Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:12

Adjektiboa, izenondoa, izenlaguna

Artikulu honetan aurrerantzean adjektibo kategoria deituko diogu berdin, txukun, zuzen/oker, garbi/zikin, gorri, handi/txiki, on/txar, ekonomiko, gramatikal, bakar bezalakoek osatzen dutenari, eta ez legoke, printzipioz, ezer harrigarririk jokatzeko modu honetan. Adjektibo sintagmak, ordea, adjektibo horietariko bat ardatz hartuta sortzen diren egitura multzoei esaten diegu, nahiz eta (gainerako gramatika kategorietan bezala) sintagma hori sarritan adjektibo soilak sortzen duen:

  • a. adjektiboak: txukun, zuzen, oker, garbi, zikin, gorri…
  • b. adjektibo-sintagma: (nahiko) oker, (guztiz) axolagabe, (bestearen) berdin…

Agian norbaitek argudia lezake ez ote zaion izenondo esan behar kategoria horri. Gure ustez, elkarren ordez erabil daitezkeen etiketak dira adjektibo eta izenondo, eta lehen deitura nahiago badugu, hiru arrazoigatik da:

  1. Batetik, nazioarteko hizkuntzalaritzan, eta inguratzen gaituzten erderetan ere, erabat arrunta da adjektibo deitura.
  2. Bestetik, adjektibo kategoriak, geroxeago ikusiko dugunez, izenetik aske samarra den banaketa du, eta iruditzen zaigu izenondo deiturak bere berritasunean ezkutatu-edo egiten duela, nolabait, ezaugarri hori. Kasurako, izenondo deituraren lehen agerraldia 1922koa da gure tradizioan, baina 1980ko Patxi Goenagaren Gramatika Bideetan liburu eredugarrian, esaterako, deitura hori ez zen behin ere erabiltzen, eta beti adjektibo ageri zen.
  3. Hirugarren arrazoia da Euskaltzaindiak (1985, 1993) adjektibo deitura izenondo ez diren izenlagunetara ere zabaldu duela, aski eztabaidagarria iruditzen zaigun funtzio = kategoria berdintzearen ildotik. Gramatika honetako Gramatika kategoriak atalean, biak bereizi beharra defendatu dugunez, tarte bat hartu nahi genuke orain izenlagun deitu ohi diren modifikatzaileak egiazki adjektibotik gutxi (edo ezer ez) dutela defendatzeko.

Adjektiboa kategoria da, ez funtzioa

Gramatika kategoriak atalean azaldu dugun bezala, badira kategoriak funtzioaren arabera, eta ez hainbeste ezaugarri morfologiko edota sintaktikoen arabera, definitzen dituztenak. Funtzioak eta kategoriak identifikatzeko bide edo joera honetan, adjektiboa izena modifikatzen duen elementu orori esan lekioke:

EUSKAL GRAMATIKA LABURRA, EGLA

  • Mendiko bizikleta, bi platereko bizikleta, bazter guztietako bizikletak
  • Somarribaren bizikleta, nire lehengusuaren bizikleta
  • bizikleta berria, bizikleta gorri bat
  • erosi duzun bizikleta

JOANE SOMARRIBAREN BIZIKLETA OTE?Euskaltzaindiak (1993) EGLA liburuan1 arestiko adibideetan nabarmendutakoei izenlagun eta berri eta gorri bezalakoei izenondo esaten die. Liburu horretan ez da perpaus erlatiboei buruz hitz egiten, baina koherentzia hutsez erosi duzun perpausa ere nolabaiteko adjektibotzat ere jo beharko litzatekeela dirudi. Gramatikari bezala, erantzun beharko genukeen galdera hauxe da: benetan nahi dugu mendiko, Joaneren, erosi duzun eta berri zaku berean sartu, laurek izena modifikatzen dutela-eta? Funtzioaren araberako hurbilketa honek problema batzuk sortzen ditu, eta euren artean ondokoak aipatzen ahal ditugu:

Atzizkiak

Formalki, mendiko/Somarribaren bezalakoek ez dituzte berri-k hartu ahal dituen atzizki guztiak hartzen:

  • *mendikotxo, *mendikotxe, *mendikoska, *mendikotsu, *mendikoki …
  • *lehengusuarentxo, *lehengusuarenxe, *lehengusuarenska, *lehengusuaren, *lehengusuarenki
  • (?) mendikoago, (?) mendikoegi, (?) mendikoen…
  • ? lehengusuarenago, ? lehengusuarenegi, ? lehengusuarenen
  • (cf. berritxo, berrixe, berritsu, berriro, berriki, berriago, berriegi, berrien…)

Onar dezagun konparazio atzizkiekin izenlagun horiek ez dutela hainbesteko arazorik, bereziki izan aditzaren predikatu osagarriak direlarik, baina ezin esan konparazio atzizkiak libreki hartzen dituztenik:

  • Bizikleta hau nireagoa da zurea baino.
  • Hassan zuk uste duzun baino Bilbokoagoa da.
  • *Nire lagunak ondo zaintzen ditut, baina nireago senideak are hobeto.
  • * Bilboko bizilagunek badakite Iruña kafetegian non dagoen, baina EME taberna non dagoen Bilbokoago bizilagunek baino ez dakite.

Beraz, irizpide morfologikoak adjektiboak eta izenlagunak bereiztera gonbidatzen gaitu.

Osaera

Osaerari begiratuta ere, izenlagun deiturikoek [izen-sintagma + postposizioa] egiturak bezala jokatzen dute ia beti (eta barneko izen-sintagma hori singularra edo plurala edo mugagabea den bereiz daiteke); berri bezalakoak, berriz, ez dira berez ez singular ez plural ez mugagabe. Goiko adibideetan, mendiko sintagman mendia + ko egitura sumatzen dugu eta bazter guztietako sintagman bazter guztiak IS plurala izango genuke, eta abar.

Hurrenkera

Hurrenkerari dagokionez, berri bezalakoak ezin dira agertu izenaren ezkerrean:

  • *gorri arropa hau, *berri bizikleta, *merke liburuak

Adjektiboaren beste ataletan ikusiko dugunez, izenaren ezkerretara agertu daitezkeen ustezko adjektiboen kasuan ere, oso litekeena da hitz horiek adjektiboak barik izenak izatea2. Bestalde, izenlagun deituriko asko ezin ohi dira izenaren eskuinera agertu, ez behintzat hurrenkera arrunt gisa:

  • *bizikleta mendiko bat

Aita gurea bezalako hurrenkerak buruan dituzten eszeptikoei ere, hauxe gogoratu behar zaie: izenlagunek eta izenondoek hurrenkera diferenteak edukitzea nahiko dela ezberdintasun sintaktiko esanguratsu baten aurrean gaudela pentsatzeko. Alegia, bizikleta mendiko bat adibidea bezalakoak oro har ondo baleude ere, segituko genuke izenondoak/adjektiboak eta izenlagunak bereizteko arrazoi sintaktiko bat edukitzen, adjektiboek izenaren aurreko kokapena sistematikoki errefusatzen duten neurrian. Eta izenlagunek eta adjektiboek hurrenkera bera balute ere, horrek ez luke esan nahi kategoria bereko elementuak direnik, biak bereizteko argudio bat gutxiago genuke, besterik gabe. Gaztelaniaz, esaterako, [una mujer valiente / una mujer de gran valor] izen-sintagmetan, valiente adjektiboak eta de gran valor izenlaguna den preposizio-sintagmak hurrenkera berdina dute (eta hala gertatzen da kasu askotan) baina ez dugu horratik kategoria edo sintagma mota berdina direnik esaten.

Autonomia

Lehen gaingiroki esan dugun moduan, izenondo deitura ere susmagarria da, batetik nazioartean berauek direlako egiazko adjektiboak eta bai, izenlagunek ez bezala, izenetik autonomoa den banaketa dutelako ere. Hona adibide bikote bi:

  • Miren {lasai, gogotsu, hotz, dotore} {ikusten dut, dago}
  • Mirenek {zintzo, zuzen} jokatu zuen.
  • * Miren {Donostiako, zure} {ikusten dut, dago}
  • * Mirenek {Bilboko, gurasoen} jokatu zuen.

Alegia, izenlagun deituriko [IS + postposizio] egiturek arazoa daukate egon aditzaren eta beste aditz batzuen predikatu osagarri izateko, baina ez dago halako ezintasunik adjektiboekin.

Lau arrazoi morfologiko eta sintaktiko hauengatik guztiengatik badirudi kategoriaren aldetik benetako adjektiboak (edo izenondoak, gure akademiaren deitura ofizialean) eta beste guztiak bereizi beharko genituzkeela. Guk geuk halaxe jokatu dugu orain arte eta halaxe jokatuko dugu aurrerantzean ere. Euskaltzaindiak (1999: 173) berak aitortzen du EGLU-V3 liburuan perpaus erlatiboak kategoriaz perpausak direla, funtzio adjektibala duten arren; hona hemen hitzez hitzeko aipua: “Perpaus erlatiboak funtzio adjektibala duten perpaus menderatuak dira, izenlagunen moduan agertzen ohi direnak” (azpimarra, gurea). Era berean, izenlagun deiturikoak, besterik gabe, [IS + postposizio] egituratzat joko ditugu. Alde horretatik, izenlagun etiketa oso baliagarria da izena modifikatzeko funtzioa adierazten duen neurrian, baina ez du zerikusirik kategoria izendatzearekin. Ageri denez, izenlagun etiketak gehiago dirudi adjektiboen funtzio berdina betetzen duten baina adjektiboen ezaugarri morfosintaktikoetatik (hurrenkeratik eta osaeratik) aldentzen den elementuei deitzeko modu bat.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adjektiboa, izenondoa, izenlaguna", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3