Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:11:0

Aposizioa zer den

Aposizio definizioa bi osagaien arteko hiponimo/hiperonimo erreferentzia-harremanean oinarritzen dute Odriozola-Perezek. Lehenik eta behin, bi hiponimo mota bereizten dituzte: Gotzon Garateri buruzko gehigarri berezia Elgoibarren astekarian

  • Hiponimo egonkorra: osagai horrek, aposizioan edo bakarrik doanean, erreferentzia bera du.
  • Indurain txirrindulariaren ibilbidea aztertu dute eskolan.
  • Indurainen ibilbidea aztertu dute eskolan.
  • Hiponimo ez-egonkorra: harremana bigarren osagaiaren eta elkarte osoaren artean ematen da bakarrik, eta osagai horrek erreferentzia ezberdina hartzen du aposiziotik kanpo.
  • Gotzon Garate beka irabazi du.
  • #Gotzon Garate irabazi du.

Hala ere, hizkera mintzatuan gertatzen diren bi kontu ere aipatzen dituzte:

  • hiponimo ez-egonkor batzuk egonkor izatera iristen dira:
  • Halabedi irratiaren urteurren jaia egin dute Gasteizen.
  • Halabediren urteurren jaia egin dute Gasteizen.
  • hiponimo egonkorrek ez dute onartzen aposiziorik:
  • Aitor eskolara eraman behar duzu gaur.
  • #Aitor semea eskolara eraman behar duzu gaur. (ama bat euren semeaz ari bazaio senarrari, ez dauka zentzurik “seme” hitza gehitzeak)

Horrenbestez, mendekotasunezkoetan eta hiponimo ez-egonkorreko aposizioetan, lehenengo osagaia ez da hiponimoa aposiziotik kanpo elkartearekin. Baina azken adibideek argi uzten dute aposizioko osagai horrek hiponimia harremana ezartzen duela, agerian edo ezkutuan.

Bestalde, Elgoibar herria eta Gotzon Garate beka bezalako adibideetan, bigarren osagaiak adierazten duen izaki klasearen barruko izaki bakar bat adierazten da. Hain zuzen, Euskaltzaindiak elkarteen artean aztertu dituen aposizioen ezaugarria da izaki bakar bat adierazten dutela, baina badira bigarren osagaiari dagokion izaki klasearen barruko azpiklase bat adierazten dutenak ere Errezil sagarra, esaterako; ez sagar bakar bat, sagar klase bat baizik. Horrenbestez, hiponimiazko harreman biak eta hiponimo mota biak izan behar dira kontuan aposizioa zer den ulertzeko.

Aposizioa euskal hitz-elkarteetan

Juan Carlos Odriozolak (EHU) eta Elixabete Perez Gazteluk (Deustu) Aposizioa euskal hitz-elkarteetan lana argitaratu zuten 2002an, ASJU aldizkarian. Lan horretan dioten bezala, “Aposizio deizioa esangura anitzekoa da hizkuntzalaritzako lanetan”. Egitura bateko bi osagairen arteko erreferentziakidetasuna da aposizioen funtsezko ezaugarria, baina sintaxi ala morfologia prozedurez ari garen ez dago erabat argi.

Odriozola-Perezek diotenez, egitura ez murrizgarrietan erabat erreferentziakideak diren bi osagaiko segidak daude:

  • nire herria, Elgoibar

Adibide horretan, nire herria eta Elgoibar izen sintagmek erreferentzia bera daukate. Aposizio murrizgarrietan, berriz, osagai batek zehaztu egiten du bestea:

  • Elgoibar herria

Adibide horretan, Elgoibar osagaiak herri bat bereizten du herri osagaiak adierazten duen herrien klasearen barnean. Osagai horiek hiponimoa eta hiperonimoa dira elkarrekiko eta segida osoa ere hiponimoa da bigarren osagaiarekiko. Bi hiponimia daude beraz: osagaien artekoa eta segida osoaren eta osagai baten artekoa.

Aposizio murrizgarriak hitz-elkarteekin aztertu dira euskaraz, baina badute gainerako elkarteetatik bereizten dituen ezaugarri bat gutxienez: mugatzailea behar dute.

  • *Elgoibar herri
  • etxe-txakur
  • kafe-antzoki

Sintaxi/morfologia muga alde batera utzita, aposizio murrizgarrietarako esangura-harreman batzuk finkatzen dira lan horretan:

  • Erreferentzia irizpidea: osagai batek eta segida osoak erreferentzia bera dute eta rreferentzia hori beste osagaiaren erreferentziaren barrukoa da, hau da, hiponimo-hiperonimo edo hiponimiazko esangura-harremana dago segida osoaren (edo lehenengo osagaiaren) eta bigarren osagaiaren artean: Elgoibar herria segidaren erreferentzia Elgoibar osagaiaren erreferentzia bera da, baina gainera, herri osagaiaren erreferentziaren barrukoa ere bada, herrietako bat adierazten baitu.
  • Bi ezaugarri:
    • Bi hiponimo mota: Elgoibar osagaiak herri bat baino ez du adierazten, baina aposiziotik kanpo Errezil osagaia ez da sagar klase bat, herri bat baizik.
    • Hiponimiazko bi harreman mota: Elgoibar herria bezalakoetan bigarren osagaiaren barruko izaki bakarra adierazten da; baina Errezil sagarra bezalakoetan izaki azpiklase bat.
  • Aposizioetan, osagaien hiponimia harremanaz gain, kategoria eta azpikategoria-tasun komunak daude: Elgoibar eta herri osagaiek, adibidez, biek herrien erreferentziak eramateaz gain, izenak eta [- animatu, + tokia] ezaugarriak dituzte. Horrenbestez, egitura-harremanaren aldetik mendekotasunik ez duen zerbait ere definitzen da: aposizioarekin batera, emendiozkoetan, kategoria- eta azpikategoria-tasun komunak dauzkate osagaiek. Aposizioetan eta emendiozkoetan, beraz, ezingo da burua ez den osagairik bereizi eta bestalde, emendiozko elkarteek erabat ezberdinak izan daitezkeen erreferentzia-tasunak bilduko dituzte.

Hori guztia kontuan hartuta, Euskaltzaindiak hitz-elkarketarako eginiko sailkapena, 17 taldekoa, sailkapen orokorrago batera eraman daitekeela diote Odriozola-Perezek:

  • Aposizio izendatzaileak: Elgoibar herria, Erreal-Athletic derbya
  • Elkarte sumpsumtiboak: pinu arbola, zakur galgoa
  • Emendiozko dvandvuak: neska-mutilak, jale-edale
  • Koordinaziozko elkarte emendiozkoak: kafe-antzokia

Mendekotasunezko harremanaren inguruko zenbait kontu ere aipatzen dituzte:

  • bi osagaiek kategoria-tasun komunak dituzte baina ez dute zertan izan azpikategoria-tasun komunik
  • segida osoak buruaren kategoria- eta azpikategoria-tasunak hartuko ditu
  • mendeko osagaiaren erreferentzia-tasun batzuk direla eta, segidak hiponimiazko harremana izango du buruarekin baina aposizioetan ez bezala, burua ez denak ez du horrelako harremanik izango buruarekin. Hau da, buruaren kategoria- eta azpikategoria-tasunak hartzen ditu segidak, baina ez mendekoarenak.
    • etxe-txakur > txakur osagaiaren kategoria- eta azpikategoria-tasunak dauzka: izena eta [+biziduna]
    • zelula ama > zelula osagaiaren kategoria- eta azpikategoria-tasunak dauzka: izena eta [-organismoa]

Horren guztiaren ondorioz, egituraren aldetik mendekotasuna dutenak eta ez duenak bereizi beharko lirateke; eta mendekotasunik ez dutenen artean, osagaien arteko erreferentzia-harremanen aldetik aposizioak eta emendiozkoak, bi buru dituzten egituretan.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aposizioa zer den", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3