Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:1

Izenlagunak eta izenondoak

Esan dugu izenak nolakoak diren adierazten dutela adjektiboek:

  • mahai txiki bat oparitu nion; tximista ikaragarri hark txakurra beldurtu zuen…
  • ekarri egurrezko ontzia mesedez; zilarrezko belarritakoa galdu dut…
izenaren zernolakotasuna adierazten dute adjektiboek

Adibide horietan lau adjektibo daude: txiki eta ikaragarri; eta egurrezko eta zilarrezko. Lehenengoak mahaia nolakoa den esaten du, eta bigarrengoak tximista nolakoa den, izenaren kualitate bat adierazten dute biek. Egurrezko ontzia edo zilarrezko belarritakoa esaten badugu, egurrezko eta zilarrezko hitzek ere izenaren kualitate bat adierazten dute, baina horiek ez dira benetako adjektiboak, izenlagunak dira. Izan ere, adjektiboek askotan izenaren kualitate bat adierazten badute ere, horrek ez du esan nahi izenaren kualitatea adierazten duten hitz guztiak adjektibo direnik.

kakotxa adjektiboek askotan izenaren kualitate bat adierazten dute, baina izenaren kualitate bat adierazten duten hitz guztiak ez dira adjektiboak kakotxa

Horrenbestez, adjektiboen kategorian bi eratako elementuak biltzen dira EGLU-I liburukian, izenondoak eta izenlagunak:

  • izenondoak: auto zuri hori, janari goxoa
  • izenlagunak: herriko etxea, amaren janaria…

Marmitakoa oso plater ohikoa da euskal sukaldaritzan

  • txuri, estu, berde, txiki, jator, ergel, zatar, handi… horiek guztiak izenondoak dira, adjektibo “garbiak” nolabait. Adjektiboen kategoria osatzen dute eta halaxe ageri dira hiztegietan, hiztegi hitzak dira. Batzuetan atzizkiren bat ere har dezakete: mamitsu, jakintsu, ikusgarri, barregarri, eta abar.
  • herriko, harrizko, plazako, lagunaren, apaizaren… adjektiboak, berriz, izenlagunak dira. Herri, harri, plaza, lagun eta apaiz izenak dira, eta horrela ageri dira hiztegietan, baina izen horiei –ko edo –en atzizkiak erantsiz izenlagun bihurtzen dira, eta horrenbestez, adjektiboen kategoriari dagozkio.
Izenondo: izenaren eskuinean jarri ohi ditugun adjektiboak: argal, polit, zahar…
Izenlagun: izenaren ezkerrean jarri ohi ditugun adjektiboak, -ko eta -en atzizkien bidez osatuak: harrizko, nire, Itsasoren, irakurtzeko…

Bistan da gauza desberdinei buruz ari garela, plazako eta alkatearen ez baitira hiztegi hitzak, ez dute kategoriarik (izenarena agian, atzizkia kendurik) osatzen. Gramatikaren ikuspuntutik izenondo garbi horiek (berde, handi) bakarrik dira adjektiboak, eta hemen ere hala jasoko dira, izenondoak bakarrik hartuko dira adjektibotzat. Horrenbestez, adjektibo eta izenondo terminoak sinonimotzat hartuko dira aurrerantzean. Hala ere, izenondoek eta izenlagunek betetzen dituzten funtzio sintaktikoek antzekotasun handia dute: biak doaz izenarekin. Bestalde, erlatibozko perpausek ere izenlagunen funtzio bera betetzen dute eta gramatika askotan perpaus adjektibalak direla esaten da:

  • [apaizaren] autoa = [apaizak duen] autoa

Izenondoen eta izenlagunen kokalekua

Izenondoek eta izenlagunek toki jakina dute perpausean izenaren inguruan: izenlagunak izenaren ezkerrean eta izenondoak eskuinean joan ohi dira. Hori da toki naturala, toki ez markatua. Sintagma adjektibalak izenaren ezkerrean, eta adjektiboak izenaren ondoren, eskuinean.

  • izenondoak: mutil garbia, etxe txikia
  • izenlagunak: herriko etxea, nire autoa, azken korrikalaria…

Hala ere, horrek ez du esan nahi egitura kanoniko hori hausten ez denik. Literatura klasikoan batez ere, ohikoa da adjektiboa eta izenlaguna tokiz aldatzea: izenlaguna eskuinean eta adjektiboa ezkerrean.

  • Peru Leartzakoa, Jaun zerukoa, frantziar idazlea…

Beste hizkuntza batzuetan ere aldatzen da izenlagunen eta adjektiboen kokalekua. Frantsesak eta gaztelaniak, esaterako, izenaren eskuinean jartzen dute adjektiboa, hori da toki naturala.

  • casa grande, flor bonita, église baroque, crêpe sucrée

Alderantziz egitura markatuagoa sortzen da:

  • gran casa, bonita flor, gentil garçon, bonne note…

Ingelesez adjektiboak izenaren aurretik jartzen dira: white house, big horse. Baina egitura zaharkitu batzuetan, izenaren ondotik ere ageri dira adjektiboak: They heard creatures unseen. Zentzu zaharkitua dute A Love Supreme; The Matrix Reloaded edo Paradise Lost gisakoek.

Euskal hitz batzuek, hala ere, arazoak sortzen dituzte. Adjektibotzat jo izan dira (ikus, adibidez, EGLU-I: 159), eta izenaren eskuinean nahiz ezkerrean ageri dira. Hiru kasutan onartzen dira bi hurrenkerak:

  • -dun atzizkiarekin osatutako hitzekin
  • -ar atzizkia duten gentilizioekin
  • Harridura perpausetan

Euskaraz jentilizioak (-ar) eta –dun atzizkia daramaten adjektiboak bakarrik ager daitezke izenaren ezkerreko aldean (ikus erreferentzia-adjektiboak atala). Gainerako izenondo arruntek izenaren eskuinean joan behar dute:

  • gonadun neska (neska gonaduna), abarkadun gizona (gizon abarkaduna)…
  • azpeitiar lagunak (lagun azpeitiarrak), elgoibartar irakaslea (irakasle elgoibartarra)…
  • mutil koxkorra (*koxkor mutila), leiho handia (*handi leihoa)…

Horrenbestez, maileguz hartzen ditugun adjektiboek ere izenaren eskuinean joan behar dute. Batzuetan ezkerrean ematen badira ere, hurrenkera hori ez da zuzena:

  • *politiko taldeak ⇒ talde politikoak
  • *sindikal arazoak ⇒ arazo sindikalak
  • *sozial laguntzak ⇒ laguntza sozialak
  • *nazional aurkezpena ⇒ aurkezpen nazionala
  • *ekonomiko egoera ⇒ egoera ekonomikoa

Hitz-elkarketara edo sintaxi-bidera ere jo liteke halakoetan:

  • politika-taldeak
  • sindikatuen arazoak
  • gizarte-laguntzak
  • nazio aurkezpena
  • ekonomia egoera

Harridura perpausetan ere hauts daiteke adjektiboen ohiko hurrenkera: gaixo bekataria! nahiz bekatari gaixoa! biak erabiltzen dira euskaraz. Baina hurrenkera arrunteko harridura perpausak ere sarri erabiltzen dira: hau mahai handia!, hau gela txikia!.

Izenlagunen eta izenondoen ezberdintasunak

Izenlagunek eta izenondoek pareko funtzioak dituzte, baina ezberdintasunak ere bai, eta ez bakarrik tokiari dagokionez:

  • Izenlagunek ez dituzte hartzen izenondoek hartzen dituzten konparazio atzizkiak: txikiago, txikiegi, txikiena, *Ikerren-ago, *Ikerren-egi, *Ikerren-ena1. Amaia etxekoago da tabernakoago baino eta antzeko perpausak sor ditzakegu baina ez dago ia adibiderik ez egungo literaturan ez tradizioan. Naturalagoak dira -ko horren ordez -ar erabiliz osatutako adibideak, honelakoak, esaterako:
  • Nere iritziz, abarkadun gizonak menditarragoak, benatsuagoak, patxadagokoak, gizasema zahar eta aginpidekoei begirune hobean hitz egiten dakitenak dira. (Aguirre, D., Garoa “Azoka eta dema”)
  • Ni gehiago naiz menditarra, kaletarra baino.
  • Izenondo guztiek ez dituzte atzizki berak hartzen baina badira izenondo batzuek har ditzaketen eta izenlagunek hartu ezin dituzten atzizkiak: handik, esaterako, honelakoak har ditzake: handiki, handiketa, handigura, handinahi, handikor, handios, handiputz, handisko, handitasun, handitzar… Ienlagun batek ezin ditu horiek hartu: *etxekoki, *etxekoketa, *etxekogura, *etxekonahi…
  • Izenondoena ez bezala, izenlagunen barneko egitura konplexua da: etxe-ko, ama-ren. Horiek postposizioen (ama-(r)ekin) egituren parekoa daukate. Aldiz, txiki edo lodi izenondoak hitz soilak dira, lexemak, etxe eta auto izenak bezala, eta etxeko ez bezala, txiki eta lodi hiztegietan ageri dira. Egia da lexikalizatu diren zenbait hitz hiztegikoak direla (gerriko, betaurreko, belarritako..), baina horiek ez dira izenlagunak, ez dira izenekin erabiltzen.

Adjektibo sintagmak eta sintagma adjektibalak

Izenari buruzko informazioa ematen duten neurrian, izenondoak eta izenlagunak multzo berekotzat har daitezke baina bien funtzioa ikusita, multzo berekoak izanik ere bereizketa bat behar dute:

Adjektiboek (izenondoek) adjektibo sintagmak osatzen dituzte, adjektibo sintagmetan biltzen dira. Izenlagunak ez dira berez adjektiboak, ez dira kategoria horretakoak, baina dauzkaten ezaugarriak kontuan hartuz, funtzio aldetik, parekoak izan daitezke eta sintagma adjektibalak osatzen dituzte.

Izenondoek adjektibo sintagmak osatzen dituzte: liburu berdea, auto zaharra…
Izenlagunek sintagma adjektibalak osatzen dituzte: mendiko etxea, Andoniren anaia, erosi duzun aterkia…

Hori horrela;

  • liburu berdea, aulki txikia… ⇒ adjektibo sintagmak
  • mendiko etxea, Andoniren anaia, erosi duzun aterkia… ⇒ sintagma adjektibalak

Izenondoen eta izenlagunen erlazioa adibide askotan ikusten da:

  • asko jaten duen mutila (izenlaguna) = mutil jatuna (izenondoa)
  • asko dakien irakaslea (izenlaguna) = irakasle jakintsua (izenondoa)

Arestian esan dugunez, izenondoak (adjektiboak) hitz kategoriak dira. Izenlagunek ez dute kategoriarik osatzen, baina daukaten funtzioarengatik adjektiboekin pareka daitezke maila batean.

1 Hala ere, -ko daramaten zenbait izenlagunek onartzen dute gero -tasun atzizkia, ikus -tasun atzizkiaren atala

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Izenlagunak eta izenondoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3