Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:10:4:1

Nahikotasuna

Nahikotasuna adierazteko honelakoak erabiltzen ditugu: nahiko(a), aski, asko (ark), dexente, samar… Sorta horretan samar besteetatik bereizten da, ez delako zenbatzailea:

  • Hizkien arteko hurrentasunak urruntasunari egiten dio leku, eta irakurleak saltoka aritu beharrean dago, ariketa zail samarra bada ere. (Hitza azti, Iñaki Arranz)

Txomin Agirreren Garoa eta Kresala lanek garai bateko baserri eta arrantza mundua islatzen dituzte

Gipuzkerazko literatur testuetan sarri ageri da:

  • Nere adiskide Aitzolek, serio samar jarrita, errez-zaleen ta gaitz-zaleen auzia berritu du. (Euskera aundiki-soñekoz, Lizardi)
  • Gu, atxilo, armadunengandik urrun samar geunden, eun soldadu bere mendean zituen buruzagi baten kontura. (Lapurren menpean, Polikarpo, I.)
  • Bai, lotsagarrizkoak; ta Pedro Antonek, itz aiek entzunda, gogor samar arpegi eman ziolako, bultzaka bota zuan mutillak morroi zar maitagarria. (Garoa, Aguirre, D.)
  • Sei jokutara leenen-kintzea merke samar dute saldu. ("Euskaldunak", "Orixe")
  • Baratzara joango bahintz ARANTXA: (Haserre samar) Ez dut txintik aterako; baina ertz hauxe bukatu behar dut. (Ezkondu ezin ziteken mutilla, Lizardi)

Esanahiaren aldetik nahiko aditzondotik gertu dago samar, nahiz eta zehatz-mehatz gauza bera izan ez; izan ere, zer moduz egin duzu azterketa? galdetuz gero, nahiko ondo eta ondo samar ez dira gauza berbera, lehenengo erantzunak positiboagoa dirudi, hau da, hobeto egin duela lo; edo film bat on samarra dela esatea nahiko ona dela esatea baino gutxiago dela dirudi.

Nahiko eta aski baliokideak direla esan daiteke, testuinguru berberetan erabil litezke esanahian aldaketa handirik nabaritu gabe:

  • nahiko etxe handia aurkitu du Itsasok
  • aski etxe handia aurkitu du Itsasok
  • Ez bide zela bihotz aski gogorrik edo barbarorik ez sartzekotz urrikalmendutan. (Testamen çaharreco eta berrico historioa, Larreguy)
  • Ez othe da bada Eskal-herrian laborantza aski handirik. (Laborantzako liburua, Duvoisin)
  • Gaurdaino gorde diren garai hartako benetako gutunek aski lekukotasun garbia ematen dute gutun haien literatur kalitateaz. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de Laclos / Jon Muñoz)
  • […] eta protagonista maskulinoak - detektibe beltz gihartsu bat, gogorrenetan gogorrena, ordu eta erdian inon diren ukaldi eta tiro guztien banatzaile - protagonista femeninoari - New Orleansko mafioso zuri baten andre are zuriagoa, ordu eta erdian bere senarrari inon diren adar guztien paratzaile - botatzen zion, aski molde traketsean larrutan egin eta gero. (Rock'n'roll, Aingeru Epaltza)

Bestalde, nahiko eta nahikoa erabiltzen dira. Mendebaldeko adibide zaharrenetan izenaren ondoren nahikoa agertzen da gehiago:

  • Izango det bai astia naikoa. (Garoa, Aguirre, D.)
  • Taloa ta esnea naikoa jan bai beintzat. (Santa Cruz apaiza, "Orixe")
  • Nahikoa denbora egin dut belaunak ahulduta. (Eraztunen Jauna III, J.R.R. Tolkien / Agustin Otsoa)
  • Eta denbora nahikoa eta gehiegi duenez, idatzi egiten du. (Filosofia apaingelan, Sade / Juan Martin Elexpuru / Bego Montorio)

Iparraldean nahiko moldea erabiltzen dute Iratzederrek, Jatsuko Etxeparek eta Xalbadorrek, eta egun, nahiko da forma erabiliena izenondo eta aditzondo/aditzondo-esapideekin:

  • Zatozte kantuz, zatozte bozik, ekar zuen su guzia, Hor, denak anai, aurki dezagun nihun ez daiten loria Eta toki hau deituko dute: Euskaldun zeru-mendia! Zuen odolak jitez behar du borroka eta gudua: Nahiko gudu izanen dugu, garraituz gure burua Eta gain huni tirain-orroaz oldartuko den mundua. (Zeru-menditik, "Iratzeder")
  • Naiko buruauste bereganatu zuan. (Bizia garratza da, Irazusta, J. A.)
  • Naiko jende biltzen ez zitzaielako. (Poli, Anabitarte)
  • Zeingehiagoketara nahiko jende biltzen da. (Zakurra, zeure laguna, Garate, G.)
  • Bai ohartu, ordea, mutil koadrila baten barruan zegoela, nahiko jende ganorabakoa, trajea oso ondo geratzen ez zitzaiona, baina horrela.. ø orokorreko begirada izan zen. (Larunbatak, Arretxe, J.)
  • nahiko luzea
  • nahiko ederra
  • nahiko ergela
  • nahiko ongi
  • nahiko erraz…

Nolanahikoa esapidean nahikoa da agertzen den aldaera bakarra.

Izenaren eta izenondoaren artean ere agertzen da nahiko:

  • Zauri nahiko handia. (Zakurra, zeure laguna, Garate, G.)
  • Ez luke zailegia izan behar; uste dut kapa nahiko handia dela gutako bi eta Norbert estaltzeko. (Harry Potter eta Azkabango presoa, J.K. Rowling / Iñaki Mendiguren)
  • Badu historia bat, nahiko luzea, eta euskararen arazoez arduratzen direnen artean kontuan hartzen da Euskaltzaindiak esaten duena. (Euskararen etxea, Salaburu, P.)
  • Jangela nahiko handia zen eta biribila zuen itxura. (Euliak ez dira argazkietan azaltzen, Joxemari Iturralde)

Hala ere, egitura horietan nahiko ez da beharrezkoa, eta izenaren eta izenondoaren aurretik ere ager daiteke:

  • nahiko erren handia
  • Oso jende amultsua da, eta nahiko etxe handia dute, askatasuna izan dadin. (Jakintzaren arbola, Pio Baroja / Josu Zabaleta)
  • Nahiko presio handia sortzen da biriketan diafragma eta abdomen-muskuluak uzkurtuz, baina usinaren aire-kolpeak ezin du ondo gainditu bihurgune itxia, eta ahotik egiten du ihes aire gehienak. (Giza gorputza lanean, John Lenihan / Irene Aldasoro)

Egun, bata zein bestea bi moldeak erabiltzen dituzte idazleek.

Azkenik, aski eta asko aditzondoaren ondoren ere jartzen ditugu esapide batzuetan: segur aski; segur asko:

  • Ukigaiketarik ederrena, segur asko, Crookes-ek Florence Cook medium neskatxa gaztearekin iritxi zuena izan da: den-dena bizidun bat iduri zuen iratxo edo izaki bat, Katie King izena zeukana bere bizitzan, eta XVII-garren mendeko ingles neska bat zela berak zioena. (Artikuluak, Mirande)
  • Hinduistak izan bagina segur asko, metenpsikosirik gabe, idi zainart bat biderkatu zen naski! (%100 basque, Itxaro Borda)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Nahikotasuna", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3