Erabiltzaile Tresnak


morf:5:6:2:3:1

Izen zenbakaitz neurgarriak eta neurgaitzak

Izen zenbakaitzek izaki jarraituak aipatzen dituzte (irina, esnea, maitasuna, edertasuna, adibidez), banaka konta ezin daitezkeenak. Hala ere, izaki hauetako batzuk, nola edo hala, neur litezke (irina eta esnea, adibidez). Beste batzuk ez (maitasuna, edertasuna, samina…). Lehenbizikoak izen zenbakaitz neurgarriak dira. Neurtu ezin direnak, edo neurtzea ohiko ez direnak, izen zenbakaitz neurgaitzak deituko ditugu: samin, edertasun

Kukuxumusuren irudiak oso ezagun egin dira

  • izen zenbakaitz neurgarriak: irin, esne…
  • izen zenbakaitz neurgaitzak: samin, maitasun, edertasun…

Nabarmen agertzen da hori zenbatzaile zehaztugabeen erabilerari dagokionez. Irin asko daukagu, edo hainbeste ardo ez dugu edan nahi esan daitezke, baina izen zenbakaitz neurgaitzak ditugunean, izenondoak edo izenlagunak erabiltzen ditugu gehienetan: hotz/ke handia dago, hainbesteko beldurra edo izugarrizko gogoa erabili ohi dira. Horrelako kasuetan zenbait hiztunek, gaztelaniaren eraginez, *hotz asko, *beldur asko, *gogo asko bezalako forma okerrak erabiltzen dituzte. Erabilera oker horiek saihestu behar dira, kasurik nabarmenenetan behintzat, beste zenbait izen zenbakaitz neurgaitzekin erabilera hedatuagoa badago ere (denbora asko beharko du; asko maite zintudan). Eta gogoan izan, halaber, gutxi zenbatzailea errazago onartzen dela izen berdinekin. Jakina, hemen ere badira salbuespen moduko batzuk, izenak anbiguoak gertatzen baitira batzuetan: harri hitza bide bazterrean aurkitzen dugun zerbaiti izena emateko erabiltzen ahal dugu (buruan harri batekin eman zion Cainek Abeli), edo harrobitik ateratzen den zerari izena emateko ere erabiltzen dugu (kamioi bat harri bota dute mendiko zulo horretan). Lehenbiziko kasuan izen zenbakarria da, baina bigarrenean zenbakaitza, masa zerbaiti buruz ari baikara. Baina neurgarria da, ikusten denez.

Erreferentziak

Ikus *hotz asko, *beldur asko eta antzekoen inguruan zalantzen txokoan jasotako aholku hau.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Izen zenbakaitz neurgarriak eta neurgaitzak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3