Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:10:1

Marka Fonetikoak

Baliabide hauek ahozko hizkerakoak dira eta idatziz ez dute aztarnarik uzten. Hala ere, hiru hauek ikusiko dira hemen:

  • azentua
  • palatalizazioak
  • kontsonanteetan gertatzen diren ezaugarri fonetikoak indartzea

Azentua

Askotan lehen silabako (beste silaba batzuetakoak ere bai) bokala luzatu egiten dugu, eta hartara azentua markatu:

  • jáaaaatorra duk hori gero!
  • sorgin gáaiztoa zen hura.
  • edéeeeerra da!
  • Errematatzeko, iratzargailu aukera. Logelan edukitzeko tresna edeeeerra! Gainera, ikusi dugu 300 eurotik beherako prezioa duela. Oso aukera ona. ( Teknosexua, Berria)
  • Guk ez dugu propagandarik egiten, programak egiten ditugu. Zuk hitz egiten duzu, baina, hori bai, demagogia ikaaaaragarria eginez, demagogia ikaragarria eginez. ( Bilkura-egunkaria, Legebiltzarra)

Palatalizazioak

Euskaraz bustidura, palatalizazioa edo sabaikaritzea oso garrantzitsua da eta izenondoekin ere askotan erabiltzen da. Testuinguruaren arabera, forma arruntak eta forma bustiak oso esanahi ezberdina izan lezakete:

  • ur hotza / ur hotxa
  • gizon zozoa / gizon xoxoa
Bustidura: [i] soinuak ondorengo fonemari eragiten dion fenomeno fonetikoa. [i] horrek sabaikaritu egiten du hurrengo kontsonantea (mihia aho-sabaira eramanarazten du) eta soinu bustia sortzen da. Euskaraz oso ohikoa da -il→[ll] eta in→[ñ] kontsonante aldaketak: langille, mutill, ollo, baña, laño… Forma horien ondoan bustidurarik gabeko ahoskera ere erabat egokia da: langile, mutil, oilo, baina, laino…. Aldiz, baztertzekoa da erabat yeismoa deiturikoa, [y] soinua [ll] soinuarekin ematea, alegia: *langiye, ispiyu, oyo, maya…

Forma hipokoristikoak1 sortzeko erabiltzen da palatalizazioa, eta izenondoekin gozagarri gisa, ez goi maila adierazteko:

  • gozo/goxo
  • zuhur/xuhur
  • bizi/bixi
  • labur/llabur
  • zintzo/txintzo

Dena den, askotan bi formak lexikalizatuta ageri dira, zeinek bere esanahi propioa daukala.

Kontsonanteetako ezaugarri fonetikoak indartzea

Fonetika baliabide hau ere asko erabiltzen da, kontsonante zenbait indartzea, alegia. Kontsonante frikarietan, txistukarietan2 nabaritzen da ondoen (assssko, hasssserre…), baina aspirazioa dagoen tokietan soinu hasperenduetan ere egiten da, hasperentzea indartuta (hhhandia, hhhitsa, zikhhina…). Bestalde, /rr/-rekin ere egiten da: nazkagarrria, izugarrrria, harrrroa…

Mailakatzeko beste bideei gehi dakizkieke marka fonetiko horiek: goxo-goxoa, biziki luxea, oso txintxoa… Eta, noski, adierazkortasuna islatzeko bide hau izenekin ere gertatzen da, izenak enfatizatzeko bidea baita.

1 Ikus Euskaltzaindiaren Jagonet datu-basean Izen hipokoristiko edo txikigarriei buruzko sarrera hau

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Marka Fonetikoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3