Erabiltzaile Tresnak


morf:5:6:3

Osagarria hautatzen duten izenak

Izenaren hiztegiko ezaugarri edo tasunen artean osagarriak hartzeko gaitasuna aipatu daiteke. Osagarritzat izen jakin batek beren-beregi hautatutako osagai mota bat ulertuko genuke. Adibide on bat berri izena dugu, bereziki artikulurik gabe erabiltzen denean:Mark Baker

  • * berri jakin dut.
  • * berri eman zuten telebistan.

Honelakoetan, nabarmena da berri izenak ezinbestekoa duela bere osagarri hori agertzea, egitura gramatikalik sortuko badugu behintzat:

  • Jonen berri jakin dut goizean.
  • Lehendakariaren adierazpenen berri eman zuten telebistan.

Berri izenak, beraz, aukera dauka osagarri jakin bat beren-beregin eskatzeko; arestiko adibideetan, gainera, aukera hori nahitaez gauzatu beharrekoa litzateke.

Teoria gramatikalean sarritan izenen berezko izaera erreferitzea edo izendatzea dela esaten bada ere (Baker 2006), beste batzuetan izenek izaera predikatiboa ere badutela aipatu izan da (Stowell 1989, 1991, Longobardi 1994); osagarriak hiztegian zehazteko gaitasuna bigarren ezaugarri honekin lotzen da ezbairik gabe, eta esan dezakegu honetan antzekoak direla, edo izan daitezkeela, izenak eta aditzak.

Artikulu honetan, osagarriak hartzen dituzten izenen artean bi multzo bereiziko ditugu: batetik berez erlaziozkoak diren izen arruntak aurkeztuko ditugu; bestetik, aditzekin (aditzetik eratorriak izateagatik) zerikusi zuzena dutelako osagarria dutenak ere gainbegiratuko ditugu. Bereizketa hau didaktikoa eta forma hutsezkoa da; izan ere, badira bestelako irizpideen arabera egin litezkeen hurbilketak, baina horiek beste baterako utziko ditugu.

Erlaziozko izen arruntak

Azpiatal honen sarreran iradoki dudan bezala, badira erlaziozkoak diren izenak, beren hiztegi-ezaugarrien artean nola edo halako osagarria beren-beregi onartzen edo hautatzen dutenak. Sailkapen sakona izateko asmorik gabe, lehen hurbilketa batean honako hauek bereiz litezke (cf. Artiagoitia 2006):

  • izen abstraktuak: arazo, ardura, asmo, aukera, antz, baldintza, behar, berri, defentsa, eite, erruki, eztabaida, hipotesi, ideia, itxura, kontu, kritika, kezka, lege, maitasun/gorroto, nahi, premia, susmo, teoria, uste
  • irudi izenak: argazki, erretratu, irudi, poema
  • erlaziozkoak diren beste izen konkretu batzuk: arerio, etsai, jabe, lagun, nagusi, zale
  • senidetasun izenak (Anderson 1983): ama, aita, alaba, seme, izeko eta abar
  • kokapen izenak (de Rijk-en (1990) laneko location nouns): aitzin/gibel, aurre/atze, azpi/gain, albo, alde, aldamen, ezker/eskuin, inguru, ondo, oste eta antzekoak.

Hauetan, normalean inplikazio hau betetzen da, izenaren erlaziozko izaera agerian uzten duen inplikazioa:

  • Jonek ardura hartu du → zerbaiten edo norbaiten ardura, alegia
  • Mirenek premia azaldu du → zerbaiten edo norbaiten premia, alegia
  • Argazkia erakutsi didate → norbaiten argazkia, alegia
  • Jon zalea da → norbaiten edo zerbaiten zalea, alegia
  • Miren alaba da → norbaiten alaba, alegia
  • Autoa aurrean utzi dut →zerbaiten aurrean, alegia

Egia da izen hauekin guztiekin, aditzekin ez bezala, osagarria agertzea hautazkoa izaten dela askotan, osagarri hau espreski aipatua izan gabe. Baina, hala ere, sarritan ikusiko dugu osagarri bat, izen sintagma bat jabetza-genitiboan gehienetan. Bere burua izenordain bihurkaria eta elkar izenordain elkarkaria osagarri posizioan zilegi baino ez direnez, izenordain hauexek dituzten adibideak aukeratu ditugu hainbat kasutan. Hona hemen osagarrien adibide multzo bat:

  • osagarria duten izen abstraktuak:
    • Baina hartan ere amonak ez zion tokirik utzi pasaportea lortzeko egitekoen eztabaidari. (Ihes betea, Lertxundi, A.)
    • M letrara iritsi zenean Raimundo Silva lo gelditu zen, hatza Maria izenaren gainean zuela, hau emakumezkoarena ezbairik gabe, eta neskamearena, dakigunez, honek kasualitate baten hipotesia alde batera uzten ez duen arren, munduan horrelakorik maiz gertatzen da-eta. (Lisboako setioaren historia, Saramago, J. / Jon Alonso)
    • Leku mortu eta bakartiek mamuak sortzen dituztelako hipotesi horrek zilegizkoa dirudi,[…] (Groenlandiako lezioa, Atxaga)
    • Baina ikusten da; Seguritatekoek, txoriari kaiola ireki diotenak euskotarrak izan direlako susmoa duten arren, datu zehatzegirik ez dute-eta, burua ahal duen lekutik atera behar duela pentsatu du Jesus Galindezek. (Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan, Jimenez, E.)
    • Aitonen seme batek ezeutsok zorrik Yainkoari ta erregeari baiño; ta eztok bidezko gizona nobera ba ba, bere buruaren ardurea lipar batean iztea. (Tormes-ko itsu-mutila, "Orixe")
    • Bildurra da, bada, nere buruaren bildurra alegia, bakardadetik baztertzen nauena. (Leturiaren Egunkari Ezkutua, "Txillardegi")
    • Eta urrats bat aurrerantza emanik, esango dizute oraindik: Zure buruaren kezka izatea, ezta aski. (Kristau fedearen sustraiak. I. Jainkoa., Villasante)
    • Giza-ariman, berriz, naikunde orrek bere buruaren konzientzia artzen du, bere xedearen berri ba-daki. (Kristau fedearen sustraiak. I. Jainkoa., Villasante)
    • Baditugu euskaraz elkarren antzeko hitz bi, esan-nahiari dagokionez: haur eta ume. (Mitxelenaren idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
    • Aita baten seme izanik, badute elkarren eitea, baina ez dira berdinak, ezta alderatzeko ere. (Mitxelenaren idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
    • Xedetasun ori, ordea, itsu da, eztaki bere buruaren berri, eta mundu eta izakien barnean datza. (Kristau fedearen sustraiak. I. Jainkoa., Villasante)
    • Gañera, ba ziran liberalak Oñatin, Bergaran, Mondragun, Aramaion eta Elorrion, eta danak erabat asi ziran elkarren berri zutela, mugitzen. (Santa Cruz apaiza, "Orixe")
  • irudi izenen osagarriak:
    • Emazteaz hain maiteminduta egonik egun osoan zehar haurdun zegoen emaztea bere buruaren argazkia begiratzera behartzen zuen senar tiranoaren adibidea da argiena. (Pasaia Blues, Cano, H.)
    • Orain, egunak joan eta egunak etorri, argiak, uretan isladatutako loreak bezala, bere buruaren irudi gardena erakusten zuen aurreko horman. (Farorantz, Virginia Woolf / Anton Garikano)
    • Itsasoa ikusteko jarri dira ertzeneko mahaian, baina batez ere haren argitasun urdinean elkarren irudia hobeto dastatzeko, bost egun daramatzate eta aparte. (Note Book, Aristi, P.)
    • Elkarren argazkiak egin behar ditugu. (Europako mugetan barrena, Jimenez, E.)
    • oraindik ere besteek haren baitan jarritako itxaropenari amore ematera gertu zen, besteengatik sortutako bere buruaren aizun-irudiari uko ez egitearren. (Haur besoetakoa, Mirande)
    • Hauetako bakoitza harrotu eta ezerezten dunean, bere buruaren une hartako argazki gertatzen da. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)
  • erlaziozkoak diren beste izen konkretu batzuen osagarriak:
    • Banekien eperra bera bihur zitekeela bere buruaren etsai izan ere ehiztariek beste eperrak erakartzeko erabiltzen baitzuten. (Nire aitaren fusila, Huner Saleem / Igerabide, J. K.)Huner Saleem
    • Baditu adimendua, bere buruaren jabe izatea eta betiko irautea. (Kristau fedearen sustraiak. I. Jainkoa., Villasante)
    • Ez nuke, ordea, egia osoa esango, eta, egia esatekotan, egia osoa zor dugu, hemen aitortuko ez banu zenbateraino lagundu ninduten arrotz zirelako irakasleek, batez ere, Julio Caro Baroja, gure-gurea dugulakoan, ez dut aipatzen, elkarren agitz adiskide ez ziren Jose Vallejok eta Antonio Tovar'ek. (Mitxelenaren idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
    • Batzuetan, haatik, zaharrak zaharregiak dira, azeari, esate baterako, eta beste batzuetan elkarren etsai agertzen zaizkigu zahartasuna eta jatortasuna, euskal forma berezia. Mitxelenaren idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
    • Bildu zituenak oro, edo gehientsuak, ordea, elkarren pare eta kide dira formaren aldetik (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)
  • senidetasun izenen osagarriak:
    • Batasunik ez denean, bi moldetakoak izan ohi ditugu ezberdintasunak: edota alderdi bateko eta besteko hitzek ez dute itxuraz elkarrekin zer ikusirik, edota erro batekoak izanik, badute elkarren eitea, elkarren senide dira, baina hots-aldaketa bereziek saihestuak. (Mitxelenaren idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
    • Eta orain, trebe baten bitartez sinesterazi nahi digute, nolabait eta nonbaitetik ere, Bizkaiko aditza eta lapurtarra elkarren ahaide hurbilagoak direla Gipuzkoa-Nafarroetakoa beste edozeinen baino. (Mitxelenaren idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
    • Illabete barru, alkarren senar-emazte doguz gure Txomin Zorri ta Miren Arantxa. (Ipuin-barreka, Bilbao, F.)
  • kokapen izenen osagarriak:
    • Bazekien, ordea, dudarik gabe, inoiz aitortu ez badu ere, bere buruaren aurrean zuritu behar zuela, zuzenbideari dagokiona ematekotan, arrotzen aurrean zalaparta bizian aldarrikatu zuen euskararen berri ona. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)
    • Honekin baikaude zorretan hitz-neurtuetarako dohairik ez dugun idazleok, izen larri hori nere buruaren gainean ezartzeko baimena ematen badidate. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)
    • Labur, jarraitu birtuteari, eta orrela zeure izatearen esana egiten ari zera, eta era berean, zere buruaren alde lan egiten duzu. (Kristau fedearen sustraiak. I. Jainkoa., Villasante)
    • Ara zer dion batek: Bildur izateko da, Jainkoaren fedea giza-biotzetan itzaliaz, ez ote zaion gizadiari kentzen bere buruaren gain altxatzeko bear duen ego-pare aundi ori (Kristau fedearen sustraiak. I. Jainkoa., Villasante)
    • Salatutakoa bere buruaren alde jaiki zan ojuka: Iruzurtia bera duzute. (Joanak joan, Etxaide, J.)
    • Bi gazteak eseri ziren muñaska batean elkarren ondoan (Mireio, "Orixe")
    • Iztar erdiraiño da elurra gaiñean; anka jaso dukenik ez dagoke Leitza'n; zurian beltzik datoz, euliak esnean; obeki itsas-antzarak elkarren atzean. ("Euskaldunak", Mireio)
    • Itzulirik eman ditu, euskara eta gaztelera elkarren aldamenean. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)

Ikusten denez, ugari dira beren ezaugarri lexikoen artean benetako osagarriak edukitzeko aukera duten erlaziozko izenak.

Aditzetik eratorritako izenak

Aditzetik eratorritako izenek, sarritan, aditzen osagarri-hautapenari eusten diote neurri handi batean. Aditzak nolako osagarria, izenak halako osagarria izaten du, eratorpen atzizkiak berak eragin dezakeen aldaketa alde batera utzita. Adibide erraz birekin erakuts daiteke hau:

  • Aresti, G.k T. S. Eliot itzuli zuen.
  • (Arestiren) Elioten itzulpenak luze jo zuen.
  • (Arestik) Eliot itzultzeak luze jo zuen.
  • (*Arestiren) Elioten itzultzailea Euskaltzaindia izan zen.

Ikusten dugunez, itzulpen izenak itzuli aditzak berak duen izen sintagma osagarriari eutsi diezaioke, jabego-genitiboan, eta are izen sintagma subjektuari; hala ere, euskaraz, S-O-I egiturako izen sintagmak ez dira hain ohikoak, seguru asko –t(z)e aditz izenak posible egiten duelako edozein perpaus nominalizatzea. ((Arestiren) Elioten itzulpenak luze jo zuen) adibideak ((Arestik) Eliot itzultzeak luze jo zuen)-ren adiera bera du, baina askozaz arruntagoa da ((Arestik) Eliot itzultzeak luze jo zuen). Itzultzaile izenaren kasuan, berriz, ikusten da –t(z)aile atzizkiaren beraren bereizgarria dela itzuli aditzaren jatorrizko subjektua ezabatu edo xurgatzea, eta hartara ezinezkoa da izen sintagmaren barruan berau aipatzea.

Aditzetik eratorritako izenek, beraz, dagozkien aditzen euren ezaugarrietatik jarauntsitako osagarriak eduki ditzateke, izen sintagmaren barnean ohikoak diren aldaketekin beti ere:

  • Elvis hilda dagoela egiaztatu dute.
  • Elvis hilda dagoelako egiaztapena berretsi dute.
  • Liburu berria aurkeztu du idazleak.
  • Liburu berriaren aurkezpenean hainbat gauza jakingarri esan zituen idazleak.
  • Euskal Filologia ikasten du nire alabak.
  • Euskal Filologiako ikasle batek jakin beharko lituzke halakoak.
  • Baieztapen hori egiaztatu egin dezakegu.
  • Eta hala dela… jakiterik badugu ere, adibideak aurki ditzakegu baieztapen horren egiaztagarri. (Hizkuntzalaritza orokorreko ikastaroa, Saussure, F. / Isabel Arrigain)
  • Iduritzen zait horrela ihardetsi diodala, engoitik, bigarren argumentuari; zeren eta hori ere oinarritzen baita oinarri berean, hots, materia, substantzia den aldetik, zatikorra eta zatikiz osatua delako baieztapenean. (Etika, Spinoza / Xarriton, P.)
  • Euskalki guztietan, nik uste, labur-surrean ez gabiltzanean elkarte moldez jokatuz, artoaren ereilea esaten da, kateen birrintzailea, kristauen salataria, eta abar eta abar. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)

Beraz, berresten da aditzetiko izenkiek eta jatorrizko aditzek badutela halako paralelismoa euren osagarria hautatzeko orduan.

Komeni da, nolanahi ere, argitzea aditzetik eratorritako izen guztiek ez dutela berdin jokatzen osagarriak eta argumentuak edukitzeari dagokionez, aditzetik eratorriak izate hutsagatik. Aditzetik eratorritako izenen artean, bereizi ohi dira gutxienez gertaera- edo ekintza-nominalizazioak eta emaitza-nominalizazioak; beste batzuetan, aditzetik eratorritako izenek izen arrunten pareko jokabidea besterik ez dute.

Azken hauen adibideak oso errazak dira aurkitzen eta ulertzen: sarrera eta azterketa hitzak sartu eta aztertu aditzetatik datozen izenak dira, hurrenez hurren, baina sarrera askotan egun “ikuskari edo emanaldi batera sartzeko aukera ematen duen txartelari” (Sarasola, I. 2007: 699) esaten diogu, eta txartel izen arruntak eduki dezakeen adiera dauka, gutxi gorabehera; azterketa izenak ere “norbaiti, zerbaitetarako gauza den edo gai batez zenbat dakien ikusteko egiten zaion proba edo proba multzoa” (ibidem: 152) adierazten du, eta, ondorioz eta hedapenez, objektu fisiko bat ere izenda dezake: azterketa proba horren paperezko bertsioari ere deitu ahal diogu, esaterako. Beraz, sarrera eta azterketa objektu fisiko zehatzak izendatzeko erabiltzen ditugun izenak dira kasu askotan, eta halakoetan sartu eta aztertu aditzekin urruneko harremana dute.

Nominalizazioen emaitza interpretazioa, ostera, hurbilago izaten da aditzaren jatorrizko adieratik; erosketa, itzulpen, sarrera edo azterketa izenek ekintza baten emaitza izendatzen dute honelako adibideetan:

  • Elioten itzulpena Hordago argitaletxeak kaleratu zuen.
  • Non daude gaur goizeko erosketak?
  • Zenbat sarrera ditu hiztegi honek?
  • Nire osasun-azterketa hartu dut buzoian.

Hots, Elioten itzulpena Eliot itzuli izanaren emaitzari edo produktuari esan diogu; erosketak zerbait erosi ondorengo emaitza fisikoak dira; hiztegi bateko sarrerak hitzak sartu ondoren geratzen diren horiei deritze; osasun-azterketa nire osasuna aztertu ondorengo txostenak (emaitzak!) besterik ez dira, eta abar.

Azkenik, ekintza- edo gertaera-nominalizazioak dira aditz baten osagarri edo argumentu egituratik hurbilen daudenak. Honelakoetan, aditzak perpaus batean duen egituratik nahiko hurbil dago izenak sortzen duen egitura, eta esan daiteke izen sintagmak prozesu bat deskribatzen duela, ondoko adibideak erakusten duenez:

  • Egileak poema-liburu berria hogei minutuan aurkeztu zuen.
  • Poema-liburu berriaren aurkezpenak hogei minutu iraun zuen.

Jarraian aditzetik eratorritako izenez osatutako adibide sorta bat dakargu:

  • Neure suminaldian galdu naiz, eta ahantzi zait egungo egunean gertatu denaren kontaketa zor dizudala. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L. / Jon Muñoz)
  • El Nacional egunkariak egunero azken orria eskaintzen dio, oso-osorik, lapurreta eta hilketen kontaketari, batzuetan tonu trajiko batekin. (Venezuela, Iraultza Isilaren Hitzak, Aristi, P.)
  • Horregatik, galera handiak egin zizkielako, turkoek saria eskaini zuten Markoren atxiloketa errazten zuen edonori, eta are sari handiagoa, sekulako dirutza, horixe lortzen zuenari emateko. (Itzarri nahi ez zuen printseza, Juaristi, F.)
  • Inoiz serio gaixorik egon edota gaitzarraska ttipienik ere sofritu gabea, mina orain arteko bere bizitzaren ukapena da, eta ez du onartuko; ez du onartuko gauzen bat-bateko eta berak aurrez susmatu edo hauteman gabeko aldaketarik. (Urregilearen orduak, Aristi, P.)

Sarrera izenak berak ere onar lezake ekintza-interpretazioa Txirritaren ondoko adibide ezagunak aditzera ematen duenez:

  • Etorri ziñan bukaturikan
    kanpeonaren karrera,
    ikusgarriya izan zan zure
    Donostiya'ko sarrera:
    musika juaz automobillan
    Justoren aldamenera,
    Kojuenea deitutzen zaion
    lengo ostatu zarrera. (Bertso jarri guztiak, Txirrita)

Euskaraz, aurretik iradoki dugunaren bidetik, halako prozu-nominalizazioak -t(z)e atzizki emankorraren bidez sortzen ditugu sarritan:

  • Poema-liburu berria aurkezteak hogei minutu iraun zuen
  • gertatu dena kontatzea zor dizut
  • Egunkariak azken orria eskaintzen dio lapurreta eta hilketak kontatzeari
  • Turkoek saria eskaini zioten Marko atxilotzea errazten zuen edonori
  • Ikusgarria izan zen zu Donostian sartzea

…eta seguru asko horrexegatik dira bakanagoak –keta eta -pen bezalako ekintza-nominalizazioak. Jane Grimshawk (1990) dioenez, ekintza-nominalizazioak dira eskuarki osagarria nahitaezkoa duten bakarrak. Hots, izenak gertaera bat kontatu behar badu, badirudi nahitaezkoa duela osagarriak agertzea; jabego-genitiboa den subjektua, itxura batean, murrizketa honetatik kanpo gelditzen da posesibo arruntaren estatusa duen neurrian (eta horrenbestez aukerakoa da). Badirudi euskararako ere balio duela honek; izan ere, arestiko adibideek zalantzazkoak dirudite ekintza-interpretazioarekin osagarririk ezean:

  • ? Aurkezpenak hogei minutu iraun zuen.
  • ? Neure suminaldian galdu naiz, eta ahantzi zait kontaketa zor dizudala.
  • ? El Nacional egunkariak egunero azken orria eskaintzen dio, oso-osorik, kontaketari, batzuetan tonu trajiko batekin.
  • ? Horregatik, galera handiak egin zizkielako, turkoek saria eskaini zuten atxiloketa errazten zuen edonori, eta are sari handiagoa, sekulako dirutza, horixe lortzen zuenari emateko.
  • ? Inoiz serio gaixorik egon edota gaitzarraska ttipienik ere sofritu gabea, mina ukapena da, eta ez du onartuko.
  • ? Ikusgarria izan zen zure sarrera.

Laburbilduz, aditzetik eratorritako izenek sarri askotan eutsi egiten diote aditzaren jatorrizko osagarri-egiturari; hau bereziki nabarmena da izenkiak aditzaren berezko izaeratik gertu dagoen ekintza-nominalizazioa adierazten duenean. Nolanahi ere, beste muturreko kasuetan, izenek, aditzetik eratorriak izanagatik ere, izen soil arrunt baten portaera izan dezakete.

Izenen osagarrien kategoriaz

Aurreko atalean gaingiroki deskribatu ditugu osagarria hartzen duten izenak, baina ez dugu gauza handirik esan osagarri horien kategoriaz. Gai hau ez da arazorik gabea, baina ohar banaka batzuk egingo ditugu hemen, laburpen gisa. Egiaztatuko dugunez, izenen osagarri ohikoenak hauexek dira:

  • perpaus konpletiboak
  • -ko gehitzen duten edo buru duten postposizio-sintagmak
  • -(r)en jabego-genitiboa duten numerodun izen sintagmak; hots, determinatzaile sintagma (DS) kategoriako osagarriak
  • -ko atzizkia duten eta interpretazio generikoa duten izen sintagmak
  • Oro har, eta gehiegi erratzeko beldurrik gabe, esan liteke izenak baiezpenezko perpaus osagarria hartzen duenean, -ela menderagailuari -ko gehitzen zaiola, edota, bestela -en menderagailua aurkituko dugula:
  • Beste aukera bat, perpaus osagarri hori eskuinera ematea da, izenetik urrun:
    • Are gehiago, badut susmoa, bertze aunitzen aldean, hala-holakoa baizik ez naizela. (Rock'n'roll, Epaltza A.)
  • Zehargalderak alde batera utzi ditugu, berauek nekez izaten baitira izen baten osagarri (Euskaltzaindia 1999: 153-155).
  • Aditz batek postposizio-sintagma kategoriako osagarria hartzen duenean, dagokion izen eratorriak sarritan postposizio-sintagma berdina har dezake osagarri, baina -ko gehituta; hortik dator adizlagunak izenlagun bihurtzeko -ko atzizkia behar delako baieztapen ezaguna:
    • Eskolara hurbildu zara / Eskolarako hurbilketa SEGOVIATIK IHES EGIN ZUTEN
    • Segoviatik ihes egin nuen / Segoviako ihesa, Segoviatiko ihesa
    • Donostian egon ginen / gure Donostiako egotaldia
    • Gerra aurreko euskal eskolarako hurbilketa honek gainera Elbira Zipitriaren biografia, pentsamena eta eskola-praktikak argitu dizkigu (Oroimenaren hitza. Ikastolen historia, Idoia Fernandez)
  • Ezaguna denez, -ko atzizkia azpian datzan postposizioa estaltzera heldu daiteke; horixe litzateke Segoviako ihesa eta Donostiako egotaldia adibideen egoera, non -ko horrek Segoviatiko eta egun ezinezkoa den *Donostiango ostentzen dituen.
  • Izenaren osagarria izen sintagma arrunta edo, nahiago bada, mugatzailea eta guzti DS kategoriaraino islatzen den osagaia bada, jabetza-genitiboaren forman agertuko zaigu; berau nahiko nabarmena da aditzetik eratorritakoen artean:
    • Bada ebasketa baten susmoa ere. (Rock'n'roll, Epaltza A.)
    • kateak birrindu → kateen birrintzailea
    • artoa erein → artoaren ereilea
    • kristauak salatu → kristauen salatari
  • “Aditzean absolutiboa → izenean jabego-genitiboa” egokitasun-arau honek baditu salbuespen bi. Lehena, nahiko argia dena eta Goenagak (2003) nabarmendu duena, modu sistematikoan –ko hartzen duten aditz izenek osatzen dute:
    • etxe berri baten premia dugu.
    • Kanpora irteteko premia dugu vs * Kanpora irtetearen premia dugu
    • (a-b adibideak Goenaga, P. (2003: 292) lanetik)
    • Epaileak atxiloketaren {erabakia hartu, erregua/iradokizuna egin} zuen.
    • Bihar denok Bilbora joateko {erabakia hartu, erregua/iradokizuna egin} dugu.
    • Ronald Reagan orduko AEBetako presidenteak Kongresuaren oniritziaz hartu zuen inbasioaren erabakia, (Ekain Rojo, Berria, 2010/12/26)
    • Reaganek hartu zuen Granada inbaditzeko erabakia.
  • Bigarren salbuespena sotilagoa da: aditzetik eratorritako izen baten osagarria bizigabea den izen berezi bat denean, sarritan, izen berezi hori leku-izen gisa kontzeptualizatzera jotzen dugula dirudi. Hartara, entrenatu edo aurkezu aditzetik hauxe esperoko genuke:
    • saioa aurkeztu –> saioaren aurkezle
    • atezainak entrenatu –> atezainen entrenatzaile
  • Eta, zinez, halakoak dira aurkitzen ditugun adibide ugari (“entrenatzaile” sortako lehen bi adibideak eta “aurkezle” sortako lehen adibidea; baina osagarria izen berezia delarik, ohikoagoa bihurtzen da –ko aurkitzea (“entrenatzaile” sortako hirugarren adibidea eta “aurkezle” sortako bigarrena):
    1. entrenatzaile
    • Zerura igo zuten Urban; poloniarra orain hemen bizi da, eta Osasunako beheko taldeen entrenatzailea da. ( Berria, 2004/04/13)
    • Realak sinatuta dauka Bai Euskarari Akordioa, eta ez al litzateke logikoa izango sikiera gazteen entrenatzaileek euskaraz jakitea? Torneoa aipatu dudanez, Realean bereziki gustatu zaidan bat: Mikel Gonzalez zentrala. ( Berria, 2004/04/13)
    • Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzailearen hitzak dira, maiatzaren 19an UEFArako sailkatzea lortu ondoren, Lezaman egindakoak ( Berria, 2004/06/06)
    • Javier Aguirre Osasunako entrenatzaileak Levanteren aurka galdu ondoren antzeko zerbait esan zuen, eta eztabaida piztu zen Iruñean. ( Berria, 2004/11/14)
    1. aurkezle
    • Saioaren aurkezlea Xiomara Gezuraga izango da. ( Berria, 2004/10/24)
    • Azken zazpi urteotan Hitzetik Hortzera-ko zuzendari eta aurkezle lanetan jardun du. ( Berria, 2004/09/09)
  • Aditz izenen eta izen berezien kasu bereziok alde batera utzita, gainerakoan, ohikoena izenaren osagarrien artean izen sintagma kategoriako osagarri arrunta jabetza-genitiboa gisa agertzea genuke.
  • Azkenik, esan behar dugu zenbait izenek beren osagarria izen sintagma kategoriakoa baina -ko atzizkiduna eskatzen dutela. Hona hemen adibide zenbait:
    • fisika ikasi / irakatsi → fisikako ikasle/irakasle, fisikako ikasketak
    • fisikako eskola, liburu, sail, atal, institutu, laborategi, museo…
    • (adibideak Goenaga (2003: 290) lanetik hartuak)
  • Ikusten denez, adibide hauetako –ko hauek ez dute zerikusirik ez nolakotasunezko izenlagunak direlakoekin ez nongo/noizko galdetzaileekin edo azpian postposizio-sintagma bat edo bestelako deklinabide-atzizki bat ulertzearekin; dagokien izenaren hautu lexikoak dira besterik gabe. Hautu hauen gakoa edo arrazoia honela zehaztu da Zabala (1999) eta Goenaga (2003) lanetan (lehenean bereziki): -ko atzizkia duen izen sintagma osagarri hauek modu generikoan ulertzen diren bitartean, -(r)en atzizkia duen izen sintagma “beti ulertu behar dugu mugatu edo mugagabe modura, ezinezkoa da numerorik gabekotzat, hau da generikotzat ulertzea” (Zabala 1999: 129-130). Horren lekuko dira honelako murriztapenak:
    • latineko irakaslea = latin-irakaslea
    • ?? latin honen irakaslea, ?? latinaren irakaslea, ? latin guztien irakaslea
    • txakurraren hitzailea ≠ txakur-hiltzailea
    • txakur honen hiltzailea, txakur guztien hitzailea
  • Beste era batera esanda, -ko duten sintagmetan determinatzailerik gabeko izen sintagma bat, DS-raino islatzen ez dena, izango genuke Zabalaren arabera, eta –(r)en duten sintagmetan DS-raino isla daitekeen izen sintagma bat; alde horretatik, -ko hau hitz-elkarketatik gertu dauden eta “erreferentziaren beharrik ez duten laguntzaileak sortzen dituen atzizkia” genuke (ibidem, 130 or.). Hots, -ko duten izen sintagma osagarriak mugatzailerik gabe ulertzen ditugu, eta nekeza da hor mugatzaileak gehitzea; posible izatekotan, ñabardura zeharo diferenteak hartzen ditu osagarri berriak. Aitzitik, -(r)en duten izen sintagma osagarriak mugatzailea eta guzti agertzen dira eta DS mota guztien konbinazioak dirudi zilegi; are gehiago, badirudi, erreferentzia duten DSak aipatzen diren neurrian, gertaera edo ekintza baten inplikazioa egiten dela: txakurraren hitzaileaz hitz egin badaiteke, txakurra hil dutelako da; latineko irakaslea izen sintagmak, berriz, ez du latina irakatsi izanaren ekintza nahitaez inplikatzen, lanbide bat soilik identifikatzen du, dagokion hitz elkartuak bezalatsu. Hitz elkarketa bietan da posible, noski, baina –ko atzizkidun osagarriak dira hitz elkartuen baliokide zuzen bakarrak.

— Egilea: Xabier Artiagoitia

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Artiagoitia, "Osagarria hautatzen duten izenak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3