Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:10:5:4

Berdintasunezko konparazioak

Izenondoari atzizkirik erantsi gabe eratzen dira berdintasunezko konparazioak eta izenondoa mailakatzeko balio dutenez hemen ere aztertuko ditugu. Berez, baina, perpaus elkartuak dira, nolabait esateko laburtuta agertzen direnak.

Ikus ditzagun bi adibide hauek:

  • Gasteiz Bilbo bezain handia da
  • zure autoa ez da nirea bezain berria

Adibide horietan handi eta berri izenondoen maila adierazten da, oso handia edo oso berria esaten dugunean bezala, baina adibide hauetan bi elementu edo bi izen sintagma konparatzen dira, eta konparazioaren burua izenondoaren aurrean ezartzen dugu: izen sintagma + bezain. Horrelako egiturak predikatuan agertzen dira:

  • hondartza hau beste hori bezain ederra da

Baina izen sintagman ere ager daitezke halako konparazio perpausak (laburtua nahiz laburtu gabea):

  • zu bezain ikasle fin gutxi dira gela honetan.

Konparatzen diren bi muturrak agerian eman gabe, horietako bat suposatu egiten da batzuetan, eta halakoetan honen, horren, eta hain mailakatzaileak erabiltzen dira. Sintaxiari dagokionez gainerako maila aditzondoen jokabidea dute horiek:

  • Errege, ezta egundaiño lurraren gaiñean hain emazte ederrik sorthu, merezi du hain bertze ohore eman diazozun, merezi du behin ikhus dezazun: eta prometatzen deratzut, ezen baldin behin ikhusten baduzu, eztuzula bigarrenean gonbidatzaillerik beharko, zerori egonen zarela errana. (Guero, "Axular")
  • O! nola justuak Santuen faborea bereala sentituko duen beregan! Zer konsueloa, alako Bitarteko seguru, ta ain prestuak Jainkoaren aurrean idukitzea! An daude prest justu beren adiskidearen deia aditzeko, Jaunari pozik erregutzeko, ta anima ori zeruko gloriara berekin artzeko. (Aita S. Ignacioren egercicioac, Cardaberaz)
  • Onen frutak añ miragarriak ziran, non gordeko zuen gizona eritasun guzietatik, zartze, eta eriotzatik. (Eracusaldiac, Aguirre, J. B.)
  • Etzarela bada zerori zeuretzat horrein etsai handia. (Guero, "Axular")
  • Ez dut aurkhitu horren fede handirik Israel guzian. (Jesu Kristoren ebanjelio saindua, Haraneder, J.)

Bai tradizioan bai egun hirurak erabiltzen badira ere, hain aldaera da erabiliena. Horrelako, halako ere erabiltzen dira testuinguru berean.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Berdintasunezko konparazioak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3