Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:2:1

Adjektibo kalifikatzaileak

Adjektibo kalifikatzaileei adjektibo arrunt ere esaten zaie. Adjektibo horiek izenaren berezko ezaugarriren bat nabarmentzen dute, izenaren ezaugarri bat ematen dute eta izena ezaugarri abstraktu batekin (edertasuna, handitasuna) lotzen dute, ezaugarri hori izenak berezkoa balu bezala. Hainbat arlotan bana daitezke:

  • koloreak: beltz, gorri, zuri
  • neurria: handi, txiki, luze
  • izaera: suminkoi, eskuzabal, maitagarri
  • forma: estu, makur, zabal
  • izenaren bestelako ezaugarriak: berri, zahar, ikusgarri
  • kopurua edo kantitatea: bikoitz, bakun

Arestian esan dugunez, halako adjektiboak izenaren eskuinean joan ohi dira.

Honelako adjektiboek egiten duen kalifikazioa metaforikoa izan daiteke batzuetan:

  • zure hitz beltz horiek kezkaturik utzi naute.
  • Aneren begirada lehorrak ikaratu egiten nau.

Baina, beste hizkuntza batzuetan ez bezala, euskaran ez du horrek aparteko eragin sintaktikorik sintagma osatzean.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adjektibo kalifikatzaileak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3