Erabiltzaile Tresnak


morf:5:6:2

Izenaren sailkapenak

Izenak ez dira denak multzo berekoak, eta izen hori hartzen duen kategoriaren azpian sail bat baino gehiago bereizten dira gramatiketan. Zernahi gisaz, bereizketa horiek egiteko orduan irizpide bat baino gehiago erabil daiteke, eta hala erabiltzen dira gramatiketan. Nolanahi ere, izen mota desberdinak bereizirik ere, haien arteko mugak eta desberdinatsunak batzuetan aski ilunak gertatzen dira, ezaugarriak aski aldakorrak baitira.

10.000 zapata pare Parisen, manifestazioak egiteko debekuaren aurka

Ezaugarri horiek era askotakoak izan daitezke, eta horregatik ez datoz bat sailkapenean hizkuntzalariak. Esate baterako, morfologian oinarriturik egin daiteke bereizketa, eta orduan deklinabidea duen hizkuntza bat hartzen bada kontuan, latina, adibidez, hizkuntzak lehenbiziko edo bigarren edo hirugarren deklinabideko izenak dituela esaten da: doctrina, lex, amicus… bezalako izenek kasu bera izanik ere, amaiera desberdinak erakusten dituzte. Morfologian bereizten dira, halaber, singularra eta plurala, edo generoa ere. Bereizketa horiek, dena dela, ez dute islarik euskaran: adiskide berdin da gizona nahiz andrea, eta plural marka –k da beti (ingelesak mouse/mice, foot/feet… bereizten ditu singularrean eta pluralean, esaterako). Beste batzuetan irizpide semantikoak edo sintaktikoak erabil daitezke, nahiz irizpide horiek elkarren artean gurutzatzen diren maiz. Ez dira norabide bakarreko irizpideak, hortaz. Hemen, zernahi gisaz, gure sailkapena egiteko orduan, erdiko bidea hartu dugu, eta kontuan izan ditugu gramatiketan gehien erabiltzen diren irizpideak.

Izenen sailkapena euskaran

Irizpide morfologikoak, semantikoak eta sintaktikoak erabiliko ditugu izenen arteko bereizketak egiteko, baina irizpide horiek ez dira beti gardenak eta balio zuzenekoak, askotan elkarren artean gurutzatu egiten baitira, berehala ikusiko dugunez.

Izenak arruntak (leiho, itsaso, mendi) edo bereziak (Donostia, Elizondo, Miren) izaten ahal dira. Izen arruntetan beste bi multzo bereizten dira: zenbakarriak (udare, kale, aulki) eta zenbakaitzak (maitasun, olio), nahiz zenbait kasutan badiren izen batzuk bietara erabiltzen ahal direnak. Izen arrunt zenbakarriak, bestetik, animatuak 1 izan daitezke (asto, zaldi) edo ez-animatuak (zuhaitz, izar), nahiz bereizketa honek ere badituen hainbeste adar elkarren artean traban bezala ageri direnak. Pertsona izen bereziak (Eider, Mari, Patxi) ere arimadunak baitira, bizidunak, alegia. Bestetik, maitasun eta olio bezalako izen zenbakaitzen artean, batzuk neurgarriak dira (esne) eta beste batzuk neurgaitzak (gorroto).

Semantikarekin lotura handiagoa duten irizpideei jarraituz, izen banakoak (alkate, mediku, apezpiku) eta multzokariak (familia) bereizten dira. Eta baditugu, hori ere, izen abstraktuak (argitasun) eta konkretuak (apalategi). Semantikan oinarriturik egiten ditugu bereizketa horiek guztiak. Eta jokabidea dela eta baditugu argumentu-izenak (laburpen beti “zerbaiten” laburpena da); gertaera-izenak (erorikoa izan du diogunean, esaterako); sailkapen-izenak (mota) eta kuantifikazio-izenak (eskukada). Azkenik, berriz ere morfologian oinarriturik izen bakunak (sagar), eratorriak (sagardi) eta elkartuak (lursagar) bereizten dira.

Karakate-Irukurutzeta, Otarretik

IZENAK
  • Arruntak: etxe, arima, min…
    • Zenbakarriak: sagar, liburu, kale…
      • Animatuak: seme, jende, andre…
      • Ez animatuak: mendi, herri, mahai…
    • Zenbakaitzak: ohore, edertasun, ke…
      • Neurgarriak: irin…
      • Neurgaitzak: maitasun…
  • Bereziak: Baztan, Lekeitio, Eider…
IZENAK (bereizketa semantikoaren arabera)
  • Banakoak: alkate, mediku, apezpiku…
  • Multzokariak: familia…
  • Konkretuak: leiho, apalategi…
  • Abstraktuak: zailtasun, argitasun…
IZENAK (jokabidearen arabera)
  • Argumentu-izenak: laburpen…
  • Gertaera-izenak: istripu, eroriko…
  • Kuantifikazio-izenak: baso, eskukada…
  • Sailkapen-izenak: mota…
IZENAK (irizpide morfologikoaren arabera)
  • Bakunak: liburu, sagar…
  • Eratorriak: liburugintza, sagardi…
  • Elkartuak: eskuliburu, lursagar…
1 Bizidun terminoa ere erabiltzen da adiera honetan, kontuan izan, adibidez, landareak ere bizidunak direla

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Izenaren sailkapenak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3