Erabiltzaile Tresnak


morf:5:6:4

Generoaz

Generoaz ari garelarik, gramatikaz ari gara, eta euskaraz izenak ez dira generoaren arabera sailkatzen edota morfologikoki aldatzen. Alegia, euskaraz ez daukagu maskulino/femenino aldagaiaren arabera defini litekeen izenik edota alda daitekeen izenik. Izen zerrenda baten aurrean:

//Fenêtre// leihoa da frantsez

  • ordenagailu, paper, beldur, ikasle, bertsolari, politikari, gizon, andre, unibertsitate, jauregi…

ez dago esaterik maskulinoak edo femeninoak diren, gure inguruko erdaretan ez bezala:

  • frantsesez:
  • izen femeninoak: (la) fenêtre, (la) voiture, (la) tête
  • izen maskulinoak: (le) livre, (le) crayon, l’ordinateur
  • genero-morfemen arabera aldagarri: musicien/musicienne, boucher/bouchère
  • gaztelaniaz:
  • izen femeninoak: (la) ventana, (la) puerta, (la) cabeza
  • izen maskulinoak: (el) automóvil, (el) aeroplano, (el) riñón
  • genero-morfemen arabera aldagarri: corredor/corredora, camionero/camionera

Euskarak ez du generorik bereizten gramatikan. Ez, bederen, izenaren edo adjektiboaren morfologian. Inguruko hizkuntzetan venido eta venida ikusirik, edo venu eta venue, badakigu zeinetan gizonaz ari den, eta zeinetan emakumeaz. Hobeki zehaztuz, gauzak puntu honetan nahasirik baitaude, generoaz ari garela esan behar dugu, ez sexuaz: mesa edo table femeninoak dira, baina libro eta livre, ordea, maskulinoak. Badute generoa, ez dute sexurik. Hombre eta homme, genero aldetik, maskulinoak dira, eta mujer edo femme, femeninoak. Sexuaz ere bereizten dira, jakina, baina sexua biologiari dagokio, eta generoa gramatikari. Hizkuntza horietan, gehienetan, baina ez beti, aski izaten da izen formari behatzea zein genero duen jakiteko: hola, esaterako, badakigu panadero maskulinoa dela (hori gertatzen da “-o” letraz bukatzen diren izen edo adjektiboekin) eta panadera, berriz, femeninoa (eta hori gertatzen da arruntean “-a” letrarekin bukatzen diren izen edo adjektiboekin). Bereizketa morfologikoa da. Berdin frantsesez ere: boulanger eta boulangère. Batzuetan, ordea, ez da bereizketa hori betetzen: periodista eta víctima maskulinoak nahiz femeninoak izan daitezke. Areago: lehenbizikoa zenbatzailearekin edo adjektiboarekin bereiz daiteke nori dagokion: un periodista bueno / una periodista buena. Baina bigarrenean, una víctima esanez gero, femeninoa da generoz, baina gizona edo andrea izan daiteke. Eta adjektiboa ere femeninoan hartzen du beti: Agustín fue una víctima desgraciada. Inguruko hizkuntzek badute eragina, hala ere, euskaran, puntu honetan: tonta, maistra, panadera, katolika, konpletiba… eta tankera horretakoekin osatutako adibideak ez dira falta. Ordea, hizkuntza gehienek ez dute generorik markatzen. Markatzen dutenen artean, generoa sexuarekin lotua da, esan bezala, salbuespen batzuekin: arrak maskulinoarekin lotzen dira, eta emeak femeninoarekin.

Euskarak ere ez du generorik markatzen, eta hitz diferenteak ditugu gauzei izenak emateko, maskulinoa eta femeninoa morfologikoki bereizi gabe: okina esaten dugu (edo panaderua), andrea izan nahiz gizona izan. Eta seme-alabez mintzo gara, edo aita-amez, edo senar-emazteez. Desberdintasunak ez dira morfologikoak, ikusten denez, baizik lexikoak.

Eta, berriro esan dezagun, ez dago printzipioz genero-aldaketarik erakusten duen morfemarik, geroxeago aipatuko dugun salbuespenen bat kenduta.

Genero bereizketa erakusten duten salbuespen batzuk

Aurreko atalean esan dugun bezala, oro har ez dago euskaraz, ez behintzat euskara batuan edo estandarrean, genero-aldaketarik erakusten duen morfemarik. Badira, alabaina, salbuespen orokor bi.

  • Batetik, “emea” ezaugarria hartzen duten eta, normalean, -sa atzizkiaren bidez (-na atzizkiaz lehengusina-ren kasuan) sortzen diren izenak ditugu:
  • lehengusu ~ lehengusina
  • alkate ~ alkatesa
  • alargun ~ alarguntsa
  • markes ~ markesa
  • errient ~ errientsa

Esan behar da lehen hiruren kasuan lehen kideak berdin adieraz dezakeela arra zein emea. Hots, lehengusu anai-arreba direnen haurrak eta ondorengoak dira, seme zein alaba; baina lehengusina anai-arreba direnen alabak (eta ondorengo emeak) lirateke soilik. Alde horretatik, lehengusina lehengusu izenaren hiponimoa da. Baina argi izan behar dugu lehengusina bezalakoek hedadura mugatua dutela; gehienbat mendebaleko euskaran erabiltzen da, esaterako, lehengusina hitza.

Arestiko zerrendako azken bikote bien kasuan, errient eta markes izenek nahitaez dakarte [+arra] esanahia eta errientsa eta markesa izenek [+emea], dena delako arrazoiagatik. Nolanahi ere, euskara estandarretik kanpo eta hizkeretan barrena aurkitzen diren mediku ~ medikusa, euskaldun ~ euskalduntsa, bulanjer ~ bulanjersa bezalakoetan lehen izenak beti adierazten dezake arra zein emea eta bigarrena da nahitaez emea sexua adierazten duena.

Horrenbestez, baditugu hitz batzuk, ez gehiegi, non itxurazko bereizketa morfologikoak ere atzematen diren: lehengusu-lehengusina, alargun-alarguntsa, errient-errientsa, eta abar. Oso gutxi dira, eta ez dira batere produktiboak. Gutxi izateaz gain, ez dira euskalki guztietan bereizten: batzuetan alargun esaten zaio andreari ere, edo lehengusu hitzak berdin balio du sexu baterako eta besterako. Bereizketa morfologiko hori ezin da generalizatu: ez ditugu irakasle eta irakaslesak bereizten, esaterako, edo alkateak eta alkatesak, denak baitira irakasleak edo alkateak, gizonak nahiz andreak izan. Hortaz, horietan ere onartuko dugu bereizketa horiek, azken batean, bereizketa lexikoak direla, hiztegikoak, eta ez morfologikoak. Egia da, batzuetan alkatesa, medikusa bezalakoak erabili izan direla, baina esanahia desberdina dute. Ez dira alkate edo mediku diren andreak: alkatearen edo medikuaren andreari deitu izan zaie hola.

  • Bigarren salbuespena ingeniero/ingeniera edo arkitekto/arkitekta bezalako lanbide-bikoteak mailegatzean gertatzen dena dugu: lagun arteko hizkeran ohikoa da horiek jatorriz duten maskulino-femenino bereizketari eustea, hegoaldean behintzat. Alde horretatik, euskara mintzatuan, arruntagoa da askorendako Edurne arkitekta ona da esatea Edurne arkitekto ona da esatea baino. Besterik da euskara batuan edo jasoan, noski.

Hitz berriekin arazoak sortzen dira batzuetan, eta hiztun batzuek badute joera katoliko eta katolika bereizteko, edo tonto eta tonta bereizteko. Eliza ama santa bezalakoak ere badira gure tradiziozko testuetan. Behin baino gehiagotan entzun ditugu perpaus konpletiba bezalakoak. Holakoak ez dira zuzenak gramatikaren ikuspuntutik. Beti –a formakoak mailegatu behar ditugu euskaraz: perpaus konpletiboak, krisi ekonomikoa,, eta abar. Euskaltzaindiak lesbiana erabaki du Hiztegi Batuan (izenondo eta izen gisa), nahiz horrek lesbiano behar lukeen. Egia da erabilera kontuan hartzen badugu, euskal idazleek lesbiana erabili dutela askoz ere gehiago, lesbiano baino. Baina, dena den, triptiko lesbiano, edo feminismo lesbiano bezalakoak ere ageri dira, eta hor gogortxoegi dirudi feminismo lesbiana erabiltzea, euskarak feminismo lesbiano eskatzen baitu.

Beste kontu bat da, desberdina, adizki alokutiboekin gertatzen dena. Denok dakigunez, esan diat eta esan dinat bezalakoak bereizten ditugu, nori zuzentzen gatzaizkion elkarrizketan, gizonari (diat) edo andreari (dinat). Hemen aipatzen dugu kontua, nahiz ez dagokion izenaren atalari, baizik aditzarenari. Zernahi gisaz, adizki horiek ere ez dute generoa bereizten, baizik sexua, batez ere andrearen kasuan: euskal literaturan toka (diat) erabili izan da gizon, gauza eta animaliekin.
Hitz gutxitan esateko, euskarak ez du berez genero-bereizketarik izenaren morfologian: izan ere, lehen salbuespena bera ere ez da genero-bereizketaren barruan sartzen, eta gehienez izen gutxi batzuek, lanbidearen alorrekoak gehienak, -sa atzizkiaren bidez emearen sexua adierazi ahal dutela esango genuke, baina ez genuke horratik esango femeninoak direnik. Bigarren salbuespenaren eskutik, aitzitik, euskarak berezkoa ez duen genero-bereizketa, lanbideen esparruan sexu-bereizketa ere inplikatzen duena, bere gain hartzen du, mailegutza morfologiko zuzena eginez.

Lexiko bidezko sexu bereizketa

Euskaraz, oro har, genero-morfologia berezirik ez dagoela esateak ez du esan nahi hizkuntzak ez duela lexikoan sexu-bereizketarik egiten. Badira arra vs emea bereizketan oinarritzen diren izen bikoteak, animalienak batik bat. Hona hemen batzuk:

ARRA EMEA
gizon emakume, andre
mutil neska
maisu maistra
oilar oilo
zezen behi
ahari ardi
aker ahuntz
zaldi behor

Esan beharra dago, hala ere, kasu batzuetan bikoteko ale batek espezie osoari deitura emateko erabiltzen dela: ardi eta ahuntz hitzen kasuan, modu orokorrean erabilita, arra nahiz emea uler liteke; zaldi hitzaren kasuan, emea zein arra uler liteke. Alegia, mendian gabiltzala, ardiak dabiltza edo zaldiak ikusi ditut esaterakoan, arrak eta emeak izan litezke tartean; artilea (<*ardi + ile) aharien ilearekin ere egin liteke; zaldi-lasterketetan, behorrek ere parte hartzen dute.

Beste kasu batzuetan animaliaren deitura neutrala da eta ez du sexu-ñabardurarik, baina bada kide arra edo emea izendatzeko hitz berezia: txerri (arra zein emea) eta aketz (‘txerri arra’) litzateke honelakoa; beste horrenbeste esan liteke txahal (behiaren kume arra nahiz emea) eta zekor (txahal arra, zezen gaztea).

Sexu-bereizketa edota ñabardura hauek guztiak hiztegi mailakoak dira eta ez dute inolako islarik izenaren morfologian.

— Egilea: Xabier Artiagoitia

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Artiagoitia, "Generoaz", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3