Erabiltzaile Tresnak


morf:5:6:1

Izen sintagma eta determinatzaile sintagma

Perpausak aditzen inguruan antolatzen dira. Aditz bakoitzak bere argumentuak hartzen ditu, osagai batzuk eskatzen ditu. Hori ikusten da ondoko adibide hauekin:

  • neskatxa hurbildu da
  • neskatxak sagar bat jan du

NESKA MUTILARI HURBILDU ZAIO Ikusten denez, hurbildu aditzak argumentu bat hartu du, absolutiboan doana, NOR kasuan. Aldiz, jan aditzak bi argumentu hartu ditu: bat absolutiboan doa, eta bestea ergatiboan. Jakina, aditzen konfigurazio horiek konplexuagoak izan daitezke:

  • neskatxa mutikoari hurbildu zaio
  • neskatxak sagarra jan dio mutikoari

Eta konplexutasun hori gero eta urrunago eraman dezakegu (datiboa edo postposizio sintagmak sartuz):

  • neskatxa mutikoari hurbildu zaio gaur goizean
  • neskatxak sagarra jan dio mutikoari plateretik

Aditzaren osagai horiek guztiak determinatzaile sintagmak dira (“neskatxa”, “mutikoari”, neskatxak“, “sagar bat”), edo postposizio sintagmak (“plateretik”,. “gaur goizean”). Determinatzaile sintagmak direla diogu, sintagma horiek determinatzale bat baitute, arau fonologikoak direla eta, batzuetan determinatzaile hori ageri-agerian gertatzen ez bada ere:

  • neskatxa + a = neskatxa
  • mutiko + a = mutikoa
  • sagar + a = sagarra
  • plater + a = platera

Determinatzaile horien gunea, edo burua, “a” artikulua da, eta horrek hartzen du osagarri gisa beste sintagma bat (buruak hartzen duen osagarria sintagma izaten da). Sintagma hori izen sintagma da. Beraz, adibide horietan, “neskatxa”, “mutiko”, “sagar” eta “plater”, izen sintagmak dira. Izen sintagmaren burua, noski, izena da. Eta izenak ere har ditzake osagarriak.

HAU ERE ALKATU IZENDATU DUTE, BAINA EZ DA JON Izen sintagmaren, eta determinatzaile sintagmaren arteko desberdintasuna beste adibide batean ikus daiteke:

  • Jon alkate izendatu dute

Adibide horretan, “alkate” izena da, eta aldi berean izen sintagma, baina ez da determinatzaile sintagma, determinatzailerik hartzen ez duelako. Atal honetan kontu hauek guztiak azalduko dira.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Izen sintagma eta determinatzaile sintagma", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3