Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:10:5:2:3

Hobeto, hobeki, hobe

Hobe izenondoa da, on izenondoari dagokion konparaziozko forma. Baina ongi/ondo aditzondoei dagozkien konparatibozko formak hobeki eta hobeto dira. Hortaz, badirudi, hobeago eta hobetoago esatea alferrik dela, hobe eta hobeto aski dira eta. Hobekiago aldaeraren kasuan ere gauza bera gertatzen da, hobeki aski izango litzateke. Hala dio EGLU Iek (190. or.).

Tradizioak, ordea, besterik erakusten du, egile askok erabili dute hobeago:

  • Orduan eztut erremedio hobeagorik pazienzia hartzea, eta neure burua Iainkoaren borondatearen azpian ezartzea baino. (Iesusen Imitacionea, Pouvreau, S.)
  • Segurago da haiñitzez eta hobeago oraidanik zure sal bamenduaren egiten zeroni haritzea, eta zure obra onak zure aitziñean egortzea, ezen ez kondatzea zu hill ondoan bertzeek egiñen darozkizuten laguntzen gaiñean. (Jesu-Kristoren imitazionea, Xurio, M.)
  • Meta handiago eta hobeago. (Laborantzako liburua, Duvoisin)
  • Bada nik ezin ediren dezaket erremedio hobeagorik, atriaka finagorik, eta ez medizina seguragorik gero hunen orai, orai-ratzeko, sendatzeko, eta erremediatzeko: gero hunek beronek egiten dituen kaltén konsideratzea baiño. (Guero, "Axular")
  • Edo zeren gauza duen galdetzen halakoa, Zeñaren kontra harentzat baita hobeagoa. (Manual devotionezcoa, Etcheberri (Ziburukoa))
  • Hersturan naiz alabaiñan bi aldetarik, nahi bainuke ilkhi hemendik eta Jesukristorekien izan, hobeago ere bainuke hainitzez; 24egon nadin ordean haragian mengoa da zuentzat. (Jesu Kristoren ebanjelio saindua, Haraneder, J.)
  • Baina orain gure Sakrifikadore subiranoakministerio exzellentagoa obtenitu ukan du, zenbatenaz Allianza hobeago baten ararteko baita, zein promes hobeagoen gainean ordenatu izan baita. (Iesus Christ Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
  • Bertzalde, horren ostoaren ura baino hobeagorik deus ez omen da barnea garbitzeko, salbu behar bada, fruitu ferdetik ausarki jatea. (Ipuin eta ixtorio, Larzabal, P.)
  • Baiñan komunione saindu huntan, ene Jaunaganat hurbilduko naizenean, eziñ baduket behar den bezanbat errespetu, eta zeiña debotki errezibitzerat desiratzen baitut, nolakoak izaren dire ene pensamenduak? Zer hobeagorik ene salbamenduarentzat pensa ahal dezaket, zure aitziñean neure burua osoki humiliatzea, eta zure ontasun nitas goragokoa, adoratzea baiño? Laudatzen zaitut ene Jainkoa, eta eternitate guzian benedikatua zaren desiratzen dut. (Jesu Kristoren Imitazionea, Aranbillaga)
  • Eta bihotzean min zuen muthil gazteak berri hobeagorik ez baitzezaken igor Felix, Mixel eta bertze heien lagunez. (Piarres, Barbier)
  • Ongi baderitzazu, egin ezazu lege bat, eta eskribatu bedi, Persiarren eta Medoarren legeen, iñork autsi ezin ditzakenen araura, Basthi erregiña ez dedilla berriz iñoiz ere agertu erregearen aurrean, eta bere koroea artu dezala, bera baño obeago dan batek. (Itun zaharra, Uriarte)
  • O zer ditxa ori, zor dizudana pagatzeko! O zeñ doarik ematen zadan! Añ gutxi eskatzen zadana, ta añ justua, ta gustozkoa; ta neretzat añ baliosoa, non ta obeagorik eztan. (Aita S. Ignacioren egercicioac, Cardaberaz)

Egungo literaturan ere arrunta da hobeago aldaera:

  • Lehen urratsak, eman diren urratsak, akordio berri baterat heltzeko iduri luke bide hobeago bateri buruz joaten girela bainan ezin dugu gaur egun erran oraino ea definitiboki ikastolen normalizazio hori nahiko ongi izanen den edo ez. (Ez da musik, Menane Oxandabaratz)
  • Bizitza hobeago baten itxaropena eskaintzen duen bisa bat? (Skyroom, Ramuntxo Etxeberri)
  • Gerla baten ondotik, bakea izenpetzean, galtzen duenak zer edo zer irabazi nahi du eta hor dira gatazka-hoziak beren kuskuetan gogortzen, egoera hobeago datekenean epidemia sukartsu baten antzera zartatzeko. (Hiruko, Itxaro Borda)

Forma hauen inguruan, bestalde, hauxe dio Euskaltzaindiak, Jagonet datu-basean:

hobeago, hobetoago, hobekiago…
Galdera:
Zuzena al da hobeago, hobetoago, hobekiago… formak erabiltzea? Euskara batuan ere erabil daitezke?
Erantzuna: Zalantzan jartzen dira HOBEAGO, HOBEKIEN, HOBEREN, HOBEXEAGO, HOBETOXEAGO, HOBEKIXEAGO eta HOBEKIXE hitzak. Ea euskaraz erabil daitezkeen, ea zuzenak diren, hori da galdetzen dena. Eta nire erantzuna, labur esateko, hau da: BAI, dudarik gabe, erabil lasai-lasai.
Askotan ibiltzen gara, hori dut inpresioa nik, hizkuntzaren logika aurkitu nahian, eta logika horren kontrako zerbait atzematen baldin badugu, berehala jartzen dugu zalantzan horren gramatikaltasuna. Horrenbestez, forma erregularrean eratu den ONEN hitza baldin badugu, zergatik erabili HOBEREN? Badirudi holako zerbait dagoela egin diren galdera horien azpian.
Forma horien arteko gehienak oso erabiliak dira eta izan dira euskaldunen artean, euskalkien arabera. Eta idazleetan, gure klasikoetan (guk ere bai baititugu klasikoak euskaraz, gure mailan), ehundaka edo milaka adibide aurki daitezke. Aski da horretarako Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) ikustea. Hona hitz hauek banan-banan:
HOBEAGO: ehundaka adibide literaturan, euskalki guztietan, OEHn. Ez hori bakarrik: hitz honetan oinarriturik HOBEAGOTU aditza aurkitzen da, aski erabilia izan dena.
HOBEKIEN: ehundaka adibide daude, batez ere (baina ez bakarrik) Iparraldekoak. Hor daude, gainera, HOBEKIAGO, HOBEKIENA, HOBEKIENERA, HOBEKIENIK, HOBEKIENETIK ERE, HOBEKIEN-HOBEKIENETIK, etab. Gainera, HOBEKIEN eta HOBEKIENIK Euskaltzaindiak arautuak ditu bere Hiztegi Batuan. Han datoz biak HOBEKI sarreraren azpisarrera gisa.
HOBEREN: Ehundaka edo milaka adibide (batez ere Gipuzkoatik ekialde osora) aurkitzen dira literaturan. Zer esanik ez, euskara mintzatuan oso erabilia da. Ez dut uste, gainera, erdaldun batek asmatuko zuen OBERENA hitza, Sanferminetan kantatzen den kantu hartan ageri dena: Oberena / es la peña de más alegría. / Oberena, / la que no tiene rival. Gainera, hor daude, HOBERENEAN, HOBERENA DA, HOBERENAZ ERE, HOBERENIK, HOBERENETIK HOBERENERA, etab. Hitz hau ere Euskaltzaindiak arautua du bere Hiztegi Batuan.
HOBEXEAGO: Badira adibide nahiko literaturan, euskalki diferenteetakoak gainera.
HOBETOXEAGO: Ez da horrenbeste erabili; baina badira adibideak, batez ere mendebalekoak, jakina.
HOBEKIXEAGO: adibide asko dago literaturan.
HOBEKIXE: Ez dut uste batere gaizki eratua den hitz hau, eta nik ez nuke inola ere gaitzesiko; baina, egia esan behar baldin badut, OEHn ez dut adibiderik atzeman.
(Erantzun hori 2002koa da. Euskaltzaindiak 2010ean argitaratutako Hiztegi Batuan ageri dira, besteak beste, hobeago, hobeagotu, hobeki, hobekien, hobekienik, hobekiago, hobekitu, hoberen, hobeto, hobetu, hobetze sarrerak.)

Hobetoago Uriartek, Soroak, Urangak, Lardizabalek, Altzagak… erabiltzen dute eta egungo testuetan ere badira adibideak, baina ez asko:

  • Adibide klasikoak:
    • Geijenak diñoe, asko dala atriziñokoa, baie obetoago eta seguruago dala kontriziñokoa; eta au eukiteko alegiñe egin biar dauela konfesetan danak. (Beste zenbat itzulpen, Uriarte)
    • Lenagotik bai, zerren Jangoikoa dan ain ona, biotz beraa ta errukiorra; zerren ain maite gaituen; zerren bekatu egin ta bertatik ezkaituen kastigetan; zerren itxaroten deuskun; ta azkenik, zerren ainbeste on, esker ta mesede egiten deuskuzan, agaitik beragaitik, atarik okasiño ta bide arturik, bear genduke bestela egingo genduan baño obetoago egin aren borondate ta nai santua; eta, baldin bekatu ta gaistakerietan oraingiño ibilli bagara, onek guztiok largarik, prestuak ta leialak izatera abiatu ta prestatu; ta alako moldez, taiuz ta moduz aurrerantzean gobernatu non, azkenean, Jangoikoaren miserikordiaz batera erdetsi daigun guretzat ordenaturik, agindurik, eskeñirik ta prestaturik dagoan pozkaria gozoa, zein […] (Gueroco Güero, Añibarro)
    • Euskerea, aberatsa dan legez da ederra ta egokia, ta obetoago edo txartoago, guztiz antziñetatik dabil gizonen auan; baña liburuen orrietan oraindaño atzo goizekoa da ta izkiratzallien lumeak ikutu, palagu, txera ta leunketa gitxi egin dautsa gaur artean. (Kresala, Aguirre, D.)
    • Geroztik Xabier egunetik-egunera obetoago dijoa; Malen-ek ematen dizkan ollo-saldaz, Amak egiten diozkan zurikeriaz, Aitona-k esaten dizkan ipuin politaz eta guztiek agertzen dioten naitasun onaz ederki xuxpertzen ari da. (Ekaitzpean. Ipuinberri, Eizaguirre)
  • Gaurko adibideak:
    • 1919an argitaratu zen Zeruko Argiaren lehen aleaLan honetan, zein igandean zabaldurikoan, fundamentalismo islamikoa Al Kaeda tartean Bushen gobernuak onartzen duen baino askoz hobetoago dago militarki zein politikoki antolaturik eta motibaturik. (Inperioaren harrokeria, Max Boehnel, Berria)
    • Inoiz baino hobetoago datorkigu gaurko mezua: 'Elkarren beharrean. ( Argia)
    • Baina mahai gainean den dirua jasotzera etorri danean etxeko nagusia, honela dio salda hartu duen hoietako batek:
      —Hurrengoan bizarra kendu ondoren, katiluak hobetoago garbitu e? ( Azpeitiko idazleak)

Hiztegi Batu Oinarridunean hobetoago forma ez da baztertzen, baina hobeto eta hobeki aldaerak hobesten dira.

Hobekiago, berriz, Sarako Etxeberri, Elizanburu, Axular, Mirande, Larzabal, Xurio, Povreau, J. Etxepare, Baraziart, Ziburuko Etxeberri, Haraneder, Materre, Aranbillaga, Arbelbide, Duvoisin eta J. Hiriart-Urrutik darabilte eta egungo literaturan ere oso zabaldua dago:

  • Adibide klasikoak:
    • Ezeta-ere ezta miresteko beraz baldin Eskuarak bere erregelen, eta hatsapenen eredura eskuarazko hitzak moldatzen baitu, gauzak hobekiago adiarazteko? ordea hargatik ezin erran diteke bere garbitasunean notharik errezibitzen duela: ezen urretik egiten diren gauzak, nahiz izan ditezin itxura diferentetakoak bethi dira urrezkoak, eta urrearen naturaleza berekoak: Agustin Sainduak dioen bezala: (Escuararen hatsapenac, Etcheberri (Sarakoa))
    • Zunbatenaz haboro eta hobekiago beitakikezü, hanbatenaz garratzkiago jüjatü izanen zira, saintükiago bizitzen ezpazira. (Jesü-Kristen imitazionia, Maister, M.)
    • Bortzgarrena, fermuki deliberatzea handik aitzina hobekiago bizitzeko, eta bekatuetarik (Iainkoaren faborearekin batean) apartetzeko. (Doctrina Christiana, Materre, E.)
  • Gaurko adibideak:
    • Eta hala joan ziren gauzak, ezin hobekiago, harik eta egun batean ohartu nintzen arte ezen zure aitak ez zidala ohi bezala kasu egiten, enekin zegoen arren enekin ez balego bezala. (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
    • Jende onak baitira aljeriarrak, eta, bizi diren baino poxi bat hobekiago biziko balira, felagei ez liekete kasurik emanen. (Lagun izoztua, Sarrionandia, J.)
    • Beraz, hobekiago edo gaizkiago bizitzeak, diru ge-hiago edo guttiago izateak, mundu hau erosoago edo neketsuago iragaiteak ez du haientzat guretzako bezainbat pisurik. (India harrigarria, Garate, G.)

Hortaz, aldaera hauek erredundateak izan arren, asko erabili dira literatura tradizioan, hobeago eta hobekiago (Iparraldean) batez ere eta gaurko idazleen testuetan ere ageri dira.

Erabilera oker bat

Konparaziozko forma hauek direla eta, bada saihestu beharko litzatekeen erabilera bat, testuinguru zenbaitetan zabaltzen ari dena: nola esan? galderak aditzondoa eskatzen du erantzunean, eta ez izenondoa. Horrenbestez, hobeki esan / hobeto esan edo hobeki erran dira erabili beharrekoak, eta ez hobe esan. Tradizioan nahiz egungo literaturan aditzondoarekin osatutako adibide asko daude, zuzenak, baina egungo literaturan *hobe esan forma ez gramatikala ere oso zabalduta dago.

  • Adibide klasikoak:
    • Bainan zer erreka ikaragarria gure ezkerretarik, bere basura zolan! Arnegikoari darraio, edo, hobeki erran dezadan, Arnegikoaren hastapena da; bainan hertsiago hanitzez bere petik-goran, eta hiruzpalau aldiz bederen luzeago. (Beribilez, Etchepare, J.)
    • Noizik noizera edo, hobeto esateko, egunero dakarrez egunkariek hiru-lau ontzi hondora joan direla eta holan, baina honegatik zirkinik be ez dau inork egiten. (Hau mundu arrano hau, "Batxi")
    • Baina aintziñako literatura hortatik aztarrenik ere ez zaigu, heldu; parterik gehiena ahozkoa zen, eta XV ta XVI-garren mendeetako kornubitar literatura guztia, berriz, erliginozkoa dugu, hobeki esan, elizazkoa: Lege Zahar eta Berriko kondairak oinarritzat dituzten neurtitzetan egindako drama liturgiko batzuek dituzte eratzen. (Artikuluak, mirande)
  • Egungo adibideak:
    • Baltasar Garzon epaileak - edo, hobeki erran, inkisidoreak - oraino ere beretarik egin du Askatasuna eta Segi legez kanpo eman ditu, erakunde “terrorista bateko zati direlakoan. (Anbroxio, Eneko Bidegain)
    • Jon: ogi pusketa bat; hobeto esateko, baserriko esnetan bustitako ogi pusketa bat. (Berandu da gelditzeko, Unai Iturriaga)
    • Horra, bada, nola dabiltzan izenak joan eta etorri, uraren gainean dantzan edo, hobeki esan, hutsaren gainean dantzan eta mapagileek jotzen duten soinuan. (Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Iñaki Segurola)
  • *hobe esan:
    • Ez zuen maite edo, hobe esan, senar-emazteek ez zuten elkar maite. (Elezaharren bidetik, Martin Anso)
    • Iruditzen zait azken hau dela literaturak zineak baino hobekiago eman dezakeena, eta horretan saiatzen naiz, elkarrizketarik gabe idazten edo, hobe esan, elkarrizketak modu zeharkako batean adierazten. (Zortzi unibertso, zortzi idazle, Ana Urkiza)
    • Martak largabistak begietatik apartatu behar izan zituen izu laborriz: bere berdina zen Cesar; hobe esan, Patakiren berdina. (Pasaia blues, Cano, H.)

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batu Oinarridunean eta EHUren Kalkoen Behatokian ere argi esaten da *hobe esan baztertzeko moldea dela, eta hobeki esan dela egokia.

Euskaltzaindiak honetaz

Ikus Hiztegi Batu Oinarridunean hobe sarrera.

Gaian sakonduz

Ikus hemen Kalkoen Behatokiak hobe esan egiturari buruz jasotakoa.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hobeto, hobeki, hobe", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3