Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:11:3:2

Don, on

Azkenik, Don eta haren aldaera On ere erabiltzen dira aposizioetan, izen bereziaren ezkerrean beti:

Egitura horren antzeko beste bat da ahaidetasuna adierazten duten izen arruntek izen bereziekin osatzen dutena. Halakoetan izen arruntak ezkerretara joaten dira:

  • Osaba Karlos dabil burua galdurik (Festara, Echagaray)
  • Amona Mari-Axuntxiz oroitu nintzinan. (Kiton arrebarekin, "Orixe")
  • Kantauri itxasoko arroka batian, arrantzan ari nitzan illunabarrian; nola ez nekiela nuen kañabela autsirik, nabaitzen det etxe bat zegoela ur bazter-bazterrian antxeta bezela, t esango nuke nere begiyetan dela an ezagutu nuen amona Mikela. (Idazlan-sorta, Arzak, A.)
  • Orregatik aiz i Kaltzaundi ta amona Inaxiren besoetako semea. (Ardi Galdua, Azkue, R. M.)
  • Emen papella, libru txikia, gurutzetxua, ta or santuak, silla polita, bere basua, amona Piak emandakuak. (Au poza senti det, Iraola, B.)
  • Ez ditut hemen aipatuko, oraiko gure antzertiaren sustrai zaharrak, hala nola: Zanpantzar, Matin Artza, Olentzero, Amona Mantagorri, eta gainerateko, jostagailu herrikoiak. (Hitzaldi eta mintzaldi, Larzabal, P.)
  • Gari-pilleko txoria baiño ba da pozago dagonik: Petiri jaun ta amatxi Matiste garia garbi ikusirik. ("Euskaldunak", "Orixe")
  • Auxe zan andra Juanak eindako sermoia, Zeñetarako daukan auzoko doia, Biotza zelan daukan argizagizkua, Limosnagintzarako zabala eskua, Dalako prestu, apatz, errukitsu dana, Eskekoak deituten deutse, ama Juana. (Ama euskeriaren liburu kantaria, Arrese Beitia)
  • Aitatxi Ganix, sukaldeko atean agertzen da. (Bordaxuri, Larzabal, P.)
  • Atsegina zan, zinez, Leaburuko elizatxo txukunean sartzea! Baina norbait, diotenez, Isabel, Leonen izeba Isabel, asi omen zan Medelengan belztasunen bat nabaritzen; ta, isil-misilka lenengo, txutxumutxu gero, zurru-murru geroago ta esan-mesanez azkenean, nunnai, Leabururen lau egaletako sukalde guztietan zabaldu zan: Apaizaren aita etzala kristau ona, Pazkoazkoa etzuela egin; Elizan, oiutegira bai; opalmaira, ordea, etzala beintxo ere urbildu. (Ardi Galdua, Azkue, R. M.)
  • Zu baiño morroskoagoak ikusi ditut nik izeba Martareneko taskan egoten nintzanean, isiltzen eta ospa-egiten ere. ( Araibar zalduna, Erkiaga, E.)
  • OTTO PETTANEN ASTOA Zoin pollita zen otto Pettanen astoa, bere beharri luzekin, bere buru apalarekin, bere begi ilunekin eta bere lepo meharrarekin! Herriko astorik pollitena, otto Pettanen asto xuria. (Mendekoste gereziak, Etchepare, J. B.)

Hala ere, izen arrunta eskuinean dela ere badira adibide batzuk:

  • Anjel aitona (Barriola)
  • […]emen datoz Ana Josepa ta Katalin, Paula ta Manuel, Mikalla ta Inazio Mari; gurdian dakarte Joanes aitona, gure artzai buruzuria, ta eliz-mai aurreko aulkietaraño Jose Ramonek darama besotik;[…] (Garoa, Aguirre, D.)

Batzuetan bikoizketak ere gertatzen dira:

  • Hain pollita da, non Narbaitz jaun kalonjeak berriz ager-arazi baitu Gure herria deitu aldizkarian. (Euskal Literaturaz, Lafitte)
  • Mgr. Tessier Baionako jaun apezpikua.

Kontu honetaz, dena den, badirudi ohiturak aldatu direla historian zehar, eta usadioak ere ez direla denak berdinak. Autore batzuentzat hainbeste jaun eta andere jartzea ez da beharrezkoa. Hiriart-Urruty, J.k, esaterako, hau esan zuen, "jaun" hitzaren erabileraz:

  • Bota jauna edo deus ez. Hoberenik, hamarretarik bederatzitan, «Jauna» baino ere deus ez. Eskuarago da. Eskuaraz ongi mintzatzeko ez da aski hitzak banazka eskuarazko izaitea. Hura da bakarrik eskuaraz mintzo, nor ere mintzo baita eskualdunak bezala.
    Ea bada nor entzunen duzuen erraiten gutartean, edo zoin jaun ttipi ala handi bere izenaz deitzen delarik: «Jaun Oihanburu», edo «Jaun Errekarte»? —Ez eta Errekarte edo Oihanburu jauna. Izenaren aitzinean ala ondotik, bardin gaizki doa jaun hori.
    Oihanburuko jauna ba; Errekarteko jauna ba; eta etxeko jauna ere ba.
    Bainan eskualdunak bere sinaduratzat dakarren izena bera berik aski izen da gehiagoko forradurik gabe. (Zezenak errepublikan, Hiriart-Urruty, J.)

Hala ere, aposizioa oso lagungarria da zenbatzaileak eta adjektiboak inguratzaile asko dituztenean:

  • hiru lagun etorri dira, oso jatorrak
  • hiru lagun, oso jatorrak, etorri dira
  • Lau neska etorri ziren, oso politak, desfilean izena emateko.
  • Lau neska, oso politak, etorri ziren desfilean izena emateko.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Don, on", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3