Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:11:2

Aposizio ez-murrizgarriak

Har dezagun adibide hau:

  • Javier Marotok, Gasteizko alkateak, inauguratu du autobus geltoki berria.

Halako esaldietakoei esaten zaie aposizio ez-murrizgarri. Adibide horretan Izen Sintagma bat dago (Javier Maroto) lehenengo, eta ondoren, beste izen sintagma bat (Gasteizko alkatea) lehenengo horren erreferentzia berbera daukana baina ezaugarri berri bat eransten duena. Halakoetan eten bat gertatzen da gehienetan bi izen sintagmen artean; hitz egitean, bigarren IS sintagma horiek doinu apalagoz esan ohi ditugu: idatziz, berriz, koma artean joan ohi dira bi sintagmak: Futbola

  • Hiru Erregeen Mahaia, Euskal Herriko mendi garaiena, mendizale askoren jomuga izaten da udan.
  • Futbolak, jarraitzaile gehien dauzkan kirolak, diru asko mugitzen du.

Ikusten denez, bigarren sintagma horien erreferentzia lehenengo sintagma da eta honela ere eman daitezke:

  • Hiru Erregeen Mahaia (eta Hiru Erregeen Mahaia Euskal Herriko mendi garaiena da) mendizale askoren jomuga izaten da udan.
  • Futbolak (eta futbola da jarraitzaile gehien dauzkan kirola) diru asko mugitzen du.

Hori horrela, aposizio hauek duten ezaugarria da ez direla nahitaezkoak, hau da, isil daitezke perpausaren zentzuari eutsiz, horregatik diogu ez direla murrizgarriak.

  • Hiru Erregeen Mahaia mendizale askoren jomuga izaten da udan.
  • Futbolak diru asko mugitzen du.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aposizio ez-murrizgarriak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3