Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:11

Aposizioak

Izen bat nolakoa den adierazten dute adjektiboek; zenbaitetan, ordea, izen sintagmetan, adjektiboak egin beharko lukeen lana aposizioan doala diogun izen batek edo beste izen sintagma batek egiten du. Izen sintagma bat zehazten edo azaltzen duen izena edo izen sintagma da horrenbestez aposizioa, izen-sintagma bati beste izen-sintagma bat justaposizioz lotuz osatutako egitura. Benantxio Irureta

  • Aneton, Pirinioetako mendi garaienean, hil zen Benantxio.
  • Atxaga idazleak Obabakoak lanean azaldu zuen istorioa asmatua da.

Izenondoekin zenbatzaileak sartu behar ditugunean ere, normalean egokiago da izen sintagma zatitzea eta bi zatiak aposizio modura ematea:

  • neska bat etorri zen, oso alaia
  • neska bat, oso alaia, etorri zen
  • neska asko, biziki alaiak, etorri ziren
  • Bi liburu erosi nituen, hain merkeak non…
  • Lau baloi aukeratu nituen, handienak
  • Lau baloi, handienak, aukeratu nituen

Bestalde, ohikoagoa da izen sintagma horiek artikuluarekin (-a-rekin) joatea, bestelako erakusleekin baino:

  • gelako mahairik handiena hartu zuen
  • ? gelan zen mahai(rik) handien hura hartu zuen

Hala ere, izen sintagma agertu behar lukeen izena isilean badago, ohikoa da erakuslea agertzea:

  • mesedez, eman handien hori!
  • han goian dagoen zikinen hura zurea da.

Horietan ere, jo daiteke aposiziora:

  • mahai hura, gelan zen handien hura, hartu zuen.

Oso, hain, biziki, eta antzeko maila adberbioak erabiltzen ditugunean nabarmenagoa da hori. Egitura hauek, esaterako, ez dirudite oso zuzenak:

  • (?) Biziki film interesgarri hau ikustera joango gara.
  • (?) oso lasterketa gogor hura egingo dugu.

Ubik liburutegia, sorkuntza liburutegia Tabakaleran

Horien ordez, erlatibozko egiturak erabil ditzakegu:

  • Biziki interesgarria den film hori ikustera joango gara.
  • Oso gogorra den lasterketa hura egingo dugu.

Hala ere, egitura horiek aposizioak diren ez dago oso argi. Demagun izen sintagma horiek deklinabide atzizkiren bat behar dutela:

  • Bi film oso triste ikusi ditugu asteburuan
  • Lau lagun oso azkarrak dauzka Maddik

Horiek horrela emango genituzke, baina hauetatik zein da egokiena?:

  • iritsi naizenean, bi film oso tristeez ari ziren
  • iritsi naizenean, bi film oso tristez ari ziren
  • lau lagun oso azkarrei nota ona eman die irakasleak
  • lau lagun oso azkarri nota ona eman die irakasleak

Izena nolakoa den adierazten du izenondoak, baina askotan, izen sintagma batean izenondoak egin beharko lukeen funtzioa aposizioan doan izen batek edo izen sintagma batek egiten du:

  • Axular, idazle handiak, idatzi zuen bezala
  • Larrañaga irakasleak bestela esan omen du.

Aposizio hitzak adiera edo esanahi bat baino gehiago dauka gramatiketan, baina oro har, aposio bat dugula esaten dugu izen batek, edo izen egitura batek beste izen bati zuzenean eragiten dionean:

  • apaiz jauna, Olaizola pilotaria…

Askotan, erreferentzia bat argitzeko balio dute:

  • Villasante, Euskaltzainburu izan zena
  • Jon, zure osaba…

Aposizio motak

Goiko adibideek bi aposizio mota nagusiak erakusten dituzte:

Lehenengo adibidean izen sintagma bat dago (Axular) eta ondoren, beste izen sintagma bat gure idazle handia, lehenengoaren erreferentzia bera daukana, baina ezaugarri berriren bat adierazten duena. Lehenbiziko aposizio mota honi aposizio ez-murrizgarria esaten diogu. Hauetan, gehienetan, eten bat egiten da bi izen sintagmen artean:

  • Donostian, munduko hiririk ederrenean, ohitura da udan izozkia jatea.
  • Ainarak, mendian ikusi dugun neskak, irakasle ikasketak amaitu berri ditu.

Horietan, Donostia eta Ainara dira munduko hiririk ederrena eta mendian ikusi dugun neska sintagmen erreferentziak. Esan nahi da, honela ere eman daitezkeela adibide horiek:

  • Donostian (eta Donostia da munduko hiririk ederrena) ohitura da udan izozkia jatea.
  • Ainarak (eta Ainara da mendian ikusi dugun neska) irakasle ikasketak amaitu berri ditu.

Lasa jatetxea Bergaran, izen handikoa da

Aposizio ez-murrizgarriak dira, alegia, “A, B” moldekoak.

Bigarren aposizio motari murrizgarria esaten diogu. Normalean hauxe izaten da aposizio mota honen egitura: deitura bat eta gero izen arrunt bat, eta deitura horrek izenaren erreferentzia zehazten du. Adibidez, Olaizola pilotaria edo Larrañaga apaiza esaten dugunean, pilotarien eta apaizen multzoetatik bat aukeratzen dugu eta horri buruz ari garela adierazten dugu. Oso ohikoa da egitura hau erabiltzea jaun, andere, andereño, maisu, irakasle, eta antzeko izenekin:

  • Arrieta jaunak ekarri dizu gutuna
  • Ainara andereñoari esan behar diogu ez garela eskolara joango

Adibide horietan, Arrieta eta jauna, Ainara eta andereño aposizioan daude: Arrieta eta Ainara izen berezien zeregina zein jauni eta zein andereñori buruz ari garen zehaztea. Honelako aposizioak dira hauek ere.

  • Lasa jauregian egin dute bazkaria.
  • Bidegileak liburua oso interesgarria da.

Multzo berekoa izango litzateke Gipuzkoa plazan ere, nahiz horren ordez Gipuzkoako plazan ere esan ahalko litzatekeen. Jauregi guztien artean edo plaza guztietatik zeinetaz ari garen zehazten dugu adibide horiekin. Aposizio murrizgarriak “A B” moldekoak dira eta “Azalpen aposizio” ere esaten zaie. Aposizio mota batean zein bestean (“A, B” eta “A B”) jarraikortasun bat dago izenen artean.

Hala ere, batzuetan ez da erraza jakitea zein motatako aposizioa den. Adibidez, demagun “Etxeberria” medikua, irakaslea eta futbolaria daudela eta haien artean bat bereizi nahi dugula, futbolaria, alegia. Hori esaten badugu, ez gara ari futbolarien multzotik Etxeberria izenekoa aipatzen. Alderantziz: Etxeberriaz ari gara baina izen horrekin pertsona bat baino gehiago ezagutzen ditugunez, zehaztu egin behar dugu Etxeberria hori zein den: futbolaria, alegia. Dena den, jaun, andre eta antzekoak erabiltzen ditugunean bigarren motako aposizioa, aposizio murrizgarria, dela dirudi. Aposizio ez murrizgarrietan, berriz, izen sintagmak erreferentzia zehaztua izaten du gehienetan; horregatik ohikoa da izen berezi bat izatea lehenengo edo izen sintagma mugatua izatea.

Hurrenkera

Honelako aposizioetan hurrenkera ere kontuan hartu behar da, zenbaitetan akatsak egiten dira eta. Goiko adibideak kontuan hartuz, euskaraz hauxe izango litzateke ordena normala: deitura + izen arrunta:

  • Lasa jauregia
  • *Jauregi Lasa
  • Ziarda harategia
  • *Harategi Ziarda
  • Pitxintxu liburudenda
  • *Liburudenda Pitxintxu
  • Aitor taberna
  • *Taberna Aitor

Bestalde, denda edo taberna baten izena nagusiaren izena bera bada, honela ere esan daiteke:

  • Ziardaren harategia
  • Aitorren taberna

Posible da izen arruntak isiltzea ere:

  • Ziardarenean oso haragi ona saltzen dute
  • Aitorrenean hasi ohi dugu beti ostegunetako pintxo-potea

Gogoratu, halaber, formula horrek ez duela balio etxe, denda edo tabernaren izena pertsona izena ez bada:

  • Beti Alai jatetxean bazkaldu genuen
  • *Beti alaiarenean oso ondo ematen dute jaten

Aposizioetako kasu markak

Bestalde, perpausean duten funtzioaren arabera, aposizioan doazen izen sintagmek atzizkiren bat hartzen dute, baina bi osagaiek behar dute atzizkia, ala nahikoa da batek eramatea? Aposizioa murrizgarria denean atzizki bakarra jartzen da, izen sintagma osoaren azkenean:

  • Urteten dira urteoro Danubio ibaitik 960. (Hau mundu arrano hau, "Batxi")
  • Axular ikastolara doaz haur horiek.
  • Garate jantzi-dendan erosi dugu berokia.
  • Gara egunkariari eman diote aurten kazetaritza saria.

Garate jantzi-denda

Aposizio ez murrizgarrietan, ordea, ez dago hain argi. Gehienetan badirudi aski dela kasu marka behin bakarrik ezartzea, izen sintagma osoaren azkenean:

  • Canpion, euskaltzale fin hark, sarritan esaten zuen…

Ez da beharrezkoa hor Canpionek, euskaltzale fin hark, sarritan esaten zuen… esatea. Aposizio ez murrizgarrietan, ordea, kontuak ez daude horren argi: batzuetan kasu marka izen sintagmaren azkenean jartzea aski dela dirudi, baina etena handia denean eta aposizioa egiazki ez murrizgarria denean, bi sintagmei erantsi dakieke, eta askoz ere argiago gelditzen da perpausa:

  • Canpionek, hainbeste aldiz gogoratzen dugun hark
  • nik, bekatari honek, ez nuke honelakorik esango.
  • Andoniri, nire lehengusuari, gauzak gaizki atera zaizkio.
  • Asier aurkezleari testua ahaztu zaio.
  • Asierri, aurkezleari, testua ahaztu zaio.

Hala ere, testuinguruaren arabera posible da atzizkia soilik aposizioari jartzea:

  • Andoni, nire lehengusuari, gauzak gaizki atera zaizkio.

Auzi honen inguruan, Euskaltzaindiaren 109. arauak dio aposizioa izen sintagmaren barneko izenen artean egiten denean hondarkia sintagma osoaren azken buruan agertzen dela soilik:

  • Maite Iturbe Eitbren zuzendariak eman ditu Nafarroako emisioaren inguruko azalpenak.

Izen sintagma osoak aposatzen direnean, berriz, sintagma aposatuetan ere jartzen da hondarkia:

  • Maite Iturbek, Eitbren zuzendari nagusiak, eman ditu Nafarroako emisioaren inguruko azalpenak.

Euskaltzaindiak honetaz

  • Ikus Euskaltzaindiaren 109. araua, Komunztadura aposizioetan.

Gaian sakonduz

Glosategia

Hiponimo: beste hitz orokorrago baten (hiperonimoa) ezaugarri semantiko edo sema guztiak dauzkan hitza da; baina aldi berean, hiperonimo horretatik bereizten duten ezaugarri semantikoak dauzkana. Bere esanahia beste hitz baten esanahiaren barnean dago.

Hiperonimo: termino zehatzago batek (hiponimoa) adierazten duen errealitatea adierazteko terminoa da. Beste hitz baten edo batzuen esanahia bere esanahiaren barnean hartzen duen hitza.

Adibideak:

  • Hiperonimoak:
    • Frutak
    • Zuhaitzak
  • Hiponimoak:
    • Sagarra, madaria, platanoa…
    • Pagoa, aritza, madariondoa…

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aposizioak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3