Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:10:5:2:1

-ago esapideak

-ago konparazio atzizkiarekin hainbat egitura era litezke, esan nahi da, zenbait esapidetan, -ago-dun izenondoa (adberbioa ere izan daiteke) erabiltzen dugula. Esapide hauek egitura bat baino gehiago eratzen dituzte, hauek ikusiko ditugu hemen:

  • gero eta… -ago
  • beti eta… -ago
  • zenbat eta… -ago
  • zenbatenaz… hanbatenaz…
  • aldian baino aldian… -ago
  • zein baino zein… -ago
  • ezinago + izenondoa
  • izenondoa + baino + izenondoa
  • are… -ago

gero eta...-ago

Denboran aurrera egin ahala zerbait edo zerbait horren kualitatea, tasuna areagotuz doala adierazten du gero eta…-ago esapideak:

  • gero eta ilunago da film hau
  • gero eta urrunago doa barkua
  • gero eta titulu gehiago eskatzen dute irakasle aritzeko

Adibide klasiko asko daude:

Manual Devotionezcoa

Batzuetan geroren ordez geroago ere erabiltzen da:

  • 'Geroago eta estuago ari dira zakurrak zaunka! (Lagun izoztua, Sarrionandia, J.)
  • Hala, geroago eta korapilatuagoa zen azterketa fonetikotik, abstrakzio egin ahal izan zuten. (Fonetika fonologia hitzez hitz, Lourdes Oñederra)

Izenondoa izen sintagma batean ageri bada, gero eta… esapidea izenaren ezkerretara joan daiteke, baina baita izenaren eta izenondoaren artean ere:

  • Eta hitza betetzeko tenorea ere ailegatu zitzaion, inguru hartan gero eta etxe erraldoiagoak aupatzen zituela. (Oilarraren promesa, Joan Mari Irigoien)
  • Baten bat badago ospitalean, baina gaitz erdi. Komunikazioa gero eta zailagoa da, argindarrik ez dute, telefonoak arazo gero eta gehiago ematen ditu. ( Uztarria)

beti eta...-ago

Molde hau ez da aurreko biak bezainbat erabiltzen baina badira adibideak, Iparraldeko testuetan batez ere:

  • Adibide klasikoak:
    • Bizkitartean, iguzkia bazoan bethi eta gorago zeruan, eta herrirat itzultzeko, Amotzen gaindi inguru handia egin behar zen oraino. (Piarres, Barbier)
    • Guri da gero eskolako jakitatearen hedatzea, adimendua beti eta azkarrago jartzerat doalarik. (Mendekoste gereziak, Etchepare, J. B.)
    • Bainan ur-kotera bethi eta barnago xortaka sartzen ari etxeari behara! Hegastegiko zur-arteak usteltzen ditu, murruaren asenturat idekitzen du sarbidea, morteroa bustitzen du, harriak desoltzen elkharren ganik, eta baratxe-baratxe zimenduetaraino jausten. (Igandea edo Jaunaren eguna, Arbelbide, J. P.)
    • Bainan ematen dute bethi eta gogorragoak dira lanekotzat. (Iturriagaren solastaldiak, Duvoisin)
    • -ko gizonak erreka-zilo egiten ari ziren, erreka hek egunetik egunera bethi eta barnago sartzen zituztela, Craonnellen, Vauclerreko eiheraren, Heurtebiseko etxe handiaren parrean. (Piarres, Barbier)
    • 15Ez gare beraz sobraniaz gloriatzen eta bertzeren lanez, baiñan esperantza dugu zuen fedea bethi eta geroago eta gehiago berretuz goanen dela eta gure sailla hainitz urrunago ere hedatuko dugula,16Ebanjelioa predikatzen diotegula zuetaz haratago diren nazioneei, bertzeren saillan ja landua denaz gloriatu gabe. (Jesu Kristoren ebanjelio saindua, Haraneder, J.)
    • Burua larre joaiterat uzten badugu Sokorrik erraiten zuen bezala duela zonbait hilabete, beti eta gibelago geldituko gira, hiritarrak beti aintzinago joanen baitira. (Mendekoste gereziak, Etchepare, J. B.)
    • Uduritzen zaie eztela ihulaz ere olha luze handi hura Zardaikua izaten ahal eta algarri erraiten die segur herratu direla, geroago eta treslata gaitzenago die. (Don Juan eta bere adixkidiak, Constantin)
    • Baiña ardia orenetik orenera, lekhuz aldatzen da, oihanean barrenago sartzen da, bethi eta galtzenago eta errebelatzenago da. (Guero, "Axular")
  • Egungo adibideak:
    • Haatik dakiguna da beti eta gehiago nafar hiriak biziki urrun joaiten direla, Frantzian gaindi, lagun baten bila. (Luzaiden gaindi, Angel Aintziburu / Jean Baptiste Etxarren)
    • Abelek, beti eta gorago joan nahi zuen. (Anaiaren azken hitza, Landart, D.)

zenbat eta...-ago

Aztergai dauzkagun konparazioak osatzeko, Zenbat eta …-ago egitura ere asko erabiltzen da:

  • Adibide klasikoak:
    • Zenbat eta gehiago pentsatu, orduan eta harrigarriagoa iruditzen zitzaidan ikusi nuena. (Zortzi kontakizun, Isaac B. Singer / Koro Navarro)
    • Zenbat eta gehiago miazkatu emearen hankarte-popak, orduan eta beroago nengoen eta zakila egundo baino gogorrago neukan. (Onan, Aitor Arana)
    • Kadid ospetsuaren izena zenbat eta gehiago aipatu, orduan eta apalago mutikoaren burua, alditxartzeko zorian irudi. (Elektrika, Xabier Montoia)

Baña zein naiz ni?

  • Egungo adibideak:
    • Antonio Eta senarra? Julian Zenbat eta gehiago begiratzen nion emazteari, orduan eta itsusi eta zakarragoa aurkitzen nuen bere senarra. (Goi argi, Barriola)
    • Ahalegin guztiekin gure Euskara ederrarentzat, zergatik zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta balio handiago du guretzat. (Abec istillubac!, Soroa, M)

Ikusten denez, esapide honek egitura konplexua dauka. Batetik, zenbat horren ostean doan eta hori aukerakoa da. Idazle gehienek hala erabiltzen badute ere, badira eta gabeko adibideak ere:

  • Lehenengoa oso behean zabaltzen zen, horma arrokatsuaren irtengunean; atzeko zatiari amildegi batek eusten zion, eta handik bastioi zorrotz eta gainjarriak ateratzen ziren, dorrea zenbat altuago orduan eta txikiagoak zirenak. (Eraztunen Jauna III, J.R.R. Tolkien / Agustin Otsoa)
  • […] prebisio faltagatik lotsaturik, atzera jotzeko agindua eman zuen, orain hondeatzaileek hartuko zieten txanda zurginei, bide ordokia eta zuzena ireki beharra zegoen, hau arriskuz beteriko lana izango zen, hondeatzaileek agerian lan egin beharko zutelako, goitik erortzen ziren mota guztietako jaurtigailuzko erauntsiaren azpian, harresitik zenbat hurbilago orduan eta bortitzago. (Lisboako Setioaren Historia, Jose Saramago / Jon Alonso)

Baina askoz zabalduago dago beste moldea, eta daramana:

  • Egungo adibideak:
    • Eta folklore politikeroaren kolorea emanez gauzari, esan liteke honelatsu direla gauzak, erabat harturik eta salbuespenak salbuetsirik: neurri jasangarri batetik aurrera, bat zenbat-eta abertzaleago orduan-eta españolagoa dela izatez. (Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Iñaki Segurola)
    • Gauza batek pozten naik, Xarra: zenbat eta euskaldunago, orduan eta bakarrago, eta arrotzago. (Trapuan pupua, Perurena, P.)
    • Ordea, zaharrak leku hartan izan dituen bizipenen oroimenaz ikusten du lekua behin eta berriro, eta zenbat eta zaharrago orduan eta ederragoa oroimen horien lilura. (Gauza txikien liburua, Aristi, P.)
  • Adibide klasikoak:
    • Ez, baizik geiagotu; zenbat geiago iltzen ziran, anbat geiago zetozen Jesu-Kristoren sinismen, ta legera. (Cristau doctriñ berri ecarlea, Ubillos)
    • Gogorazio samiñ oek ekingo dioe bekatari gaixoari, eta zenbat alderago daukan bere ill bearra, anbat geiago illuntasunez, eta tristuraz beteko due Antioko Erregeari gertatu zitzaion eran. (Eracusaldiac, Aguirre, J. B.)
    • Zenbat xutago bidea, hanbat atseginago. (Kurloiak, "Oskillaso")

...orduan/hainbat...-ago

Bestetik, ohartu, esapideak bigarren atal bat ere badaukala: …orduan eta…-ago. Bigarren zati horretako eta ere aukerakoa izan daitekeela dio EGLU Iek (189. or):

  • zenbat (eta) gehiago irakurri, hainbat arinago ikasten dut
  • zenbat (eta) zaharrago, hainbat (eta) petralago
  • zenbat (eta) beranduago etorri, gero (eta) okerrago zuretzat

Hiru adibide horiek ematen ditu liburuak, baina badira gehiago:

Adibide horietan ikusten denez, lehenengo nahiz bigarren ataletako eta aukerakoak dira. EGLU Ien esaten denez, zenbat eta beranduago etorri, gero eta okerrago zuretzat edo zenbat beranduago etorri, gero okerrago zuretzat. Ez dirudi, ordea, gero okerrago hori zuzena denik. Auzi honen inguruan, honela dio Euskaltzaindiak berak Jagonet datu-basean:

zenbat eta… hainbat eta…
Galdera:
Zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta hobeto / hainbat eta hobeto / hobeto / gero eta hobeto…
Onartu egin behar al dugu azkeneko forma hori?
Erantzuna:
Gramatika batzordeak, 1997ko ekainean, honela erantzun zion antzeko galdera bati:
zenbat eta … -ago, orduan eta … -ago
zenbat eta … -ago, hainbat eta … -ago
zenbat eta … -ago, hainbat … -ago
Gramatika batzordearen iritziz, horiek hirurak ontzat jotzekoak dira. Beraz, ondorengo hau da ontzat hartzen EZ dugun bakarra: zenbat eta … -ago, gero eta … -ago

Gure tradizioan hainbat Hegoaldean erabili da batez ere, hainbat (eta) zaharrago hori da molde erabiliena:

  • Gure anima gaisoen makurrera au azitzen ta anditzen da, guk, geren naiez, egiten ditugun bekatu berriekin; ta zenbat eta geiago ta andiagoak gertatzen diran gure bekatu gaistoak, anbat andiagoak da gure animen gaitzerako makurrera, ta anbat errazkiago sartzen zaizte anima gaisoei oroitzapen lizunak, gogoeta txarrak, eta naikunde galgarri-loituak: eta oriek guziak beren baitatik aienatzea, ta animak berak beren makurrerak zuzenduz ibiltzea, ta garbiak beti bizitzea, anitz neke, ta […] (Jesusen amore-nequeei, Mendiburu, S.)
  • bear bearreko birtutea da; baña agintzen dutenen artean, onbide edo birtute eder ori oso gutsik gordetzen dute, ta kontrara agintari asko ikusiko dituzue arrotasunez jantzirik, bada goialdietako aizeak gizonen buruak txoratzeko indar andiak dituzte, ta zenbat eta gorago dagoan gizona ainbat eta arroago ikusi oida geienetan. (Sermoiak, Aguirre, D.)
  • Zenbat eta geiago gozatzen duen, anbat eta izango du zer galdu geiago: (Gipuzkoako probintziaren kondaira, Iztueta, J. I)
  • Zenbat eta bekatariak bekatu geiago egiten dituan, anbat makurtuagoa dago gaitzeronz, eta ez du arretarik, inguratzen duen gogorazio gaiztoak aienatzeko: eta gaitzerako makurtasun au gutxitzen dio oleazioak. (Aguirre, J. B., [:egile:aguirre_j_b:obra|Eracusaldiac]])
  • zenbat eta aserriago, ainbat eta berba astunago, ezarten deutsez alkarri eskubak, edo au baga, ezin enzun gura leukian berbaren bat gaitik emoten da kerella bat. (Urteco domeca gustijetaraco verbaldi icasbidecuac, Astarloa, P.)
  • Zenbat eta dulzeagoa dan loa, ondo enpleatutako egunaren ondorengoa anbat gozoagoa izango du bere azkeneko suertea eta eriotza ondo enpleatzen dituenak bere pensamentuak, itzak, obrak, orduak, egunak, urteak bere benbora, itz batean bere bizitzako momentu guztiak. (Meza eta komunioa, Cardaberaz)
  • Zenbat eta dirdaitsuago, zenbat eta agiriago ibilli, ainbat zanpatuago ta oinazpiratuago. (Uztaro, "Barrensoro")
  • Zenbat eta geiago txukatzen dan anbat eta gazta obeagoa izango da. (Euskal dialogoak, Iturriaga, A. P.)

Hala ere, badira orduan eta edo orduan bakarrik erakusten duten egiturak ere, hainbat gabe:

  • Antonio Eta senarra? Julian Zenbat eta gehiago begiratzen nion emazteari, orduan eta itsusi eta zakarragoa aurkitzen nuen bere senarra. (Goi argi, Barriola)
  • Itzegiten ari geran katarro au sendatu bearrean gelditzen bada luzapen aundia daukala, zenbat eta denbora geiago iraun, orduan eta zallago izaten da kentzea, eta askotan gertatzen da edukitzea au gertatzen zaiotenak beren eztul zarra bizi diran denbora bitarte guztian. (Erriko jendeentzat osasun legeak, Aranburu. M)
  • Zertarako bada joan sarri komulgatzera? Zenbat eta jai andi debotoagoa dan, orduan ni otzago, ta epelago. (Confesio gañean eracasteac, Moguel, J. A.)
  • - Ahalegin guztiekin gure Euskara ederrarentzat, zergatik zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta balio handiago du guretzat. (Abec istillubac!, Soroa, M)
  • Onek illtzen du egarririk aundiyena, bañan edari pattarkiyak, zenbat eta geiago edaten dan, orduan ta egarri aundigua ematen du, zeren bat, beragan xebaturik menderatzen duben. (Bakarrizketak, Uranga, J. I.)

Hainbat, orduan eta gero moldeen artean, gero da gutxien erabiltzen dena, hala tradizioan nola egungo testuetan:

  • Zenbat eta aurrerago joan, gero eta lausoagoa zen nire baitan etxe haren oroitzapena, eta berehala ezabatu zitzaidan. (Txoria, Oh Jung-Hi / Juan Kruz Igerabide)
  • Hasieran soinu txikia izan zen: hosto batek, erortzean, zarata handiagoa egingo zukeen; baina zenbat eta gehiago hurbildu, soinua gero eta zehatzagoa zen. (Peter Pan, James Matthew Barrie / Julen Gabiria)
  • Bere iritziz, arrazakeria eta bereizketa daude Frantziako gizarte sistemaren oinarrian eta zenbat eta gehiago iraun, gero eta gehiago haziko da ezin bizia (Harian saila, Oldarraren suan herra irakiten, Berria)

Esapide horiek laburtuta ere ematen dira: zaharrago eta txarrago (zenbat eta txarragoa hainbat txarrago). Tradizioan ere badaude adibideak:

  • Erritan zenbat eta geiago egin, parragarriagoa iduri. (Poli, Anabitarte)
  • Zenbat eta zarrago begirune geiago. (Poli, Anabitarte)
  • Orain, adiskideak, idazkortza zorroztu ta ekin lanean: Zenbat eta geiago aritu, errezago asmatu dezakezute, “ makur ” - pilla eder ori etxeratzen, “ atsoari ” pozaldi eder bat emanaz. (Euskera aundiki-soñekoz, Lizardi)
  • Zenbat eta geiago saldu, eskuartea gizenago. Ta zenbat eta geiago saldu, geiago irabazi. (Batetik bestera, Erkiaga, E.)
  • Zenbat eta literatura geyago irakurri, errijak astuago bijurtuten dirala, uste dot. (Azalpenak, "Lauaxeta")
  • Zenbat eta illunago, obe. (Ramuntxo, Altzaga, T.)

zenbatenaz...hanbatenaz

Iparraldeko tradizioan askoz gehiago erabili da beste esamolde hau: zenbatenaz… hanbatenaz:

  • Zenbatenaz maizago eta barrenago erabilliko baitugu konsiderazione hau, Iainkoak infinituki merezi duela, hanbatenaz borondatea hariko da berokiago eta uzuago, eta bide hartaz errazkiago eta lanerago ardietsiko dugu ohitza gure obra guzien egiteko Iaun hari behatzen diogula eta amorioz gatxeskola, seguraturik hark xoilki hori merezi duela gureganik. (Gudu espirituala, Pouvreau, S.)
  • Zenbatenaz hori egiñen baituzu lausterrago, hanbatenaz hobeki kausituko zare. (Jesu-Kristoren imitazionea, Xurio, M.)
  • Gaiñerakoan yakiñ zazu; zenbatenaz izanen baita sofritzen duzun pertsekuzionea, sofri-arazten darotzunaren partetik, inyustuagoa, eta beraz zuretzat, gutiago yasan kidina, hanbatenaz Jaiñkoak estimatuko duela zure konstanzia, haren Probidentziari sumetitzen zaizkola, zeiñak onera itzul-arazten baitditu gerthakari ondikozkoenak, eta gure salbamenduarentzat balia-arazten baitu gure etsaien herra ere. (Gudu izpirituala, Haraneder, J.)
  • Eta manatu zioten etzezaten nihori erran; bainan zenbatenaz harek debekatuago, eta hanbatenaz gehiago erantzuten 37. (Biblia, Duvoisin)
  • Zeren usoak zenbatenaz gazteago, hanbatenaz dira hobeago, gozoago eta zaporetsuago. (Guero, "Axular")
  • Zenbatenaz ere aingira eskuetan gehiago hertstuko, eta juntatuko baituzu, hanbatenaz lasterrago joanen eta eskapatuko zaitzu, eta handik zure arrantza galdu dukezu. (Escuararen hatsapenac, Etcheberri (Sarakoa))
  • Hamazazpigarren Kapitulua San Maoreren Frantziarat joaitea Zenbatenaz ere sainduak hurbiltzen hari baitire bere azken egunerat, eta hainbertzenaz ere, Jainkoak galdetzen diozkate sakrifizio handiagoak. (San Benoaten bizitzea, Joannateguy)
  • Zenbatenaz gehiago paratua baizare mihiz bekhatu egiterat, hanbatenaz prekauzione gehiago ekharri behar duzu hark egiñaraz dietzatzuken hutsen kontra gardian egoteko. (Andredena Mariaren imitazionea, Mihura)
  • Zenbatenaz egiten baita Eliza zoroago eta galdetan higuinago, hanbatenaz mirakulua handiago da bitorian. (Eskaraz egia, Hiribarren, J.M.)

Hurrenkera aldatuta ere badira adibideak:

  • Uste dugu batzuetan bertzeek atsegiñ dutela gure maiz ikusteaz, eta hek gaitzesten baikaituzte hanbatenaz geihiago, zenbatenaz gure eskasak hurbilagotik ikhusten baitituzte. (Jesu-Kristoren imitazionea, Xurio, M.)
  • izan dugun aithorrean, batere handik aldaratu gabe, fidel baida guri agindu darokuna,24eta goardia emogun elkharri, batak bertzea zagitatzeko karitaterat eta obra onetarat,25hutsik egiten ez dugula gure batzarretarik, batzuk kostuma duten bezala, aitzitik elkhar konsolatzen dugularik, eta are hanbatenaz gehiago, zenbatenaz ikusten baiduzue hurbiltzen dela eguna. (Jesu Kristoren ebanjelio saindua, Haraneder, J.)

Hegoaldean, berriz, ez dugu molde honetako adibiderik aurkitu, ez egungoa ez klasikoa.

aldian baino aldian...-ago

Molde honetako adibide urri aurkitu dugu, tradizioan nahiz egun:

  • Adibide klasikoak:
    • Eta anitz eta andi-andiak guk argandik emen artuagatik, anitz geiago, ta andiagoak ar ditzagun naiarekin gelditzen da emen gure Jesus maitagarria, ta nai luke Jesusek urbiltzen bagiña gu maiz-maiz, ta aldioro, lenagoko aldian baño ontzi andiagoekin, edo anima, ongi baño obeki prestatuekin, aldian baño aldian grazia ta atsegin geiago guri emen bere Sakramentu andi onetan emateko. (Jesusen amore-nequeei, Mendiburu, S.)
    • Uzten dio gero deabruak jaten ta edaten ta lo ta beste bere lanak egiten, bai ta konfesatzen ta komulgatzen ere; baña bere hamu-bekatuaren haria eskutik utzi bage, aldiak dakarren aldian ta bekatuduna bere bide galgarriratzen den guzian bekatuaren txuzada berriak ari emateko ta aldian baño aldian zeruko indar ta beldur gutiagorekin uzteko; bada bekatu bakoitzarekin galzen du bekatariak Jangoikoaren grazi-aldi ta lagunz andia, eta zenbat ere laburragoak zeruko lagunzak, anbat txikiagoak bekatudunaren indarrak; eta bidenabar zenbat ere gaitzera oituagoa, anbat beldur gutiagorekin bekatu berrian sartu ta arkitzen dena. (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)
  • Egungoak:
    • Bigarren pernod bat eta bai hirugarrena ere edan zituen eta aldian baino aldian ur gutxiago botatzen zion edariari, eta laugarrena eskatu zuenean ez zekien ja zenbat edan zituen, bi, bost edo sei baso edan ote zituen. (Edale santuaren kondaira, Joseph Roth / Matias Mujika)
    • Aldian baino aldian arruntagoa da gure artean senide bat edukitzea Alemanian edo Frantzian. ( Hegoaldeko Txokoa,)

Batzuetan baino gabe edo tokiz aldatuta agertzen da:

zein baino zein...-ago

Hegoaldeko tradizioan badira adibideak:

  • Bernardoren monasterioan, elkar animatus ta konsolatus, zein baño zein sanduago zirelaik. (Sanduen bizitzak, Lizarraga)
  • Joan leenengo beia, igaro bigarrena; iru-bat-lauek aldegin - zein baño zein zitalagoak, zein baño zein idorberiagoak, zein baño zein ezur-nabariagoak - eta asi ziran orraatik urrengoak gizentxeago agertzen. (Euskera aundiki-soñekoz, Lizardi)
  • Ikuskizun au atsegin egin jakon, ta alkarreri txeratxu zein baiño zein gozoagoak egiten iarduen iru aingerutxuokana joan, ta banan-banan irurai euron antzeko txeratxuak egiten asi zan bera be, konkortuta lez, pozaren pozez, non egoan be ezekiala. (Kili-kili, Zamarripa, P.)
  • Prallen abesbatzak eta organoak zein baño zein doñu zerutarragoak. (Arantzazu, Mitxelena, S.)
  • Oiek, zein baño zein gogorragoak sortzen zitzaiezten. (Testamentu Zarreco eta Berrico condaira, Lardizabal)
  • urki, gorosti, txillar ta isatsak, geiegizko zamapean nai ta naiez auspezturik, eta pago, arte, aritz, gaztañak, zein baño zein naroago, adar bakoitzean, kima bakoitzean, elur zerrenda samur kizkurrez arro arro apainduak. (Garoa, Aguirre, D.)
  • Irazeki zuan gizonen biotzian Jaungoikoaren amorioaren sua, eta amorio onen garrak luzeruago iraun zezan, bildu zituan gizon Jaungoikuaren bildurrekuak, eta baliatu zan oetaz Jaungoikuaren gloriarik aundienerako ta animen salbaziorako, zeruko laguntzarekin batera, iru Ordena, Jesukristoren Elizan, zeñ-baño-zeñ miragarriguak jartzeko. (Asis-co loria, Beovide)

Adibide horiek Hegoaldekoak dira baina Xalbadorren beste adibide hau ere badago:

  • Orai badira ahatik konda ahala Gizpuzkoan segurik, bai eta Bizkaian ere zonbait, zoin baino zoin hobeak. (Odolaren mintzoa, Xalbador)

Egungo idazleetan aski arrunta da esapide hau:

  • Baina balkoi horretatik jaistean, malenkonia jasanezin bat nagusitu da neure baitan, eta harresi ondoko xendatik behera egitean, lehen hiru topaketa zein baino zein ederragoak etorri zaizkit gogora, eta zure hutsunea, batik bat zure hutsunea. (Pospolo kaxa bat bezala, Patxi Zubizarreta)
  • Hamaika aurpegi ikusita zeukan animaliak, era eta kolore guztietakoak, zein baino zein adierazgarriagoak. (Hollywood eta biok, Javi Cillero)
  • Zein baino zein aspergarriagoak izaki, zer asmatu ote zuten lehenbizi: beisbola, ala igande arratsaldeak. (Piano gainean gosaltzen, Cano, H.)
  • Hala ere, bi akats, zein baino zein larriagoak, antzeman ditut zure jokabidean. (Patata soro bat, Josetxo Azkona)

ezinago + izenondoa

Ezinago + izenondoa egitura oso arrunta da euskaraz konparazioak egiteko, bai tradizioan eta bai egun:

  • Egungo adibideak:
    • Kinka ezinago gaiztoan zegoen Lenitsin. (Arima hilak, Nikolai Gogol / Jose Morales)
    • Edo, agian hobeto esateko, kutsaduraren aurkako kanpaina ezinago bortitza. (Glosolaliak, Karlos Linazasoro)
    • Joxeren moduan, asko dira Arrasate inguruan ezagutu ditudan hiztun ezinago egokiak. (Kurrin-kurrun vitae, Garzia, Joxerra)
  • Adibide klasikoak:
    • Eta etzintzake bizitze huntako egün hunak desira, bena lehenago alagera zinteke, Jinkuagatik doloretan izatiaz, eta irabazi ezinago handi bat uste zünüke lizatiala, gizonen artian ezdeusentako igaraitia. (Jesü-Kristen imitazionia, Maister, M.)
    • Arren, Herritar ezinago-fidelak egizie afera horren gainen errefletzione bat: gure herria untsa ezagutzen dudanez bai edo ez? Ala ez othe nakike Pansera hel eta zien sofrentx eta doloren behar bezala deklaratzen? (Azti-begia eta beste izkribu zenbait, Xaho)
    • Pasako batzu ezinago eder eta gustagarriak eman ditu. (Mendekoste gereziak, Etchepare, J. B.)

Horren parekoa da ezin + izenondoa + -ago esapidea:

  • Egungo adibideak:
    • Geure hitz egokien euria eta sentimendu onen eguzkia eman behar genizkion, lur puska hura lorategi ezin ederrago bihur zekion gure nexkari. (Ipuin batean bezala, Joan Mari Irigoien)
    • Eta paraje ezin ederrago baten izan zen jaia, gainera: tenis-klubean, hondartzaren parean, itsasoari begira. (Larunbatak, Jon Arretxe)

izenondoa + baino + izenondoa

[Izenondoa + baino + izenondoa] edo [aditzondoa + baino + aditzondoa] eta [izena + baino + izena] egiturak ere erabiltzen dira konparazioak osatzeko:

  • gezur handia baino handiagoa
  • ederra baino ederragoa
  • handia baino handiagoa
  • ongi baino hobeki
  • egia baino egiago
  • Adibide klasikoak:
    • […] geiago eman naiez, eman ziezten beren itxeetan bizi diran gazteei maisu egoki artako behar den guzia erakutsiko zienak, eta hau guzia ta egiten zituen beste gauzak ziran Jangoikoaren berri ona munduan geiago ta geiago banatzeko, geiagori ta geiagori ta aldian bakoitzari obeki Jangoikoa maitarazteko ta Jangoiko berari andia baño honra andiagoa ta andiagoa eman naiez. (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)
    • Egin eban Jesus onak Aitaren esana; baia, zer kosta etxakan? Abeletxetxu baten lasto artean yaio bear izan eban: bere prezio andia baño andiagoko odola yaiota zortzigarren egunerako emon bear izan eban. (Sermoiak, Zabala, J. M.)
    • zeru ederrak, nere begiak ekusten etzaituzten zeruak! eta a zeru orretan ta mundu guzian arkitzen zaran nere Jaungoiko, ederra baño ederragoa! noiz-noiz ekusiko zaitut nik arpegiz arpegi! Orain ekusten bazindut nik, bertan ni atsegin ta kontentuz illen nintzake! Zorioneko eriotza, zure edertasunak, eta onen ondoren etorriko lizaken nik zu maitatzeak lekarken eriotza! A, baña ez dut au nik merezi! Irabaziko al dut, zu beti gogoan erabiltzearekin, ta erabiltze onek […] (Jesusen amore-nequeei, Mendiburu, S.)
    • […] txipristiñetan meastuten? Nok? nok? esan leik norbait azala baita pozgarri, Bakea eta otzan aldia duanean; Zidarrez eta esmeraldakaz aiñ zoragarri, Aren galanto, ta aren donoso, jantzitean? Zeñ eder azan, eder ederrik agertutean! Landa bat legez goi-bera baga erakusten; Itxas-txoriak aidetan pozez eure gañean, Ditugunean egan egiñaz ikusiten! Ederra baño ederrago az orduan dana, Zurgarri baño zurgarriago, zurgeietan; Bela zabalez zuri zuririk, ikusten dala, Ontzia an emen, zut zutik ire zelaietan. (Aldizkarietan argitaratuak eta beste, Arrese Beitia)
    • Bathaiatu orduko, bere sinhestearen orori ongi baino hobeki ezagutarazteko, lasterka berak ekarri jainko heyen phorrosketarat joan zen eta oro bildurik besainka errekak behera igorri zituen. (Banhar deitu salbaiak, Zerbitzari)
  • Egungo adibideak:
    • Eta gazte haien artean bazen neskatxa bat, ederra baino ederragoa, baina beso bat ezindua zuena, zeren, behin batean, gizon zurienganik ihesi, arkabuz tiro bat eman baitzioten beso hartan, eta halaxe gelditu baitzitzaion menbro hura, parilisiak jorik balego bezala… (Lur bat haratago, Joan Mari Irigoien)
    • Handik, emakume bat ikusi zuen bainatzen, ederra baino ederragoa. (Agindutako lurraren bila II, Jose Antonio Mujika)
    • Bizkitartean, ongi baino hobeki banekien eskola beharrezkoa zela. (Anaiaren azken hitza, Daniel Landart)
    • Aurpegiren bat ezagutzeko ahaleginak egin dituzu, guztiz ezinezkoa dela ongi baino hobeki dakizun arren. (Paperezko hegazkinak, Lutxo Egia)

are... –ago

are… -ago egitura ere asko erabiltzen da, eta tradizio handia du. Egile hauen guztien testuetan aurki liteke:

  • Zein baldin egun beretik, geroko luzatu gabe hartzen eta konsideratzen baditutzu, iakizu ezen gorputzari aisia handi bat emanen diozula, eta arimari, are handiagoa. (Guero, "Axular")
  • Isidro, ta Sta Maria bizi ziran; zeruko pakea lurrean zuten: eztabaidarik an etzan, ta are gutxiago aserre, edo erriertatik; ezpada Jainkoaren borondatean biena beti bat. (Senar emazte santuak, Cardaberaz)
  • Gutitan gertatzen naiz osoki ene baitan bildurik, are gutitanago fuineko errebelamendu guzietarik libraturik. (Iesusen Imitacionea, Pouvreau, S.)
  • Eta are bere klementia eta ontasun infinitoa gizonen artean manifesta lezanzat, etzaio asko izan, erran den kreaturezko manera hunetan guzien instruitzea: baina are bere boza espezialkiago adi erazi drauka edozein populu bereziri, zein bere borondate onez eta liberalitate gratiazkoz lurreko natione guzien artean elejitu eta hautatu ukan baitzuen eta hek ziraden Israeleko haurrak, haei espezialki eta klaroki bere hitzaz manifestatu izan zaie, eta bere obra mirakuluzkoez deklaratu ukan draue zer zakian egiten: […] (Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
  • Aipatu dedan Martin de la Renteria onen seme Juan Perez de la Renteriak, urreneko urtean, are azaña andiagoa egin izan zeban Galeon berperarekiñ. (Gipuzkoako probintziaren kondaira, Iztueta, J. I)
  • Bide hortaz segurki, Salomon Errege zuhurra baño, konparazionerik gabe, are zuhurrago eta yakintsunago gure buruak errendatuko ditugu. (Gudu izpirituala, Haraneder, J.)
  • Irugarren erremedioa; maiz konfesatzea, ta are lasterrago, baldiñ zure miseriaz bekaturen batean erortzen bazera. (Eracusaldiac, Aguirre, J. B.)
  • Are emakorrago, olerkari edo diralako yainkozko gantzu bereziz igurtzitako giza-gurenen gogai-aria naiz idazkera ez bait-ditezke oroen ikasbide ta yarraigarri eman. Ala bearrez, desagun Yainkoak ala naita, gora-bide neketsu zail aren biurgune batean, yaun zorr, buruyantzi, aldatz aiek are goragokoak aspaldidanik ibillia, sortu zitzaion lagun: “ Orixe ”. (Itz-lauz, Lizardi)
  • Jesus iltzeko Pilatoren agindua Pilatok ordutik are eresi geiago artu zuen Jesus libratzeko; baña Juduak otsegiten zioten: Baldin orri orrela uzten badiozu Zesar-en adiskidea etzera; bada, errege egiten dana Zesar-en kontra dijoa. Eta are andiagoa artu zuen bi gizon on aiek besoetatik kendu ziotenean, obiratzeko. (Testamentu Zarreco eta Berrico condaira, Lardizabal)
  • Bein batean orazioan zegoela agertu zizaion aingeru bat, eta erakutsiaz baso bat, kristala baño ur garbiagoaz betea, esan zion: “Begira, Franzisko, apaizaren animak au baño are garbiagoa egon bear du”. (San Frantzisko Asiskoaren bizitza, Manuel Antonio Antia)
  • Jakiñ ez ezen, irakurri ere badet oarrez ta arretaz zure eskuskribatua: eta ikusiaz ta erabilliaz, are geiago ezagutu det lan onen anditasuna. (Euskal testuak, Larramendi, M.)
  • Nai du oraindik, azken asnasa eman baño len, are umillago agertu. (Asis-co loria, Beovide)
  • Ez neri dirurik eska, ez daukatelako! Eta are gutxiago alper eta buru arroak mantentzeko. (Kalifornia ku-ku, Labaien, A. M.)
  • […] gaiztakeriyak ontzat duazkatenak, arrazoi guyagorekin mereziko due eriotza ori, gauza gaiztoak egiten dituztenai laguntzen diyenak; baitaere beraz liberalkeriyari laguntzen diyenak merezi dute animaren galera edo eriotza: baño nola animaren aldeko eriotza merezitzen ez baitan pekatu larririkan gabe; liberalkeriya eta beste erozer gaiztakeri ontzat ematea beraz pekatu larriya da, eta are geyago da berali laguntzea. (Bai, pekatu da liberalkeriya, Arana, J. I.)
  • Baña badut nik, bai, nere lan on zuzen orretarako arku ederragorik are; (Jesusen amore-nequeei, Mendiburu, S.)
  • Orduan Yuduak are geiago zebiltzen Yesus il naiez, yai-eguna austeaz gañera, Yainkoa bere Aita deitzen (Yesu Kristo gure Yaunaren bizia, Polikarpo, I.)
  • Baldin len jakin-gai orietaz bere burua erriko bildegi bakarra uste bazuan, gero are geiago. Josunek guztiekin atsegiña izatea berezkoa bazuan, arrotzarekin are geiago. (Usauri, Anabitarte)
  • Gorago ta zerutik are bertanago, “zerurako bidea ortik gora dago”. (Arantzazu, Mitxelena, S.)
  • Alta politikaren alhorrean baino are kaltegarriago izan zaiku Elizaren eragina espirituaren alhorrean, geroko edozein berphizkunderen ithurri biziak urdindu zerauzkigulakotz. (Artikuluak, Mirande)
  • Are gutxigo, berriz, euskaldun oik nekazari ta arrantzale diranean. (Uztaro, "Barrensoro")
  • MARIAREN ONRAN Zernai lani asiera ematerako, eta are geiago tentazioa barrunda danean, zere barrunbean esazu: Jaungoikoa begira dagokit. (Maietzeko illa , Arrue, G.)
  • BIYAK ELKARRI: Gure kate biguna Jaunak emen beau azkatu eta berriz zeru zabalean are bigunkiago lotu bitartean limurtasun gozoaz maitatu gaitean. (Zara, Arrese, E.)

Egungo idazleek ere sarri-sarri erabiltzen dute:

  • Baina hau ez duk aski, eta are gehiago hazi nahi badugu, baterat eta bertzerat hedatu behar diagu negozioa, baterat eta bertzerat joan, hango eta hemengo handikiekin eta merkatari ahaltsuekin solastu eta haiei geure asmoak erakutsi… (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
  • Minak, apaldu beharrean, are gehiago harrotu ninduen. (Rock'n'roll, Aingeru Epaltza)
  • Konfesioa eta Jainkoaren, Andre Mariaren eta sainduen irudiak debekatzeko dekretuak are gehiago harrotu zituen bazterrak. (Mailuaren odola, Aingeru Epaltza)
  • Eta istant hartan Sarak are gehiago gorrotatu zuen ama, disimulatzen ahalegindu arren, inguruabarrek hartaraturik. (Ipuin batean bezala, Irigoien, J. M.)
  • Arratoia zurixka bada, are handiago zure onaldia. (India harrigarria, Garate, G.)

are… –ago egitura erabiltzen dugunean, aurrez zerbaitekin konparatzen dugula ulertzen da. Esan nahi da, ezin dela zu are isilagoa zara bere hutsean erabili, aurretik beste ezer esan gabe. Hori esaten duenak aurrez X isila da suposatu behar du. Ane Itziar baino isilagoa da esaten dugunean, esaterako, Aneren eta Itziarren izakerak baizik ez ditugu adierazten, kasu honetan, Itziarrek Anek baino gehiago hitz egiten duela, besterik ez. Alegia, ez dugu esaten berritsuak edo isilak diren. Aldiz, Ane Itziar baino are isilagoa da esaten badugu, aurretik esana daukagu edo badakigu Itziar isila dela edo, behintzat, beste hirugarren bat baino isilagoa dela, eta hori kontuan hartuta Ane areago dela.

Testuinguru hauetan erabiltzen da egitura hau:

  • Adjektiboa, gradu positiboan, konparazio buruari dagokiola aurretik esan denean edo, bederen, ezaguntzat ematen denean:
    • Itziar isila da. Ane, berriz, are isilagoa.
  • Itziar isila delako erabiltzen dugu bigarren zatian are partikula. Hor berariaz aipatzen da Itziar isila dela. Gauza ezaguna dela suposatzen denean, berriz, ez da holako aipamenik behar:
    • Gaua baino are isilagoa zen.
  • Izenondoa konparazio buruari erabat dagokiona izan edo ez, hirugarren bati baino gehiago bederen badagokionean:
    • Ane Itziar baino isilagoa da, Maider are isilagoa.
    • Ane isila edo berritsua den ez da kontua, baliteke hirurak berritsuak izatera ere. Baina Aneren eta Itziarren artean aldea dagoela diogu, eta Maider bien arteko aldetik areago dagoela.

Horrenbestez, are … – ago egitura konparatibo enfatikoa da, eta konparazio-buruan oinarri bat behar du oinarri horretatik harago egiteko. Eta oinarria da konparazio-buruari izenondoa badagokiola, edo bederen, beste hirugarren batekin konparatuta. Edo aurrez aipatu edo gauza jakintzat har daiteke.

are, oraindik, oraino

Are bezala, oraindik eta oraino ere erabil daitezke, eta ere ere agertzen da batzuetan horiekin batera:

  • Ane Itziar baino isilagoa da. Maider oraindik isilagoa.
  • Ane Itziar baino isilagoa da. Maider oraindik ere isilagoa.
  • Ane Itziar baino isilagoa da. Maider isilagoa da oraindik (ere).

Adibide horietan ikusten denez, oraindik eta oraino lekuz alda daitezke, are, aldiz, ez:

  • *Maider isilagoa da are.
  • Adibide klasikoak:
    • Nere semeak, iruditzen zait esaten digula, asko eraman det zuen maitasunagatik; baiña oraindik ere geiago eramango nuke indar guztiak galduta ezpaneuzkate. (Sermoiak, Aguirre, D.)
    • […] on eta mesede orrez beraz añ gaizki usatuko zutela, ikusteaz? Nork aditzera eman lezake zenbateraño igo zan emen bere ansia larri tristea? Zerren baldiñ Jesukristo hill ezpalitz zugatik, egiaz añ kulpagarri izango etziñan; baña orañ zere uste eta esperanza bere odol preziotsuan ipiñita, konfianza zoro onez Bera ofenditzea, eta oraindik areago dana, askok egiten duten bezela, Bera utsean idukitzea, eta bere kontra botako zituzten añeneko eta blasfemi izugarriak begiratzea! Zeñ garratz eta gogorra tormentu au izango zitzaion Birjiña guziz santaren biotz biguñ samurrari! Eta zeñ biotz-gogorrak geran gu bere pena eta antsia tristeak mugitzen ezpagaituzte errukira eta negar egitera! […] (Maietzeko illa, Arrue, G.) : Au egiñ ondoan agiñdu zion, Ama Birjiñaren kapillan sartu, eta oraiñdik biziroago eska zegiola bere laguntza. (Maietzeko illa, Arrue, G.)
    • Probinzia onetako barri ez dakienari ezda erraz buruan sar-eragiten, zenbat eta nolako zubage eder liraiñ galantak ateratzen diran baso edo oian oetatik kanpo-errietarako; eta oraindik are nekezagoa da, ikatz-gai, eta ezkurrarekin ematen duten aberastasuna zenbaterañokoa dan, bear bezala adieraztea. (Gipuzkoako probintziaren kondaira, Iztueta, J. I)
  • oraino
    • Ene begiak asko holako ikhusi izan du, eta oraino handiagorik ene beharriak entzun. (Biblia, Duvoisin)
    • Berenaz, osaba Erramun gizon ederra baitzen, oraino ederrago egiten zuen, emazteak soinean ezartzen ziozkan arropa balios eta artexki josieri esker. (Ipuin eta ixtorio, Larzabal, P.)
    • 20Zergatik Aitak maite baidu Semea eta erakusten baidiotza berak egiten dituen guziak; eta erakutsi diotza hauk baiño obra handiagoak ere oraiño, zuek mirets dezazuentzat. (Jesu Kristoren ebanjelio saindua, Haraneder, J.)

Batzuetan izenondoa isil daiteke, konparaketaren osagarriak adierazten duelako, eta halakoetan, -ago atzizkia are–ri eransten zaio:

  • Haurrak baino areago zarete
  • Judas baino areago zen.
  • Hor ari dira, txakurra eta katua baino areago. (G-azp)

Horietan hauxe esan nahi da: haurrak baino haurrago, Judas baino judasago, gaiztoago, edo txakurra eta katua baino bihurriago.

Bestalde, bainori ere lot dakioke -ago atzizkia, izenondoa isilduta:

  • Baina gauza hautan guziotan biktorioso bainoago gara, gu onhetsi gaituenaren partez. (Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
  • Bada nola humiltasunak ezin paira baitezake bertzeak bainoago garelako, edo bertzeen gainean abantailla behar dugulako usterik dugun; halaber ezin paira dezake geientasunari edo ekzelenziari xoilki zor zaion laudorioa, ohorea eta loria bilha dezagun, guziarekin ere leku emaiten dio Zuhurraren abisuari, erraiten deraukunean, artha iduki dezagula gure aiphamen onaz, zeren omen ona da estima bat egiten dena, ez […] (Philotea, Pouvreau, S.)
  • Ni bainoago den bat behar litzateke.

Azken pasarte hori ezberdin ematen dute itzultzaile batzuek eta besteek:

  • Baina zeren ikustera ilki içan çarete? Propheta baten? Bay diotsuet eta Propheta bainoagoaren (Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
  • Zertara atera zerate, bada? Igarle bat ikustera? Bai orixe, ta Igarle bañon areagoa esango dizuet (Orixe. Kerexeta. Zugasti)
  • Zertara atera zineten, bada? Profetaren bat ikustera? Baietz diotsuet; eta profeta baino gehiago den bat (Elizbarruti arteko Liturgi euskara Taldea)
  • Zeren ikusten izan zirezte beraz? Profeta baten? bai eta nik erraiten dautzuet, profeta bainoago baten (L. León)

Axularren eta beste zenbaiten adibideetan ikusten denez, -ago atzizkia –tzen-dun aditz osagaiari ere erants dakioke (egun ere erabiltzen da nafar-lapurteraz):

  • Nehork debeku den gauza, sori eztena, desiratzenago du, hartara lehiago du. (Guero, "Axular")
  • Hunen gainean iakin behar da, hanbatenaz handiago dela bekatua, zenbatenaz konsideratzekoago baita halako bidegaberik pairatzen duena, egiten edo eragiten duena: zenbatenaz kontuskoako baita halakorik gertatzen den lekua; zenbatenaz finean hartan erortzenago baita nihor, bertze, hura emendatzen duten kondizinoekin: geiago baita Aita, seme, emazte, anaia, ahaide, Apezpiku, fraide eta bertze Eliza edo Iustizia gizon, zein ere nahi den, eta mainada oso bat bere neke trabailluz azten duen baten hiltzea edo zehatzea, ezen ez halako estaturik eztuenari halako gaitzik egitea. (Giristinoaren dotrina, Pouvreau, S.)
  • Zeren nola ikhusi baitzuen, egunoro bekhatu egiten hari zirela, eta aitzinerat ere hala hariko zirela, eta igurikitzeaz, denbora gehiago emaiteaz, probetxu baiño kalte gehiago heldu zeiela, bekhatuen zauriak gordintzenago, eta gaizkoatzenago zirela, hobenduriago egiten zirela, urrikaldurik, pena gutiago ethor zekien amoreakgatik, gutitu zerauen denbora, eta laburtu hogoi urthez, eman zerauen ephea eta promesa. (Guero, "Axular")

Bestalde, nahiz-ren parean nahiago eta nahien ere erabiltzen dira:

  • Egizu nitaz behar dela dakizuna: zuk nahien duzuna, eta zure loriarentzat hoberen dena. (Jesu-Kristoren imitazionea, Xurio, M.)
  • Egidazu fede bizi, esperantza firme eta karitate irazeki bat zuk nahien dituzun beste bertuteekin, zu nire ariman ondo hartzeko eta aurrera hobeto amatu eta zerbitzatzeko. (Esku liburua, Larroka)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-ago esapideak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3