Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:10:5:6

Maila aditzondoak

Ondo, asko

Ondo eta asko aditzondoak ere erabiltzen dira izenondoen ondoan, batez ere, harridura perpausetan:

Halako harridura-perpausetan erabiltzen dira, halaber, zein, ze, zer, nolako, zelako… galdetzaileak ere:

  • Adibide klasikoak:
    • Zein polita zegoan! (Usauri, Anabitarte)
    • Eta ezaldezu ostaturik emen urrean? - Zertarako ostatua? Ara or non daukatan nere jauregia, atozte zein polita dan ikustera. (Garoa, Aguirre, D.)
    • Hau eman ta artako zituen soñekoak kendu ta biziro bere gelara joan ta belaunikatu ta burua lurrari josirik asi zen esaten: “Jesus, ta zein ederra zaran Jesusen Ama! Zein ederra ta zein mantxarik bagekoa”. (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)
    • Zein ederra, garbia, perfekta, exzelenta! Alako Semeari alako Ama! (Sermoiak, Lizarraga)
    • Ai zein ederra zaren, ene maitea, zein ederra zaren! Usoaren begiak ditutzu. Ai zein ederra zaren, ene bihotzekoa, eta berregina! Gure ohea guzia loreztatua da. (Biblia, Duvoisin)
  • Egungo adibideak:
    • “Txoriak kantuan ari dira eta / Patioan euria ari du / Zein polita den udaberria…” (Errotarria, Jokin Urain)
    • Zein ederra den flauta soloa! (Sexua noiznahi, Luis Elberdin)
    • Zein dotore hagoen hemen, David!”, esan dit Josebak. (Soinujolearen semea, Atxaga)
    • Ikasle ona zen, birigarro baten eran egiten zuen frantsesez, ikasgelako koadernorik txukunenak zituen, eta zein apain, zein dotore biltzen zen bere belus beltzezko jantzi edo marinel-jaka zuriaren barruan. (Emakume ezezagun baten gutuna, Stefan Zweig / Eduardo Matauko)

Ildo horretan, zein mailakatzailearen parekoa da zeinen ere, baina gutxiago erabiltzen da:

  • Adibide klasikoak:
    • Oh ta zeñen ederra zean, ne aiskirea! Zeñen polite zean! Zure begik die bizik eta drist eiten doenak usonak bezelakok. Zeñen ederra zean, nere aiskirea, zeñen ederra! Zure begik die usonak bezin bizik eta drist eiten doenak, barrun gordeta dagonan gañera. (Beste zenbait itzulpen, Otaegi, K.)
    • Bigarren ikuspena Baldin gaztiguaren garraztasunetik ezagutzen bada zeinen handia zen gaizkia, nolakoa othe da beraz hoben bat ifernuko oinhaze guziek behar den bezala ezin gaztiga dezaketena? (Beste zenbait itzulpen, Otaegi, K.)
    • Orra, or esan da Zeñen trebea zan Orra, Manterola Paregabia, Orra Zerutikan Artu zituena Asko grazia ta Anitz doaia; Orra guretzako, Orra, or maisua Orra, euskaldunok Ispillu gaia, Beroni jarraitzen Arren izan bedi Gure alegin ta Danoen naia. (Ama euskeriaren liburu kantaria, Arrese Beitia)
    • Kanta zaarra dionez: “Libertadia zeñen eder den”! (elkar laztanduz). (Agarren seme... Ismael, Labaien, A. M.)
    • ¡Bañan, zeñen luzeak diran atsekabeko ordu zorigaitzak! (Ramuntxo, Altzaga, T.)
  • Egungo adibideak:
    • Min hartu nuen ikusirik zeinen eder zegoen eta zeinen plazer handiz betetzen zion bezeroak gibelaldea. (Ahardikeriak, Marie Darrieussecç / Joxan Elosegi)
    • Ah! nire Valmont gaixoa, zeinen handia den oraino zure eta nire arteko aldea! (Harreman arriskutsuak, Choderlos de Laclos / Jon Muñoz)
    • Baina, aldiz, begira zeinen bitxia den gaurko santuaren honako hau! Nor akordatzen da gaur San Klemente Aita Santuaren eguna denarekin? (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)

Ze eta zer ere erabiltzen dira, hizkera bizian batez ere:

  • Adibide klasikoak:
    • Ze itsusijak, ze ezainak dirian agindu onen kontra egiten dirian pekatubak! Obe litzateke isil isilik istia Esapiritu Santubaren berbategi, edo katedria eurakaz loitu baño: baña beste aldetik dagoz gizon, eta emakume ain sor, ain astun, ain euren arimiaren ardura gitxikuak, ze uste dabe eztaguala beste pekaturik gizon emakumiak alkarregaz bete betian egiten dabeena baño. (Urteco domeca gustijetaraco verbaldi icasbidecuac, Astarloa, P.)
    • Ze dardarikak, ze burrunbak, aphalak edo ozenak, makil miresgarri heekin, ze harrigarrizko trebetasuna eskutan, Kontra-yantzan, Atxotatupin edo Xilo-xiloan! Bethi bere aitzinian bazen yende multxo bat. (Artikulu bilduma, "Manezaundi")
    • Zubi gañerat gan denian, zer harrigarria! Erregek atzematen du bere seme maitea zeinak kondatzen beitio nola izatu den ezkantatua atso zahar batez, eta suge egotu zela zazpi urtez. (Euskal ipuinak, Wentworth Webster)
    • ¡Zer polita dan! - diyo batek. (Iraola, B.)
  • Egungo adibideak:
    • Zer polita den tranbian ibiltzea!” esaten zuen. (Gure etxeko kontuak, Natalia Ginzburg / Fernando Rey)
    • Zer ederra den elurra, zer ederra den negua, zer ederra zaren zu natazkoak diruditen bi bolatxo horiekin. (Lekuak, Atxaga)
    • “Andereñoa, ze ederra den! Ze bele-adats harroa daukan! Orain egun batzuk, lezioaren erdian, negarrez ari zela ikusi genuen. (Eguzkipekoak, Pablo Sastre)

Bizkaieraz, bestalde, nolako eta zelako ere arruntak dira harridura perpausetan:

  • Egungo adibideak:
    • Begira, begira nolako sudur greko polita duen!”; edo: “Zein bekoki miresgarri eta ondo egina!”. (Arima hilak, Nikolai Gogol / Jose Morales)
    • Nolako oinaze gogorrak dauzkagun zain infernuan! (Asisko Frantzizko, Asisko Klara, Askoren artean)
    • Zelako ideia ona! (Ostiralak, Jon Arretxe)
    • Horra hor, zelako gizatxarra den. (Hona hemen gu biok, Dorothy Parker / Mirentxu Larrañaga)

Hori guztia kontuan hartuta, zein, ze, zer eta zeinen izenondoa mailakatzen duten elementuak direla esan daiteke, hau da, izenondoak adierazten duen tasuna esateko beste modu bat osatzen dute. Zein eta beste aldaera guztiek izenondoaren maila adierazten dute eta aditzari zehargalderaren -en atzizkia erantsi behar zaio.

Hortaz, zer horrek funtzio bat baino gehiago izan dezake:

  • galdetzailea
    • Zer ordu da? galdetzen dugunean bezala
  • mailakatzailea
    • Zer polita den zerua
  • izenondoaren ordez izenarekin, nolako adierarekin:
    • Zer ondasunak ekarri dituen […] Jaunaren hitzak! (J. B. Agirre).
  • Azken zer hori ez da egiazko galdetzailea, honek izen sintagma mugagabean joatea eskatzen baitu:
    • Zer jaka aukeratu duzu? = Zein jaka aukeratu duzu?
    • Zer nekea daukadan = Nolako nekea daukadan.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Maila aditzondoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3