Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:10:4:0

Goi maila

Hauek dira goi maila adierazteko euskarak dituen aditzondorik erabilienak: oso, guztiz, biziki, txit, arrunt, erabat, zeharo, izugarri, gogorki, itsuski, hagitz, ondo, ongi, franko, lar, sobera… Literatura tradizioan xoil ere erabili izan da Iparraldean, baina egun ez dauka indarrik maila aditzondo gisa:

  • Holako yenden arraza hanbat da poblatua, Non baididuri zeruaz xoil benedikatua. (Fableak edo alegiak, Goietxe, L.)
  • Baiña demandatuz gero, oldartuz gero, bulkhatuz gero, eta gai denak, gai denari, bere moldean, paradan, okhasinoan, denboran, eta sekeretuan nabarbentziarik gabe aditzera emanez gero, peril da baldin xoil gogor ezpada, bera dadin, linbur dadin, amora dadin: eta demandatua izaite hura, hartakoa dela, eta ederra dela enzute hura, eder iduri dakion. (Guero, "Axular")

Aditzondo hauek izenondoaren ezkerrean joaten dira:

  • Oso polita zegoen hilerria. (Soinujolearen semea, Atxaga)
  • Non ikusi duzue, adibidez, egunkari bat indarraren legeaz itxi, eta lau hilabetera beste kazeta erabat berria eraikitzeko gai den herririk? (Ikus gaitzazuen, Txema Ramirez de la Piscina)
  • Baal, izø Antzinako jainko bat, izen desberdinen pean franko adoratua. (Deabruaren hiztegia, Ambroise Bierce / Xabier Olarra)
  • Sara biziki ederra atxemaiten dut. (Ez da musik, Menane Oxandabaratz)

Izenondoa Izen Sintagma baten barnean baldin badago, ordea, maila-aditzondoa bi lekutan ager daiteke:

  • izenaren eta izenondoaren artean:
    • kezka oso handia dauka buruan.
  • izenaren ezkerrean:
    • oso kezka handia dauka buruan.

Uztapide bertsolari handia Tradizioan ere bi eratako adibideak ageri dira:

Gainerako aditzondoekin ere gauza bera gertatzen da, bi hurrenkerak ageri dira:

  • biziki etxe ederra / etxe biziki ederra
  • izugarri lan zaila / lan izugarri zaila

Batzuetan oso hori aditzarekin ere erabiltzen da:

Gogoratu, bestalde, oso izenondoa ere izan litekeela:

  • Liburu osoa beharko genuke batzuen eta besteen arteko desberdintasunak azaltzeko. (Fonetika fonologia hitzez hitz, Lurdes Oñederra)
  • Ni baztertu bat naiz, baina entzun ondo: irakiar gobernu osoa zure alde jartzen bada ere, hemendik astebetera etxea utzi ez baduzu, jo eta bertan hilko zaitut“. (Nire aitaren fusila, Hiner Saleem / Juan Kruz Igerabide)
  • Nire errespetu osoa merezi du, ahal izanda ere, umeari bularra ez ematea erabakitzen duen emakumeak. (Ai, ama, Arantxa Iturbe)

Maila-aditzondo hauen argibideak ematea ez da erraza, euskalki batetik bestera erabilera ezberdina daukatelako.

asko, oso

EGLU-Ien (1991:182) honela dakar: “Zenbaitek gaizki ikusten dute jokabide hau, ingurumen batzutan gero eta hedatzenago ari dena: anitz maite ukan, asko gustatu…). Hori esanda, badirudi asko maite zaitut eta halakoen ordez oso maite zaitut eta besteak hobesten dituela. Literatura tradizioan badira “oso”rekin adibideak, baina ez gehiegi:

  • Oso maite nindun, on eta iakintsu nindukalako, nik ua ere bai, ongira-griña aundia agerten baitzun, gazte zan arren. (Augustiñ Gurenaren aitorkizunak, "Orixe")
  • Banuen asta-kume polit bat, oso maite nuena, eta oraiñ bi urte galdu zitzaidan nola ez nekiela; geroztik artzaz oroitzian, sarritan negar egin det; baña ala ere aspaldian azturik bizi nintzan. (Ipuinak, Urruzuno)
  • Garai artako bertsolari zarrak bazuten Donostian txoko polit bat, oso maite izaten zutena: kale Easo-n - gaur Víctor Pradera - Bar Manolo. (Neronek tirako nizkin, Salaberria, S.)

Askoz ugariagoak dira beste eredukoak:

  • Jesus artu ondoan ezpadezu zer hari erran, edo ixillik bazaude, ez dezu anitz maite Jesus: bada ziñez onesten ta maite diranak, elkar gana ezkero, badute zer elkarri esan. (Jesusen Bihotzaren Devocioa, Mendiburu, S.)
  • Igaro diraden denbora guzietan, beti eman izan dezu aditzera, biotzetik txit anitz maite dituzuna zure ume gogaberatiak. (Gipuzkoako probintziaren kondaira, Iztueta, J. I)
  • Beraz Iainkoa hagitz maite, baduzu Filothea, maiz minzatuko zare Iainkoaz zure etxekoekin, adiskidekin eta hauzoekin eginen ditutzun solhas familieretan. (Philotea, Pouvreau, S.)
  • Jesusi zor diogunaren laurdenik zor bagenio nori-nai, emain geniotzake milla ta geiago esker; guztiz maite izain genuke; ta, hari atsegin egitea gatik, egiñen genuke al genuen guzia. (Jesusen Bihotzaren Devocioa, Mendiburu, S.)
  • Gaztaina hazkurri saluta eta indartsua da, diotenez, eta eskualdunek anitz maite dute. (Artikulu bilduma, "Manezaundi")
  • Bainan gero, hala aphaldu eta umiliatu garen ondoan, egin detzagun gure galdeak, orrhoituz mintzo garela guziz maite gaituen Aita on bati, gure ona baizik nahi ez duen Aita maite bati. (San Benoaten bizitzea, Joannateguy)
  • Guziz maite zuen seme bat izaki oraño ta ura bidali zien azkenean. (Yesu Kristo gure Yaunaren bizia, Polikarpo, I.)
  • 2 Eta Zentener baten zerbitzaria eri izanez hiltzera zohian, zein baitzuen guziz maite. ( Iesus Christ Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
  • Eta nola Gudu suerte hau guziz maite baitu; nola huntara Mundu guzia hertxaten baitu; ez xoillki ez du sofrituko, zu galtzea billhatzen dutenek, konpli dezaten bere deseiñu gaxtoa, baiñan oraiño, zurekin batean hekien kontra gudukatuko da, eta goiz edo berant, bitoria eraman-araziren darotzu zure probetxu handitan: goait edo gardian egon behar balu ero zure biziaren azkeneko […] (Gudu izpirituala, Haraneder, J.)
  • Guztiz maite ebala Euskalerrija, ta beretzat pozgarri andija izaten zala euskaldunakaz berba egitia ta jolasaldi batzuk igarotia. (Jaioterri maitia, Etxeita, J. M.)
  • Gure Aritza (1906) Gernikako arbola da euskaldunena, gure biotzak guztiz maite dubena, munduban izandu dan aritzik onena, Iparragirre zanak kantatu zubena; Igartu zan lena, badu ondorena, seme berarena, liraiñ ta lerdena, aitaren lege bera dakarkiena. (Beste bertsoak, Otaño)
  • Gaztaina hazkurri saluta eta indartsua da, diotenez, eta eskualdunek anitz maite dute. (Artikulu bilduma, "Manezaundi")
  • Hainitz maite ere zuelakotz eta bethitik, aita bat bezala mintzo zitzaion gero jaun erretora haren ikustera eta hazkartzera Oihanalderaino ethorria zen Jesus onaz. (Piarres, Barbier)
  • Yon asko asko maite dut! (Ezkondu ezin ziteken mutilla, Lizardi)
  • Romualdo Ikusiko duzu, euli-mandoa! Kristobal Nik bati bakarrik egin diot, Roxitari, eta da asko maite dudalako. (Aldiz aldiz, Barriola)
  • Elgar arras maite zuten bi haurrek, eta uste dut nere erranak baino gogotikago sinhesten zituen Nguirenak Patek. (Banhar deitu salbaiak, Zerbitzari)
  • mintzaira pollita arras maite dutala, nahiz zonbait hitz eta inguru ez dutan ulertzen. (Artikulu bilduma, "Manezaundi")

Eta gaurko idazleen artean ere asko maite egitura maizago ikusten da oso maite baino. Ereduzko Prosa Gaur corpusean begiratuz gero, asko maite egitura 276 aldiz ageri da; oso maite, berriz, 210 aldiz:

  • Eta oso maite nuen Urumea inguruko ibar geldi leuna ertzetik berrikustera abiatu nintzen. (Putzu, "Txillardegi")
  • Gaur egun ere oso maite dugu elkar, baina orain ez da berdina. (Sexua noiznahi, Luis Elberdin)

Geroago, hauxe dakar EGLU-Iek: ”Asko-rekin gauzak are konplikatuagoak dira. Lapurdiko tradizioan aski-ren balioa du, batzutan adjetiboaren ezkerrean, besteetan eskuinaldean, jartzen delarik”. Eta adibide hauek ematen dira:

  • Presuna ederrak, gorputza bere eskuko eta ongi egina duenak, eztu kanpoko edergarriren beharrik, zeren bera baita bere baithan eder asko. (Guero, "Axular")
  • 5Baiña zertako sartzen naiz ni itsas hondar gabe hunetan? Ezin athera naitekeien oihanean? Zure laudorioen aiphamenean? Berak dira bere buruz asko gora mintzo: berak dira bere baithan asko klar eta ozen. (Guero, "Axular")

Baina bi adibide horiez gain, ez dira beste asko:

  • Egia hau entzutean, nor ikharatzen ez da? Eta nor axola gaberik egon daiteke? Eta nola nago bada abiatzeko, eginbideei lothu gabe? Nola nago, zerua eskuetan banu bezain gozoki? Gauza izigarria! Hunela heriotzeak orai baino lehen hartu izan banindu, asko gazteago hartu izan dituen bezala, zer izanen zen nitaz? Eta nere bekhatuen erdian harrapatu banindu, zer izanen zen nitaz? Ni solasean eta farraz, eta bekhatuz bethea! Eta lo egiten soseguz deusik ez balitz bezala! Jainko botheretsua nere kontra hasarreturik, eta ni farraz edo lotan! Jainkoa bere ezpata majinatik atararik, ja […] (Liburu ederra, Duvoisin)
  • Urrexola ta Araotzen ere, badituzue [mutil] jatorrik asko. (Gabak zekarren eguna, Etxaniz, N.)

Izenarekin ageri denean, ordea, Iparraldek idazleek Hegoaldekoek bezala erabiltzen dute asko, izenaren ezkerraldean ere bai:

  • Eta errana den goizeko eta arratseko ikhuspena, egia da; zuk beraz zigila zazu ikhuspena, asko egunen buruan gerthatu beharra delakoz. (Biblia, Duvoisin)
  • Eskuararen ez ikastea, gure auzo gurekin hainbertze egiteko duketenentzat, beren buruen asko errextasunez gabetzea da, ikasteak berak eman lezoketen atseginaz bertzalde. (Mintzaira, aurpegia, gizon, Hiriart-Urruty, J.)
  • Anhitzek izen hori eta izen hortako deputatuen nonbrea irakurtu dituzkete; eta gero bertze asko berri bezala, ahantzi, hanbat gogoan hartu gabe. (Gontzetarik jalgiaraziak, Hiriart-Urruty, J.)
  • Elizan ezarriak ziren beraz ateak eta ezkila, bainan bazen oraino asko lan egiteko. (Oroitzapenak, Larzabal, P.)
  • […] hek uzterat, adiskidetasun galgarri edo sobraniako hek hausterat, sakramenduetarat maizago hurbiltzerat, othoitzari, ta bertze debozionezko egintzei hobeki jarraikitzerat, asko huts xumetarik zentzatzera: zenbat aldiz ezkare halako asko phonduren gainean behartuak izan, dela Jainkoaz beraz, guri bihotzerat mintzatuz, dela gure kofesorez? Bizkitartean horietarik deus eztugu oraino; bederen oraino asko gelditzen zaiku egiteko. (Meditacioneac gei premiatsuenen gainean, Duhalde)

Axularrek eta Gazteluzarrek sarri erabiltzen dute asko askiren balioarekin, baina horietako oso gutxi dira izenondoekin:

  • Baiña ikhusirik zein gauza guti edireiten den euskaraz eskiribaturik, gogan behartu naiz eta beldurtu, etziren bideak asko segur eta garbi, baden bitartean zenbait trabu edo behaztopa-harri. (Guero, "Axular")
  • Ezta asko gaizkirik ez egitea, ezta asko ez gaixtatzea, baiña ondu behar da, eta ongi egin behar da; ez aitzinatzea, gibelatzea da. (Guero, "Axular")
  • Ene borondate berriak etzuen indarrik asko borondate zaharraren garaitzeko. (Guero, "Axular")
  • Irlandako jakintsuak eta eskoladunak halaber ari izan ez badira, ez ote da Uharte Berdea Erromak beretu ez zituen Europako lurralde urrietarik bat delakotz? Ez deritzait horrela, ezen ez da ahaztu behar Irlandarrak politikaren aldetik beren gain egon baziren ere, asko goizik Latinen kultura eta hizkuntza ezagutu zituztela Kristauen propagandari esker 451-garren urtean zuen Celestinus aita sainduak Palladius misionesta hiberniarat igorri, eta hartarik landa laster Patricius ospetsuak harrigarriko obra egin zuen erlisione berriaren hedatzeari buruz, hala non erran baidaiteke Irlandarrik guztiz gehienak kristau zirela 500 urte inguruan. (Artikuluak, Mirande)
  • Itxumustuko ateraldi ta arrazoi-modu berri ta mee ustekabeko arekin izutu-txamarra geratu zan Ignaziyo, eta bereala itz oek bakarrak eranzun ziozkan: asko da Aita; ez geiyago onetan neri itandu. (San Ignazio Loiolakoaren bizitza laburtua, Loramendi)
  • Egun oroz Iainkoaren obrak meditatu behar dirade, ala astean egun batez asko da? (Katexismea, Leiçarraga)
  • Iainkoaren ohoratzeko bigarren parteaz, obedientiaz, asko luzaki minzatu garenaz geroz, minza gaitezen orain hirurgarren parteaz. (Katexismea, Leiçarraga)
  • Asko duzu zuk manatzea, Asko hitz bat erratea; Berehala ethorriko zait Ene ontasun maitea. (Egia katholikak, Gasteluçar)

EGLU-Ien jasotzen denez, Gaur Gipuzkoan asko erabiltzen da goi maila adierazteko, eta izenondoaren eta adberbioaren eskuinaldean jartzen da, mugatzaile eta guzti, zenbaitetan:

  • alai askoa zen gure mutila!
  • Iñaki han azaltzen zen lasai asko

Horrelako esapideak nolabait harridurazko esaldiak osatzeko erabiltzen ditugu. Bestelako esaldietan ez dira erabiltzen, EGLUk dioenez.

Gaurko idazleen testuetan sarri-sarri ageri dira halakoak:

  • Ez zuen hortaz burua askorik berotuko, natural askoa irudituko zitzaion hari Krapotkin izena ematea Golubtxik espiari. (Hiltzaile baten aitormena, Joseph Roth / Matias Mugica)
  • Erlatibismo horren formulazio egoki askoa Txillardegik eman du, Kierkegaarden eta Unamunoren itzalpean: absolutuak egon badaude, baina absolutu denak erlatiboak dira. (Euskal Herria krisian, Joxe Azurmendi)
  • Hori ikusita, eta jende jator askoa zenez, neu hasi nintzaien bizpahiru horiei oinarrizko eskolak ematen, neure gelan. (Kurrin-kurrun vitae, Joxerra Garzia)
  • Jende-mota ororekin solastatzen nintzen, gehientsuenetan mister Lewinekin, eta ez Sabethekin bakarrik: esate baterako, mahaikide nituen Clevelandeko estenotipista neskazahar Europa bisitatzeko premia hertsia sentitua omen zuten haiekin ere mintzatzen nintzen; eta Chicagoko apaiz baptista harekin ere bai, tipo jator askoa bera. (Homo Faber, Max Frisch / Joxe Austin Arrieta)
  • Etorri zen kapitain bat, capitán Degrela, eta harenga bat eman zuen udaletxeko arkupean herriko zazpi gizon fusilatu eta gero, tartean Humberto, nire lagun handia, gizon zintzo askoa. (Soinujolearen semea, Atxaga)
  • Bazuen Arginberriko nagusiak txakur gisa hazi eraginda otsoko gorri eder bat, azeri kolore distiratsua eta ilajez harro askoa. (Konpainia noblean, Lertxundi, A.)
  • Harritzen hasita, bada beste kontu bat harrigarri askoa: frogatu baita gene horrek berak bakarrik gobernatzen duela begiaren garapenean inplikaturik dauden elementu erregulatzaileen hierarkia guztia. (Sagua, eulia, eta gizakia, François Jacob / Juan Garzia)
  • Behin Edward Kilkenny izeneko merkatari irlandar bat etorri zen Pragara, lanorduetan gizon serio eta zuzen askoa zena, baina lanorduetatik kanpo, gizon zurrutera emana, irlandar gehienak bezala. (Airezko emakumeak, Felipe Juaristi)

Giristiño Legea Gipuzkoar idazleek XX. mende hasieratik erabiltzen dute formula hori:

Lapurteraz adibide bakarra aurkitu dugu:

Bestalde, aipatzekoa da hemen ondo eta ongi-rekin ere antzeko zerbait gertatzen dela, maila aditzondo gisa erabiltzen direnean:

Molde horretara egungo adibideak ere badaude:

  • Ondo tristea zen Manueltxoren istorioa, zakur bihurtu eta amak ekarritako janaria ateko zulotik hartzen zuen mutikoarena; ondo tristea, Anttoni eta bere kantu txikiarena ere. (Lekuak, Atxaga)
  • Hiru seme, eta bi alaba, eta suhia, ondo gaztea bera. (Eguzkipekoak, Pablo Sastre)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Goi maila", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3