Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:0

Adjektiboen eta izenen arteko muga

Izenen eta adjektiboen berezitasunak azaltzeko bi argudio nagusi erabiltzen dira: sintaxia eta semantika.

  • Alde batetik sintaxian bereizten dira: bizilagun jatorra / *jator bizilaguna. Baina hori ez da beti betetzen: batzuetan izenek eta adjektiboek funtzio sintaktiko berdinak dituzte: Ander abokatua da / Ander txikia da, geroago itzuliko gara predikatu osagarrien kontu honetara.
  • Beste batzuetan elkarren arteko propietate semantiko komunak ere badituzte: Musikari hitza, esaterako, adjektiboa izan daiteke (gazte musikari ona da) edo izena (bi musikari etorri dira), eta ez da zalantzarik hor ezaugarri semantiko antzekoak dituztela, izen nahiz adjektibo izan
  • Gradu markak ere har ditzakete batzuek eta besteek (izenek adjektibo modura erabiltzen direnean): bide hau baino maldago / handiago ez duzu erraz aurkituko; horrek dioena egiagoa / gezurragoa da.
  • Bestetik, izenek gradu zenbatzailea hartzen dute, eta adjektiboek ez: bi auto/*bi eder.
  • gizon umea da hori
  • mutiko astoa
  • neska oiloa

Rudolf De Rijk hizkuntzalari handia izan zen Ume, asto eta oilo izen hutsak dira baina adibide horietan adjektibo gisa erabili dira. Hortaz, horiek ere ez ditugu adjektiboen artean sailkatuko.

Garai bateko zenbait autorek esan izan dute adjektiboak eta izenak garbi bereizteko modurik ez dagoela. Hala esan zuten, esaterako, Mitxelena, K.k (1987:374-5) eta de Rijk, Rudolfek (2008:19). Rudolfek, baina, berehala ga ineratu zuen hori esatea gehiegikeria dela: izenen eta adjektiboen artean antzekotasunak daudela esan zuen eta zenbaitetan adjektiboak izen gisa ere erabiltzen direla, baina alderantzizkoa ez da egia: ez dago adjektibo gisa erabiltzen den izenik1 (“ez bada adjektibo bezala hasten”). Azalpena ez da erraz ulertzen ez dakigulako zehazki zeri egiten dion erreferentzia, baina hori ez da beti betetzen, eta ikusi berri dugunez, testuinguru batzuetan bizidunen izen batzuk adjektibo gisa erabiltzen ditugu, hau da, izenaren kualitate bat adierazteko:

  • gizon hura zerria da
  • ze azeria den
  • langile horiek oiloak dira
  • ez izan umea!
  • astoak dira gero!
  • gezurra dirudi hain haurrak izatea…

Adjektiboak izena aldatzen du

Esan dugu adjektiboak izenaren ondoan jartzen ditugula, izenaren eskuinean, baina predikatu osagarri modura ere ager daitezke:

Predikatu osagarria: loturazko aditz baten bidez, perpausaren subjektuari (edo beste izen sintagma bati, objektuari, adibidez) lotuta ageri den adjektibo edo izen sintagma.
  • auto hau ez da oso berria
  • auto hura gorria zen…

Horrenbestez, izena aldatzen duten edo izenaz predikatzen diren hitzek osatzen dute adjektiboa. Greko-latindar tradizioan oinarritzen da izenaren eta adjektiboaren arteko bereizketa hori. Horren arabera, izena “benetako zerbait” da, kendu ezin den zerbait, “substantzia”; adjektiboa, berriz, bigarren mailako zerbait, izenaren ezaugarriren baten berri ematen duen zerbait, “akzidente” bat.

Horregatik esaten da adjektiboak izena aldatzen duela. Baina izenaren “aldaketa” hori oso zentzu zabalean hartu behar da, batzuetan adjektiboek ez baitute benetan izenaren inolako ezaugarririk adierazten (ezaugarritasun hori modu zabalean hartzen ez bada behintzat).

  • gela handia
  • arropa garestia
  • hitzaldi izugarria

Sintagma horietako adjektiboek ezaugarri baten berri ematen digute, baina hauek ezberdinak dira oso;

  • kafe hutsa nahi dut
  • Marko ingeniari industriala da
  • ezberdintasun zehatzak
  • huts izenondo berezia da.
  • ingeniariak ez dira berez industrialak, izenaren ezaugarri zuzen bat baino gehiago, kanpoko zerbaitekin gertatzen den erlazio mota bat adierazten da adibide horretan.
  • zehatzak adjektiboak ez du benetan izena aldatzen.

Adjektibo horiek ez dute hitzen inolako ezaugarririk adierazten, ez dute maila horretako informaziorik ematen, baina beste hizkuntza batzuetako gramatika eta hizkuntzalari gehienek bezala hemen ere adjektibotzat hartuko dira.

Adjektiboak izen bihurtzea

Batzuetan adjektiboak sustantibatu egiten ditugu, hau da, izen bihurtu:

  • mutil gaixoa ⇒ (adjektiboa)
  • gaixoak ospitalera eramaten ditugu ⇒ (izena)
  • neska gazte hori korrikalari ona da ⇒ (adjektiboa)
  • gazteek ez dute dirurik ⇒ (izena)

Hori ezin da adjektibo guztiekin egin, eta badirudi erregulartasun semantiko batzuek agintzen dutela noiz egin daitekeen eta noiz ez.

kakotxa
kakotxa
Sustantibatzea: adjektiboak izen gisa erabiltzea, izen bihurtzea, ezaugarri batzuk konpartitzen dituzten multzokideak izendatzeko

Propietate edo ezaugarri batzuetatik abiatuz, adjektiboak izen bihurtzea da sustantibatzea, ezaugarri komun batzuk dituzten multzokideak izendatzeko. Multzo horiek hainbat gairekin dute zerikusia:

  • adinarekin: nerabe, gazte, zahar…
  • herritartasunarekin: herritar, atzerritar, baserritar, frantziar…
  • tokiarekin: erdilari, aurrelari, atzelari…
  • zaletasunarekin: mendizale, pilotazale, euskaltzale, bekatari, saindu…
  • kulturarekin: jakitun, lizentziadun, autodidakta, unibertsitario…
  • larruaren edo ilearen kolorearekin: ilehori, beltz, zuri, ilegorri…
  • pertsonen ezaugarri fisikoekin: burusoil, ñimiño, begioker, konkordun, begimakur, ezker…
  • osasunarekin: gaixo, indartsu, eri, afasiko, elbarri, legenardun…
  • lanarekin: idazle, zientzialari, fisikari, ekonomialari, postari, ikertzaile, legelari, kimikari…
  • talde politiko edo artistikoekin: islamista, budista, marxista, peronista…
  • bestelakoekin: gautxori, mozkor, edale, alkoholiko, drogazale, famadun, intelektual, erretzaile…

Horiek guztiak sustantibatze prozeduren ondorio dira, hau da, jatorriz adjektibo izanik, izen gisa erabiltzen dira. Batzuetan ezaugarri negatiboekin lotzen dira:

  • gela horretan gaixo asko daude
  • ? gela horretan osasuntsu asko daude 2
  • itsu bat daukagu taldean
  • *buruargi batzuk dauzkagu taldean (itsu eta buruargi antonimotzat hartuta)
  • nor da zoro hori?
  • *nor da zentzudun hori? 3

Glosategia

Predikatu osagarria: loturazko aditz baten bidez, perpausaren subjektuari (edo beste izen sintagma bati, objektuari, adibidez) lotuta ageri den adjektibo edo izen sintagma. Adjektibo sintagma batek edo izen sintagma batek predikatua loturazko aditz batekin osatzen duenean osagarri predikatiboa dela esaten da:

  • mahai hori oso handia da
  • nire ahizpa Nerea da
  • Ainara zaintzaile joan da
  • alderdiko idazkari aukeratu dute Markel
1 “unless it starts out as one” dio, nahiz zaila gertatzen den horren zentzua ulertzea.
2 Hau ez da beti betetzen, ordea: etxe honetan jakintsu batzuk bizi dira.
3 adjektiboak sustantibatzearena nahiko arazo nahasia da azaltzeko. Hizkuntza askotan gertatzen da eta gramatikari batzuek nahiago izaten dute “izen gisa erabilitako adjektiboak” edo “adjektibo gisa erabilitako esapideez“ aritzea.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adjektiboen eta izenen arteko muga", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3