Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:10:6

Maila aditzondoak eta zenbatzaileak

Izen sintagma batean izenondoak maila aditzondoren bat edo maila adierazteko egituraren bat (konparazio perpaus bat, esaterako) baldin badarama, kontuan izan behar dira zenbait muga:

  • Izen sintagma mugaturik joaten da, -a edo -ak (pluralean) duela:
    • oso neska alaia
    • hain etxe txikia
    • libururik garestienak
    • Mirari bezain emakume liraina

Alabes futbol ligako lehen mailara igo da

  • Horrelako izen sintagmek ez dituzte zenbatzaile numeralak eta bestelakoak onartzen. Gai honen inguruan, EGLU-Iek dio honelako egiturak ez direla zuzenak:
    • ? Oso neska polit bat etorri zitzaigun
    • ? neska oso polit asko ikusi genituen hondartzan
    • ? arazo oso garrantzitsu bat
  • Beste hauek proposatzen ditu horien ordez:
    • Oso neska polita etorri zitzaigun
    • oso arazo garrantzitsua
    • arazo oso garrantzitsua

Hala ere, tradizioan nahiz egun, badira lehenengo moldeko adibideak ere:

  • Adibide klasikoak:
    • nere Jesus maitagarria; baita, bein edo berriz ezezik, zuk dakizun adinetan ere! - Eta zer dakit nik egungo egunean ere nola, ta zertan nabillen ni, edo nolakoak ote diran oraingo nere konfesioneak, oraingo nere komunioneak, eta gañerako nere gauzak! Bear bada leneko nere konfesione guzien konfesione oso jeneral bat eskatzen dutenak! Egin bear den guzia egin naiez nago ni gaur, ta leneko nere egin gaistoen damu arrigarriarekin. (Jesusen amore-nequeei, Mendiburu, S.)
    • Au dabe asko, baldin bear dan legez ifinten badabe damu oso au; baña au bere ezta ain erraz egiten zelan batzuk uste daben: Jangoikoaren grazia, laguntza ta zia andiak bear dira akto kontriziñoko oso egiazko bat egiteko; eta, beragaitik, izango da on, sarri kontriziñozko egikaiak egitea, lenagotik atara oitu ta ekandutea. (Gueroco Güero, Añibarro)
    • Gizon oso jakitun bat zen hau; jakintzaren seinale zituen bere buru-gain karsoildua, bere begiberin lodiak eta besapean beti zekarzkien liburu jakintsu haundiak. (Narrazioak, Mirande)
    • Ermitatxo berritu zan, Ama Birjiña berri oso eder bat ekarri ere bai, eta Maiatzeko jai-artsaldetan an oi dijuaz neska gaztetxo guziak lore oiekiñ egintako sotak Ermitatxoko Ama Birjiña berri ederrari eskeintzera. (Euskalerritik zerura eta beste ipui batzuk, Urruzuno)
    • Omen zuten biek begistatua erregina arrain oso pollit bat. (Portu txoko, Larzabal, P.)
    • Azkenik ekarri zuten, itsaso araruntzko alderdi berrietan ebilli ziran baillena arantzailleak an jaten ikusi ta emen ere antolatzen asi ziran jan-gai oso gozotsu bat. (Yolanda, Lhande, P.)
    • Nahi izateko liteke izan zindezaken saindutasun oso eta perfet bat Komuniatzeko. (Andredena Mariaren imitazionea, Mihura)
  • Egungo adibideak:
    • Pertsona bati oso irudi bakun bat erakusten bazaio ere (zirkulua, hirukia, laukia), irudi hori argi gutxirekin eta oso denbora laburrean erakusten bazaio, pertsona ohartuko da zerbait ikusi duela, baina ez du jakingo zer ikusi duen. (Irudia, Jacques Aumont / Josu Zabaleta)
    • Hirugarren ondorioa: historia global baten aukera desagertzen eta diseinu oso ezberdin bat zirriborratzen hasten da, historia orokorra dei daitekeen horretxen zirriborroa, alegia. (Jakitearen arkeologia, Michel Foucault / Xabier Arregi)
    • Oraindik bizirik gaude.“Ez zen izan bere lagunari adorea emateko esaldi hutsa, sentitua baitzuen, besarkadarekin batera, min oso zehatz bat bere saihetsean, objektu fin eta gogor batena, eta sentsazio soil hark kolpetik berpiztu baitzion esperantza. (Soinujolearen semea, Atxaga)
    • Urre koloreko esfera mugikor batzuk ageri zituen beheko partean, eta, elkar joaz, metal hots oso fin bat utzi zuten airean. (Gorde nazazu lurpean, Saizarbitoria, R.)

Adibide horietan bat ageri da, baina ez dirudi zenbatzailea denik, artikulu zehaztugabea baizik.

Halakoetan, baina, izenondoekin zenbatzaileak sartu behar ditugunean, normalean egokiago da izen sintagma zatitzea eta bi zatiak aposizio modura ematea:

  • neska bat etorri zen, oso alaia
  • neska bat, oso alaia, etorri zen
  • neska asko, biziki alaiak, etorri ziren
  • Bi liburu erosi nituen, hain merkeak non…
  • Lau baloi aukeratu nituen, handienak
  • Lau baloi, handienak, aukeratu nituen

Euskaltzaindiak honetaz

  • Ikus hemen Euskaltzaindiaren Jagonet atalean aposizioei buruz jasotakoa.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Maila aditzondoak eta zenbatzaileak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3