Erabiltzaile Tresnak


morf:5:6:2:2

Izen arruntak eta bereziak

Izen berezien eta arrunten arteko bereizketa nahiko argigarria da gramatikaren inguruko hainbat kontzeptu giltzarri ulertzeko. Hasteko, eta arestian ikusi dugunez, izen bereziak inolako determinatzailerik gabe izen sintagma bat, hots izenaren inguruko egitura multzo bat, eurek bakar-bakarrik osa dezaketenak dira 1:

Izen bereziak: determinatzailerik gabe izen sintagma osa dezaketen izenak.
  • Gasteiz (*-a) izugarri gustatzen zait
  • Joane (*-a) Tourraren irabazlea izan zen duela urte batzuk.
  • *Hiri izugarri gustatzen zait
  • *Euskal txirrindulari Tourraren irabazlea izan zen duela urte batzuk.

IRABAZI ZUEN FRANTZIAKO ITZULIRIK TXIRRINDULARI HONEK?

Alegia, Gasteiz edo Joane bezalako izenek ez daukate inolako arazorik izen sintagma deituko genukeen hori osatzeko; hiri edo txirrindulari bezalako izen arruntek, ostera, ez dute balio halako egiturarik sortzeko, euskal gramatikan behintzat.

Izen arruntak: izen sintagma osatzeko determinatzailea behar duten izenak.

Izen arruntek, horrenbestez, mugatzaile deitzen den elementuren bat, zenbatzaile bat edo biak behar izaten dituzte izen sintagma osatzeko:

  • mugatzailea:
  • emakumea ibili da gure bila
  • *emakume ibili da gure bila
  • zenbatzailea:
  • bost emakume ikusi ditugu
  • mugatzailea eta zenbatzailea:
  • bost emakumeak ikusi ditugu

Irizpide morfologikoa

Aurreko sintaxi egiturazko datu horrek badauka bere kidetasuna interpretazioan: izen berezien erabilera normalean automatikoa da erreferentzia ezagun batean pentsatzea, izen bereziek berezkoa dute erreferentzia zehatza. Honek zer esan nahi duen? Ba, Joane edo Josu esaten dudan unetik bertatik, nik espero dudala entzuleak izen horien azpian dauden identitateak ezagutzea. Beste era batera esanda, izen bereziek errealitatean dagoen zerbait edo norbait ezagunarengana garamatzatela dirudi. Besterik da, noski, entzuleak izen bereziaren erreferentzia ezagutzen duen edo ez. Hona testuinguru posible bat:

  • Irakasle batek ikasleei eskola batean: Josu ikusi duzue?

Galdera egiten duenak espero du ikasleek behingoan gizaki jakin batengan, aldez aurretik ezaguna eta eskolakide guztiek identifika lezaketena, pentsatzea. Ikaskideek aurretik Josuren berririk eduki ez badute, edo ikasle hori nor den ez badakite, arrarotzat joko dute galdera. Baina, nolanahi ere, adibideak agerian uzten du izen berezien berezitasuna: berez bidaltzen gaituztela erreferentzia ezagun batera.

Izen arruntek, berriz, ez dute erreferentziarik, ez dute balio zuzenean izaki edo objektu edo zerbait identifikatzeko. Izen mota bien arteko kontrastea argitze aldera, ikus ditzagun zerrenda bi hauek:

  • Miren, Josu, Gasteiz, Guggenheim, Kursaal…
  • ikasle, emakume, gizon, liburu, hiri, jauregi…

Lehen zerrendako izenak testuinguru arruntean norbait edo zerbait jakina gogoan dugula erabiltzen ditugu; baina ikasle izenak ez du ikasle jakin bat adierazten, emakume edo gizon izenek ere emakume edo gizon jakin bat adierazten ez duten bezala. Gehienez ere, ausartuko ginateke esatera ikasle izen arruntaren etiketak lanbidea edo ikasle ezaugarriak partekatzen dituzten guztien saila, multzoa-edo, adierazten duela.

Esan nahi baita izen bereziek erreferentzia zehatza dutela, ez dagozkiela espezie bereko izaki guztiei, izaki jakin bati baizik. Alde horretatik, Axular, Koldo, Itziar pertsona izenak, edo Ataun, Gasteiz, Matxinbenta, Paris, Londres… leku izenak, edo Jakin, Erein edo antzeko izenak erreferentzia bakarreko izenak ditugu. Horregatik dira izen bereziak. Eta, ikusten denez, ez dute mugatzailerik ere. Haritz norbaiten izen berezia izan daiteke edo zuhaitz mota bat ere. Lehenbiziko kasuan bere gainean izen hori daraman pertsonak berez dituen ezaugarriekin lotzen dugu “Haritz”. Eta gerta daiteke bi Haritz aurkitzea eta biak oso desberdinak izatea elkarren artean. Baina haritz izen arruntak, ordea, sail bat osatzen duten zuhaitz batzuei egiten die erreferentzia, eta alde horretatik, klase horretako izaki guztiek, zuhaitz guztiek, propietate eta ezaugarri komun asko dituzte, hain zuzen ere, izen horrek bildu nahi dituen guztiak. Hortik, ezaugarri multzo horretatik, ateratzen da haritz hitza. Beraz, printzipioz, izen bereziek ez dute determinatzailerik hartzen, eta arruntek bai. Hori da haien arteko bereizketa egiteko erabil dezakegun lehenbiziko irizpidea (Irizpide morfologikoa).

Baina gauzak ez dira hain sinpleak: zenbait esamoldetan izen bereziek erakuslea har dezakete; baita mugatzailea ere, testuinguru egokia ageri bada:

  • Ines honek zer uste du!
  • Peru gurea Londresen bizi da.

Baina, ikusten denez, artikulua ez du izenak berak zuzenean hartzen, baizik izen berezia ardatz duen sintagmak: adjektiboak, esaterako, izenaren ondotik adjektiboa jartzen bada:

  • Jean handiak egin zuen hori
  • Axular jakintsuak idatzi zuen liburua

Horietan badirudi dagoeneko erreferentzia garbia delarik (Axular), igorleak erreferentzia horren ezaugarri bat nabarmentzeko lizentzia hartzen duela. Horiez gain, badira toki izena + oso-guzti-gehiena-… eta horien antzeko esapideak, erreferentzia zehazteko balio digutenak:

  • Mosku osoa ongi ezagutzen dugu.
  • Frantzia guztia/gehiena bere menpe hartu zuen.

Izen sintagman perpaus erlatibo bat ere agertzen bada, orduan izen bereziak, zerbait hartzekotan, erakuslea hartzen du, baina ez mugatzailea:

  • Hau ez da nik ezagutu nuen Joxe
  • Hau ez da nik ezagutu nuen Joxe hura
  • Hau ez da nik ezagutu nuen *Joxea

Izen berezi batzuek, dena dela, mugatzailea hartzen dute: Bizkai baina Donostia (ikus 3g). Zernahi gisaz, eta salbuespenak salbuespen, determinatzailea hartu ahal izatea edo ez, horrek bereizten ditu formalki izen bereziak eta arruntak, ikusten den gisan.

Irizpide semantikoa

Semantika aldetik ere bereizten dira izen bereziak eta izen arruntak, hori da erabil dezakegun bigarren irizpidea. Izen arruntak sail edo espezie bateko gauzak edo izakiak (pertsonak, gauzak, taldeak, materiak, gertaerak, kontzeptu abstraktuak) aditzera emateko erabiltzen dira: gizon, esate baterako, izen arrunta da, eta gizon diren izaki guztiei aplikatzen zaie; etxe ere arrunta da, eta etxe guztiei aplikatzen zaie. Izen arruntak sail edo mota batean biltzen diren izakiei aplikatzen zaizkie, ikusten denez. Baina Andoni edo Paris izaki jakin bati bakarrik aplikatzen diogu, ez kategoria bati, eta izen bereziak direla esaten dugu hortaz. Nolabait ere esateko, izaki bakarrak dira. Balio denotatiboa dute, ez dute esanahirik: gerezi bat zer den badakigu, hiztegi batean behatu dezakegu, baina ez dakigu, ordea, zer izan daitekeen Andoni bat. Ez dugu hiztegian aurkituko.

Hori da erabili izan den irizpide klasikoa. Badira arazoak, zernahi gisaz: Euskal Herrian bertan baditugu bi herri Getaria izenekoak, bat Iparraldean eta bestea Hegoaldean. Holako kasu asko dago: Durango bat bada Bizkaian, eta beste bat Estatu Batuetan. Eta Euskal Herrian bada Bizkaia bat, baina baita Filipinetan ere. Eta Andoni asko dago munduan. Baina ez dute izen horiek kanpotik identifikatzeko moduko kategoriarik osatzen: munduko etxeek, elkarren artean desberdinak badira ere, badituzte ezaugarri komun batzuk, gutxienekoak badira ere; aldiz, munduan izan daitezkeen Andoni horiek ez dute, gizonak izateaz aparte, ezaugarri komunik, kasualitatez ez bada. Izen bereziak berez daude determinatuak, baina izen arruntek determinatzailea behar dute. Izen arruntak bakarrik ageri dira hiztegietan. Izen bereziak ezin, ez baitute inolako esanahirik. Axularri buruz ari baldin bagara, Axular izeneko norbaitek zituen propietate eta ezaugarriekin lotzen dugu.

Lapurdiko Getaria

Gipuzkoako Getaria

Munduari buruz dugun informazioak erakusten digu, azken batean, zein den izen berezia eta zein, berriz, arrunta. Geografia izenak, herri eta hirienak, pertsonen izenak, marken izenak, eta abar, izen bereziak dira askotan: Londres, Elizondo, Miren, Volvo, eta abar. Gogoratu bestalde, kanpoko izenak gureganatzen ditugunean, artikulua kentzeko joera daukagula: Kairo.

Zenbait kasutan, ordea, bi irizpide horiek (determinatzailea izatea edo ez; erreferentzia bakarra izatea edo ez) gurutzatu egiten dira edo, beste hitzetan esateko, bereizketa egiteko baliatzen ditugun irizpideek ez dute beti emaitza bera ematen. Adibidez, azkenekoetatik hasiz: Volvo izen berezia da, dakigun gisan, konpainia baten izena. Baina Volvo bat erosi dute etxean esaten badugu, izen berezi horri determinatzaile bat erantsi diogu: ‘Volvo markako auto bat’ adierazi nahian erabiltzen da. Eta prozesu bera gertatzen da beste izen berezi batzuekin ere: haren mintzaldia entzun nuenean Demostenes baten aitzinean nintzela pentsatu nuen. Hitz horiek hiztunak, holakoetan, izen arrunt gisan erabiltzen baditu ere (zenbat Axular uste duzue dagoela gela honetan?, donjuanak agertu dira orain herri hartan) ez du kontzientzia galdu izen horien jatorriaz, eta badaki hasieran izen berezi bat dagoela hor2. Eta gainera, izen berezi horiek nolabaiteko ezaugarri berdinak dituzten izakien kategoria baten adiera eman nahian erabili dira. Beste batzuetan, gerta daiteke jatorrian izen berezia zena izen arrunt izatera pasatzea: mukiak kentzeko klinexak maite dituzte batzuek, zapi baten marka izen arruntera oharkabean pasaturik; mentore erabil dezakegu, baina segur aski ez gara ohartzen Odisean ageri den Telemakoren aholkularia zela Mentor. Azkenik, hiztun askok bikak erabiltzen dituzte idazteko, Bic bolalumetatik hartu ondoren izena.

Badira, bestetik, alderantzizko bidea eginez orain, itxuraz bederen, izen arruntak izanik ere, erreferentzia jakin eta bakarra dutenak. Kasu argia da Jaungoikoa-rena, adibidez. Baina gauza bera gertatzen da errege (literatura klasikoan bederen, nahiz artikuludun adibideak ere ez diren falta), amabitxi, aita, aitatxo, ama, amatxo, osaba, eta abarrekin. Munduan errege, aitatxo eta amabitxi asko dago, eta alde horretatik izen arruntak dira; baina erreferentzia bakarra eta zuzena adierazi nahian erabiltzen direnean, determinatzailerik gabe erabiltzen ditugu: amabitxi Begoña.

Eta gauza bertsua gertatzen da, neurri batean, berezia den zerbaiti izen arrunta jartzen diogunean (bide batez, izenondoa ere izan daiteke), adibidez, erakundeekin (Eusko Ikaskuntza) aldizkari-egunkari izenekin (Berria, Deia, Argia) edo etxe izenekin (Ametsa, Etxeberria, Apezetxea…). Baina horietan, sortutako izen berezia artikulu eta guzti azaltzen da. Kasu horietan egokiena eta argiena Herria-tik, Deia-tik edo Argia-tik idaztea da. Berdin gertatzen da elkarte batzuen izenekin ere: Gure etxea-tik, Arrano Beltza-tik… (nahiz Arrano Beltzetik ere idazten duten batzuek), Mutiko alaiak-era, Lagun onak-ekin, eta abar. Batzuek “taldea”, “elkartea” edo holako zerbait gaineratzeko joera dute (Mutiko alaiak elkartera), naturalago bihurtuz sintagma. Zaila da gero hor arau estuak eta zehatzak ematea: Deiara bidali dut, Argiakoek hori uste dute, Herriatik jakin dugu, eta abar arruntak dira, batez ere ulertze arazorik sortzen ez badute. Sintagmak hartzen ditugu izen berezi gisa, artikulua bereganatu izan balute bezala. Berdin gertatzen da elkarte batzuen izenekin, edo alderdien izenekin ere: Gure etxea-tik, Arrano Beltza-tik, Eusko Alderdi Jeltzalea, Alderdi Komunista, Herri Batasuna, Euskadiko Alderdi Sozialista… Badira izen berezi batzuk pluralez (Euskaldunak) edo postposizio bidez (Lagunekin) eratuak. Ez da falta San Joseren bezalakoren bat ere, kartelek Getxon erakusten duten gisan. Holakoetan egokiena da sintagmatzat hartzea eta beti marra erabiltzea sintagmari zerbait eransten bazaio.

Baina artikulua berekin duten izen bereziekin ari garelarik, badira bestelako jokabidea agertzen dutenak ere, postposizioak eranstean artikulua galtzen dutenak. Euskaltzaindia bera ere izen berezia da, elkarte bakarra dago munduan izen horrekin, baina hor ere mugatzailea ageri da, eta izen arruntekin bezala erabiltzen dugu: Euskaltzaindiak esan du; Euskaltzainditik etorri da berri hori… Ez dira gutxi, hala ere, Euskaltzainditik esan beharrean *Euskaltzaindiatik esaten dutenak, mugatzailea izenaren parte hartuz bezala. Baina ez da kasua, -Letra etzaneza hori ez da izenaren parte, baizik mugatzaile arrunta. Eta mugatzaile guztiekin gertatzen den gisan, batzuetan ez da jarri behar: mendian / Euskaltzaindian bai, baina mendiko / Euskaltzaindiko; mendira / Euskaltzaindira; menditik / Euskaltzainditik, eta abar. Euskal Herria izenarekin gertatzen den bezal-bezala, horrek ere galtzen baitu artikulua zenbait kasutan: Euskal Herrira, Euskal Herritik.

Egun-hilabete eta urtaro izenak

Arazo bat gertatzen da asteko egunekin, hilabeteen izenekin eta urtaroekin ere. Horiek guztiek erreferentzia zuzena izan arren, artikuluarekin ematen ditugu beti: astelehena, azaroa, udaberria… Arrazoia izan daiteke, beharbada, jatorriz horiek hitz arruntak direla (lehen, aro, aste, uda, berri…). Egun izen arruntak dira, nahiz beste hizkuntza batzuetan letra larriz idazten diren, euskaraz ez bezala, eta mugatzaile gabe ere agertzen dira: today is Sunday; agosto llegaba a su fin; en avril ne te découvre pas d’un fil, etc. Baina euskaraz ez da halakorik, eta mugatzailea behar du. Gauerdi eta eguerdi hitzak bietara ageri dira, artikulu gabe edo artikuluarekin, euskalkien arabera. Hau lotuago dago, hain segur ere, beste jokaera zabalago batekin:

badirudi euskal sintaxiak ezinbestean eskatzen duela, izenen edo izenondoen kasuan, hauek beti determinatzailearekin agertzea.

Hola, etxe bat irudikatzen duen margolan baten azpiko aldean maison, house, edo casa jarri badaiteke ere, euskaraz nahitaez etxea behar dugu, mugatzailearekin, beste hizkuntzetan ez bezala. Beste hitzetan esanda, euskaraz zitazio-forma mugatzaile eta guztikoa da. Artikuluak ez ditu bereizten, hortaz, argi eta garbi izen bereziak eta arruntak (ikus toki izen bereziez esaten duguna berehala), baina badirudi, zernahi gisaz, nahiko irizpide bidezkoa dela.

Dena den, egia izanik ere izen bereziak artikulurik gabe ditugula euskaraz, eta alde horretatik beste hizkuntza batzuetan baino muga itxiagoak ditugula (Antton / baina el Antonio), zenbait hizkuntzatan izen bereziek badute beste ezaugarri bat: ezin dute adjektiborik hartu, baina euskaraz ez da arazorik, betiere determinatzailea ageri bada, lehentxoago esandakoaren arabera: Axular handia, Andoni txikia, Mikel gizena, Paris ederra, Erroma ikusgarria, eta abar. Kasu bakan batzuetan izen berezi horiek izen arrunt gisan erabil ditzakegu:

  • lau picasso erosi zituen
  • baditut etxean txillida batzuk

Beste testuinguru batzuetan ere berdin gertatzen da: herri horretan batek daki zenbat Aramendi dagoen. Zenbait kasutan, bat zenbatzailea ere erabiltzen da adierazgarriak izan daitezkeen adibide mota batzuen berri emateko:

  • musikari horrek badu Mozart baten indarra, baina ez da Mahler bat bezain merke-itsaskorra.

Hizkera arruntean posible da ponte izenarekin posesiboa erabiltzea ere: Peru gurea Londresen; non dabil zuen Andoni?; bai alferra zuen Maite! Edo erakuslea: hara Peru horrek zer egin duen azkenean.

Leku izenak

Leku izenekin sortzen dira anitzetan zalantzak. Leku izen bereziak izanik, mugatzaile gabekoak behar lukete, baina izen horietako batzuk –a bokalez bukatzen dira, eta letra hori, zenbait kasutan, mugatzailea da: Azpeitia, Azkoitia, Bizkaia… Ez, ordea, beste kasu batzuetan: Donostia…. Eta kasu markak eransten direnean kontuan izan behar da hori:

  • Donostia izenak berezkoa du –a hori, hitzaren zatia da:
  • Donostia, Donostiatik, Donostiara, Donostiako…
  • baina Azpeitia hitzean ageri dena ez da hitzaren zatia, baizik artikulua:
  • Azpeitia, Azpeititik, Azpeitira, Azpeitiko…

Azpeitia bezalakoek postposizioak hartzen dituztenean, artikulua galtzen dute, ez baitugu, nonbait, izenaren parte sentitzen determinatzaile hori: Azpeitian bizi da, eta Azpeititik etortzen da egunero esaldian, adibidez, argi ikusten da artikulua mendian / menditik bikotean bezala erabiltzen dela, edo galdu3. Modu paraleloan erabiltzen dira biak, biek mugatzailea dutela. Gauza bera gertatzen da lehentxoago aipatutako izen batzuekin.

Donostia izenaren eredukoak (berezko –a)
Abaltzisketa, Aduna, Antzuola, Astigarraga
Gabiria, Getaria, Ibarra, Lasarte-Oria, Ordizia, Zestoa…
Gipuzkoa
Leioa, Lemoa, Ondarroa
Burundia, Guardia, Zigoitia, Zuia, Arrastaria
Aria, Artaxoa, Atarrabia, Donamaria, Legaria, Mendabia
Nafarroa
Ainhoa, Getaria, Hendaia, Makea
Arberoa

Horietan guztietan izena bere osotasunean errespetatu behar da.

Azpeitia izenaren eredukoak (-a mugatzailea)
Azkoitia, Hondarribia, Olaberria
Berriatua, Busturia, Ermua, Etxebarria, Forua, Mallabia, Mañaria
Bizkaia
Arratzua-Ubarrundia, Asparrena, Erriberabeitia, Erriberagoitia, Harana, Urizaharra
Abaurregaina, Abaurrepea, Ameskoabarrena, Basaburua, Elizagorria, Ergoiena, Erromantzatua, Iruñea, Itzagaondoa, Mendigorria, Olatzagutia, Otsagabia

Horietan guztietan artikulua kendu egiten da zenbait kasutan.

Iruñea hitza guztiz berezia da. Euskaraz Iruñea onartu zuen Euskaltzaindiak, azkeneko –a hori artikulua zuela. Hortaz, azken sailekoa litzateke: Iruñeko, Iruñetik, Iruñera… Baina Iruñeko udalak erabaki zuen4 euskal izena Iruña dela, eta ez Iruñea, eta gero ontzat eman Iruñeko, Iruñetik, Iruñera…, Euskaltzaindiak erabakitakoari segituz. Kasu bakarra litzateke hori euskaraz, Iruña izanik izena, horrek Iruñako, Iruñara, edo Iruñatik eman behar bailuke. Dena dela, udalen eskumena da herriaren izena zein den erabakitzea. Kasu honetan Euskaltzaindiaren erabakia eta udalarena ez datoz bat. Guk hemen Iruñea erabiliko dugu beti, Euskaltzaindiak onartu zuen gisan, azkeneko –a hori artikulua duela.

Izen bereziak direla eta, beti izan da gure artean ohitura etxearen izena eta jabearena batera emateko: norbait izendatzeko etxearen izena gehiago erabili izan da deitura baino. Baina tradizioa ez da berdina izan Mendebalean eta Ekialdean. Badirudi etxeen izenetan Ekialdean maizago erabiltzen dela artikulua Mendebalean baino. Hala ere, nekez aurki daitezke hemen lege zorrotzak leku batean eta bestean nola esaten den, non eta ez den ikerketa sakonagorik egiten arlo horretan. Hola, etxe baten izena Haranburua izaten da Ekialdean, edo Etxeberria, baina usuago entzuten dira Kaminburu edo Etxeberri eta gisakoak Mendebalean. Etxeko nagusiei, zernahi gisaz, Haranburu edo Kaminburu deitzen zaie, Ekialdean: kasu honetan artikulua kentzen zaio, ikusten den gisan.

Laburpena

Izen berezien artean badira pertsona izenak (antroponimoak), animalien izenak (zoonimoak), leku izenak (toponimoak), ibaien izenak (hidronimoak), eta abar. Pertsona izenetan ponte izenak (Miren, Ibai) eta deiturak bereizten dira. Pertsona batzuek badituzte ezizenak (Hankamotz, Sudurluze). Beste batzuek izengoitiak erabiltzen dituzte (Larresoro, Txillardegi…). Jendeen artean izen hipokoristikoak ere ez dira falta: Maitetxo, Josetxo, Pello, Mattin edo Bettiri bezalakoak. Badira izen patronimikoak ere, ponte izenetik eratorriak: Antsorena, Hernandorena, Domintxenea, Tomasenea, bezalakoak.

  • Izen bereziak
    • Antroponimoak (pertsona izenak)
      • Ponte izenak: Miren, Ibai…
        • Izen patronimikoak: Antsorena, Hernandorena…
      • Deiturak: Garate, Salaburu, Otaegi…
      • Ezizenak: Hankamotz, Sudurluze…
      • Izengoitiak: Larresoro, Txillardegi…
      • Izen hipokoristikoak: Maitetxo, Josetxo…
    • Zoonimoak (animalien izenak)
    • Toponimoak (leku izenak)
    • Hidronimoak (ibaien izenak)

Gauzak horrela, esan dezagun, orain arte aipatutakoa bilduz, izen batzuek determinatzailea hartzen dutela, eta beste batzuek ez. Determinatzailea hartzen duten izenen artean daude izen arruntak (mendi, etxe, kale, ume, andre, eskola…), astegun, hilabete eta urtaroen izenak (ostegun, larunbat, urtarril, irail, udaberri…) eta zenbait herri eta lurralderen izenak (Azpeitia, Bizkaia, Otsagabia…, ez nahasteko Donostia, Zumaia modukoekin, artikuluaren itxura izanik ere ez baita azkeneko –a hori artikulua). Beste izen batzuek, ordea, ez dute mugatzailerik hartzen: pertsona eta leku deiturak (Andoni, Eider, Agirre, Ataun, Anboto, Luzaide, Ainharbe…). Mugatzailea hartzea edo ez hartzea da marka morfologiko argiena izen arruntak eta bereziak elkarren artean bereizteko, baina batzuetan ez da betetzen arau hori, ikusi dugunez. Zitazio forma, beste hizkuntza batzuetan ez bezala, artikuluduna da euskaraz.

Izen bereziak

Izen bereziek, beraz, ez dute inolako laguntzarik (“determinatzailerik”) behar izen sintagma osatzeko, horrexetan dira berezi. Eta ezaugarri honi esker, “lehendik ezaguna den” erreferentzia bakarreko gizakiak edo objektuak izendatzen dituzte. Interesgarria da, ikuspegi honetatik, izenari buruzko atal honen sarreran aipatu dugun bereizketa: gaur egun, tradizionalki izen sintagma deitu izan dugun multzoari batzuek determinatzaile-sintagma esaten diote, determinatzaileren bat nola edo hala beharrezkoa izaten dela-eta. Zer esan genezake ikuspegi honetatik izen bereziez? Hauek ere determinatzaile-sintagma ote dira, determinatzailerik ikusten ez den arren? Hainbat arrazoi ditugu baietz esateko. Hona hemen batzuk, erraz ulertzeko moduan aurkeztuak:

  • 1. Izen arruntekin alderatuta, ematen du izen bereziek inkorporatuta dutela artikulua, azken honek “lehen aipatua den” edo “ezaguna den” balioa duelarik.
  • Ezagutzen duzu lehen etorri den mutil-a?
  • Ezagutzen duzu Josu?

Alegia, izen berezi batek izen arrunta + artikulua egitura duen egitura multzoaren pareko jokabide sintaktikoa eta interpretatiboa erakusten du. Honek pentsarazten digu, ikusten ez den arren, izen bereziek ere nolabaiteko artikulu bat, ezkutuan-edo, badaukatela.

XULARRI GUSTATZEN OTE ZITZAION PRAGA?

  • 2. Izen berezien ezkutuko artikuluaren hipotesia ez da zorakeria, behin konturatuz gero artikulua ezinbestekoa dugula adjektibo bat dugularik:
  • Praga asko gustatzen zait.
  • Praga berritua asko gustatzen zait.
  • Axular ohartu zen bezala…
  • Axular zaharra ohartu zen bezala…

Aintzat hartu, irakurle, hemengo Praga berritua asko gustatzen zait eta Axular zaharra ohartu zen bezala adibideetan ez dugula zertan interpretatu Praga edo Axular bat baino gehiago dagoenik; hots Praga /Axular ez dira izen arrunt gisa erabili.

  • 3. Beste arrazoi bat juntadurak ematen digu: izen bereziak eta izen arrunta + determinatzailea egiturak erraztasun osoz koordinatzen dira:
  • [Axular] eta [nire idazle kutuna] erkatu ditut lantxo honetan.
  • [Joane] eta [gainerako euskal kirolariak] batu dira ekimen honen alde.

Juntadurak biak egitura multzo berdinak direla iradokitzen du, beraz.

  • 4. Beste hizkuntza batzuetan izen bereziak artikulua eta guzti erabiltzen dira, euskaraz erabiltzen diren ezaugarri berdinekin; areago, katalanez esaterako, artikulu berezi bat erabiltzen da izen bereziekin. Hona hemen adibideak:
  • la Mari, el Jose (gaztelania ez-estandarrean)
  • (il) Gianni, (la) Maria (italieraz)
  • en Pere (katalanezko dialekto batzuetan)

[bigarren eta hirugarren adibideen iturria Longobardi (1994)]

Hipotesi batean, pentsa liteke hizkuntza guztietan izen bereziek antzeko egitura sintaktikoa dutela eta hori izena + artikulua dela; hizkuntzatik hizkuntzarako aldaketa bakarra, orduan, artikulua zein kasutan den nahitaez isildu beharrekoa.

  • 5. Izen berezien erabilera normalean, artikulua-edo ezkutatzen delako ideia indartzen duen beste arrazoi bat hauxe da: izen berezi batzuetan artikulua bera ageri dela. Hots, gramatika arau-emaileetan gogorarazten zaizkigun ohiko leku-izenez gain (Azkoitia, Azpeitia), badira artikuluari eusten dioten, edo artikulu eta guzti finkatu diren pertsona-izenak: Haizea, Oihana, Lorea, Aizpea (baina hor daude Ur, Ekaitz, Itsaso, (H)aritz, Harri bezalakoak ere); toponimian, egoera biak ikusten dira. Honek guztiak pentsarazten digu ez dela hain ideia zoroa izen berezi guztiek artikulua barnean dutela inkorporatuta, baita ikusten ez den kasuetan ere.
  • 6. Honen harira gogora ekar dezakegu izen berezien kasu marken eta postposizioen zerrenda. Egia bada ere izen berezi gehienak mugatzailerik gabekoak direla, nabarmena da halaber artikulurik ez duten sintagmak ez bezala erakusten dutela kasuaren itxura. Hona pare bat adibide:
  • [etxe asko-Ø] + -n, -tik, -ra –> etxe asko-ta-n, etxe askotara, etxe askotatik
  • [Paris] + -n, -tik, -ra –> Parisen, Paris(e)tik, Paris(er)a
  • (cf. c. [nire herria] + -n, -tik, -ra –> nire herrian, herritik, herrira)

Izen bereziek, leku-denborazko postposizioekin, ez dute agertzen mugatzailerik ezean izen sintagma arruntek ageri duten -ta- tartizkia. Bereizketa hau interpretatzeko modu bat hauxe da: egiazko izen sintagma mugagabeetan (mugatzailerik gabekoetan), mugatzailerik ezari -ta- artizkia dagokiola; baina izen berezietan, artikulua ulertua delarik (baina ez gauzatua), -ta- artizkiak ez duela lekurik, hor egiazki (gauzatu gabeko) mugatzaile bat badelako.

ZENBAT ETXEPARE... ...EUSKAL LITERATURAN?

Izen berezien bereizgarrien gainbegiratuarekin amaitzeko, ohar bi egin behar ditugu:

  • 1. Izen bereziak arrunt bezala ere erabil daitezke, baina, espero izatekoa den bezala, orduan galdu egiten dute erreferentzia bakarra eta ezaguna edukitzearen ezaugarria:
  • Zenbat Etxepare daude euskal literaturan?
  • Bost June agertzen dira ikasleen zerrendan.
  • Hainbat Maider ezagutu ditut nire bizitzan.

Adibideotako Etxepare, June, Maider izenek ez dute gizaki bakarra eta ezaguna adierazten, “Etxepare izeneko banako”, “June/Maider izeneko andrazko” baino. Beraz, interpretazioari dagokionez, edozein izen arruntek duenaren parekoa dute: sail bat, multzo bat adierazten dute, ez banako jakin bat.

  • 2. Bereziak izan gabe berezien portaera duten izenei dagokie bigarren oharra. Hauek, beste hizkuntza askotan bezala, senidetasun izenak izaten dira ia beti:
  • aita, ama, amabitxi, amama, aitita…

Kasualitatez edo ez, hauetako askok -a itsasia dute eta ez da nabarmena artikulurik eza; baina mendebaleko euskaran ezaguna den a+a > ea araua ez da betetzen eta, nolanahi ere, txikigarriek kontu berdina erakusten dute:

  • ama zenbat maite duzu? / *amea zenbat maite duzu?
  • aita ez dator afaltzen / *aitea ez dator afaltzen
  • amatxo zenbat maite duzu? / *amatxoa zenbat maite duzu?
  • aitatxo ez dator afaltzera / *aitatxoa ez dator afaltzera

Oker ez bagaude, hizkera guzti-guztietan ez dira berberak izango artikulurik gabe erabiltzen diren honelako izenak, baina nahiko ziurra da senidetasunezkoak izango direla. Berezien portaera dutela diogunean, hauxe esan nahi dugu: ama diogularik, pertsona jakin eta (entzulearentzat) ezaguna adierazten duela izen horrek, bereziek ohi duten eran.

Pertsona izenak

Arestian aurreratu dugun bezala, pertsona izenek ez dute eskuarki artikulurik hartzen, artikulua eta guzti finkatu diren izenak alde batera utzita:

  • artikulurik gabeko pertsona izenak: Ander, Itsaso, Jon, Jone, Lope, Zuriñe
  • artikulua eta guzti finkatutako izenak: Amaia, Haizea, Oihana

Dakigun bezala, garai bateko ar-eme bereizketaren plegura (Joanes vs Joana, Bizente vs Bizenta), berriki Euskaltzaindia (2001) lanean ar-eme bereizketarekin berdindu dira zenbait izen bikote aipagarri:

EMAKUMEAK GIZONAK
Ametsa Amets
(H)aritza (H)aritz
Haitza Haitz
Haizea Haize
Hodeia Hodei
Nahia Nahi

Esan behar da berdinketa honek ez duela zerikusirik artikulua erabili edo ez eztabaidatzearekin, tradizioz egin izan den sexu bereizketa bati eutsi nahiarekin baino. Proposamen-erabakia gustatu edo ez, -a duten aldaerak emakumezkoen izentzat hartu bide dira liburu horretan tradizioan izan omen duten edo duten pisuagatik, diotenez, baina ez artikuluak berez sexu ñabardurarik duelako.

Pertsona izenak, aitzitik, artikulua eta guzti agertzen zaizkigu goitizen edota kargu-lanbidearen izenarekin lagunduta agertzen direnean:

  • Santxo Jakituna, Juana Eroa, Lopez lehendakaria, Vanesa Sanchez kazetaria
  • Horien artean ziren, besteak beste, Xabier Mendiguren Elizegi idazlea eta Iñaki Mendiguren Bereziartu itzultzailea. (Amagoia Iban, Berria, 2004/04/09)

Jokabide honetan goitizen eta lanbide hauek [izen berezia + adjektiboa] sintagmek duten joskerari jarraitzen diote, besterik gabe (cf. Praga berritua / Axular zaharra). Artikuluarekiko joera berdina sumatzen da hurrenkera ezmarkatuan izenaren aurretik agertzen diren [IS + -(r)en/-ko] postposizio-sintagmak (izenlagunak) izenaren ondoren ematen direnean:

  • Sarako Etxeberri baina Etxeberri Sarakoa (cf. *Etxeberri Sarako)
  • gure Itsaso baina Itsaso gurea (cf. *Itsaso gure)

Honetan badirudi Erdi Aroko euskarak beste jokabide bat izan zuela (cf. Azkarate eta Altuna 2001), garai hartako lekukotasunetan Santxo Dorreko eta halako joskerak agertzen direlako maizenik.

Leku izenak

Leku izenen artean, sarri aipatzen da gramatika arauemaileetan artikulua duten eta amaieran berezko a bat duten izenen arteko aldea; lehenaren adibide prototipikoa Euskal Herria litzateke, eta bigarrenaren adibide prototipikoa Donostia. Hartara:

  • Euskal Herria (maite dut), baina Euskal Herritik, Euskal Herriko, Euskal Herrira…; eta ez *Euskal Herriatik, *Euskal Herriako, *Euskal Herriara
  • Donostia (maite dut); era berean, Donostiatik, Donostiako, Donostiara

Alegia, Euskal Herria izen bereziak ez ditu gainerako izen bereziek bezala hartzen kasuen markak eta postposizioak, singularra den izen sintagma batek bezala baino:

  • mendia baina menditik, mendiko, mendira(*mendiatik, *mendiako, *mendiatik)

Bestela esanda, Euskal Herria horren azken -a horrek artikuluaren itxura osoa du, eta ez da izenaren barneko osagaia. Euskal Herria izenaren kasuan nahiko nabarmena da artikuluaren presentzia, herri izena arrunta delako gaurko euskaran. Baina leku-izen batzuetan artikulua bertan izatea ez da sarritan hain nabaria izaten. Hona hemen, deituran (kasu absolutiboan) artikulua ageri duten zenbait leku edo herri izen, izen sintagma singularren gisan deklinatuko liratekeenak: Bizkaiko Bizkaia, Mallabia, ABAURREGAINAMañaria, Etxebarria, Forua, Ermua, Berriatua esaterako; Gipuzkoako Azpeitia, Azkoitia, Hondarribia, Olabarria; Araba aldeko Asparrena, Urizaharra, Zigoitia; Nafarroako Abaurregaina, Basaburua, Mendigorria, Ziordia; Zuberoako Sarrikotapea, Ospitalepea (ikus Euskaltzaindiko informazioa kontu honetaz).

Nolanahi ere, badirudi herrien leku-izenak markatuak direla, eta tradizioz artikulua duten izenak bezala tratatu izanak eduki bide duela pisurik handiena kasu markak eta postposizioak hartzeko orduan. Fonologiak ere ba omen dauka zerikusirik honetan: herri hauetariko askok -ia edo -ua amaiera dute eta, itxura denez, hiztun askok barneratuta dute -ia/-ua = -i/u + artikulua bihurketa; gainerako kasuetan araua edo tradizioa ezagutzen ez duen hiztunak -a hori errazago jo dezake izenaren osagaitzat; hortik sortzen dira nahasteak (esaterako, *Asparrenan idatzi edo esatea Asparrenen esan beharrean, edo *Zaldibitik idatzi edo esatea, Zaldibiatik arauzkoaren ordez).

Herri-izenen izaera markatua honela egiaztatu ahal dugu: herri-izenak ez diren berrikiago finkatutako terminoetan artikuludun izen bereziak ez dira singularrak bezala tratatzen: esaterako, Argia, Deia, Berria hedabideen izenek hartzen dituzten kasu markek eta postposizioek argi uzten dute berauetan artikulua izenaren barneko osagaitzat hartzen dugula gaur egun: Argiako kazetariak, Deiako berriak, Berriara gutun bat bidali dut esan ohi dugu, eta ez *Argiko kazetariak, *Deiko berriak, edo *Berrira gutun bat bidali dut; era berean, Bizkaia taberna, jatetxe, banku, edo marka bat bada, Bizkaiako menua edo Bizkaiako kontua esango genuke, ez *Bizkaiko menua edo *Bizkaiko kontua. Artikulua izenaren beraren osaitzat hartzeko joera hauxe bera ikusten da herri-izenak ez diren beste leku-izen batzuetan ere: Orozkoko Ibarra (cf. Ibarrako taberna bat), Mendizorrotza (cf. Mendizorrotzako futbol zelaia), Urederra (cf. Urederrako ur-jauziak).

— Egilea: Xabier Artiagoitia

1 Gaurko euskaran hau da erabilera bakarra, pertsona izenei dagokienez, testu klasikoetan Aita San Franziskua edo Jesusa (Jesus-en ordez) bezalako adibide bakan batzuk ageri badira ere
2 Ikusten denez Volvo, Demostenes, Axular… izenen hasierako letra larria erabili da adibideetan, nahiz holakoetan zalantzak izan daitezkeen.
3 Ez da atal honetan lantzeko kontua. Baina gramatikari askok uste dute hor ageri den –a hori ez dela artikulua, baizik postposizioa: nola esplika bestela lanean esaten dela, eta ez *lanan?
4 Ezin da ahaztu udalerrien izen ofiziala udalek erabakitzen dutela, haiena dela konpetentzia.

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Artiagoitia, "Izen arruntak eta bereziak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3