Erabiltzaile Tresnak


morf:5:6:5

Izena eta aditza

Hitz batzuk izenak ez ezik aditzak ere izan daitezke, aditz lokuzioa osa ditzakete: nahi, gogo, behar eta ahal, esaterako, izen arruntak dira testuinguru batzuetan:

Legeen espirituaz

  • nire nahia agertu nahi izaten nien noizbehinka → izena / aditza
  • gogo handia zuen margolan famatu hori ikusteko → izena
  • badu beharra medikura/medikuarengana joateko → izena
  • medikuarenera joan behar du → aditza
  • ahal handiko andrea zen hura → izena
  • Ez da izan gerra zorigaitzekoagorik: bi alderdiek ahal handia eta elkarrekiko abantailak izanik, Greziako eta Asiako herriak suntsituak izan ziren, dela Mitridatesen alde zeudelako, dela kontra zeudelako. (Legeen espirituaz II, Montesquieu / Iñaki Iñurrieta, 50) → izena

Baina aditz multzoak edo perifrasiak osatzeko ere erabiltzen ditugu hitz horiek:

  • Mikelek mendi martxara joan nahi zuen
  • erosi gogo genuen
  • entzun behar zenuten
  • joaten ahal ziren
  • Horregatik, hauek zailki hartu ahal izango dira lehen oinarri-esakunetzat. (Arrazoimen hutsaren kritika, Immanuel Kant / Ibon Uribarri, 33)

Horrenbestez, hor ikusten denez, aditz perifrasiak osatzeko nahiz aditzen modalitatea agerian uzteko erabil daitezke izen horiek. Kontuan izan, dena dela, formen banaketa ez dela guztiz askea:

  • nahi/*nahitzen/nahiko
  • behar/behartzen/beharko
  • gogo/*gogotzen/*gogoko
  • ahal/*ahaltzen/ahalko

Beste batzuetan, hitz bera, itxura aldatu gabe, izen gisa edo aditz gisa erabil daiteke zuzenean: mintzo, balio, iritzi, iduri…

  • mintzo ederra du andre horrek / ederki mintzo da
  • Beste mintzo ozen bat zabaltzen zen treneko giroan. (Europako mugetan barrena, Edorta Jimenez, 268)
  • Treneko batzuk muga horietaz mintzo dira. (Europako mugetan barrena, Edorta Jimenez, 81)
  • balio handiko zientzialaria da / zientzialari horrek asko balio du
  • Balio denak erlatiboak dira. (Euskal Herria krisian, Joxe Azurmendi, 34)
  • Arrazoiketa publiko bat oinarritzeko ez digu balio. (Euskal Herria krisian, Joxe Azurmendi, 25)
  • ez du iritzi onik gizon hartaz / egoki iritzi dio eta papera sinatu du
  • bazuen Mikelekin iduri handia / iduri du euria eginen duela

Batzuetan adjektiboekin ere gertatzen da hori:

  • lagun maiteak etorri zitzaizkion / maite ote du bere semea?

Eta hemen ere gauza bera gertatzen da, banaketari dagokionez:

  • uste/*ustetzen/usteko
  • balio/*baliotzen/balioko
  • bizi/bizitzen/biziko

mintzo-ren kasuan mintzatzen eta mintzatuko esaten da, baina horiek mintzatu aditzari dagozkio, ez mintzo izenari, honek ez baitu beste aldaerarik hartzen. Ezagun adjektiboa da, baina horrekin ere sortzen dira aditzak:

  • ezagun du eri zarela
  • ezagun da mendi horiek aski garaiak direla.

-tu aditz sortzaile

Izenetatik aditzak sortzen ditugu euskaraz, izenari -tu atzizkia erantsiz askotan:

Saco, harri bihurtutako glaziarra Kantabrian, Izaskun Estibaritzen argazkia

  • gaixo –> gaixotu
  • neke –> nekatu
  • min –> mindu
  • harri –> harritu
  • indar –> indartu
  • lore –> loratu
  • larru –> larrutu
  • Mikel gizondu da, nola hazi den ikusi besterik ez dago.
  • Gaixo dago eta azkar nekatu da Maddi.

Gizondu aditzak “gizon bihurtu” dela esan nahi du. Euskaraz oso fenomeno arrunta da izenetatik aditzak sortzea baina badira oharrak:

  • Izen guztietatik ezin da aditza sortu: gizon izenak gizondu ematen du eta andre izenak andretu (anderetu) (egun gutxi erabiltzen den arren). Hala ere, mahai izenak ez du ?mahaitu ematen, ezta liburu-k ?liburutu ere, zur zati batzuk “mahai bihurtzea” edo orri batzuk “liburu bihurtzea” posible bada ere. Nolanahi ere, egur zati bat ezpaldu daiteke, ezpalak eginez, ume izenak umetu eman dezake, eta haur izenetik haurtu sortzen da. Aitondu eta aitamatu ere erabiltzen dira.
  • Izenetik sortzen den aditzaren eta aditz horren argumentu sarea ezberdina da aditzaren arabera: gizondu, nekatu, harritu, ospatu eta eskolatu, esaterako, oso ezberdinak dira alde horretatik, denak izen batetik sortu baditugu ere. Horietan norbait gizon bihurtu da, edo ume egin da, edo haur egoerara bihurtu da, baina ez da inor neke, harri, ospe edo eskola bihurtu.

Aditz hauek guztiak eraldatze aditzen parekoak dira: Mikel gizondu da eta Mikel gizon bihurtu da parekoak dira. Egiturari dagokionez, bestetik, gizondu, atsotu, umetu edo haurtu bezalakoak hurbil daude aditz kopulatibo bidezko izen predikatuetatik: Mikel gizona da eta Mikel gizondu da perpausek ezaugarri komun asko dituzte, sare tematikoari dagokionez. Eta sail berekoa litzateke astotu aditza (Jon astotu zen arras), betiere izena (asto) izenondo gisa erabilita1.

  • […]instintoen berenezko jaialdi argitsuari biziartean, gezurrezko moral baten aginduen zamapean gizakia astotu eta makurtu gabe. (Euskal Herria krisian, Joxe Azurmendi, 245)

Aditz horiek guztiak, konfigurazioari dagokionez, egitura inakusatiboetan bakarrik ageri dira, hau da, aditz iragangaitzak dira (laguntzailea izan sailekoa dute), eta argumentu bakarra dute, absolutibo kasuan (nor):

  • Miren asko andretu da ezkondu denetik.
  • Martin erabat gizondu da iaztik.
  • Gizondu zenean, berriz, emaztetzat hartu zuen Ana bere leinukoa, seme bat izan zuen haren ganik, eta bere izena eman zaroen (Biblia, Duvoisin)

Hori da erabilera hedatuena baina ez du nahitaez hala izan behar:

  • denen artean umetu dugu
  • haurra nahi baduzu gizondu, altxa zazu gizonki (OHE)

Hori guztia fenomeno orokorrago baten ondorioa da: aditz inakusatibo asko, gehienak ez badira, kausatibo gisa ere erabiltzen ditugu (Ikus hemen aditz inakusatiboei buruzko informazio gehiago). Hori horrela, nekatu naiz inakusatiboaren pareko kausatiboa lan horrek nekatu nau izango litzateke. Gauza bera gertatzen da adjektiboetatik eratorritako aditzekin: zuritu, bigundu, zabaldu, estutu, gorritu, tristatu…

  • tristatu naiz (inakusatiboa)
  • berri horrek tristatu nau (kausatiboa)

Burutu aditza ez da holakoa, itxuraz nekaturen pareko ikusten badugu ere: berez bi burutu ditugu euskaraz, bat iragankor arrunta (lana burutu du), eta bestea iragangaitza (artoa burutu da).

Esan dugunez, izenetatik eratorritako beste aditz askotan ez du “zerbait bihurtu” zentzua, eta osatzen dituzten konfigurazio sintaktikoak ere diferenteak izan daitezke: harritu aditzak, esaterako, badauka “harri bihurtzearen” esanahia, zentzu figuratiboan bada ere. Norbaitek edo zerbaitek harritzen gaituenean ez gara harri bihurtzen, baina geldirik utz gaitzake, mugi ezinik, harri baten gisa. Baina orduan konfigurazio sintaktikoa ez da egitura inakusatiboena nahitaez.

  • Harritu gara nola izan daitezkeen hain abilak → inakusatiboa
  • horien abileziak egunero harritzen gaitu → iragankorra, kausatiboa

Bestetik, urtu aditza literalki ur bihurtzea izan daiteke (hamarrak baino lehenago urtu da elurra) edo ez (poliki-poliki urtu zuten eztainua; begirada batekin urtu zuen).

  • eguerdirako urtu da elurra
  • begiradarekin urtu zuen

Konfigurazio sintaktikoak ere aldatzen dira, ikusten denez.

Hortaz, oso gutxi dira konfigurazio inakusatibo bakarra duten aditzak: izerditu, gosetu, egarritu… Aditz inakusatibo gehienak iragankor arrunt bezala ere ikusiko ditugu, egitura kausatiboetan: lekutu, beldurtu, indartu, lerratu, larrutu, argitu (hau izenondotik eratorria ere izan daiteke, hoztu, berotu, freskatu, ahuldu edo edertu bezala), eskolatu, penatu, margotu, elkartu…

  • Penatu zara, penetarik ene atheratzeagatik. (Doctrina Christiana, Materre, E.)
  • hagin bateko minak penatzen zaitu
  • ohera joan aitzinetik gauero margotzen ziren
  • alaba margotu zuen

Horiek guztiak bi konfigurazioetan ager daitezke: loratu aditza inakusatiboa da gehienetan, baina kasu berezi batzuetan konfigurazio iragankorrarekin ageri da, kausatibo gisa:

  • ez zuen irribartxorik ere loratu
  • ezin izan zuten ametsa loratu

Badira konfigurazio iragankorretan bakarrik ageri diren aditz batzuk: burutu, ospatu, landu, ardaztu, giltzatu, eskertu, amestu. Hala ere, amestu-rekin bada beste adibide inakusatibo hau ere literaturan: Igandea edo Jaunaren eguna

Era berean, burutu ere inakusatiboa da adiera batean:

  • artoa burutu da

Bide batez, zenbait izenetatik konfigurazioan eta esanahian arras ezberdinak diren aditzak sortzen dira:

  • lan → landu / lan egin
  • amets → amestu / amets egin
  • giltz → giltzatu / giltza eman (=itxi)

Beste aditz batzuk ergatibodun iragangaitzak dira (iragangaitz inergatiboak deitu dituzte gramatikariek, baina terminologia hori nahasgarria da euskararen kasuan), hau da, argumentu bakarra hartzen dute eta argumentu hori ergatiboaren markarekin ageri da: telefonatu, eskiatu, eskertu… Batzuetan zalantza sortzen da zein aditz laguntzaile hartu behar duten: borrokatu naiz/dut, dantzatu naiz/dugu… nahiz absolutibodun iragangaitz gisa erabiltzeak tradizio handiagoa daukan osagarria espresuki aipatzen ez bada: aurreskua ederki dantzatu zuen, orduan ez dago zalantzarik, jakina. Makinatu aditzaren adibideak ere badira: egitura berezi samarra du, argumentu gisa zerbait edo zer, edo antzeko zerbait eskatzen baitu, baina ez esanahi osoa duen hitzik (zerbait/*arazoa makinatu zuen)2

Azken multzo batean sartu behar ditugu izena + egin (izena + hartu) egituraz sortutako aditzak: irri egin, lan egin, negar egin, amets egin, barre egin… (gutxiago izena + hartu: kargu hartu…). Antzeko egitura dauka parte hartu aditzak ere.

Hala ere, izenak aditz bihurtzea formula emankorra eta tradizio luzekoa bada ere, euskaraz, baditu mugak, eta ezin da nolanahi erabili. Horrenbestez:

  • apez → apeztu
  • serora → seroratu
  • apezpiku → apezpikutu
  • fraide → fraidetu
  • artzain → artzaindu

Baina:

  • moja → *mojatu
  • ertzain → *ertzaindu

Horregatik, oso bitxiak dira tradiziorik gabe sortu berri diren aditz batzuk: harremandu, sukaldatu, arrantzatu (adibide pare bat aurkitu dugu tradizioan), ehizatu (egun badira adibideak, baina tradizioan batere ez), aintzatetsi, ahaldundu… Zaila da kontua ongi mugatzea baina bistan da ezin dela prozesua izen guztietara orokortu.

Bidenabar, euskarak badu aditzetatik izenak sortzeko bide bat ere: jate, edate, jakite, asmatze…

  • haragi jate handia egin zuten (batzuetan hitz elkartu lexikalizatuak eta guzti: zikiro jate, esaterako)
  • hori asmatze hutsa da
  • sabelean hori sentitzeak bakarrik
  • jakite handiko irakaslea
  • jakite hori alegiazkoa da

Euskarak aditzetik izenak sortzeko duen bide emankorrenetako bat da hori, ingelesezko –ing atzizki ezagunaren parekoa. Nolanahi ere, badirudi batzuetan idazleek gogoko dituztela beste mota bateko hitz eratorriak: jakituria, asmaketa, sentipen, ikuspen…

Ez da bide bakarra, partizipio burutuzkoan oinarriturik ere sortzen baitira aski erraz izen eratorriak: etorri-a, jan-a, idatzi-a, jardun-a, eta abar.

1 Gai hau dela eta, ikus Creissels: 2008; Aldezabal: 2004; Zabala: 1993
2 Zalantzak argitzeko Euskaltzaindiaren hiztegian begiratu daiteke, edo EHUko Euskara Institutuaren corpusetan, egungo idazleek nola erabiltzen dituzten aditzak ikusteko.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Izena eta aditza", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3