Erabiltzaile Tresnak


morf:5:6:2:3

Izen zenbakarriak eta zenbakaitzak, neurgarriak eta neurgaitzak

Izen arrunten artean beste sail batzuk ere bereizten ahal dira. Izen batzuk era guztietako zenbatzaileekin ager daitezke, baina beste batzuk ez (ez, behintzat, erabileran aldaketarik gertatu gabe). Lehenbiziko sailekoak dira liburu, etxe, aulki, ohe, argazki eta holako izen arruntak. Izen zenbakarriak dira horiek. Alegia, izaki diskretuak aipatzen dituztenak, banaka-banaka konta daitezkeenak baina zatitu ezin direnak banako izateari utzi gabe. Bigarren sailekoak dira olio, gari, kutsadura, gorroto edo ke izenak. Hori dela eta, bi aulki, hainbeste etxe edo liburuak esan dezakegu, baina ez dugu esaten *bi ke, *kutsadurak edo *kirats asko. Izen zenbakaitzak dira eta arazoak dituzte pluraleko mugatzaileak eta zenbait zenbatzaile hartzeko (azkeneko adibide horretan, zerbait esatekotan, kirats handia esan beharko genuke, izen zenbakaitza eta neurgaitza baita, aurten gari asko erein da ez bezala).

Izen zenbakarriak: izaki diskretuak aipatzen dituztenak, banaka konta daitezkeenak baina banako izateari utzi gabe zatitu ezin direnak: liburu, etxe, ohe… Era guztietako zenbatzaileekin ager daitezke.
Izen zenbakaitzak: jarraituak diren gaiei dagozkienak, banakoetan ezin bereiz daitezkeen gaiei dagozkienak: olio, gari, kutsadura, gorroto… Arazoak dituzte pluraleko mugatzaileak eta zenbait zenbatzaile hartzeko.

Izen zenbakaitzak jarraituak diren gaiei dagozkie edo, egokiago nahi bada, hizkuntza bateko hiztunak jarraitu modura ikusten dituenei, hizkuntza batetik bestera aldaerak gertatzen baitira. Jarraituak dira hizkuntza horretan banakoetan ezin bereiz daitezkeenak: ur, olio, gari, su, maitasun edo gorroto ez ditugu banakoetan bereizten eta masa gisa, edo izen abstraktu gisa, hartzen ditugu, zerbait jarraitua bezala. Horregatik ez dute zenbatzaile zehazturik hartzen: *hiru maitasun. Egia da, zernahi gisaz, molde batzuetan, adiera aldatzen dutenean, zenbatzailea ere hartzen dutela: bi ur hauek burdin urak dira; uharte hori lau uren artean dago; hamalau idiren saiheskiak bost su handitan paratu zituzten erretzen. Hizkuntzalari eta gramatikari batzuek eztabaidatu izan dute puntu hau: haien ustez, zenbakarritasuna edo zenbakaiztasuna ez dagokie izenei berei, baizik izen hauek izendatzen dituzten izakiei. Beraz, zenbakarritasunaren ezaugarria ez legokioke ate izenari (izen zenbakarria), baizik hitz horrek izendatzen duen gauzari: badakigu ateak kontatzen ahal direla. Baina ondoko pasartean ikusiko dugunez, hori gehienetan hala bada ere, ez da beti hola gertatzen.

Elikadura begetarianoa gero eta zabalduago dago

Esan dugu hizkuntza batetik bestera gauzak aldatu egiten direla puntu honetan, eta hala da. Euskaraz, esaterako, ez dugu *hamabi mahats esaten (bai, ordea, hamabi mahats ale), baina gaztelaniaz doce uvas arrunta da. Euskaraz berri txar bat eman behar dizut esaten ahal da, arazorik gabe, edo hiru berri txar, baina ingelesak ez du onartzen hor news baizik, plurala adierazten duen –s marka eta guzti, berria bakarra bada ere, hitz hori, ingelesez, zenbakaitza baita eta itxura horrekin bakarrik erabiltzen ahal baita: two pieces of news, adibidez, edo that is good news.

Badira, zernahi gisaz, tarteko zalantza batzuk ere: kafe izena ez da zenbakarria, eta ardo hitza ere ez, baina euskaraz ez dira arrotzak bi kafe, edo bost ardo bezalakoak. Horiek arruntak dira gure artean, eta literaturan ere ez dira falta adibideak: bi ardo beltzen artean; bi kafe hartu ondoren; bi kafe prestatu ditu; bi kafe hartu…. Holakoak erabiltzearen beharra egunerokoa denez, bistan da hor hiztunak laburturik ematen duela sintagma. Berez, hor, bi edalontzi ardo, bi kikarada kafe, bi kafe mota… edo holako zerbait dugu, testuinguruaren arabera. Esapide horiek maiz erabiltzeak eramaten gaitu, segur aski ere, sintagma laburtzera. Erostera joan eta bi esne edo bi olio eska dezakegu (esne poltsaz ari gara, edo olio ontziaz) berez jarraituak diren izenak diskretu modura, zenbakarri modura, erabiliz. Nahiko arau orokorra da hori: ardoarekin edo kafearekin gertatzen den gisan. Bi salda bezalakoak esaten ditugu, horretara presak eramanik: hiru salda, edo bi arrain zopa eskatu dugu, esango genioke zerbitzariari, eskatutako plater horiek garaiz ez etortzearekin berantetsiko bagina. Esan dezagun, hortaz, zenbatu ezin diren izenek ez dutela zenbatzaile zehazturik hartzen, aipatu kasu berezi horietan ez bada. Jakina, hitz horiek anbiguoak ere izan daitezke zenbait kasutan: hola, argi hitza, nolakoa den testuingurua, bonbilla bat izan daiteke, edo kandela bat, ez bakarrik leihotik sartzen zaigun hori. Eta kasu horietan, noski, ez da eragozpenik bost argi horiek piztu! bezalako zerbait esateko. Eta Sanjuanetan, adibidez, sua pizten dugu, eta su hori su handia izan daiteke, baina karriketan ohitura da su asko ikusteko. Holakoetan unitate diskretuez ari gara, konta daitezkeen unitateez. Nekez aurkituko ditugu egoera egokiak, hala ere, *bost gorroto edo *hamar maitasun esateko.

Beste batzuetan izen bera zenbakarria izan daiteke, edo zenbakaitza: goizean ogia erostera joan gaitezke, edo baratxuria erostera, eta ogi batekin edo baratxuri (buru) batekin itzultzen gara. Holakoetan bietara jokatzen dute.

Sakonean

Izen zenbakarriak edo etenak eta zenbakaitzak edo jarraiak banatzen dituen marra hau da: eten fisikoak dituztenak, banako gisa irudikatu litezkeenak, dira zenbakarriak; zenbakaitzak, berriz, multzo jarrai eta etenik gabekotzat irudikatu ohi ditugunak. Alde horretatik, alferrik da deiturari begiratzea, zenbakaitzak ere zenbatu egin daitezke-eta. Irizpide formal seguruagoa da hau esatea: izen zenbakarriak modu naturalean zenbatzaile zehaztu edo numeralekin izen-sintagma osa dezaketenak direla (zortzi liburu, lau gol…), eta zenbakaitzek, berriz, nekezago osatzen dutela halako izen-sintagma bat zenbatzaile numeralekin (zortzi gatz, lau ur…). Hots:

  • zortzi liburu, lau gol, bi erabaki, hogei ikasle, hamaika arrazoiZAZPI ARDO edo ZAZPI BASO ARDO?
  • ??zortzi gatz, ??lau ardo, ??bi askatasun, ??hogei beldur, ??hamaika trafiko

Baina esan dugunez, izen zenbakaitzak zenbatu egin daitezke, zenbatzaile zehaztugabe batekin elkartu daitezkeen neurrian:

  • gatz asko, ur ugari, askatasun gutxi, beldur gehiegi, hainbeste trafiko

Are gehiago, hiztun askorentzat zenbakaitzak zenbatzaile zehaztu batekin ere elkartu daitezke IS osatzeko, baina kasu horretan zenbatzaileak inposatzen duen irakurketa “motarena” da (Emonds 1986).

Alegia, adibideotan:

  • %Bi gasoil saltzen dituzte gasolindegi gehienetan
  • %Taberna honetan hiru ardo zerbitzatzen ditugu: zuria, beltza eta gorria
  • %Ezjakintasun bat baino gehiago badira munduan

Ulertuko genuke “gasoil mota bi” saltzen dituztela gasolindegietan, “hiru ardo mota” zerbitzatzen direla, edo “ezjakintasun mota bat baino gehiago” daudela munduan. Egia da halaber halako adibideak ez direla egokiak hiztun guzti-guztientzat ere, eta horrexegatik jarri dugu “%” sinboloa adibideen aurretik. Nolanahi ere, konturatu zaitez, irakurle, mota-irakurketa zenbatzaile zehaztuaren eta izen zenbakaitzaren ohiz kanpoko elkartzeak sortzen duela, eta ez dagoela halakoen beharrik “zortzi liburu” tankerako aurreko adibideetan.

Izen neurgarri edo konkretuen eta neurgaitz edo abstraktuen arteko marra ere modu formalean ezar daiteke: izenaren ezkerretara agertu ohi diren neurri-sintagma horietako batekin elkartzen direnak dira neurgarriak (=hiru litro esne…), eta halako ezaugarririk ez dutenak dira neurgaitzak (=hiru litro askatasun…). Esaterako :

  • [hiru litro] esne, [kilo bat] arroz, [kolkoa bete] diru…
  • * [hiru litro] askatasun, *[kilo bat] askatasun, *[kolkoa bete] beldur…

Aditzera eman ohi da neurgarri vs neurgaitz bereizketa honetan zenbakaitz diren izenek baino ez dutela parte hartzen: izan ere, esne, gatz, diru, askatasun, beldur zenbakaitzak dira. Ikuspegi hori, hala ere, erratua da: zenbakarriak diren izenen artean ere, batzuk abstraktuak dira eta beste batzuk konkretuak. Eta hain ohikoa izan gabe, posible dugu neurgarri edo konkretuekin egoki den neurri-sintagmaren bat asmatzea (=gurdia bete ardi…), baina ezinezkoa dugu hori berori egitea neurgaitz edo abstraktuekin (=gurdia bete asmo…):

  • [gurdia bete] ardi, [tona bat] liburu, [gela bete] ikasle…
  • *[gurdia bete] asmo, *[tona bat] erabaki, *[lau litro] arrazoi

Nolanahi ere, ez dezagun pentsa neurgarriak neurtu daitezkeenak direla, besterik gabe: beldur edo maitasun neurtu daitezkeen sentimenduak dira; ez da gauza bera beldur edo maitasun handia edo txikia sentitzea. Beraz, badira neurgarriak zentzu psikologikoan, baina ez dira konkretuak, eta horrenbestez, ez dira neurgarriak gramatikaren argitan.

— Egilea: Xabier Artiagoitia

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Artiagoitia, "Izen zenbakarriak eta zenbakaitzak, neurgarriak eta neurgaitzak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3