Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:2

Adjektibo motak

Adjektiboen sailkapenak bat baino gehiago daude han-hemen, guk hiru adjektibo mota bereiziko ditugu hemen:

  • Adjektibo kalifikatzaileak: berde, gorri, berri, zahar, txiki, handi, zatar, polit, eder, itsusi…
  • Erreferentzia-adjektiboak: gasteiztar, elgoibartar, dirudun, ekonomiko, sozial, nazional, filosofiko… Bi azpisail bereiz daitezke:
    • Adjektibo sailkatzaileak: irakasle frantses, arazo ekonomiko…Txoko eder asko daude Kuban
    • Adjektibo tematikoak; festa kubatarra (‘kubatarrek egiten duten festa’)… Hala ere, testuinguruaren arabera, sailkatzailea (emakume kubatarra) nahiz tematikoa (festa kubatarra) izan daiteke.
  • Adjektibo adberbialak: negu hurbila, mendi urruna, leiho berria, hiztun argia, kantu arina, egun iluna, zeru goibela…

Hala ere, autore batzuek adjektibo kalifikatzaileak eta erreferentzia-adjektiboak bereiten dituzte bakarrik, ez delako erraza adjektibo adberbialen eta gainerako multzoen arteko mugak ongi bereiztea.

Adjektibo ebakitzaileak eta ez-ebakitzaileak

Beste irizpide batzuk kontuan hartuz, zenbait gramatikatan adjektibo ebakitzaileak eta ez-ebakitzaileak ere badaude. Ikus bi adibide hauek:

  • dantzari argala
  • dantzari ona

Bi adibide horietan adjektibo kalifikatzaile bana ageri da izenaren ondoren: argala eta ona. Biak adjektibo kalifikatzaileak izan arren, predikazio erlazioa ez da berdina batean eta bestean: lehenengo adibidean esaten dena da norbait dantzaria dela, eta gainera, argala dela; bigarren adibidean, berriz, esaten dena da norbait ona dela dantzari gisa, ez norbait dantzaria dela eta gainera pertsona ona. Oso ona izan liteke dantzari gisa (hain zuzen ere hori ari gara esaten), baina txarra pertsona bezala. Multzoen arteko ebakidura nola egiten den, horrek markatzen du sintagma horien esanahia. Lehenengo adibidekoa adjektibo ebakitzailea da, eta bigarrenekoa, berriz, ez-ebakitzailea.

  • dantzari argala → dantzaria + argala ⇒ EBAKITZAILEA
  • dantzari ona → dantzari gisa ona ⇒ EZ-EBAKITZAILEA

Dantzari argala sintagma osatzeko, dantzarien multzoa eta pertsona argalen multzoa lotzen dira; dantzari ona sortzeko, berriz, ez dira munduko dantzarien multzoko eta munduko pertsona onen multzoko banakoak lotzen, dantzarien multzoa hartu eta multzo horretan on izatek baldintzak betetzen dituztenak aukeratzen dira. Horregatik esaten da adjektibo ebakitzaileek sintagmaren denotazioa ebakidura bidez ematen dutela, multzo zabal baten barnean ezaugarri jakin batzuk betetzen dituztenak aukeratzen direlako, gainerakoekin ebakidura bat eginez.

Adjektibo ez-ebakitzaileak moduzko adberbioekin lotzen dituzte zenbait gramatikarik: dantzari ona dantza ongi egiten duen norbait da (dantzari on › dantza ongi egin). Hala ere, lotura hori ez da beti betetzen: auto ona. Dantza izenak lotura dauka dantzatu aditzarekin baina auto izenak ez dauka pareko aditzik.

Denotazio: kultura eta hizkuntza bereko hiztunek hitz bati ematen dioten oinarrizko zentzu erreferentziala, objektiboa.
Konnotazio: nork bere errealitatetik hitz bati ematen dion zentzua, subjektiboa.

Izen ebakidura

Handi, txiki, estu edo argal adjektiboek propietate erlatiboak adierazten dituzte eta izen batez predikatzen dira, baina perpaus berean adjektibo horren antonimoa ere predika daiteke izen horretaz:

  • kukuso handiena ere beti izango da ttipia eta elefante ttipiena beti izango da handia.

Izen ebakidura (“intersección designativa”) esaten zaio horri baina gramatika-korronte denek ez dute begi onez ikusten, gramatikaren berezko irizpideak eta gramatikaz kanpokoak nahasten direla irizten baitiote.

  • elur-jausi ikusgarria Alex Txikon lemoarra lehenengoa izan da Nanga Parbat neguan igotzen

Adibide horretan pentsa liteke elur-jausi hitzaren denotazioa (menditik behera datorren elur pila handia) eta ikusgarri hitzaren denotazioa (ikustea merezi duen gauza) ebakiz sortzen dela elur-jausi ikusgarria, hau da, dantzari argala bezala. Baina pentsa liteke ikusgarri adjektiboak elur-jausi hitzaren denotazioa zehazten duela ere, hitz horri ezaugarri bat gehituz: ikustea merezi duen elur-jausi bat. Hori horrela, ez ginateke ariko elur-jausi multzoa eta ikusgarrien multzoa lotzen (dantzari argala); elur-jausien barnean soilik ikusgarrienak hautatzen baizik (dantzari ona).

Adjektibo ez-ebakitzaile bereziak

Adjektibo ez-ebakitzale batzuk testuingurutik interpretatzen dira, aditz bat tarteko, edo markatzen duten izenaren ezaugarri lexikoetatik, Ikus adibide hauek:

  • mendi erraza › igotzeko erraza den mendia
  • testu zaila › ulertzeko zaila den testua
  • ohe erosoa › lo egiteko erosoa den ohea

Mendi erraza esaten dugunean igotzeko erraza den mendi bat dela esan nahi dugu; ohe erosoa esatean, berriz, lo egiteko erosoa den ohea. Handi, txiki… eta antzeko adjektiboak zuzenean interpreta daitezke baina erraz, zail, eroso eta antzekoek kanpoko erreferentzia behar dute testuinguruan uler daitezen. Kanpoko erreferentzia hori era askotakoa izan daiteke, izena nolakoa den:

  • mendi erraza › igotzeko
  • testu zaila › irakurtzeko
  • ohe erosoa › lo egiteko

Testuingurua oso garrantzitsua da adjektibo horiek interpretatzerakoan: testu zaila esaten dugunean “irakurtzeko zaila den testua” dela pentsa daiteke, baina idazle baten ikuspuntutik “idazteko zaila den testua” izango litzateke, liburu-denda baten ikuspuntutik “saltzeko zaila den testua”, etab.

Analisi semantikoaren muga non jarri behar den, hizkuntzalariak ez datoz bat: formen eta esanahien erlazio objektiboan, denotazioan, geratu behar du? ala hiztunen kontzientzian dauden formen eta esanahien arteko erlazioen berri, konnotazioan, eman behar du?

Epitetoak

Epitetoak ere adjektiboak dira. Adjektibo kalifikatzaileek bezala aldatzen duten izenaren berezko propietate bat nabarmentzen dute, ezaugarri hori berezkoa izan liteke edo hiztunaren subjektibotasunetik eratorria. Epitetoak dira adjektibo hauek:

  • gau ilun, belar berde, elur hotz…

Glosategia

* Denotazio: konnotazio terminoaren kontrakoa. Hitzek bi esanahi mota dauzkate: denotatiboa eta konnotatiboa. Hitzaren esanahi objektibo eta unibertsala, hizkuntza hori dakiten hiztun guztientzat berbera, inolako ezberdintasunik gabe. Testuinguru guztietatik kanpo hitzak daukan esanahia.

  • azeri bat ikusi genuen mendian › azeri: Kanidoen familiako ugaztun haragi jalea, mutur luze eta zorrotza, belarri tenteak, ile arre-gorrixka eta isatsa iletsua dituena.
  • Konnotazio: denotazio terminoaren kontrakoa. Hitz batek testuinguru jakin batean bere lehen adieraz gain hartzen duen esanahia.
  • Azeri zaharra da Jon › azeri: pertsona azkarra, bizkorra, helburuak lortzeko gai dena.

Euskaltzaindiaren Literatura Terminoen Hiztegiak honela definitzen ditu konnotazio eta denotazio terminoak.

  • Epiteto: izenean inplizituki doan nolakotasuna adierazten duen adjektibo kalifikatzailea.
  • belar berdean etzan ginen
  • izugarri gustatzen zait gau ilunean korri egitea

Ikus hemen epiteto terminoaren definizioa Literatura Terminoen Hiztegian.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adjektibo motak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3