Erabiltzaile Tresnak


morf:5:6:2:6

Argumentu, gertaera, kuantifikazio eta sailkapen izenak

Itsasoaren sakontasuna Izenen artean badira beste bereizketa batzuk ere:

  • izen argumentalak edo argumentu-izenak
  • izen gertaerazkoak edo gertaera-izenak
  • izen kuantifikatzaileak edo kuantifikazio-izenak
    • izen hesitzaileak
    • neurri izenak
    • multzo hitzak
  • izen klasifikatzaileak edo sailkapen-izenak

Argumentu-izenak

“Argumentu” hitza anbiguoa da hemen. Oro har, gramatikan “predikatu” nozioari lotuta ageri da (hartu aditzak “zerbait” hartzea eskatzen du, argumentu bat eskatzen du), baina hemen argumentuak eskatzen dituzten izenei buruz ari gara.

Izen argumentalek parte hartzaileak eskatzen dituzte, osagarri argumentalak, duten esanahiagatik: irakurketa, sakontasun, laburpen…

Hori horrela, irakurketa edo irakurtze (besterik gabe) izenek “norbaitek zerbait irakurtzea” eskatzen dute. Gauza bera gertatzen da sakontasun izenarekin, beti eskatzen du beste zerbait inguruan, eta agerian ez bada ere, badakigu hor dela testuingurutik: “zerbaiten sakontasunaz” aritu behar dugu beti. Esaterako, etxea handia da diogunean etxea bakarrik doa, ez du ezer behar aldamenean, baina sakontasuna handia da esaten badugu, badakigu “zerbaiten sakontasuna” dela, itsasoarena, adibidez. Horrenbestez, izen horiek beste parte hartzaile batzuk behar dituzte.

Hona hemen zenbait argumentu-izen:

  • izenak: sarrera (adiera batean), laburpen, aitzindari, hasiera, argazki…
  • aditz izenak: sartze, hartze, ikuste, etortze, jate…

Izen horiek aditzak hartzen dituen argumentuak behar dituzte, aditzak dituen argumentuak heredatzen dituzte: norbait sartzea, norbaitek zerbait sartzea, norbaitek zerbait ikustea, norbait etortzea, norbaitek zerbait jatea, eta abar.

Kualitatea adierazten duten izenak ere sail berean sartzen ditugu: goxotasun, garbitasun, edertasun… Parekoak dira, argumentuei dagokienez:

  • mutil hori goxoa da / mutil horren goxotasuna
  • kalea garbia da / kalearen garbitasuna
  • argazkia ederra da / argazkiaren edertasuna

Horrenbestez, argumentu izen gehienak aditz baten edo izenondo baten gainean daude eraikita, edo argazki izenen motakoak (argazki, koadro…) edo erlazioa adierazten dutenak (lagun…) dira.

Hala ere, izenen osagarri guztiak ez dira argumentuak: mendiko harria edo gaurko egunkaria esaten badugu, mendiko eta gaurko aukerakoak dira. Egunkari izenak ez du ezinbestean beste osagarririk eskatzen, baina gaurko egunkaria diogunean, izen hori osagarri batekin ageri da. Euskaraz –ko marka erabiltzen dugu horrelakoetan, ez dugu bestelako biderik sintagma osatzeko: zurekiko konfiantza, etxeko lanak (‘etxean egiteko lanak’) edo Ikerrentzako koadernoa sintagmetan ageri diren konfiantza, lan eta koaderno hitzek ez dute ezinbestean “norekin den konfiantza”, “non egiteko den lana” edo “norentzat den koadernoa” hautatzen, osagarri horiek aukerakoak dira.

Argumentu-izenekin, ordea, ez da hori gertatzen: laburpena diogunean, beti zerbaiten laburpenaz ari gara. Laburpen izenak erlazio argumentala du osagarriarekin, baina egunkari izenak ez: gaur eta egunkari hitzen arteko erlazioa adjunktuen mailako erlazioa da. Berdin gertatzen da “erlazioa” adierazten duten beste izen batzuekin ere: aita, ama, seme, alaba… gain, azpi, albo…

  • liburuaren laburpena (argumentu-izena)
  • gaurko egunkaria (adjunktu harremana)

Paralelotasun handia dago, puntu honi dagokionez, aditzen eta izenen artean: “noiz”, “norako” eta horrelakoak aukerako osagarriak dira, adjunktuak, ez baitira zuzenean sartzen aditzek edo izenek ezinbestekoa duten argumentuen sarean.

Gertaera-izenak

Izen batzuk gertaera izenak direla diogu, ebentiboak:

  • istripua herri sarreran gertatu da.

Perpaus horretan istripu eta herri sarrera, biak izan daitezke ebentiboak.

Honetaz gehiago sakontzeko, ikus Azkarate, M.ren Gertaera- eta emaitza-izenak lana.

Kuantifikazio-izenak

Kuantifikazio izenen artean ere bereizketa zenbait egin daitezke. Belar izpia edo laranja atala edo laranja ziztorra bezalakoak kuantifikazio izenak dira. Ez dute multzo bakarra osatzen, eta batzuetan ez dago argi izen bera ez ote daitekeen sail batean baino gehiagotan sar. Bestalde, kuantifikazio izen hauen artean beste hainbat bereizketa ere egin daitezke:

Joseba Jaka IV. sariduna

  • izen hesitzaileak (belar izpi)
  • neurri izenak (kilo bat haragi, baso bat esne)
  • multzo hitzak (jende pila bat)

Izen hesitzaileak

Izen hesitzaileek zerbaiten neurriaren berri ematen dute: ogi zati bat, belar izpia… Nolanahi ere, izen hauek ez dira edozein modutan erabiltzen:

  • haragi xerra
  • *haragi izpia
  • elur maluta
  • *arto maluta
  • arto pikorra
  • arto alea
  • *arto xerra

Hona hemen egungo idazleen liburuetatik bildutako zenbait adibide:

  • xerra
    • Oheratu baino lehen, eri artean bihikatu etxe-gasna xerra fin baten irenstea, ogi poxi batez lagundurik, ohitura sakratua bilakatua zitzaidan. (% 100 basque, Borda, I.)
  • izpi
    • Txalekoa txukundu eta zapaten zenbait hauts-izpi musuzapiaz kendu ondoan aurpegia estutu zuen, kezka biziaren adierazgarri; (Manhattan Transfer, John Dos Passos / Lopez de Arana)
    • eta bazkaritako zopa trinkoan okela izpi gorriak topa daitezke, eta zorioneko aldietan puska oso bat ere bai (Zoririk ez, Imre Kertész / Urrutikoetxea, U.)
    • Eta ile-izpi harroak, errotik mingarriro erauzirik, hatz-mutur zurbilduen artean estutzen ziren, estokan bezala. (Zazpi urkatuak, Leonid Nikolaievitx Andreiev / Jose Morales Belda)
  • maluta
    • Etxe hartan denborak ez zuela aurrera egin ematen zidan, armairu handiko apaletan betiko gauzak zeuden, hauts maluta bakar bat gabe: familia-erretratu handia, Cabeza del Bueyen bizi ginela egindakoa. (Riomundo, Maia, J.)
    • Nola ez zitzaigun ahogozoa egingo, bi koilarakada olo maluta besterik gosaldu ez eta hil behar genuen gosea izanda. (Anne Franken egunkaria, Anne Frank / Josu Zabaleta)
    • Hodei-maluta dirdaitsuak Battery gainera erortzen ari ziren, zeru more baten ezkaten gisan; (Manhattan Transfer, John Dos Passos / Lopez de Arana)
    • Bi piper pote daude hozkailu gainean: hutsik bat, kotoi maluta bat gordetzen du besteak. ( Eta handik gutxira gaur, Rodriguez, E.)
    • Hemen dago, ez da desagertuko ke-maluta bat bezala, bizitzaren errealitatearen zati bat da“. (Lotsaizuna, John Maxwell Coetzee / Oskar Arana)
  • pikor
    • Hasi elur-hautsetik, elurxe, elurxehe, elur pikor eta pikorta (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
    • Bizitzan bezala, dudazko oreka batean gabiltza hatsa hartzen duguino, eta saihetseko kide osasuntsuena zentzen denean ohartzen gara luma bat zela, edo hosto bat, edo errauts pikor bat. (Hiruko, Borda, I.)
  • ale
    • Oroitu behar genuke nolakoa zen artoa ereiteko tramankulutxoa, bi erreten axalekotan, erruberatxoa bueltatu ahala, arto ale pare batekin babarrun bat edo beste jausten uzten zuen txulo ttikiarekin (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
    • Mantalaren izkina bat pasatu zuen zakatzen azpitik, hondar ale batzuk kentzeko. (Parisen sabela, Emile Zola / Karlos Zabala)

Zati, ordea, izen hesitzaile zabalagoa da eta hainbat modutan erabil daiteke: errepide zatia, sagar zatia, eta abar.

  • Bat-batean, beste errepide zati batera heldu ginen. (Eguzki beltzaren sekretua, Ladron Arana, A.)
  • Postrerako, Adelak jogurt bana atera zuen, berak egina, aran eta sagar zati txikiekin, eta masusta-marmeladarekin. (Hauts bihurtu zineten, Igerabide, J. K.)
  • Zerbeza pote batzuk geratzen ziren eta baita camembert gazta zati bat ere. (Euliak ez dira argazkietan azaltzen, Joxemari Iturralde)
  • Neskak orduan aloe egur zati bat atera zuen, eta ezpal bat kendurik, sutara bota zuen; (Mila gau eta bat gehiago, Anonimoa / Zubizarreta, P.)

Neurri izenak

Neurri izenak neurri estandar arautuekin lotzen ditugu askotan: tona bat egur, bost litro ardo, sei metro oihal… Sail horretakoak dira halaber: koilarakada bat kafe, eskukada bat irin, bi ahokada ale, altzokada sagar, poltsakada bat barazki, eta abar. Hemen ere badira mugak: hogei metro luze zen esaten dugu (magnitude aukerak baditugu: luzera, zabalera, sakontasuna…), baina bi urte denbora eta antzekoak berriak dira, adibide gutxi daude eta beti Hegoaldekoak. Batzuetan izenlagun gisa bakarrik erabil daitezke, eta hori arruntagoa da: hamar metroko zabalera, bi metroko sakontasuna, hamar hilabeteko eztabaida, bi urteko iraupena, eta abar.

  • Urik gabeko piszina baten antzera, hiru bat metroko sakonera izango zuen hormigoizko lauki zabalean, geldi egon ezina erakusten zuten mutur-luzeek. (Ordaina zor nizun, Joxemari Urteaga)
  • BTV telebistak eta Catalunya Radiok osorik grabatu zuten bi orduko eztabaida, gero emateko. (Hitz egiteaz, erabakitzeaz eta ETAz, Imanol Murua Uria, Berria, 2004-07-29)
  • Mila kilometro zabal eta 400 kilometro luze da Takliman desertua. («Taklimakan Asiako deserturik handiena zabaltzen ari da», Berria, 2004-01-28)

Multzo izenak

Multzo hitzak ere badira: adiskide talde bat, bi liburu multzo, gezur korda bat, perla hari bat, mahats okoa, eta abar. Batzuetan ez da beharrezkoa izaten izen kuantifikatua agerian ematea: kopa bat hartu zuen, talde txiki batekin bildu zen, izpia sudurretik sartu zuen esan eta testuinguruaren arabera asmatzen dugu zeri buruz ari garen, zeren kopa den, zeri dagokion taldea, edo zeren izpia den sudurretik sartu duguna. Izen hauek neurriaren kontzeptuarekin lotzen ditugu eta eguzki izpia, poztasun uholdea, tiro parrasta, ogi pixka edo ur zurrusta bezalakoak ere horien parekoak dira.

Bestalde, multzo izenen artean ere badira murriztapen semantikoak:

  • laranja ziztor
  • ?mahats ziztor
  • ?banana ziztor

Kuantifikazio hitzak dira gauza batzuk multzoka loturik daudela adierazten dutenak ere: lore sorta bat, esaterako, nahiz gero hori beste erabileretara ere hedatu den: gezur sorta. Gero, zentzu figuratibo hau urrunago ere eraman da: argumentu oihan batean galdu zen.

Testuinguruen arabera izen hauek beti izan daitezke kuantifikazio izenak, edo ez. Kilo, litro edo tona bezalako hitzak beti edo gehienetan dira kuantifikazio izenak; baina ez kopa, zaku, orga, saski, botila edo edalontzi bezalako izenak:

  • edalontzi bat esne hartu zuen ohera joan aurretik ⇒ edalontzi kuantifikazio izena da
  • Mirenek mailu batekin hautsi zuen edalontzia ⇒ edalontzi ez da kuantifikatzailea, izen arrunta da

Baso bat ur eta ur baso bat, ez dira gauza bera

Lehenengo adibidean, edalontzi izenak esnea kuantifikatzen du, eta kuantifikazioaren itzala hartzen duen hitza artikulurik gabe joaten da beti (*edalontzi bat esnea). Bigarren adibidean, ordea, edalontzi izen arrunta da, ez da kuantifikatzailea. Gauza bera gertatzen beste hitzokin: katilu, botila, gurdi, zaku…

  • katilu bat esne vs plastikozko katilua
  • botila bat ardo vs kristalezko botila
  • gurdi bat egur vs zurezko gurdia
  • zaku bat patata vs telazko zakua

Sintagma hauek ere ezberdinak dira:

  • koñak botila vs botila bat koñak
  • kafe katilua vs katilu bat kafe
  • ardo basoa vs baso bat ardo
  • zapata pare bat vs pare bat zapata

Lehenengo sintagmetan edukiontzia adierazten duten hitz horiek ez dira kuantifikatzaileak, sintagmaren guneak dira eta nolako/zer botila? galderari erantzuten diote, botila hutsik egon daitekeena. “Neurri sintagma bat” (zenbat koñak adierazten duena, eta koñaka kuantifikatzen du) ere osa dezake.

Bigarren sintagmetan, berriz, kuantifikatzaileak dira, neurria adierazten dute eta zenbat koñak? galderari erantzuten diote. Gauza bera gertatzen da katilu bat kafe, edo kafe katilua sintagmen artean. Edo baso bat ardo, eta ardo basoa sintagmen artean. Lehenbizikoak bakarrik du zerikusia kantitate edo neurriarekin. Bigarrenak, aldiz, maiz, zenbait izenekin (botila-rekin, adibidez) bi esanahiak adieraz ditzake. Izan ere, edan, katilu bat kafe, botila bat koñak edo baso bat ardo edaten da. Hautsi, berriz, koñak botila, kafe katilua edo ardo basoa hausten da. Bestalde, pare bat zapata eta zapata pare bat ez dira berdinak: lehenbizikoan bi zapataz ari gara, desberdinak badira ere, bi da hor garrantzizkoa, kantitatea; bigarrenean zapata-pareaz ari gara, izen (elkartu) batez.

Sintaxiari dagokionez, izen kuantifikatzaileek gainerako izenek baino erabilera mugatuagoa dute. Txikigarriak onartzen dituzte baina ez dute erraz hartzen izenondorik:

  • kopatxo bat koñak
  • ?kopa urdin bat koñak

Gasteizko Aldapa tabernan oso kafe berezia prestatzen dute

Halako egituretan, euskaraz nahiz beste erdaretan, ohikoa da izenondo berezi batzuk erabiltzea, neurria adierazten duten heinean:

  • edalontzi handi bat esne
  • kopa txiki bat patxaran
  • un plato grande de lentejas
  • a big glass of water

Aposizioa erabiltzeko joera ere badago halakoetarako: katilu bat kafe, handia. Izen elkartuzko esamoldea ere erabiltzen da: koñak kopa txiki bat, ??kopa txiki bat koñak.

Bi esamoldeak nahaste erabiltzen badira ere, garrantzizkoa da behatzea nolako aditzekin ageri diren horrelako kuantifikazio hitzak. Aditz horiek nolakoak diren, katilu bat kafe edo kafe katilu bat aukeratzen da. Hiru multzo egin daitezke kuantifikazio hitzetan:

  • kafe katilu bat: hautsi katilua hauts daiteke, ez kafea. Eredu honetakoak dira aditz hauek: apurtu, pintatu, bete, puskatu…
    • haserretu zen eta mahaian zegoen kafe katilu bat hautsi zuen.
    • haserretu zen eta mahaian zegoen *kafe bat katilu hautsi zuen.
  • katilu bat kafe: edan kafea edan daiteke, ez katilua. Eredu honetakoak dira aditz hauek: jan, egosi…
    • mahaian eseri eta katilu bat kafe edan zuen
    • mahaian eseri eta *kafe katilu bat edan zuen
  • anbiguoak (bi esanahiak izan ditzakete): erosi, ekarri, atera… zeri egiten diozun erreferentzia, bata nahiz bestea erabil daitezke:
    • katilu bat kafe ekarri zuen ⇒ beraz, kafearen kantitateaz ari da
    • kafe katilu bat ekarri zuen ⇒ ontziaz ari da oraingoan, ez kantitateaz
    • apalategitik botila bat koñak har dezakezu
    • apalategitik koñak botila har dezakezu ⇒ botilaz ari bagara ere, koñakez betea egongo dela espero da

Kafe katilu bat ekarri zuen, urez betea esan daiteke, baina ez *katilu bat kafe ekarri zuen, urez betea. Euskal tradizioan hori ongi bereizi izan da, eta erabilera hori errespetatu da gehienetan. Erremelluriko mahastiak, Arabako Errioxan

Bestalde, kasu anbiguoetan ere, bi aukerak izanik, egungo idazleen lanetan botila bat ardo egitura ohikoagoa da ardo botila bat baino. Hola, gaurko literaturan holakoak ikusten dira: botila bat pattar ireki, botila bat xanpain eskuan eduki, botila bat ardo atera, kopa bat ardo atera, kopa bat ardo merezi, kopa bat likore ekarri, kopa bat xerez hartu, botila bat ardo klikatu, botila bat ardo erosi, botila bat ardo zabaldu, katilu bat kafe zerbitzatu, katilu bat kafe eman, katilu bat arroz egosi, botila bat ur erosi, botila bat ur ekarri, botila bat xanpain ireki, katilu bat esne (bero) hartu, kopa bat xanpain hartu, kopa bat xanpain jaurti, kopa bat ur edan, katilu bat arrain zopa ekarri, katilu bat esne ekarri, katilu bat esne edan, botila bat koñak hartu, botila bat ardo eskatu, botila bat patxaran ireki, kopa bat armagnac eskatu, kopa bat cava kobratu, … Horiek guztiak aski arruntak dira, eta holako adibide asko aurkitzen ahal dira literaturan. Eredu horren aldaerak dira botila ardoa, botila esnea, eta abar. Eredu horren aldaerak dira botila ardoa, botila esnea, eta abar.

  • Horregatik, zalantzan egon nintzen botila bat xanpain erosi ala ez, gidoiari jarraitzeko. (Gorde nazazu lurpean, Saizarbitoria, R.)
  • Horregatik, goizetan, katilu bat esne ekartzen zidaten, eta nik, jeneralean, ezetz eta ezetz, ez nuela nahi. (Gure etxeko kontuak, Natalia Ginzburg / Fernando Rey)
  • barran eseri eta txokolatezko irabiaki bat, bi hanburger eta plater bat patata frijitu eskatu zituen. (Brooklyngo erokeriak, Paul Auster / Oskar Arana)

Beste eredua segitzen duten adibideak ere badira, nahiz eta gutxiago izan: xerez botila bat atera, ardo botila bat oparitu, Erremelluri botila bat atera, garagardo botila bat hartu, wiski kopa bat jarri, ardo botila bat zabaldu, kirsch kopa bat eskatu…

Kantitateari edo kuantifikazioari baino garrantzi handiagoa ematen zaio halakoetan botilaren edukiari, zer atera den zehazteari: xereza atera dio, ardoa oparitu nahi zion edo Erremelluri etxeko ardoa, eta eduki hori botila baten barnean ateratzen edo oparitzen da.

  • Hartu ardo botila batzuk eta jira eta bueltaka ibili ditu besoan, zirkuan bezala. (Soinujolearen semea, Atxaga)
  • eskuin eskuan whisky kopa bat eta ezkerrean turuta zeramatzatela (Oilarraren promesa, Irigoien, J. M.)

Norbaitek pentsa lezake, hortaz, gaur egungo idazleen artean bi erabilerak nahasten direla, eta hori gerta daiteke batzuetan, baina ez beti: arruntean aditzaren arabera egiten da aukera, zeri behatzen diogun, ontziari edo edukiari: botila bat esne diogunean ontziari behatzen diogu, eta esne botila bat diogunean, berriz, edukiari.

Egiazko kuantifikazio izenekin (kilo, litro, dozena…) ez da nahasterik sortzen, kilo bat haragi edo litro bat esne eredua erabiltzen da. Kilo bat mertxika ere ageri da, baina oso adibide gutxi daude halakoak. Sail berekoak dira orga, gurdi edo saski bezalakoak (gurdi bat sagar), baina gaurko literaturan gutxiago ageri dira.

Sailkapen-izenak

V formako antzara aldra

Mota, klase, sail eta antzekoak dira sailkapen izen edo izen klasifikatzaileak:

  • bada jende mota bat aski astuna
  • mendi sail horretan ez duzu zuhaitzik ikusiko
  • hegazkin klase horrek asko arintzen du bidaia

Era honetako izenetan murriztapen semantikoak daude:

  • saguzar aldra bat ikusi genuen bat-batean airean
  • ? pertsona aldra bat (ez da oso ohikoa, zerbait adierazkorra esateko ez bada bederen, halakoetan ohikoagoa da pertsona samalda)
  • Lagun talde bat agurtu genuen
  • ? zuhaitz talde bat moztu genuen
  • Haize bolada
  • ? tomate bolada

Zenbait izenekin ez dirudi oso egokiak direnik.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Argumentu, gertaera, kuantifikazio eta sailkapen izenak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3