Erabiltzaile Tresnak


morf:5:6:2:4

Izen banakariak eta multzokariak

Izen arruntak zenbakarriak (etxe, gezur, auto) eta zenbakaitzak (gose, hotz, gorroto, maitasun, beldur) izan daitezke, hau da, zenba daitezke edo ez. Izen zenbakaitzek ez diote zenbat? galdetzaileari erantzuten, nolako? galderari baizik eta beraz, ezin dira bi, hiru eta antzeko zenbatzaileekin neurtu edo zenbatu, izenondoak har ditzakete:

  • *bero asko ⇒ bero handia
  • *beldur asko ⇒ beldur handia
  • *bide asko falta da ⇒ bide luzea falta da
  • *ez dago hainbeste bero ⇒ ez dago halako berorik

Horrezaz gain, semantikan oinarrituz, izen arrunt banakariak eta multzokariak ere bereizten dira. Banakariak dira, adibidez, gizon, arkatz edo ate. Eta multzokariak dira familia, artalde, armada, haurride, batzorde, barride edo biztanleria, izaki berdinek osatutako multzoak, alegia. Euskaraz, holakoetan, eratorpenera jotzen dugu askotan: liburutegi, haurtzaindegi, eta abar.

2012ko Aberri Eguna, Donazaharren

Nolanahi ere, izen multzokarietan irizpide semantikoak lausoak dira (egunkari bat, esaterako, artikulu edo bestelako lan idatzien bilduma da), eta sintaxiak ere ez du askotan argitzen. Nolabait esateko, pluraleko adiera izanik, singularreko determinatzailea eta komunztadura hartzen dute izen multzokariek (gure familiak bazkaria du) eta askotan predikatu simetrikoak eta kolektiboak… (armada bidegurutzean bildu zen…), eta abar. Horrek ez du esan nahi, jakina, beti singularrean erabili behar direnik: bi familiak elkartu ziren.

Izen banakariak: errealitate bat eta bakarra adierazten dute, eta singularreko determinatzailea eta komunztadura hartzen dituzte: gizon, arkatz, ate…
Izen multzokariak: pluraleko adiera izanik, singularreko determinatzailea eta komunztadura hartzen duten hitzak: familia, artalde, biztanleria…

Bestalde, sintaxiari begiratuz, hitz batzuk banakariak izan daitezke batzuetan, eta multzokariak besteetan:

  • anitz jende sartu zen han (banakaria)
  • jendea ez dator bat horrekin (multzokaria)

Jende hitzaren banako erabilerak pisu handiagoa izan du Iparraldean, eta pertsona hitzaren baliokide gisa ere erabili izan da. Hegoaldean, berriz, multzokari gisa gehiago. Adibide hauek guztiak ageri dira idazle klasikoetan1:

Egun gehiago erabiltzen da multzokari bezala 2 baina, hala ere, badira banako moduko adibideak ere, eta ez bakarrik Iparraldeko idazleetan:

Horrenbestez, jende hitza multzokaria izanik ere, zenbaitetan pertsona-ren ordaina da, banakaria beraz, nahiz ez den aurrekoa bezain hedatua.

1 OEH: Jente baten ohoriaren kontre. Bp I 102. Nork daki beste zenbat mil jenderekin. Mb IArg I 368. Hirur jenderen izenak dütüt galtho. Egiat 238. Etxe bakarretik hiru, lau jendetaraino ereman zituena. HU Aurp 161.
2 Jende hitzaren erabileraz, ikus Montoya-ren lan hau: "Jende" hitza pluralean erabiltzeaz, 163-174

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Izen banakariak eta multzokariak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3