Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:11:3:0

San, santa, saindu

Saindu hitza izenondoa nahiz izena izan daiteke, eta horregatik aposizio modura ere ager daiteke izena denean:

  • Martin haur saindua da (izenondoa)
  • ekarri saindu hori (izena)
  • sainduek lan handia dute zurekin (izena)

Zuzenien igoera bertikala Xoxoten amaitzen da, San Inazioren oinetan

Bestalde, saindu izena beste izen berezi bati lotuta ageri denean, aposizioa osatzen dute:

  • Xoxoten Inazio sainduaren oinetan amaitu zen Zuzenien kilometro bertikala
  • Loiolako Inazio saindua

Adibide horietan saindu-ren aurretik doan izen bereziak zehazten du zein sainduz ari garen, Lauzirika jatetxea esaten dugunean bezala, zein jatetxez ari garen esaten baitu aurreko izen bereziak, Lauzirikak, alegia. Ordea, Santa Zezilia, San Anton, San Bartolome, Santa Anastasia eta horrelakoetan, multzo osoa, san(ta) barne, hartu behar da izen berezitzat. Hain zuzen, San Anton eta San Bartolome, esaterako, sainduen izenak dira, oso-osorik, pertsona baten izena Xabi edo Nerea izan daitekeen bezala.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "San, santa, saindu", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3