetaz konturatzen gara: Miren erori da/agurtu dugu adibidea alde batera utzita, beste guztietan izenaz gain beste zerbait ere agertzen dela izen sintagma osatuaz. Are gehiago: Hori erori da/agurtu dugu, Garai bi erori dira/agurtu ditugu adibideetan izenik ere ez da agertzen, izen sintagmaz hitz egiten jarraitzen dugun arren. Esan liteke adibide horietan aukerako elementu asko daudela, izen sintagma bat eratzeko inola ere ezinbestekoak ez direnak; esaterako, Gasteizko edo garai gabe ere Gasteizko emakume garai bi erori dira/agurtu ditugu adibidea ondo legoke. Ados. Baina kontura gaitezen izena bera bakarrik ez dela gai beti izen sintagma osatzeko, hau da, izenak berak bakarrik ez du garantizatzen izen sintagma egokia osa daitekeela; ikusi, bestela, zer gertatzen den:

  • Miren {erori da, agurtu dugu}
  • *Emakume {erori dira, agurtu ditugu}
  • *(gure) lagun {erori da, agurtu dugu}
  • *(Gasteizko) emakume (garai) {erori dira, agurtu ditugu}
  • hori {erori da, agurtu dugu}
  • (garai) bi erori dira, agurtu ditugu

Alegia, Miren bezalako izen bat nahikoa da izen sintagma osatzeko, baina hortik aurrera, izen hutsak ez du nahiko indar horrelako egiturarik sortzeko. Alderantziz: ondorengo (Emakume bi erori dira/agurtu digutu, Gure lagun hori erori da/agurtu dugu, Gasteizko emakume garai bi erori dira/agurtu ditugu) adibideetan ezabatu ditugun (eta izenak ez diren) bi eta hori elementuek, berriz, nahikoa dirudite izen sintagma sortzeko, eta berau nahiko ondo ikusten da bi, hirugarren eta laugarren adibideak azken bi adibideekin erkatuta: Gasteizko eta garai bezalakoak tartean izan edo ez, horrek ez du eraginik gramatikaltasunean; bi eta hori bezalakoak tartean izateak, aitzitik, zeharo aldatzen du gramatikaltasuna.

Beraz, egoera honexekin egiten dugu topo: izen gutxi batzuk alde batera utzita, izen sintagma osatzeko behar-beharrezkoak dira bi eta hori bezalako… “determinatzaileak”. Eta zer dira “determinatzaileak”? Ba, Miren bezalakoa ez den izen batekin izen-sintagma osatzeko gai diren elementuak. Hartara, halako elkarren mendekotasuna dute “determinatzaileek” eta “izenek”: izenek determinatzaileren bat edo beste behar dute izen-sintagma osatzeko, eta determinatzaileen izateko arrazoia izenak osatzea, zehaztea da. Izenik ez dagoelarik ere (cf. Hori erori da/agurtu dugu, Garai bi erori dira/agurtu ditugu adibideak), izenen bat edo beste izango da tartean, testuinguruaren arabera.

Izen-sintagmen, edo nahiago badugu, tradizionalki izen-sintagma deritzen horien osaeran “determinatzaileek” duten rol garrantzitsua egiaztatzeak gaur egungo gramatikari asko izen-sintagma funtsean determinatzaile-sintagmatzat jotzera eraman ditu:

determinatzaile sintagma da determinatzailea ardaztzat hartzen duen egitura-multzoa.

Ondo pentsatuta, ikuspegi honek badu bere zentzua: tradizionalki “izen-sintagma” deitu izan dugun egitura-multzoan izena da elementu lexiko nagusia, baina “determinatzaile” deitu daitekeen elementu funtzional baten behar larria du. Forma hutsaren ikuspegitik behintzat, determinatzaile hori izena bezain garrantzitsua da.

Hurrengo ataletan, lehenik (Izenaren sailkapenak) izenaren inguruko sailkapen nagusiak berrikusiko ditugu: bai izen arrunten eta berezien arteko bereizketa, bai zenbakarri/zenbakaitz eta neurgarri/neurgaitz bereizketak aztertuko ditugu; ondoren, (Osagarria hautatzen duten izenak) osagarria hautatzen duten izenen aurkezpen orokorra etorriko da; azkenik, (Generoaz) izen kategoriaren generoaz (edo generorik ezaz) jardungo dugu gero.

— Egilea: Xabier Artiagoitia

Erreferentziak

  • Aldezabal, Izaskun, 2004, Aditz-azpikategorizazioaren azterketa sintaxi partzialetik sintaxi osorako bidean. Tesia, EHU, http://www.euskara.euskadi.net/appcont/tesisDoctoral/PDFak/izaskun_aldezabal_TESIS.pdf
  • Anderson, M., (1983), “Prenominal Genitive NPs”, The Linguistic Review 3, 1-24.
  • Artiagoitia, X., (2006), Euskarazko izen-sintagma: arkitektura eta egitura funtzionala, EHUko eskuizkribua.
  • Azkarate, M., eta P. Altuna (2001) Euskal morfologiaren historia, Donostia: Elkarlanean.
  • Baker, M., (2006), Lexical Categories. Verbs, Nouns and Adjectives, Cambridge: Cambridge University Press.
  • Creissels, Denis, 2008, “Predicative Argument Marking: The case transformation verbs”, Cognitive and Functional Perspectives on Dynamic Tendencies in Languages, Tartu, May 29 – June 01, http://www.deniscreissels.fr/public/Creissels-pred.arg.pdf
  • Emonds, J., (1986), “Parts of speech in generative grammar”, Linguistic Analysis 16, 247-286.
  • Euskaltzaindia, (1999), Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-V (Mendeko Perpausak-1), Bilbo: Euskaltzaindia.
  • ——- (2001), Euskal Izendegia, Bilbo: Euskaltzaindia.
  • Goenaga, P., (2003), “-EN eta -KO atzizkiez berriro”, in J. M. Makatzaga eta B. Oyharçabal (arg.), Euskal Gramatikari eta literaturi buruzko ikerketak XXI. Mendearen atarian Iker 14 (1), Bilbo: Euskaltzaindia, 279-303.
  • Grimshaw, J., (1990), Argument Structure, Cambridge MA: MIT Press.
  • Longobardi, G., (1994), “Reference and Proper Names: A Theory of N-Movement in Syntax and Logical Form”, Linguist Inquiry 25.4, 609-665.
  • Montoya, Estibaliz, XXX, “Jende izena pluralean erabiltzeaz”, FLV, 163-174. http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/590688AB-45C1-4F0A-88B7-848AFC942B3D/254827/FOLI0101000001630175.pdf
  • Nelson, Gerald, 2001, English, an Essential Grammar. London: Routledge
  • RAE, 2009, Nueva gramática de la lengua española, Madrid: Espasa
  • Rijk, R. P. G. de, (1990), “Location nouns in Standard Basque”, ASJU 24.1, 3-20.
  • Sarasola, I., (2007), Euskal Hiztegia, Donostia: Elkar.
  • Stowell, T., (1989), “Subjects, Specifiers, and X-bar Theory”, in M. Baltin and A. Kroch (arg) Alternative Conceptions of Phrase Structure, Chicago: Chicago University Press, 232-262.
  • ——- (1991), “Determiners in NP and DP”, in K. Leffel and D. Bouchard (arg), Views on Phrase Structure, Dordrecht: Kluwer Academic Publishers, 37-56.
  • Zabala, I., (1999), “Izen-sintagma konplexuak: adjektiboen eta izenlagunen segidak” in J. C. Odriozola (arg.) Zenbait gai euskara teknikoaren inguruan, Bilbo: EHU, 107-157.
  • ——- (1993), Predikazioaren teoriak gramatika sortzailean (euskararen kasua). Tesia, EHU, http://www.euskara.euskadi.net/appcont/tesisDoctoral/PDFak/igone_zabala_TESIS.pdf

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Artiagoitia, "Izena eta izen sintagma", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3